Arlo guztietan ezin hobea

Santi familiarekin. Behean, eskubian, senideetan txikiena. 

Anaia maitagarria, edo gazteena zelako maitatuena, berezia, geldirik egoten ez diren horietakoa.

Senar ona eta alabentzat munduko aitarik onena. Bere ogibidea zela medio, urte askoan etxetik kanpo denbora ugari igaro beharra tokatu zitzaion arren, etxean zegoenean familiarekin egoten eta gozatzen zekiena.

Lagun eta kide leiala, hitzekoa, laguntzeko prest zegoena.

Txirrindulari ona, langilea eta saiatua, bizikleta gainean taldekideen babesik epelena jaso eta aurkariei errespetua sorrarazten ziena. Behin lehia amaituta, guztien laguna zen hurbileko pertsona. Heldu nahi zuen helmugara iristeko egitekoak garbi zituena eta horietan zentratuta, atzera egingo ez zuena.

Pertsona aurrerakoia, iniziatibaduna, beti egitasmo berriak buruan zituena eta horietan sinestuz aurrera egiten zekiena. Inguruko jendea inplikatzen eta lanean gustura sentiarazten ezin hobeto asmatzen zuena.

Halakoxea izan zen Santi Lazkano txirrindulari ospetsua. Datozen orrietan aipaturiko ezaugarriak sakontzeko ahalegina egingo dut, bere sendikoek eta lagunek kontaturiko esperientzietatik abiatuta; Santiren bizitza berreraikitzeko saiakeratxo bat baino ez da hau, haren heriotzaren 25. urteurrena bete berri den honetan, falta arren presente jarraitzen duen pertsona izaten asmatu zuelako.