38 urtetako zertzeladak

Frantziako Tourrean, lasterketaren bukaeran, Santi besoetan Eneka alaba duela eta emazte Josunerekin. 

1947ko maiatzaren 8an jaio zen Santi Lazkano Labaka Errezilen. Bost senideetan gazteena zen. Bere aurretik, Jose Mari eta Pedro anaiak eta Anttoni eta Inaxi arrebak zituen, hurrenez hurren. Berak hamar urte zituela ama hil zitzaien, eta Santi Lezoko izeba-osaben etxera joan zen bizitzera bi urte ingururako.

1959an, 12 urte zituela, Azpeitiko jesuitetara etorri zen eta arotz ofizioa ikasten hasi zen. Garai horretan hasi zitzaion txirrindularitzarako zaletasuna pizten eta, bere inguruko adina zutenen artean nabarmentzen zenez, Onex-ek, jubenil mailako talde batek, kontratatu zuen 14 urte zituela. 1961ean izan zen hori, bi urtez jesuitetan egon ostean, arotz-lanean hasi baitzen Azpeitian. Aldi berean, bere afizioarekin jo eta ke ziharduen. Etxekoen artean, ikuspuntu ezberdinak zeuden Santiren etorkizuneko nahiarekiko. Aita itsu-itsuan laguntzeko prest zeukan eta senideek, berriz, ez zuten uste bide horretatik inora heltzea erraza izango zitzaionik.

Anaien artean zaharrena, Jose Mari, Lezora ezkondu zen eta, igandetan jaiotetxera bisita eginez joaten zenean, izugarrizko azalpen diplomatikoak ematen zizkion. Txirrindularitzarena mundu gogorra zela, hortik zerbait lortzekotan ahalegin asko egin eta sufritu beharra zegoela, inongo bermerik gabe aritu beharko zuela... Pedro, anaietan bigarrena, berriz, haserretu egiten zen Santiren "ameskeria" horiekin. Ez zuen ulertzen etxeko txikienak zergatik egin behar zuen gainerakoekin alderatuta zerbait ezberdina. Beste senideek bezala baserrian edota lantegian aritzea izango zen normalena nonbait. Hala ere, aurrez esan bezala, aitak seme gaztearen desioa betetzearren edozer egingo zukeen eta etxekoen ezkutuan laguntzen ere aritzen zen, gainerakoak jeloskor jar ez zitezen edo.

Bi anaia zaharrenak etxetik kanpora ezkondu ziren; Jose Mari Lezora eta Pedro, berriz, Elgoibarrera joana zen. Errezilgo etxean, beraz, Santi bi arrebekin eta aitarekin bizi zen. Jose Marik Lezon bizi eta Errenterian egiten zuen lan eta Pasai Donibanen bazuen etxe bat erosia. Beti aritzen zen aitari eta anai-arrebei nahi zutenerako etxe hura libre zegoela esanez. Hala, harritzekoa bada ere, aita izan zen Errezildik Pasai Donibanera bizitzera joateko animatu zen lehena. Anttoni arrebak nahiago zuen jaiotetxean geratuta, baina azkenean, lauak irten ziren.

Ezagutu eta bizitza berarekin partekatu zutenek, ideiak eta asmoak argi zituen pertsona zela diote. Hargatik, etxeko gehienei grazia handirik egiten ez zien arren, oso garbi izan zuen Santik txirrindulari profesionala izatera heldu nahi zuela eta horretarako egin beharreko guztia gogotsu egingo zuela. Ondoren bere emaztea izango zena ere bizikletaren gainean ezagutu zuen. 1965. urtea edo izango zen, Urrestillako Josune Orbegozo Erniora zihoan oinez eta Urrakiko bizikleten igoeraren amaiera ikusten geratu zen. Egun horretan ezagutu zuten elkar eta denborarekin batean eta bestean elkartzen joan ziren.

