42. Kapitulua

Uste baino errazago atera zitzaizkion gauzak Akeemi. Ordurarte behintzat. Ezusteko ikaragarria izan zen Bema hain azkar txabolatik irteten ikustea baina, sustoa gainditu ostean, garbi ikusi zituen gauzak. Hasieran lehenbailen handik ospa egitea pasatu zitzaion burutik baina bi txabolatxoen artetik Bemaren begira jardun ondoren, zalantza guztiak airean joan zitzaizkion. Bazekien ezustean harrapatuko zuela eta, hori abantaila handia zen. Bestaldetik berriz, Rokiaren hitzak ezin zituen burutik aldendu: "egin behar baduzu, egin lehenbailen". Eta horrela suertatu zen.

Konorterik gabe utzi ondoren, Bema etxolaren barrura sartzea lortu zuen. Kanpoan, inor ezertaz ez zela ohartu baieztatu ondoren, Bema sokarekin lotzeari ekin zion.

Zalantzan denbora luzea eman ondoren, 40 zentimetroko luzera zeukan altzairuzko barra, soka sendo bat eta labana zorrotz bat eramatea erabaki zuen Akeemek. Soka gerrian bilduta eraman zuen, labana ezkerreko poltxikoan eta altzairuzko barra berriz kamisetaren eskuineko mangan sartuta. Urduri samar egin zuen Bemaren etxerainoko bidea, norbaitek gutxien uste zuenean zerbait esango ziolakoan. Baina gauez irten zen bere etxetik, eta herritarren lozorroaren azpian, Malanjeko kaleek isilik hartu zuten.

Esker onez hartu zuen Akeemek bakez eta soseguz betetako isiltasun hura, pentsamenduak bide onean jartzeko behar-beharrezkoa zuela kontuan izanda.

Azkenenean, buelta asko eman ondoren, egin beharrekoa bakarrik egin behar zuela erabaki zuen. Biziki eskertzen zion Kenbari laguntza eman nahia baina ez, oraingo honetan berak konpondu behar zuen auzi hura. Ezin zuen Kenba bere familiako arazoak konpontzera bultzatu. Nahikoa zuen berearekin. Laneko arazoez gain, emaztearekin zituen tirabirak eta seme-alabak hezi beharra ez bait zen txantxetan hartzeko gauza.

Konortea berreskuratu baino lehen, sokarekin bi eskuak bizkarrean ahal izan zuen estuen lotu eta zain geratu zen Akeem. Ez zuen presarik. Oraindik ez zekien zehazki zer egin behar zuen aurrean zuen gizaseme harekin. Lehendabizi galdera batzuk egin nahi zizkion, eta gero gerokoak. Dena den, gauza bat oso garbi zuen: Gutxienik Rokiak sufritu zuena sufriaraziko zion.

Ez zuen denbora askorik itxaron behar izan. Estul eta kexa artean hasi zen bere onera itzultzen Bema. Azkarrago espabilatu zedin, koltxoi ondoan urez beteta zegoen ohiala buru gainetik bota zion Akeemek. Uste bezala, espero zuen erantzuna ekarri zuen honek. Bema ohiuka hasi zen segituan, erotu bailitzan.

-Baina ze arraio...?- Hasi zen Bema, oraindik egoeraz guztiz jabetu gabe. Eskuak aske usteko ahaleginetan ziharduen, ezer lortu gabe. Pixkat lasaitu orduko Akeemi begiratu zion, zuzen.- Nor haiz hi? Zer egiten duk nire etxean? Nola ausartzen haiz...?

Orduan konturatu zen Akeem ez zela ura Bemaren gainera jaurtitako hura. Kiratsa berehala zabaldu zen txabolan, airean iguina eta botalarria sortzerainoko usaina zabalduz.

Akeemi barregura sartu zitzaion bapatean. Ez zen hura nazkagarri ari merezi zuena ematen hasteko modu okerrena. Baina txantxak alde batera utzi eta gauzak argitzen hasteko unea heldu zen.

