Beretzako denbora

Saninazioetan zezenketetara joaten ziren Valentina eta senarra. 

Valentinari lanak kentzen zizkion eguneko ordu gehienak, seme-alabak ere haregatik galdezka jarduten zuten etxera iristen zirenean. Baina, ateratzen zuen handik eta hemendik bere buruarekin eta lagunartean egoteko denbora.

Gabi Garcia Miguel izan zuen lagun mina urte askotan. Semea gaixotu zitzaionean eta Madrilera joan behar izan zutenean, Gabiren amaren etxean egon ziren denboraldi batez. Gabi Enparan kaleko farmazia irekitzeko lokala garbitzen eta prestatzen ari zela, atetik sartu zen Valentina bere burua aurkeztera. Ordutik eta hil zen arte, ahizpak bezala izan ziren biak. Gabi berria zen herrian eta, inguruak ezagutzen ez zituenez, batera eta bestera ibiltzen ziren tartea topatzen zutenean. Mila txoko erakutsi zizkion Valentinak Gabiri. Hondartzara joatea ere gustatzen zitzaien. Zumaiako Santiagoko hondartzara eraman ohi zuen laguna emaginak baina, egun batean, Itzurungora eraman zuen. "Esan nion, ea zergatik ez ninduen hara lehenago eraman!", dio Gabik. Gehiago gustatu zitzaion, eta hara joaten ziren handik aurrera.

Kartetan ibiltzea gustuko zuten biek eta ordu asko igarotzen zituzten elkarrekin kontu kontari. Dena den, garai hartako emakumeen moduan, Valentina ez zen bere gauzarik intimoenak kontatzekoa. "Orduan bakoitzak norberarentzat gordetzen zituen horiek", dio Gabik.

Emaginaren auto txiki txuria hartuta joaten ziren hara eta hona. Migel semeak ere ondo gogoan du auto hura: "Azkar ibiltzea gustatzen zitzaion amari, gidabaimena klase askorik hartu gabe lortu zuen eta gero ikasi zuen ibiltzen". Behin Donostiara elkarrekin zihoazela, semeak amari esan zion hura zela kotxez berarekin joaten zen azken aldia eta hurrengoan trenez joango zirela. Bizi ibiltzen bazen ere, ez zuen inoiz istripu larririk izan.

Valentinaren familiakoen Azkoitiko Zeler baserrira ere sarri joaten ziren Gabi eta biak. Zelerko Pilarrek gogoratzen du txerria hil zuten batean joan zirela eta solomo nahikoa janda oheratu zirela. Jakina denez, txerrikiak gazi xamarrak izaten dira eta egarria ematen dute. Hurrengo egunean ilobari esan zion Valentinak: "Ene, ez dakin ze gau txarra pasatu dudan, egarriaren egarriarekin txanpain botila ireki behar izan dinat!". Iturriko ura baino askoz nahiago txanpaina.

Etxeko guztien sendagile lanak egiten zituen Valentinak: bati ez edateko, besteari hainbeste ez jateko eta hangoari erretzeari uzteko. Baina, antza denez, ez zituen aholku horiek beretzat hartzen. Andre Mari jai batzuetan, Zelerkoek gogoratzen dute, bazkari ederra egin zutela han eta Valentina arratsaldean bertaratu zela. "Kotxean gora zetorrela ikusi genuenean, azkar batean ezkutatu ginen denok!", dio Pilarrek. Valentina sukaldera sartu zenean galdezka hasi zen, ea jendea non zegoen, eta denak ezkutatu zirela esan zioten, haren aholku haiek ez entzuteko. Auskalo zenbat barre eta algara egin zuten.

Valentinak bazuen lagun taldea ere. Margarita Orbegozok kontatzen du urtebetetzeak eta bestelakoak ospatzeko sarri biltzen zirela afaltzera. Urteak egiten zituenaren etxean elkartzen ziren hainbat bikote. Asko irteten ziren kalera lagun artean, gizonak txikitoak hartzera ateratzen ziren moduan. Ondoren, Kasinora joaten ziren guztiak afaltzera. Valentina oso ona omen zen lagunarterako, hizlaria eta alaia.

Festez gozatzeko denbora urria izaten zuen arren, saninazioak gustuko zituen Valentinak eta jai-giroan ospatzen zituen. Senarraren senideak etorri ohi ziren Zumaiatik Azpeitira eta etxean bazkaltzen zuten. Valentinaren gurasoak, bizi ziren artean, eta Maria ahizpa aritzen ziren haientzat guztientzat bazkaria prestatzen, koadrila kalean zen bitartean. Etxean ederki bazkaldu eta arratsaldean zezenetara joaten ziren. Gauean, berriz, Kasinora joaten ziren afaltzera. Valentinaren ahizpa Mariak dioenez, "garai hartan ez zen edonor joaten Kasinora, gustuko zuen jende bereziarekin ibiltzea eta gauza bereziak egitea". Ondoren, pilota partidak ikustera joaten ziren, Etxabetarrak pilotari eta pilotazale amorratuak baitziren, gaur egun bezala, orduan ere.

Oso emakume tirtirina zen, apaintzea asko gustatzen zitzaion, beti ongi orraztuta eta ongi jantzita ibiltzen zen. Izaera handiko emakumea zen, gustuko zuen jendez inguratuta egotea; baina, aldi berean, bakarrik egotea ere asko gustatzen zitzaion.

Jendeaurrean erretzen zuen; orduan, ez ziren asko erretzen zuten emakumeak. Valentina erretzaile sutsua zen gainera, Ducados zalea; bolada batean egunean bi pakete erretzera iritsi zen.

1949tik 1953ra janari denda txiki bat izan zuen Valentinak Enparan kalean, etxe aurrean. Bixenta izebarena izan zen aurretik, baina 1953ko uholdeen ostean itxi egin zuen, gehiegi zen beretzat emagin lana eta dendariarena uztartzea.