40. Kapitulua

Poza eta festa nagusi ziren Akeemen gurasoen etxean gau hartan. Berri onak heldu ziren, Karimen eskutik. Bere entrenatzailearen esanetan, beste korrikalarien artean nabarmentzen ari zen eta horrela jarraitu ezkero ez zuen arazorik izango udazkenean Luandan egingo ziren Angolako txapelketetara sailkatzeko. Bi probetara bideratzen ari zen bere prestakuntza bereziki: 400 eta 800 metrotara. Bere argaltasunak proba motzetarako behar zen bapateko indarra eragozten zion baina hanka luze eta garaiera altua zuela kontuan izanda distantzia erdietarako egina zegoela errepikatzen zuen behin eta berriz bere prestatzaileak. Proba luzeetarako berriz, altuegia izateaz gain, erresistentsia falta omen zuen.

Zoratzen ziren etxean denak, aita bereziki. Bizitzak azken asteotan emandako ostikoen ondoren, berriro ere argia zetorrela zirudien. Karimek ekarritako berriak azken egunotan bizitako tentsio eta tristurak gainditzen lagundu zien denei.

Aita Karim bera baino gustorago zegoela esan zitekeen. Semeak berria eman zionean, ezin izan zuen auzokoei berria zabaltzeak ematen zion satisfazioa ezkutatu eta han ibili zen, jo batera eta jo bestera, bere semea aspaldian Angolak ezagutu zuen korrikalari onena izatera iritsiko zela behin eta berriro esanez.

Laster igarri zion Akeemek Karimi guzti hark ez ziola grazia handiegirik egiten, lotsatu egiten zela, baina sortu zen giro pizgarriarekin amaitzeko beldurrez, aitari ezer ez esatea erabaki zuen.

Karim bera, normala zen bezala, oso gustora zegoen. Hala ere, aitarekin alderatuz oso modu desberdinean ikusten zuen kontu hura. Gogor egin zuen lan entrenamenduetan azken hilabete haietan, eta bazekien norbait izatera iritsi ahal izateko, oraindik ere gogorrago egin beharko zuela. Prest zegoen horretarako, bere ametsa, beste batzuen artean, egunen batean olimpiar jokoetan Angolako ikurrina bere ohoretan mugitzen ikustea zelako.

Baina ez zuen bere burua engainatu nahi. Bazekien guzti hura oso urruti zegoela, eta horra iritsi aurretik, maila desberdinetako oztopo pila gainditu beharra zegoela. Hala ere, saiatuko zen. Bere buruaz gain, bere familia, Malanje, Angola eta Afrikar guztiengatik egin behar zuen.

Amak, hura ospatu beharra zegoela eta, gordeta zituen diru apurrak atera eta erosketak egitera bidali zituen Mara eta Rokia. Erateko, ia beti eraten zuten ura egun bategatik utzi eta papaia, naranja eta pomeluzko zumoak eskatu zizkien. Jateko berriz, ohi bezela, arroza izango zuten asteko baina honen ondoren, espinakak, datilak, arraina, fruitu lehorrak eta inguru haietan hainbeste estimatu eta hain gutxitan gozatu zitekeen gutizi bat: Ahuntzaren haragia. Postrerako berriz, famili guztiak horren gustoko zituen banana erre eta piņa eta mangoak.

Ez zen egon berriketarako gogo handirik jaki hauek guztiak irentsi ziren bitartean. Auzoko bat baina gehiagok amestu zuen gau hartan Akeemen familiakoa izan eta jaki zoragarri haiek dastatzen ari zela, tripako zarata eta hutsuneak imajinazioarekin bete nahian.

Janariak on egiteko lasai jan behar zutela bizpahiru aldiz errepikatu arren, ez zion inork Akeemen amari jaramonik egin gau hartan. Apenas iraun zien janariak hamabost edo hogei minutu baina gehiago, baina ez zuten berehala ahaztuko gau hartan egindako tripakada.

Luze baino lehen entzun ahal izan ziren lehen korroskadak. Barre egin zioten batak besteari, janak on egin zien seinale garbia izateaz gain, sabela beteta sentitzeak ematen duen zorion eta segurtasunarekin.

-Ez dira une honetan pertsona asko egongo gu baino zoriontsuago.- bota zuen Akeemen aitak arro.

-Bai, egia da.- erantzun zion pentsakor Karimek.

-Horrelako bat baina gehiago egingo diagu joko olinpikoetan urrezko domina irabazten duanean.- Begiak itxita eta barre inozo bat ageri zitzaizkion oraingo honetan aitari. Ametsetan ziharduen.

