Familia, etengabeko borroka

Valentina, Koro alaba zaharrena besoetan duela. 

Beduara lanera joaten zenez, lotura zuen Valentinak toki harekin. Beduatik pixka bat gorago dagoen Azkoņa auzora joan zen behin erromeriara eta han ezagutu zuen Artadiko San Migelen jaiotako Jose Antonio Etxabe, Etxabe pilotari dinastiakoa. Mutil ederra omen zen, altua eta prestua. Nobioa bazuela esanez iritsi zen etxera Valentina. Maitemindu eta nobiotan denbora gutxi eginda ezkondu egin ziren handik gutxira. 29 urterekin ezkondu zen Valentina eta 27 zituen orduan Jose Antoniok. Oso maiteminduta ezkondu zirela aitortu dute Valentinaren ingurukoek. "Gero izan zituzten gorabeherak, baina, elkar maite zuten", dio Pilik. Txatito deitzen omen zion Valentinak senarrari maitekiro. Enparan kaleko etxe batean bizi izan ziren urte askoan, alokairuan, eta urte batzuk geroago Olazko Amaren plazan erosi zuten etxea.

Hainbat gauzatan senar-emazteek ez zuten zerikusirik. Jose Antonio gizon ona zen, lasaia eta anbizio handirik gabekoa. Valentinak, aldiz, anbizio ugari zuen. Emakume autodidakta zen, bere kabuz bizitza aurrera atera zuen eta, nolabait, ez zegoen konforme garai hartako bizimodu orokorrarekin. Kontuan izan behar da garai hartan, Francoren lehen gobernua indarrean zegoenean, lege guztiak familia tradizionalak eratzeko pentsatuak eta bideratuak zeudela; teorian, emakume ezkonduak ezin zuen, beste mila gauzen artean, senarraren baimenik gabe lanik egin, bankuan kontu bat ireki edota bere lanaren ordainsariaz gozatu. 1942ko lege batek zioenaren arabera, gainera, emakumeak, ezkontzean, bere lana utzi behar zuen. Valentinak ez zuen horrelakorik egin, oso independentea eta buruaskia zen eta ez zuen ondo ikusten emaztea senarraren menpe egon beharra. Arrazoi horregatik, desberdina, aurrerakoia eta gizartearekiko burugogorra izateagatik, kritikatua izan zen sarri Valentina; herriko eta inguruko goi-burgesen partetik, bereziki.

Bost seme-alaba izan zituzten. Koro, Migel, Jose Ignacio, Pili eta Jose Antonio. Korok dioenez, "amatasun sena ikaragarria zuen amak, bere ametsa ama izatea zen eta berak zioen ezkondu izan ez balitz ere umeak izango zituela. Ez dut ezagutzen seme-alabei hainbeste maitasun eman dien amarik; zenbaitetan, patologikoa ere izan zen amaren maitasuna". Seme-alabek sufritu egin zuten maitasun guzti horrengatik, ez baitziren izan amak haiengandik espero zuen bezain beste. Inoiz ezin izan zuten iritsi amak nahi zuen mailara.

Baina Valentinak argi zuen seme-alabei ez zitzaiela inoiz ezer faltako eta gogor lan egin behar izan zuen bostak aurrera ateratzeko. Dena eman zien, edozer egingo zukeen haiengatik. Goizeko bostetan jaikitzen zen, ez zituen haginak konpontzen, ez zeukan arropa erosteko ere dirurik eta, batzuetan, ezta jateko ere. Dena, zuen diru guztia seme-alabekin gastatu zuen, haiek eskola hoberenetara joan zitezen. Seme-alabak ezer baino garrantzitsuago ziren beretzat. Itokinak zituen etxe batean bizi ziren eta bere bost txikiei esaten zien, dirurik gabe ere, guztiek ikasi egingo zutela eta aurrera irtengo zirela. Etengabeko borroka izan zen, bere bizitzako borroka.

Saiatuta gauzak lortzen direla bazekien Valentinak, horregatik asko saiatu zen eta, azkenean, lortu zuen bost seme-alabei ikasketak ematea; bostek egin zituzten unibertsitateko ikasketak. Koro barneko ikasle moduan, interna, bidali zuen zortzi urterekin, diru asko kostatzen zitzaion arren. Migelek ere gogoan du Institutura joan zenean bere gelakide guztiak familia onekoak zirela, bera zela baserritar familia batetik han zegoen bakarra edo bakarrenetakoa. Ez da kasualitatea. Seme-alaba guztiei ikasketak emateaz gain, Azpeitiko Institutuaren bultzatzaile sutsua izan zen Valentina. Etxeetara joaten zenean, beti saiatzen zen gurasoek seme-alabak Institutura bidal zitzaten, ikas zezaten. Orduan, batxilergo ikasketak ez zeuden edonoren eskura eta Valentina ez zegoen horrekin ados; Valentinaren ustez edonork izan beharko luke ikasteko eskubidea eta modua. Ez pentsa, borroka pertsonal horrek ekarri izan zizkion zenbaitekin tira-birak. Valentinak argi zituen ideiak eta amak esandakoa zen etxe hartan balio zuena. Arrazoi horregatik, elkarbizitza zaila suertatzen zen batzuetan. Goxoa eta gogorra omen zen etxean, biak batera. Errieta egin behar zenean errieta egiten zuen, baina bazekien seme-alabei goxotasuna eta maitasuna ere erakusten.

