41. Kapitulua

Bemari ondo zihoazkion azken egunak. Lomuk aurreratu bezala, uste baino errazagoa suertatu zen fruta eta barazkiez osatutako postuan lapurreta egitea. Nor izango arduradun eta, amona izateko adin nahikoa zuen emakume lodi eta baldar itxurako bat. Bemari barregura sartu zitzaion hura ikusi zuenean. Hau gutxi balitz, era bikainean kokatuta zegoen: Kale batek ezkina egin eta beste baten hasieran. Lapur bati altxorra aurpegi aurrean erakustea zen hura: Errazegia uko egiteko. Azkar egin zuten egin beharrekoa. Lehenbizi Lomu aurreratu eta amonari barazkien prezio batzu galdetu zizkion. Irribarrez hartu zuen amonak, lehenagotik han inguruan ikusia izaki. Baina ez zuen jertse lodiaren manga barruan zeukan porra gogorra ikusi. Amona makurtu zen une bat probestu zuen Lomuk buruan golpe bortitza eman eta emakumea konorterik gabe uzteko. Bema bere ezkutalekuaren atzetik atera zen orduan, arrisku handirik hartu gabe. Amonak dirua gordetzeko erabiltzen zuen kutxatxoa hartu eta korrika bizian atera ziren bi gazteak, atzera behin ere begiratu gabe. Egia esan, Lomuk, berak bakarrik, arazorik gabe egin zezakeen lan guztia baina hain estimu handian zuen Bema, hain itsututa zuen bere lagunaren itzalak ze, ez zela konturatu ere egin berak hartu zituela erabaki eta arrisku guztiak, Bema tartean sartu gabe. Sarritan, diruak bete ezin dituen hutsune batzuk betetzen bait ditu ondoan lagun baten babesa edo laguntasuna sentitzeak hutsak. Lomuk, munduan bere lekutxoa aurkitu nahiean, zerbaiten parte zela sentitu nahi zuen, talde edo gizarte mota baten bere burua maitatua ikusi. Pertsona guztien antzera, aukera baten bila zebilen, norbaitek egun batean, bere bizitzan lehen aldiz, esku baten laguntza noiz eskainiko. Nekez aurkituko zuen ordea laguntasun hura Bemare ondoan. Bemak, beste helburu batzu zituen. Kutxatxoan, gazteek uste baino diru gehiago topatu zuten. 2600* kwanza. 1300 bakoitzarentzat. Hura ospatu beharra zegoela eta, zekiten era bakarrean ospatu zuten: Mozkorrez blai eginda. Eta horrela jarraitu zuen Bemak ondorengo egunetan. Egun bat mozkorrerako, hurrengoa berriz nola edo ala ajea gainditu ahal izateko. Ia bi aste igaro zitzaizkion konturatzerako, beste ezer egin gabe. Lomu berak nahikoa zuela esan zionean, bakarrik jarraitu zuen Bemak, bere barruan aztoratuta senti zezakeen munstro asegaitz hura alkoholetan ito nahian. Horrela iratzarri zen egun hartan ere, barrua hutsik sentitzen zuela, burukominak eguna zabaldu aurretik esnatu bazuen ere. Mingaina aho zapaian itsatsita zeukan, norbaitek kola gogor batez pegatu izan balio bezala. Giharrak mugitzen saiatu zen baina, erabat gogor nabaritu zituen, giharren ordez altzairu zatiak mugitzeari ekin duenak bezala. Buruari astiro bira eman eta, milaka inurri batera erasotzen ari zitzaizkiola iruditu zitzaion. Buruaren ziztadak hainbeste kalte egiten zioten ze, minutu pare bat behar izan zituela non zegoen ulertzeko ere. Bere etxetxoan zegoen noski. Non bestela? Astiro, aurreko gauean gertaturiko irudiak etortzen hasi zitzaizkion, laino itsu lauso bat igaro eta, berriro ikusi ahal duenak bezala. Taberna zulo estu eta ilun bat, arropa gutxiko emagalduen gorputz tentagarriak, zerbeza eta ronaren zapore desberdinak, oware jokoaren gora-beherak... -Kaka zaharra!!!- atera zitzaion ahopean, owarean 150** kwanza galdu zituela gogoratu orduko. Eskua luzatu zuen ondoren, mazkurian larritasun estu bat nabaritu eta pixa egiteko ohiala eskuratu nahirik. Hobe zuen horrelakorik egin ez balu, ez bait zen sorpresa makala izan ohiala aurreko eguneko pixarekin beteta zegoela gogoratzea. Beste madarikazio bat bota zuen, eguneko bigarrena baina ez azkena, eskua koltxoiaren izkina batekin lehortzen zuen bitartean. *2600 kwanza= 78 euro **150 kwanza= 5 euro Eguna nola hasi zitzaion kontuan izanda, ez zuen altxatzeko ilusio handirik baina, bazekien lehenago edo geroxeago egin beharko zuela. Lortu zuen azkenean, hirugarren saiakeran izan bazen ere. 100 urteko agure bat baino zaharrago sentitzen zen. Kanpora irten zen harrapaladan eta esku batekin txabolan apoiatuz batera, mazkuria husteari ekin zion. Bere pisaren soinua bakarrik entzun zuen segundu haietan. Mazkuria lasaitzearekin batera, berdina gertatu zitzaion gorputzeko beste atalekin ere: Birikak, bihotza, giharrak… bakoitza bere erritmo arruntera itzuli zen. Burua kenduta. Buruko mina, zoritxarrez, ez zitzaion hain erraz kenduko. Barrura itzuli baino lehen, paisaia begiratzeari ekin zion. Egunsentia une batetik bestera iritxiko zen. Zeruan, gorri biziko kolorea nagusitzen ari zen pixkanaka, une batzuk lehenago nagusi izan zen morearen lekua ohore handiz hartu nahian. Ez zuen momentu hura asko atsegin. Eguzkia, bere izpi arraro eta kaltegarri guztiekin, gorrotatu egiten zuen. Gainera, bere ustez, Malanje hain lehor eta triste egotearen erru gehiena berak zuen. Bizitza eman beharrean, kendu egiten zuen. Lurrak ito harte sekatzen zituen eta inor ez zen ausartzen gehien berotzen zuen orduetan kalean ibiltzen. Eguzkia? Zertarako? Ezustean, oin hotsak entzun zituen bere bizkarrean. Arriskuaz jabetu eta bira eman zuen, ahal izan bezain agudo. Itzal bat ikusi zuen, beregandik gertu, gertuegi. Pentsatzeko denborarik gabe, erreflexu hutsez, beso bat altxatu eta kolpe bat eman nahi izan zion. Alferrik ordea, itzala azkarrago ibili zen.