Ikasketa urteak

Donostiako amatasun zerbitzuko ikasle garaiak izan ziren bere bizitzako urterik zoriontsuenak. 

Gaztea zela, 16-17 urte ingururekin, Madrilera bidali zuten Valentina zerbitzari, amak Donostian zerbitzatu zuen erret familiaren ezagun batzuen etxera. Familia hura Donostiara etorri zen urte batean uda pasatzera eta haiekin etorri zen Valentina ere. Hemen zegoela inoiz baino garbiago ikusi zuen hura ez zela beretzat bizimodua eta ikasteko zerbaiten bila hasi zen, ez zuen zerbitzari izaten jarraitu nahi. Ez zuen ulertzen zergatik egon behar zuen jauntxoen eta beraien artean horrenbesteko aldea. Gorroto zuen desberdintasun hori eta horrekin hausteko modu bakarra ikastea eta lan hobeago bat lortzea zela konturatu zen. Donostian, batera eta bestera begira jardun ostean, amatasun zerbitzuan sartu zen, Egiako Aldakonean kokatua, eta Arrillaga ginekologoa ezagutu zuen han. Arrillagari harridura handia sortu zion Valentinaren ausardiak eta ikasteko gogo-biziak, eta esan zion: "Zu hona etorriko zara ikastera".

Bi aldiz pentsatu gabe, etxekoandreari agur esan eta amarengana joan zen Valentina. Hari esplikatu zion zein zen bere ametsa, baina ezezko latza eman zion amak; izan ere, hilean ehun pezeta ordaindu behar zituzten ikasketengatik eta etxean ez zuten horrenbeste diru, are gutxiago horretarako. Erabat penaturik zegoela, aitak esan zion ez kezkatzeko, berak ordainduko zizkiola-eta ikasketak. Beraz, azkenean, Donostiako amatasun zerbitzura joan zen ikastera. Valentinaren alaba Korok kontatzen duenez, "amak zioen bere bizitzako urterik zoriontsuenak izan zirela haiek. Gogoratzen dut nola esaten zuen jendeak eskolan Valentina andereņoa deitzen ziola, eta bera nola harritzen zen, bizitza guztian zehar berak andereņo eta jauntxo beste guztiei deitu izan zienean".

Baina, ikasle garaian lanean jardun zen Valentina Donostiako Erresidentzian; baita Zumaiako Beduako jatetxean ere, senitartekoak baitzituen hangoak. Horrela, lan eginez eta etxetik iristen zitzaion laguntzarekin, ordaindu ahal izan zituen ikasketak.

Oso neska bizkorra eta abila zen, josten bikaina zen, baita marrazten ere. Ikasketa urteetan koaderno bat osatu zuen ikatz-marrazkiekin, gorputzeko hezur bakoitzaren marrazkiak egin zituen eta irakasleen karikaturak ere egiten omen zituen.

Donostian emagin ikasketak egiten ari zela, handik ateratakoan ikasten jarraitu nahi zuela konturatu zen, eta erizaintza ikasketak egitea erabaki zuen. Baina batxilergoko titulua eskatzen zioten horretarako. Beraz, emaginetarako ikasten ari zela batxilergo titulua atera zuen eta ondoren erizaintza ikasketak egin zituen. Koro, alaba zaharrena, sabelean zuela egin zuen azken azterketa Valladoliden (Espainia). Pili alabak dioenez, "bere garairako oso aurrerakoia zen, beti zioen emakumeak ikasi egin behar zuela. Baina ez ikasi, ezkondu eta etxean gelditu. Ez, emakumeak lan egiteko ikasi behar zuen, independentea izateko, askatasuna edukitzeko". Gizartearen eskemak hausten zituen.

Valentinaren senideek eta lagunek adierazi dutenez, denborarekin ohartu dira haren merituaz. Garai hartan, edozeinek ezin zezakeen ikasi eta hark bere lanarekin ordaindu zituen ikasketak. Julian Bereziartua medikuarentzat, "izugarria da garai hartan, baserriko kultura besterik ez zegoen herri batetik kanpora joan eta Valentinak batxilergoa eta goi-mailako ikasketak egitea". Moja joatea ere pentsatu omen zuen; beharbada, ikasi ahal izateko bide zuzena baitzen hori. Baina gurasoei ez zitzaien ideia hura gustatu eta, azkenean, bere kasa ikastea aukeratu zuen Valentinak.