Hasieran nahiko egoera ekonomiko kaxkarra izan zuen familiak, seme-alaba asko baitziren eta izerdi asko bota behar izan zuen Valentinak haiengatik. Baina, urteak pasa ahala, seme-alabak lanean hasi ziren eta horrek arindu egin zuen, nolabait, etxeko egoera. Gainera, gerraosteko urte zailak ere gero eta urrunago zeuden eta, gizartearen egoera ekonomikoa gora zijoan heinean, Valentinaren familiarena ere gorantz hasi zen pixkanaka.

Korok gogoan du aitaren hileta elizkizunean etxean zerbitzatu zuen Urrestillako emakume batek esan ziona: "Hamabost urte nituen zuek zaintzera joan nintzenean eta gogoan dut nolakoa zen zuekin, printzeak bezala zaintzen zintuzteten, eta ni printzesa bezala. Askoz hobeto nengoen zuen etxean neurean baino". Valentinak ez zuen dirurik, baina, zerbitzariak uniformez janzten zituen. Horrelako kontraesanak zituen. Maria Agirre, Valentinaren ahizpak, gogoan du neskame baten anekdota. Antza denez, neskameak ez zekien erlojuan orduak irakurtzen eta erlojuan bertan boligrafoarekin markatzen omen zion noiz itzuli etxera: "Orratz txikia hona eta orratz handia hona iristen denean etorri", esaten zion.

Feminista zen Valentina, horretan ere bazen garairako aurrerakoia. Korok dioenez, etxean guztiek egin behar zuten zerbait. Alabaren bat lanean jartzen bazen, geldituarazi egiten zuen, "denok edo inork ere ez" esanda. Semeek ere etxeko lanik egin ezean, neskek ere ez zuten egiten.

Ezbehar handia izan zuen Etxabe Agirre familiak, ordea. Valentinari hirugarren semea, Jose Ignacio, hil baitzitzaion honek 17 urte zituela, leuzemiak jota. Bereziartua sendagileak egin zion, gainera, lehen diagnostikoa. Kontsultara joan zen batean analisiak egin zizkion, kolore txarra ikusi ziolako mutikoari, eta analisien emaitzetan ikusi zuen gaztearen patua.

Donostiako Erresidentziara eraman zuten eta, ondoren, Madrileko Kontzepzio Klinikara; han egon ziren Valentina eta Koro alaba bi hilabete eta erdiz. Egin ahal izan zizkioten froga guztiak egin zizkioten baina ezin izan zuten haren biziarengatik ezer egin. Urtarrilean eman zioten diagnostikoa eta martxoan hil zen. Hilotza Enparan kaleko etxabean jarri zuten hileta elizkizuna egin zitzaion bitartean.

Valentina lur jota gelditu zen, bizi erdia joan zitzaion harekin, "ez naiz gehiago lehengoa izango", esaten zuen. Oso gaizki pasatu zutela diote ingurukoek. Norbaitek esan omen zion: "Zu zaren bezalakoa izanda, Valentina, zergatik janzten zara beltzez?"; eta berak erantzun: "Nire semea da!". Gabi Garcia Miguel lagunak dioenez, "negar egiten zuen Valentinak, baina bakarrik zegoenean soilik, ez zuen nahi jendeak negarrez ikus zezan". Gabik eta beste askok behin eta berriz esan zioten ahal zuen guztia egin zuela semearengatik, Madrilera joan zela hura tokirik hoberena zela esan ziotelako eta ez zela bere errua, ezin zela ezer gehiago egin. Baina, semea indarrez eta bere bihotz barrenetik kendu izan baliote bezala sentitzen zen Valentina eta urteak behar izan zituen gertatu zena onartzeko eta erabat osatzeko, inoiz osatu bazen.

Valentinaren anaia gazteena ere oso gazterik hil zen. Gaixorik zegoela injekzio bat jarri zioten, baina ez zekiten sendagai hari alergia zionik eta ziztada hartu eta bertan hil zen. Hori ere kolpe latza izan zen Valentinarentzat eta familia osoarentzat.