Hala, Santi arrebekin eta aitarekin batera Pasai Donibanen bizi zela, Josune Londresen egon zen urte eta erdian ingelesa ikastera joanda. Txirrindularitzako denboraldia amaitzean, andregaiarengana joan zen Santi eta Londresen bertan ezkondu ziren. 1972an euren alaba zaharrena, Eneka, jaio zen eta 1974an, berriz, gazteena, Izaro. Urte horretan, Santiren familiarekin batera, Pasai Donibanen jarri ziren bizitzen.

.1976. urtean izan zuen hain gustuko zuen zaletasunarekin etetea eragin zion istripua. Mundialerako entrenamendu bezala, Holandan bost eguneko karrera bat antolatua zen eta Santi ere, bere taldearekin batera, haraxe joan zen Munduko Txapelketarako prestatzera. Bost egun horietako batean, elkarren atzetik ilaran zihoazela, bidea oztopatzen zegoen auto bat. Bere aurrekoak kotxea saihestu zuen, baina ez zion inongo seinalerik egin Santiri. Ondorioz, errezildarrak ez zuen erreakzionatzeko astirik izan eta autoaren kontra jo zuen. Hala, belauna apurtu zuen eta ezin izan zuen berriro bizikleta gainean profesionaletan korritu.

Txirrindularitza betiko ez zenez, beste ogibideren bat bilatu beharra izan zuen. Hala, jaiotzetik herrikide zuen Eitzetako Jabier Zinkunegirekin batera, Errezil-Etxea autoen tailerra jarri zuen martxan Azpeitian, 1975ean. Garai horretan, Pasai Donibanen bizi zen oraindik eta egunero joan-etorrian ibiltzen zen handik Azpeitira. Aldi hartan, 1978. urtean, Santi Lazkano Kirolak denda ireki zuen, hau ere Azpeitian.

Urtebete geroago, 1979an hain justu, senar-emazteak eta bi alabatxoak, Azpeitira etorri ziren bizitzera. Etengabe aipatzen dute bere ingurukoek iniziatiba handiko pertsona zela eta beti zerbait egiteko beharra izaten zuela. Negozioetarako sena ere ez zitzaion falta Santiri. Kirol denda ez ezik, urte batzuk geroago Landetako Izaro Autoak, Opel etxearen tailerra jarri zuen martxan.

Azken datu horiei erreparatuta, autoetarako zaletasuna ere bazuela argi ikus daiteke. Halaxe zen, autoak eta motorrak gustuko zituen beste hainbat konturen artean. Izan ere, eleberriak edota testu historikoak irakurtzea, txistu eta akordeoizko piezak edota sentimenduz beteriko euskal kantak entzutea ere asko maite zuen. Baina, txirrinduarekiko zaletasunaren gainetik ez zukeen ezer jarriko. Hargatik, profesionalki mundu horretatik urruntzera behartua izan bazen ere, lan asko egin zuen Azpeitian txirrindularitza sustatzen.

Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko kide zen eta Txirrindulari Eskola sortzearen ideia izan zuen. Hala, 1982an elkarteko hainbat kidek elkarlanean, ideia hori gorpuztu zuten. Egitasmo honen helburua Urola bailaran txirrindularitzarekiko zaletasuna hedatzea eta haurrek zaletasun hori garatzea izan zen. Eta Santiren lanerako gaitasunari zein umoreari esker, jende ugarik agertu zuen hori guztia aurrera ateratzeko egin beharrekoetan parte hartzeko prestutasuna. Hala, Urola izenarekin jarri zen martxan Txirrindulari Eskola eta lau herriren arteko egitasmo bihurtu zen, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Errezil barnebiltzen zituena.

Horiek eta beste hainbat izan ziren Santi Lazkanok bere bizitzan zehar txirrindularitzaren munduari eginiko ekarpenak eta mundu horretan izandako lorpenak. Aipatu da bizikletaz gain bi gurpileko beste garraio-modu bat ere gustukoa zuela. Hain justu, Aizarnazabaldik Zarautzera bidean zihoala, motorrean izandako istripu batean hil zen 1985eko otsailaren 3an.