Lana bizitzaren ardatz

Valentina eta haren senarra, Jose Antonio Etxabe. 
Valentina Agirre (eskuinekoa) Margarita Orbegozo lagunarekin. 

Valentinak ondo zekien bere ogibidea hautatu zuenean izango zuen bizimodua, eta buru-belarri murgildu zen bizimodu horretan. Azpeitiko eta inguruko herrietako haur gehienak bere eskuetatik pasatakoak dira, berrogei urtez aritu baitzen emakumea emagin lanetan.

Zorionez ala zoritxarrez, haurrek erabakitzen dutenez noiz munduratu, emaginak ezin zuen egunean zortzi orduko lanaldia eduki eta ordu horiek betetzean lanaz ahaztu. Urteko 365 egunak eta eguneko 24 orduak eskaintzen zizkion Valentinak lanari, haurrak edozein egunetan eta edozein ordutan jaiotzen baitziren, orain bezala, lehen ere. Beraz, Enparan kaleko etxe hartako telefonoak edo ateko txirrinak edozein ordutan jotzen zuten eta ziztu bizian abiatzen zen Valentina, behar zuten lekura ahal bezain azkar iristeko.

Egun askotan bi, hiru edo lau erditze izaten ziren eta erotu beharrean ibiltzen zen batetik bestera, denei laguntzen. Seme-alabek kontatzen dutenez, ez zekien eserita lasai jaten, zutik egiten zituen otorduak, etengabeko alerta egoeran bizi zen. Askotan, deitzen ziotenean, etxean egoteko arroparen gainetik beroki handi bat jantzita ateratzen zen etxetik, kaleko arropa janzteko ere bi minutu hartu gabe. Erditzen zeuden emakumeak eta jaiotzera zihoazen haurrak askoz garrantzitsuagoak ziren beretzat janzkera edo itxura baino.

Bere berrogei urtetako emagin lanetan denetarik ikusi zuen Valentinak Azpeitiko eta inguruko herrietako etxeetan. Alkoholarekin arazoak zituzten emakumeak eta gizonezkoak, intzestuak, ezkutuko haurdunaldiak eta beste milaka istorio lazgarri. Emakumeek garai hartan bizi zituzten arazoak ezagutzen zituen eta haien emagin edo erizain ez ezik, haien psikologoa izatea ere sarri tokatzen zitzaion. Emakume haiei entzuten zien eta ahal zuenean lagundu ere bai; azken finean, berak ere emakume haiei kontatzen zizkien bere arazoak eta haiek ere laguntzen zioten berari.

Bere etxean bezala, beste etxe askotan ere arazo ekonomiko larriak zituzten. Horregatik, Valentinak ez zien ezer kobratzen ordaindu ezin zuten haiei. Trukean, zenbait familiak, ahal zutenean oparitxo bat egingo zioten esker modura. Baina, arazo ekonomikorik ez zutenek ere, zerbitzuarengatik ordaintzeaz gain, gutiziaz betetako otarra ederrak ematen zizkioten Valentinari.

Miseria asko ikusi zituen Valentinak etxe askotan eta ahal zuen heinean lagundu egiten zien familiei. Erditzeetara joatean etxe askotan zapirik, toallarik edo izararik ere ez zutela ikusten zuen Valentinak. Antoniok, bere anaiak, gogoan du erruki-etxetik, miserikordiatik, horiek guztiak hartu eta etxeetara eramaten zituela. Antonio bera errekadista moduan ibiltzen zen askotan, Valentinak esaten zion zer eraman eta nora eraman. Familia haientzako poztasun ikaragarria izaten zen. Bihotz oneko emakumea zen Valentina.

Oso ona zen bere lanean. Milaka erditzetan lagundu zuen eta konplikazio ugariri aurre egin behar izan zion; baina, berrogei urteko emagin lanetan emakume bakar bat hil zitzaion Valentinari erditze batean, milaka emakumetatik bakarra. Haurdunaldian eta erditzean emakumeen alboan egoten zen. Zenbaitetan Donostiara ere laguntzen zien, emakumeek hala behar izanez gero. Izugarri konprometitzen zen Valentina emakume guztiekin, erditze eta kasu guztietan.