Bi pausotan beregana hurbildu, hiletik gogor tira eta honela esan zion, belarrira eta poliki:

-Hirekin zorrak kitatzera etorri nauk. Rokiaren izenean nentorrek, ezagutzen duk ezta?

Bemaren begiek distira berezi bat islatu zuten segundu erdi batez. Gero, arro hitzegin zuen, galdetutakoa berarekin joan ez balitz bezala.

-Okertuta habilela esango nikek. Ez diat Rokiarik eza...

Ez zuen esaldia bukatzeko aukerarik izan. Akeemek, aurretik pentsatu gabe eduki gabe ere, ostiko bat eman zion. Sabelaren erdian.

Bema arnasarik gabe geratu zen une luze batean. Begiak erabat zabaldu zituen, desesperazioaren irudirik hoberean. Ez zuen inondik ostikada hura espero.

Akeemek bertan hil zedin desiratu zuen. Lehenbailen bukatzeko irrikatan zegoen baina, gauza asko zuen oraindik esateko.

-Ez diat denbora alferrik galtzeko gogorik.- hasi zen berriro.- Gauza asko jakiteko gogoa diat baina… guztien gainetik galdera bat diat buruan... Hori erantzuten badidak… azkar bukatuko diagu. Bestela…auskalo. – Bere hitzak benetakoak zirela adierazteko, labana atera zuen poltxikotik, astiro- Zergatik egin huen?

-Bakeak egitera etorri haiz orduan?- Erantzun zion Bemak arnasari buelta eman ostean. Nekatuta zegoen, txikituta. Dena berdin diotenen antzera mintzatu zen, han gertatzen ari zena berarekin joan ez balitz bezala.- Zergatik jakin nahi duk? Benetan?- desafio itxuran begiratu zion Akeemi, zertaz egina zegoen neurtu nahian.

Akeemek baietz erantzun zion buruaz, jakin nahi zuela.

-Berak... nahi izan zian.

-Zer?- Akeemek gaizki ulertu ziola uste izan zuen.

-Bai...-azaldu zion Bemak zuzen begiratzen zion bitartean.- erregutzen ari huen… nirekin ametsetan egin zuela…behin eta berriz. Nire lagunarekin- hankartea seinalatu zuen buruarekin- jolastu nahi zuela... desiratzen zegoela.- hau esan ondoren, barrez hasi zen bapatean, soilik burutik egina dagoen batek egin dezakeen moduan.

Orduan jabetu zen Akeem, Bema egiten ari zen algara arraro haren erdian, ez zituela buruan biraka zebilzkien galderen erantzunik aurkituko. Jakin egin nahi zuen. Lurrean, bere aurrean lotuta eta odoletan zegoen gizon hark zergatik egin zituen egindako guztiak? Ba al zuen astakeri haiek egiteko arrazoirik? Bizitzan bestelakorik ikasi gabea zelako? Sekula maitasunik jaso gabea zen?

Nekatuta sentitu zen Akeem, galdera haiek bere energia guztia xahutu baliote bezala. Eta historio ari amaiera ematea nahi izan zuen.

-Gustora hago orain? Hala detaile guztiak jakin nahi dituk?- Aho guztia odolez zuelako edo, apenas ulertzen zitzaion Bemari esaten zuena ere. Baina ez zuen asko axola, Akeemek ez bait zion dagoeneko entzuten.

Labana keinu azkar batez poltxikotik atera eta Bemarengana hurbildu zen. Ezker eskuaz honen burua atzera bota eta, ezkuinarekin labana sartu zion, azkar eta sakon. Labanak ezker birika zulatu eta bihotza aurkitu zuen. Bemari soinu arraro batzu irten zitzaizkion ahotik, bere izatearen erdi-erditik baletozte bezala. Odol gehiago irteten hasi zitzaion, aho eta birikatik. Segituan hilko zela ulertu zuen Akeemek, bihotzak gorputz osora odola garraiatzen uztearekin batera.

