39. Kapitulua

Akeem eta Kenba egun hartako lana bukatzear ziren. Goiz osoan zehar kafe granuz jositako otarra pisutsuak kamioi txikietara zeramatzaten bien artean. Akeemi ia-ia oporretan zegoela iruditzen zitzaion. Plantazioan lanean zeramatzan urte haietan hamabi orduz egin behar izan zuen lana baina hitzarmen berria sinatu zutenetik bete behar zituen sei ordu haiek airean joaten zitzaizkion. Eskolara denbora pasara doan ume bat zela pentsatzen zuen batzuetan. Lan gogorrean hezia izan zen betidanik eta bere giharrek erritmo berdinean jarrai zezaketen lanean, apenas nekatu gabe. Burua berriz, egoera berrira ezin egokituta zebilen. Arratsalde osoa jai zuela sinestu ezinean balego bezala.

Laster hasi zen Akeem egoera berriaren abantailez ohartzen. Egunak pasatzen zihoazen neurrian, beste ikuspuntu batetik aztertzen zituen gauzak. Lehengo egoeran egunaren ardatz nagusia lanean zegoen. Ia egun osoa betetzen zion hamabi orduan lana egin beharrak eta handik ateratzean ez zuen beste gauzetarako ia denborik izaten. Orain berriz, arratsaldea jai izaki, bere bizitzako zeregin desberdinetarako denbora gehiago zuen. Kholerekin paseotxo bat eman, aspaldian ahaztuta zituen lagun zaharrei bisitak egin, familiako besteekin une gehiago pasatu, kirol pixka bat egin... edozer gauza egin zezakeen.

Dena den, desabantailak ere bazeuden, hori ezin zion bere buruari ukatu. Hilero 800 kwanza* irabaztetik 400 irabaztera igaro zen Akeem. Aitak eskuak aurpegira eman zituen aldaketa aipatu zionean. Eztabaida gogorra izan zuten gero, bakoitzak bere ikuspuntua ahal zuen hobekien defendatuz. Akeemek guztien izenean egin behar izan zuela esan zion eta kalera joateko zorian izan ziren guzti haietan pentsatzeko. Hori hitzez adierazteko oso polita zela esan zion aitak, baina hitzak haizeak ematen zituela.

-Beraiek hiregatik berdin egingo ziatela uste duk?- bota zion aitak onetatik ateratzekotan.

-Hori ez dakigu. Ez zuk eta ez nik.

-Nola izan hinteke horren inuzentea?

-Aita!!! Aski da. Ez dut honetaz zurekin hitzegin nahi. Erabakia hartuta dago… eta jakin ezazu ez nagoela damututa.

-Orain ez... baina hemendik urte bat edo bira, nork jakin?- jarraitu zuen aitak sirika.

-Zenbat aldiz esan didazu besteekin ere pentsatu egin behar dela? "Afrikarrak elkarri laguntzeko gaudek" edo "gizon beltzaren lagun bakarra beste gizon beltza duk". Norenak dira esaldi eder hauek? Zugandik ikasitakoa bakarrik egin dut!!! Ez zara konturatzen?

Aurrera jarraitu zuen bi gizonen arteko eztabaidak, Akeemen ama bien artean sartu eta semea bere etxera bidali zuen arte.

Norbait inguruan mintzatzen ari zitzaiola konturatu zenean itzuli zen orainera Akeem.

*800 kwanza= 28 euro

Kenba begira zeukan, aurpegian espresio bitxi bat zuela.

-Akeem, entzuten didak? Bukatu diagu gaurkoz, sei orduak bete dizkiagu eta otarrak ustuta. Goazen aldatzera.

-Bai, Kenba. Barkatu beste gauza bat nuen buruan eta...

-Bai, ezagun duk bai.

Kenba gustora ikusten zuen Akeemek azken boladan. Lana galtzeko zorian izan zen eta azkenean bere soldata erdira jaitsita ikusi bazuen ere hobe zen hori kale gorrira joatea baino. Gainera, bere seme zaharrenak abere batzuk zaintzen lana topatu omen zion eta diru asko izan ez arren bikain etorriko zitzaien haren laguntza.

Akeem izugarri poztu zen Kenbak emandako berriekin. Beste ilusio bat nabarmentzen zitzaion lagunari, bizitzeko grina berriro piztu balitzaio bezala. Emaztearekin izandako arazoak ere, guztiz konpondu ez arren, bide onetik zihoazen gutxienik.

Aldageletara iritsi ziren bi lagunak, aldagelak zerbait deitzearren, apenas kabitzen baitziren langile erdiak berauentzat jarritako hiru etxetxo txikietan. Langile asko kanpoan aldatu beharrean suertatzen ziren. Kenba hitzegiten zihoan, berritsu, Akeemek noizean behin buruarekin baiezkoak egiten zituen bitartean. Laster ohartu zen heldua gaztearen aldarte arraroaz.

-Zer gertatzen zaik Akeem? Zenbat bider esan behar diat nirekin edozer gauzetaz hitzegitea duala? Dirua falta baduk, emango diat zerbait, asko ez baduk ere.

