Etxekoen begietatik

Josune eta Santi, Londresko Richmond parkean. Josune Londresen egon zen urte eta erdian ingelesa ikastera joanda. Txirrindularitzako denboraldia amaitzean, andregaiarengana joan zen Santi eta Londresen ezkondu ziren. 

Pertsona zintzoa eta maitagarria izan zen Santi bere 38 urteetako bizitza laburregian. Ama 10 urte zituela hil zitzaion eta, horren ondorioz, Errezilgo jaiotetxetik Lezora joatea egokitu zitzaion. Bi urteren ondoren, Azpeitiko jesuitetara etorri zen eta orduan piztu zitzaion txirrindularitzarekiko sena bere barnean. Etxeko txikiena izanik oso maitatua zen, berezia bere senideen hitzetan, edozerekiko jakin-mina izaten zuen. Egoskorra ere bai hein batean, nahi zuen hura lortzeko dena egiteko prest izaten baitzen eta hori frogatu zuen bere bizitzan.

Dagoeneko hilda dagoen arreba Iñaxi jarraitzaile sutsua izan zuela esan daiteke. Txirrindulari profesionala izan zen urte luzeetan, dokumentazio lan itzela egin baitzuen. Egunkarietan ikusten zituen Santiren inguruko testu eta argazki guztiak bildu eta gordetzeari ekin zion. Bere anaia ikaragarri miresten zuen Iñaxik eta txirrindulariarena baino, pertsonaren zale amorratua zela esan daiteke. Izan ere, irabaztea jomuga izan arren, sen onekoa eta abegikorra bezala definitzen zuen bere anaia.

Honen harira, Zerbait handia gertatu behar balu bezala ipuina idatzi zuen Iñaxi Lazkanok eta 1986ko Zarauzko V. Lizardi Literatur Sariketako aipamen berezia jaso zuen. Ipuin horretan, esplizituki hala adierazten ez bazuen ere, bere anaia Santiren bizitzaz ari zen. Txirrindulari izan nahi zuen gaztetxo baten gora-beherak kontatzen zituen. Txikitatik gainditu beharreko oztopoak gaindituta, karrera batean parte hartzeko aukera izanik, garaile suertatzen den gaztetxoarenak, hain zuzen.

Adibide bezala aipatzekoa da, ezagunen batek emandako eskupekoarekin bizikletako arropak etxekoen ezkutuan nola erosi zituen; edota Santi lasterketetan bazebilela anaiak jakinaren gainean egonda, bazkalorduan aitari zerbait kontatzen hasten zirenean, Santik arrebari garbantzuak ez zituela gustuko esanez gaia nola aldatzen zuen kontatzen du Iñaxik ipuinean.

Modu honetan, anaia nolakoa zen argi utzi nahi izan zuen horrenbeste maite zuen arrebak. Lortu nahi diren gauzek beren zailtasunak dituztela eta hauek gainditzeak esfortzu bat eskatzen duela erakutsi nahi zuen Iñaxik, anaiak bizitzan ezin hobeto praktikan jarri zuen lezioa errepikatuz.

Senar bezala, berriz, etxetik kanpora egotea egokitu izan zitzaion Santiri. Josune Orbegozok 1965ean ezagutu zuen eta hamaika urtean Santiren bizimodura moldatzea tokatu zitzaion. Komeni zitzaion bezalako elikadura-eredua izan zezan erosketetan eta otorduetan arreta izan behar zuen; karreretarako zerabiltzan arropak ezin hobeto garbitu, zaindu eta mantendu behar zizkion; asteetarako kanpora joaten zenean, alaba txikiekin bakarrik geratzea onartu behar izaten zuen... Baina, Urrestillako neskak horren gogotsu ikusten zuen Santi hainbeste maite zuen munduan murgilduta, non bera ere zoriontsu sentitzen zen, senarrari nahi zuen hura lortzeko ahal zuen heinean laguntzen.

Zenbait kasutan, Josune ere joan izan zen karreretako etaparen batzuk ikustera. Baina, amaiera ondo ikusi ahal izateko, kokagune zehatzetara joan beharra zegoen eta horrek denbora asko eskatu ohi zuen. Ondorioz, oro har etxean itxaroten zion itzultzen zenerako.

Egunerokotasun zorrotza jarraitzen zuen Santik eta horrek, berari eta bere ingurukoei dedikazio handia izatea eskatzen zien. Goizean 09:00ak aldera irten eta eguerdira arte ibiltzen zen bizikletan entrenatzen. Garai hartan ez zegoen gaur egunean bezalako gimnasiorik edota kiroldegirik eta bere gorputzarekiko lanketa osoa bere gain hartu behar izaten zuen. Itsu-itsuan sinesten zuen nahi zuen horretan eta, berak sarri esaten omen zuen bezala, txirrindularitza ogibide bezala hartzea ez zen nahikoa. Barrutik eta benetan sentitu eta maitatu beharreko zerbait zen eta, hala eginez gero, gora heltzeko burutu beharreko ahaleginak ez ziren horren gogorrak.

Etxekoek gogoan dute orduak entrenatzen igaro ostean, edonora joan eta zutik egon ezinda geratu ohi zela sarritan. Gorputza bizikleta gainean ibiltzeko lantzen zuen Santi Lazkanok eta, horrek, beste hainbat gihar atzenduta geratzea zekarren. Ondorioz, denboraldia amaitua zenean, neguan, zenbaitetan, mendira joan ohi zen aire librean gimnasia egitera. Modu horretan, gorputzeko gihar guztiak lantzen zituen eta sasoi bete-betean egon ohi zen.

Bestalde, txirrindularitzan eginiko ibilbidea amaitu aurretik, zenbait urtetan negu partean Benidormera ere joan izan ziren senar-emazteak bi alabatxoak hartuta. Azpeitian egunero entrenatzeko eguraldi egokia egitea zaila zenez negu garaian, Benidormera joaten ziren giro hobearen bila.

Alabek, berriz, normala den gisara, munduko aitarik hoberentzat zuten Santi. Pertsona indartsua, ulerkorra eta aurrerakoia zen eurentzat. Alaba zaharrenak, Enekak, bi urte zituela eta gazteena, Izaro, jaioberria zela utzi behar izan zuen bizikleta eta, ondorioz, ez zuten aita txirrindulari bezala gehiegi ezagutu. Hala ere, karreretara kanpora joaten ez zen arren, eta geldirik egon ezineko pertsona bat zela kontuan izanda, etxetik kanpora ordu asko pasatzen zituen aita zen. Baina etxera etortzean, familiaz gozatzea nahi izaten zuen eta ahal zuen denbora guztia aprobetxatzen zuen alabekin jolasteko.

Adibide bezala, goiz batean eskolara joan aurretik Eneka esnatu eta Urrakira eraman zuen, han goitik Azpeitia behe-lainoz estalia nola zegoen erakutsi nahi ziolako. Halako detaileak izaten zituen gertukoenekin, berak gustuko zituen gauzak besteekin partekatzeko nahia eta beharra sentitzen zuen gizona zen Santi.