"Hobe horrela". Pentsatu zuen. Handik aldegiteko beharra zuen. Bema isilik geratzen joan zen pixkanaka, azken hatsa botatzeko indarra batzen zuen bitartean. Lortu zuen harte. Hil zela ohartu zenean, une batez aurpegira begiratu eta gorputza atzeraka bota zion Akeem, indarrik gabe. Sentimendu kontrajarriak zituen. Alde batetik, hustuta sentitzen zen, nekatuta eta erdi zorabiatuta. Odol usaia, hildako bat hain gertu izatea... egoera berria zen berea. Bestaldetik, bake moduko bat igarri zezakeen bere barnean, aspaldian oso barruan sartuta izan zuen arantza bat atera balu bezala.

Denbora gehiago galdu gabe, handik ospa egin behar zuela esan zion senak. Labana gorputzetik atera eta zapi batekin garbitu zuen lehenbizi. Ekarritako poltxikoan sartu zuen ondoren. Gero, soka askatzeari ekin zion. Uste baino gehiago kostatu zitzaion hau lortzea. Izan ere, bere urduritasuna gutxi balitz, oso estu lotu zuen soka eta, esfortzu ikaragarria suposatu zion hura libratzeak. Soka gerrian bira eginez bildu eta altzairuzko barra hartu zuen azkenik. Txabolako atera abiatu zen ondoren. Irten baino lehen, atzera begiratu eta bere objetu guztiak hartu zituela baieztatu zuen. Eta bukatzeko, azken begirada bat bota zion Bemari. Ametsetan ari ote zen pentsatu zuen, han gertatutako guztia beste norbaiti gertatu balitzaio bezala. Baina ez, irudi haiek sekula ezingo zituen ahantzi. Bere memorian hiltzatuta gertatuko ziren, betirako.

Irtetera zihoala, emakume baten ahotsa entzun zuen, gertu. Kantuan ari zen, bere etxaurrean. Zirudienez, arropa batzu astintzen ari zen, harri handi baten aurka behin eta berriro kolpatuz. Amaiezinak izan ziren minutu batzuen ostean etxe barrura sartu zen emakumea eta Akeemek alde egiteko aprobetxatu zuen. Oinak azkar mugitzen zitzaizkion, urduri. Bazekien lasai agertu behar zuela besteen aurrean, oinez ibiltzera atera den beste edozeinen moduan. Kostatuta, erritmoa lasaitzea lortu zuen. Edozer gauza emango zuen une horretan etxean egoteagatik.

Malanjen beste egun bat sortua zen ordurako. Eguzkia ekialdean antzeman zitekeen baina oso lotsati zebilen oraindik. Goizegi zen nonbait bere izpi boteretsuen eragina erakusteko. Bazekien ordu asko zituela aurretik bere nagusitasuna agerian uzteko.

Akeemek ibiltzen jarraitu zuen. Luze gabe, hobeto sentitzen hasi zen, neurri handi batean, aire garbi eta osasuntsuari esker.

Emakume baten gorputza nabaritu zuen urrutira. Eskutik helduta ume bat zekarren eta Akeemen kontrako norabidean zetozen. Gerturatzen joan ala, ezaguna egin zitzaion gorputz hura Akeemi eta laster konturatu zen zergatik: Leiabala zen.

Emakumearen keinuetan ezustea nabaritu zuen, Akeem hain goiz inguru haietan ikusteaz txundituta.

Ondotik igarotzean urduri zegoela igarri zion baina segundu azkar batez bien begiradak gurutzatu egin ziren. Akeemek baiezko bat egin zion buruaz, emakumeak ulertuko zuen esparantzarekin. Leiabalaren begitartea nabarmen uzkurtu zen, metro batzu aurrerago Akeemen keinuaren zergaitia ulertu zuen arte.

Hamar minutu baino lehen iritsi zen Akeem etxera. Arnasa lasai hartu zuen berriro, Bemaren txabolatik atera zenetik lehen aldiz. Beste gauza batez oroitu zen atean sartzen ari zela. Egun batzu lehenago egindako ametsa bete zela ohartu zen. Ametsean itzal batek eraso eta bera hiltzen zen. Baina errealitatean erasotzailea bera suertatu zen eta biktima berriz Bema. Ametsa alderantziz ulertu zuen Akeemek.