-Eskertzen dizut Kenba, baina ez da hori.- Akeemek esker onez hartu zuen lagunaren borondatea, diru gutxi izanagatik eskuzabal agertzen bait zen Kenba. Eta une hartan, hura ez zen gutxi. Baina dirua baino kezka handiagoetan murgilduta zebilen Akeemen burua.

-Zer duk orduan?

Kenbak ibiltzeari utzi eta beso barrenetik heldu zion Akeemi, tinko. Aldagelan sartzeko zorian ziren. Langile mordoxka etxolan sartuak ziren ordurako eta barrutik lankideen algara eta berriketak entzun zitezkeen.

-Esan behar didak ala ez?- Kenba pazientzia galtzear zegoen. Ez zuen ulertzen Akeemen isiltasunaren zergaitia.

Akeem duda mugan egon zen segundu luze batzuetan. Zama astuna zuen bizkar gainean eta bazekien Kenba fidatzeko moduko laguna zela. Bazekien ez ziola hutsik egingo. Baina zama hura astunegia izan zitekeen beretzat. Zalantza egin zuen berriz eta Kenbak bere begietan irakurri ahal izan zuen.

-Akeemmmm!!!!!

-Ondo da, ondo da.- Esku bat bizkarretik pasa zion Akeemek eta etxolatik zerbait aldendu ziren biak.

-Rokiarekin zerikusia du.- bota zion gazteak besteen belarrietatik salbu zeudela ikusi zuenean.

-Rokia...baina... ondo zegoela esan huen, ezta?

-Bai, bai... arazoa ezta hori.

-Orduan?- Kenbak ez zuen ezer ulertzen.

Lehenxeago eta geroxeago esan beharko ziola eta, arnasa sakon hartu ondoren, hauxe bota zion Akeemek:

-Badakit nork bortxatu zuen.

-Zer?

Isilik geratu ziren bi lagunak une batean. Akeem lasaixeago sentitu zen bapatean, arinago. Kenbak berriz inguruetara begirada azkar bat bota eta Akeem urrutirago eman zuen.

-Baina nola jakin dezakek hori?

-Horrek ez du asko ardura. Badakit eta kitto.

-Baina… eta susmoak bakarrik badira?

-Susmoak baina gehiago dira. Ziur nago.

-Eta zer egin behar duk? Ez duk txorakeriatan ibiltzeko kontua gero.

-Ezingo dut besoak gurutzatuta geratu. Egindakoa ordaindu beharko du, bihar eta hurrengo astean, berdin zait. Eta ez dut niregatik egiten, Rokiari zor diot.

-Rokiari kaltea egin ziotek Akeem. Zer irabaziko duk mendekua hartuta?

-Juztizia. Gutxi iruditzen zaizu?

Oso nekatuta sentitu zen bapatean Kenba. Akeemi begiratu eta, berehala antzeman zuen ez zuela bere lagunak bakerik aurkituko arazo ari amaiera eman harte. Ulertzekoa zen, egia esan. Zer egingo luke berak bere alaba bortxatu balute? Mendekua bilatu. Malanjen ez zegoen polizia edo horren antzik zuen ezer eta norberak bilatu behar zuen bere juztizia apur bat egiteko modu hoberena. Eta kasu honetan ez zegoen beste aukerarik, mendeku gordina.

-Nor da?- galdetu zion zuzen.

-Hori ez dizut esango. Gehiegi jakitea arriskutsua izan daiteke.

Kirioak jota ikusten zuen Kenbak Akeem. Azken aste haietan behin baina gehiagotan arrapatu zuen horrela, ohiko farre eta algarak egin gabe. Orain bazekien guzti haren zergaitia. Ondorengo hitzen garrantziaz konturatu eta hauxe esan zion:

-Akeem, nik lagunduko diat. Arrazoi daukak. Berdin dik hire arreba edo nire alaba izan. Ezin diagu horrela utzi. Pentsatuko diagu zerbait. Eta hik nahi duan bezala egingo diagu. Beste bi eskuren laguntza ondo etorriko zaik. Eta badakik.

-Bema izena du. Badakit non bizi den.- Astiro hitzegin zuen Akeemek, lotsatuta egon balitz bezala.- Arriskutsua dela diote. Droga eta istiluetan sartuta ibili da maiz. Bere etxe inguruan izan nintzen orain dela pare bat egun baina.... ez dakit zer egin. Beldur naiz.

-Hori ondo zegok… beldurrik ez sentitzea arraroagoa izango huen. Denok izaten diagu beldur Akeem.

Negarrez hasi zen gaztea luze gabe. Barrua usteko beharra zuen nonbait, ez bait zen gelditu ondorengo minutu luzeetan. Kenbak gogor besarkatu zuen, aita batek bere seme kuttunenarekin egiten duen antzera, Akeemen belarrira hitz goxo eta xumeak xuxurlatuz.

-Ordainduko dik Akeem. Ordainduko dik…