Ezkutuko haurdunaldien ostean, emakume askok abortatu ere egiten zuten, nahita eta oso egoera txarretan. Valentinari behin baino gehiagotan tokatu zitzaion mota horretako egoeretan laguntzea.

Orduko erditzeek ez zuten gaur egungoekin zerikusirik. Julian Bereziartuak badaki zer zen garai hartan etxeetan lan egitea. "Arrasaten lanean hasi nintzenean erditzetan laguntzea tokatu zitzaidan eta neuk erditzen nituela zirudien, egin behar zen ahaleginaz. Orduan ikusi nuen zer zen gauez atenditzea, zer zen ohean atenditzea, zer zen sukaldeko mahai gainean atenditzea. Etxeko lana askoz zailagoa zen, izan ere argia joan zitekeen eta inguruan zer egin ez zekiten jende piloa egoten zen, guztiak urduri baino urduriago", kontatzen du Bereziartuak. Valentinak ere horrelako makina bat egoera bizi izan zituen.

Anestesia moduko bat zuen, gaur egunekoekin zerikusirik ez zuena, noski. Auskultatzeko, sabeleko mugimenduak entzuteko tresna bat ere bazuen. Haurraren taupadak entzunez nabari zitekeen haurra sufritzen ari zen edo ez. Orduan ez zegoen ekografiak egiteko makinarik. X izpiak arriskutsuak ziren haurrarentzat eta, beraz, ezin zen, inolaz ere, barrurik ikusi: ezin zen jakin haurra ondo zetorren ala ez, mutila ala neska zen, zuzen ala alderantziz zegoen. Gertuen zegoen ospitaletik ordu eta erdira egotea ere presioa zen emaginarentzat, edozein konplikazioren aurrean, odol-jarioak edo zesarea baten beharrean egonda, zaila baitzen hara garaiz iristea. "Donostiara joatea Madrilera joatea bezala" zela dio Bereziartuak, abentura hutsa.

Arazo larriren bat sortuz gero, eta denbora izanez gero, Donostiara joaten ziren eta erietxekoek bazekiten, Valentina atetik sartzen ikusi orduko, zerbait larria zetorrela, bestela berak konpondu ahal izango baitzuen arazoa. Uneoro zekien zer egin. Profesionalki oso errespetatua izan zen leku guztietan, aintzat hartua beti.

Arantxa Aizpuruk gogoan du Valentinari gauez deitzen ziotenean eta senarra itsasoan zuenean, bera joaten zela Valentinaren seme-alaba txikiak zaintzera, alboko karreran bizi baitziren, eta oso harreman ona zuten bi familiek. Egun batean, Erdikalera joan behar zuen erditze batera eta berarekin joateko esan zion Valentinak Arantxari. Erditze erraza izan omen zen, emakumeak inora joateko astirik ez zuen izan eta lan-erdia egina zegoela iritsi zen Valentina. Baina, erditze guztiek eskatzen zuten ahalegina eta Arantxak egun hartan frogatu ahal izan zuen Valentinak lanarekiko zuen pasioa eta abilezia.

Izan ere, trebetasun handia zuen Valentinak, xamurtasuna, baina, baita ziurtasuna ere. Erditzera zijoan emakumearekin lasai-lasai egoten zen etxean, ura irakiten jartzen zuen eta zapi garbiak ipintzen zituen. Asko hitz egiten zuen emakumeekin erditze prozesuan zehar. Anestesiaren eta entzuteko tresnen gainetik, eskuak zituen emaginak lanerako tresnarik hoberenak eta, urteetan egindako lanaren ondorioz, guztiz okertuta zituen azkenerako. Valentinaren ustez, erditzean hoberena zain egotea zen, bestela amak sufritu egiten baitzuen, baita haurrak ere. Bazeuden erditzeak azkartzeko metodoak, baina ez zegoen horiekin ados. Senak esaten zion Valentinari noiz zen amarentzat eta haurrarentzat bultzatzeko unerik egokiena. Ama batzuk oso urduriak ziren; baina emaginak lortzen zuen, nola edo hala, haiek lasaitzea. Konfiantza ematen zien Valentinaren esperientziak eta segurtasunak. Izen handia bazuen, hori gauzak ondo egiten zituelako zen, profesional ona zelako. "Oso emagin ona zen –dio Bereziartuak–, asko lasaitzen zituen emakumeak, oso xamur hitz egiten zien. Ez zitzaion axola lorik egin gabe lanera joateak, lana besterik ez zuen egiten, baina beti aurpegi onarekin".

