Isilik joan zen

AEBetatik itzuli eta hilabete batzuetara, begietan ebakuntza egin zioten, kataratak kentzeko. Erretiroa hartuta zegoen baina, zoritxarrez, ez zuen horretaz gozatzeko denbora askorik izan. 1987. urteko Gabon gauean hil zen Valentina, 69 urte zituela. Afari ederra egin zuten etxean eta, oheratzean, Korori esan zion ez zegoela oso ondo, angulek kalte egin ziotela agian, eta kamomila bat ekartzeko. Hurrengo goizean alaba konturatu zen berandu zebilela ama, normalean dena antolatzea gustatzen baitzitzaion. Gelara sartu eta bertan topatu zuen amaren hilotza. Bihotzekoak eman zion eta isil-isilik joan zen, Gabon gauez eta inor konturatu gabe.

Gazterik hil zen, bizitzako ezbeharrek eta ezustekoek erasan zioten agian. Azpeitiar askorentzat kolpe handia izan zen Valentinaren heriotza eta hileta elizkizunean, emakume handi hari azken agurra eman nahi zioten herritarrez bete zen Soreasuko Sebastian Donearen parrokia.

Urte batzuk geroago, 1999an, Azpeitiko herriak omenaldia egin zion berrogei urtez herritarrentzat lanean aritu zen emakumeari. Emaginaren familia bertan izan zen eta, Udalaren bitartez, urte horretako Amaren Egunean Valentinaren lana eta bizitza gogora ekarri zuten esker oneko omenaldi hunkigarri batean; 1999ko maiatzaren 2a Azpeitiko ama guztiak omentzeko eguna izan zen.

Lanean eta lanetik kanpo, emakume adeitsua izan zen Valentina, familia askotan etxeko bat gehiago zen. Emakume askok lagun handitzat zuten Valentina, hainbeste urtetan zehar hainbeste lagundu izanagatik eta elkarrekin izandako momentu guztiengatik. Ez zuen zalantzarik izaten norbait agurtzeko, hala behar izanez gero, kalearen alde batetik besteraino joateko. Mundu guztia ezagutzen zuen, eta mundu guztia agurtzen zuen irribarre batekin. Bereziartuak dio: "Enbidiosoak leku guztietan dauden arren, inork ezin du ezer txarrik esan Valentinari buruz". Antonio anaiarentzat "ama bat bezalakoa zen". Eta, ziur, beste askorentzat ere hala izan zela.

Valentina emakume indartsua izan zen eta maite zuen bizitzea, egiten zuen gauza bakoitzarekin gozatzen dakien horietakoa zen, nahiz eta bizitzak espero eta merezi ez zituen kolpeak eman zizkion. Beti zuen altxatzeko eta aurrera jarraitzeko indarra eta kemena: behiak utzi eta amari kasurik egin gabe eskolara korrika joaten zen garaietatik hasi eta azken egunera arte.

Ausarta zen, azkarra eta berezia, langilea eta konprometitua. Asko borrokatu zuen bizitza osoan zehar familia aurrera ateratzeko eta asko eman zion herriari eta herritarrei. Beretzako hartzen zituen momentutxoak kenduta, besteentzako eman zuen bizitza. Koro alabak dioen moduan, "bihotz gorrikoa" zen Valentina.

Haren eskuzabaltasuna, laguntasuna eta irribarrea bizirik daude oraindik askoren oroitzapenetan. Izan ere, Valentina ez zen arrastorik utzi gabe igarotzen diren horietakoa.