Haurtzaro gogorra

Egurtzako familia. Valentina, goian eskubitik bigarrena. 

Valentina Agirre Elorza 1918ko uztailaren 25ean jaio zen, Santio egunez, Azpeitia eta Azkoitia arteko muga-mugan dagoen Egurtza baserrian, Izarraitz auzoan. Eguzkitza baserrikoa zuen aita, Manuel Agirre; eta Egurtza bertakoa ama, Ageda Elorza, etxeko oinordekoa. Hamar ume izan zituzten senar-emazteek eta Valentina izan zen jaiotzen bigarrena. Txiki-txikitatik bizitza gogorra izan zuen neskatilak. Izan ere, guztientzat garai zailak baziren, are zailagoak ziren XX. mende hasierako urte haiek baserriko familia ugari eta xume batentzat. Dena den, Valentinak txikitatik erakutsi zuen pertsona berezia zela; bost urterekin egin zuen jaunartzea, bere adinerako oso aurreratuta zegoen haurra izan baitzen.

Oso txikia zela, ziurrenik bere izaeraren eta bizimoduaren oinarriak finkatu zituen bizipena izan zuen. Bere ama Donostiara joan zen inude, Miramar jauregira seme-alabek oroitzen dutenez, Espainiako errege-erreginen familiako lehengusina baten haurrari bularra ematera. XX. mendera arte oso arrunta zen, batez ere familia aberatsetan, inudeak izatea. Emakume haiek euren seme-alaben edoskitzaroa aprobetxatzen zuten eurena ez zen haur bati ere bularra eman eta familia mantentzeko dirua irabazi ahal izateko. Kasu batzuetan, etxeko egoera ekonomikoa oso larria zenean, emakumeak seme-alabak bularrik eman gabe utzi eta familia aberatsetako haurrei bularra ematera joaten ziren, soldata bat irabazi eta familia aurrera atera ahal izateko.

Horixe egin zuen Valentinaren amak, bularra emateke joan zen eta nolabaiteko abandonua sentitu zuen Valentinak garai hartan; benetan gogorrak izan ziren bere bizitzako lehen urte haiek. XX. mendearen erdialdera arte arrunta zen familia ugarietako seme-alabak etxetik kanpo bidaltzea, mutilak seminariora edo morroi eta alabak komentura edo zerbitzari; edo, besterik gabe, aurrera ateratzeko arazo gutxiago zituztenen etxeetara. Izarraizko Aldako baserrira bidali zuten orduan Valentina. "Euliz betetako baserria" bezala gogoratzen zuen berak eta hilabete batzuk igaro zituen han. Valentinak zioenez, aita bisitan joan zitzaion egun batean eta hura ikusi orduko lepora salto egin zion, estu besarkatu eta etxera eramateko erregutu zion malko artean aitari. Alabatxoa hain larri ikusita, pena izugarria eman zion aitari eta etxera eraman zuen berriro neskatoa. Faltan botatzen zuen bere familia. Ama baserrian falta bazen ere, senide asko ziren eta han egoten zen gustura Valentina.

Betidanik erakutsi zuen Valentinak ikasteko grina. Hamabi urte inguru zituela eskolara joan nahi zuen neskatoak, ikasi nahi zuen, baina bere amak ez zion uzten, behiak zaindu behar baitzituen baserrian. Egurtzako familia ugarian alabetatik zaharrena izanda, etxean lan egitea tokatzen zitzaion, baserriko lanak egitea, eta anai-arreba gazteak zaintzea ere bai. Baina, geldiezina zen Valentinak barruan zuen indarra eta, arriskuaz kontziente izanik ere, behiak utzi eta eskolara joaten zen korrika.

Pixka bat helduago zela azokara bidaltzen zuten baserriko barazkiak eta arrautzak saltzera eta han egon behar izaten zuen neskatilak, goiz osoan zehar. Arrautzak jateko gogoa izaten zuen sarri baina amak azokan saltzeko zirela esaten zion, ez zirela etxekoek jateko. Etxean, euskal baserri gehientsuenetan bezala, babarrunak jaten zituzten egunero, taloa, artoa eta noiz edo noiz arraina edo haragia, baina arrautzarik ez. Valentina errebeldea zen, ordea, eta bizkorra; horregatik azokara bidean gordinik jaten zituen arrautzak.

Ez zitzaion goiz guztia azoka-plazan igarotzea batere gustatzen, izugarri aspertzen zen. Topatu zuen, ordea, bere aspermenarentzako irtenbidea: Santiago kalearen hasieran zegoen Esperantxaren dendara joan eta garestiago saltzen zuen baserriko generoa, eta ondoren Kasinora joan –gaur egun Egaņa gozotegia dagoen tokian– eta kafesne eder bat hartzen zuen opil batekin. Alde ederra!

Baserrian, ordea, izaten zen festarako aukera ere. Sagardoa egiten zuten Egurtza baserrian eta Azkoititik trikitilariak eta jauntxoak joaten ziren hara sagardo hori dastatzera. Agedak sardina zaharrak, bakailaoa eta tortillak presatzen zituen guztientzat eta festa ederrak egiten zituzten bertan, etxekoek eta gonbidatuek.