Baina Valentinarentzat lana ez zen erditzearekin amaitzen, emakumeak eta haurrak guztiz lasaitu arte bertan egoten zen. Ondoren, zilbor-hestea sendatzen laguntzen zien haurrei, belarritakoak jarri, emakumeei eta haurrei beharrezko txertoak jartzen zizkien, eta ama berriei lehen egunetan haurra nola zaindu erakusten zien.

Zeler baserriko bere iloba Pilarrek kontatzen duenez, Valentina lasai egoten zen erditzeetan eta emakumeak lasaitzen saiatzen zen, nahiz eta ez zuen beti lortzen. Bere kasuan, adibidez. Pilarrek Valentinarekin erditu zituen bere bi alabak eta gogoan du, gau euritsu eta haizetsu batean urak hautsi eta erditzen ari zela, Valentinak ohean egoteko esan ziola, hobe zela epeletan egotea eta itxaron egin behar zuela oraindik. Pilar jangelako mahaiari bueltaka, "minez akabatzen" zegoela, Valentina baserriko sukaldean omen zegoen, zigarroak erre eta erre eta berriketan, lasai asko. Valentinak bazekien noiz zen azken bultzada emateko une egokiena eta besteek itxaron egin behar. Nola egin kontra emakume hari! Nola egin kontra naturari!

Baserrietara sarri joan ohi zen. Antoniok motorrean eramaten zuen askotan baina, beste batzuetan, astoan joaten zen haietara, berdin egun-argiz zein gauez, biderik ez zegoelako. Bidaia horietan gauza asko gertatu zitzaizkion Valentinari. Migel semeak kontatua da hurrengo pasartea: "Behin baserri batera zijoala, gauez, galdu egin zen. Baserri atari batera iritsitakoan, nagusia leihotik eskopetarekin tiroak airera botatzen hasi zela entzun zuen. Antza denez, aurreko egunetan ijitoak ibili zitzaizkion baserri inguruan baserritar honi eta haiek uxatzeko hasi zen tiroka. Baina, halako batean konturatu zen atarian zegoena ez zela ijitoa. Linterna batekin atera zen nagusia eta hantxe ikusi zuen ama, erdi-izuturik, eta harrituta gelditu zen. Amak esplikatu zion nor zen eta nora joan beharra zeukan. Azkenean baserritarrak lagundu egin zion berez joan behar zuen baserri hartaraino. Baina, iritsi zenerako jaioa zen haurra".

Beste baserri batera joan zenean, emakumea erditzen zegoen logela berean lo topatu zituen familiako beste guztiak. Logela bakarra zuten, antza denez, familia osoarentzat. Valentinak, ordea, airean bidali zituen guztiak handik, haurrak ukuilura eta beste guztiak sukaldera. Etxera itzuli zenean eskaileretan kendu behar izan zuen arropa, gainean zituen zorri guztiak etxean ez zitezen sartu.

Inguruko askok gogoratzen dute egun batean gurdian Azpeitira iritsi ziren ijitoekin izan zuen bizipena. Haietako neskatila bat erditzen ari zen eta Valentinak, besterik ezean, erruki-etxera, Miserikordiara, jo zuen ohe eske. Baina ezetz esan zioten mojek, ijitorik ez zela etxe hartan sartuko. Inongo zalantzarik eta beldurrik gabe aurre egin zien Valentinak mojei eta, azkenean, erruki-etxeko sarrerako lur hotzaren gainean bada ere, onik etorri zen mundura haur txikia.