Karimek ezin izan zion txantxetan edo benetan ari ote zen igarri.

-Norbaitek nahi du bueltatxo bat ematea? Ez dago hotz handirik.

-Bai, niri ondo etorriko zait- erantzun zion amak Mararen proposamenari.

-Goazen ba. Bazatoz Rokia?

-Ez, nahiago dut epelean geratu.- erantzun zuen Rokiak.

Ama eta Mara irten orduko Akeemengana itzuli zen Rokia. Honi kanpora irteteko keinu nabariak egin zizkion, Karim eta aita Afrikako atleta onena nor zen eztabaidatzen ari zirela aprobetxatuz. Rokia kanpora irten eta handik pare bat minututara jarraitu zion Akeemek, aita eta anaiari haize pixka bat behar zuen aitzakia jarrita.

Rokia kanpoan zuen, zain. Eta zuen aurpegia kontuan izanda, ez zuen ezer onik aurreikusi Akeemek.

-Zerbait gertatzen zaizu Rokia?- Hasi zen Akeem arduratuta.

-Hori zeuk esan behar didazu.

-Nik?? Zer ba?

-Ez egin tonto itxurarik, Akeem.- Rokiak modu hotzean hitzegiten ari zitzaion, txantxetarako gogo izpirik erakutsi gabe.- Zer daukazu esku artean? Oso arraro zaude azken egunetan eta beldur naiz. Bemarekin zerikusia dauka ezta? Mesedez esan egin behar didazu.

-Lasai Rokia, utzi hori nire esku. Dena kontrolpean daukat.

-Kontrolpean? Baina zoratuta zaude ala?- Aurpegia Akeemenarengandik zentrimetro eskaz batzuetara gerturatu zuen bere arrebak- Eroiarena egin nahi duzu ezta? Arreba txikia salbatu nahi duzu?

-Eta zer proposatzen didazu? Zergatik ez didazu zer egin nahi duzun azaltzen? Zer egin behar da?- Akeem aspertzen hasia zen Rokiaren portaerarekin. Ez zuen ulertzen zergatik erasotzen zion berari.

-Dena lehen bezala izan dadin nahi dut... besterik ez- Malkoak Rokiaren begietara iristen hasi ziren. Ezpainak dardarka zituen, sentimenduen ispilu.-

-Badakizu denboran atzera ezin dela egin. Ez niri miraririk eskatu...

-Kholek ere zerbait usaintzen du... azken bolada honetan arraro ikusten zintuela esan zidan, ia nik zerbait ote nekien...

-Zer esan zenion?

-Ez arduratzeko. Beste zerbait izango zela.- Tarte bat hartu zuen- Dena hankaz gora jartzen ari naiz.

Akeemek ezetz esan nahi zion. Bemaren errua zela eta, hori tarteko, ordaindu egin beharko zuela. Baina, une jakin batzuetan keinu batek hitzen aldean garrantzi handia dutela kontuan izanda, Rokiarengana hurbildu eta estu besarkatu zuen Akeemek.

-Rokia, lehen ere hitzegin dugu honetaz. Nahikoa da. Etzazu zure burua alferrik torturatu. Ez du merezi. Hitz ematen dizut, hemen eta orain, Bemak egindakoa ordaindu beharko duela. Horrela izan behar du eta horrela gertatuko da.

Hitzekin erantzun ordez, Akeemen bular sendoan barneratu zuen burua Rokiak. Negar sotinak lasaitzen joan zitzaizkion minutuak aurrera egin ala, azkenean guztiz isildu arte. Gero, Akeemi zuzen begiratu eta honela esan zion:

-Egin behar baduzu, egin ezazu lehenbailen.

Segundu batzuetan elkarri begira egon eta gero, etxe barrura sartu zen Rokia, malkoak guztiz lehortu eta aurpegia garbitu ostean.

Arrazoi dik. Esan zion barrutik ahots batek Akeemi. Denbora alferrik galtzen ari haiz, besterik ez. Badakik zer egin behar den, orain egin eta…kitto!!!. Denontzat hobe, Rokiarentzat bereziki.

Gaua bere pentsamenduak bezain ilun zegoen etxera heldu zenean. Ilargia bera ere ez zen ageri gau hartan inondik inora, laino lodien atzean ezkutatuta gelditzea erabaki balu bezala.

Ez zuen Akeemek begirik biltzeko aukerarik izan gau hartan. Bere buruan, behin eta berriz, Rokiaren azkenengo hitzak errepikatzen ziren:"Egin behar baduzu, egin ezazu lehenbailen".