AEB-etara bisitan

Valentina eta Antonio anaia, New Yorken ateratako argazkian; atzean, Dorre Bikiak. 

Valentinak beti izan zuen Amerikako Estatu Batuetara (AEB) joateko ilusioa eta lortu zuen bere ametsa egi bihurtzea, han pasatu baitzuen 1986ko udazkeneko hilabete bat. "Badakit udazkena zela –dio Antonio anaiak–, etxeko lorategiko orbela biltzen ibili baikinen hemen zegoela". Antonio han bizi zen –eta bizi da– eta berak lagundu zion Madriletik AEBetarako bidaian, baita itzulerakoan ere. Anaia eta koinata Elenarekin, amets batean bezala igaro zituen Valentinak bere bizitzako bidaiako egun haiek.

Erabat harriturik utzi zuten azpeitiarra zerua ikutzen zutela ziruditen eraikin haiek, kale zabal eta jendetsuek, Bosgarren Etorbideak, dendek, jende nahasketak... Guztia hain zen desberdina! Gizartea bera, funtzionatzeko modua, hain ziren desberdinak! "Ezin daiteke hitzez adierazi zer izan zen esperientzia hura Valentinarentzat", dio Antoniok.

Hilabete batzuk lehenago, Pedro Uzin azpeitiarra New Yorkera joan zen han zegoen Jon Elorza azpeitiarra bisitatzera. Elorzaren mahai gaineko argazkiak atentzioa eman zion Uzini eta Elorzak esan zion azpeitiarrak zirela argazkikoak. Beraz, kopia bat atera zion eta, hona etorri zenean, Valentinari erakutsi zion: "Ea Valentina, zuk mundu guztia ezagutzen duzu eta: ba al dakizu zeintzuk diren hauek?". Valentinaren begiak zabal-zabal egin ziren: "Nire gurasoen ezkontza ez da ba!". Hor ohartu ziren, Amerikako Estatu Batuetan bizi zen Jon Elorza hura lehengusua zutela. Topo egin zuten behin Azpeitian, eta elkarren helbideak apuntatu zituzten. Valentina New Yorkera joan zenean, lehengusua lokalizatu zuen eta ordu asko igaro zituzten elkarrekin, hiria ezagutzen. Elorza golf klub pribatu bateko bazkide zenez, hara joan ziren egun batean. Atzerritik itzuli zenean, lehengusuak egin zion harreragatik eta eskainitako denbora eta momentu onak eskertzeko, Valentinak egurrezko tailan egindako eskultura bat bidali zion Elorzari.

Valentina, Antonio eta Elena Atlantic City-n izan ziren eta jatetxe garesti eta dotore batera joan ziren afaltzera, Manor jatetxera, non ezin zen txaketa, korbata edo soinekorik gabe sartu. Ipuin ederretako printzesen modura egon zen Valentina AEBetan.