Behin, Valentina beraren etxean jaio zen haur bat. Emakume bat etxera joan zitzaion kezkatuta, minez zegoela eta begiratu zezan. Emakume hura ez zen ohartu erditzen zegoela eta, haren etxera joateko astirik ez zegoenez, Valentinak bere etxean prestatu zuen beharrezko guztia. Etxeko ohe batean etzan zuen eta bertan jaio zen haurra.

Azkoitira erditze batera joan behar zuen egun batean, korrika eta presaka etxetik irten, bere auto txuri txikia hartu eta plazatik gora abiatu zen. Baina, Bustinzuriko Errebalera iritsi zenean, kamioi bat bi balkoiren artean harrapatuta zegoela ikusi zuen, ez aurrera ez atzera. Bide hura zen Azkoitia aldera joateko bide bakarra eta Valentina kirioak dantzan jarri zen. Autotik atera eta builaka hasi zen, erditze batera joan behar zuela Azkoitira eta mesedez deitzeko udaltzainei, pasatu beharra zuela. Auskalo zer zalaparta sortu zen kalean. Halako batean agertu ziren bada udaltzainak eta, aurreraka ezinezkoa zenez, kamioi hura atzeraka atera zuten eta Valentinak, azkenean, Errebala zeharkatu ahal izan zuen eta erditzera garaiz iritsi.

.1960 urte inguruan baserri batera zijoala astotik erori eta bizkarrezurrean min hartu zuen Valentinak. Nola-hala pasatu zuen bolada bat eta, azkenean, 1962an ebakuntza egin zioten. Igeltsatuta izan zuen gorputza bularretik gerriraino hilabete askoan. Klinika pribatu batean operatu zuten eta diru asko behar izan zuen familiak ebakuntza ordaintzeko. Behar zuten dirua biltzeko itsasoan, Gran Sol-en, ibili zen senarra bi urtez. Operatu aurretik makurtu ere ezin zenez egin, sukaldeko mahaietan ekartzen zituen haurrak mundura.

Emagin izateaz gain erizain ere bazenez, Frantziskanetara joaten zen injekzioak jartzera eta bestelako sendaketak egitera. Arrasatera ere joaten zen lanera hango emaginak jaiegunak zituenean. Haurrak etxean utzi eta egunak pasatzera joaten zen, orduan ez baitzeuden bideak gaur egun bezala, joan-etorrian ibiltzeko.

1970eko hamarkada arte etxean jaiotzen ziren haur gehienak, ia guztiak. Izan ere, ez zegoen Gizarte Segurantzarik edo doako osasun zerbitzurik, eta oso garesti ateratzen zen, bai kontsultetara, bai erditzera, klinika pribatuetara joatea. 1970. hamarkadaren erdialdera, Gizarte Segurantza abian jartzearekin bat, ohiturak aldatzen hasi ziren. Jendea ospitalera joaten hasi zen haurrak erditzera. Valentinak ere ohiturak eta jarduna aldatu behar izan zituen, garai berrietara egokitu. Horregatik, jendea erietxera joatera animatzen zuen, konplikazioak sortuz gero, askoz arrisku gutxiago baitzegoen haietan gauzak behar baino gehiago okertzeko: odola beti zegoen prest, ekografiak egin zitezkeen eta txikiegi jaiotzen ziren haurrentzat inkubagailuak zeuden.

Beraz, trantsizio urte haietan, erditzeetan laguntzeari uzten joan zen apurka-apurka eta kontsultak egitera pasatu zen. Haurdun zeuden emakumeei eta menopausiako arazoekin zeudenei, adibidez; baina bestelako gaixotasun edo arazoekin zeudenei ere laguntzen eta aholku ematen zien.

Berrogei urteko jardunaren ostean, 67 urterekin erretiratu zen Valentina.