38. Kapitulua

Ostirala zen. Merkatu eguna beraz Malanjen. Rokiari, aspaldian erosketarik egin gabe zela eta, arropa pixka bat erosi behar zuela sartu zitzaion buruan. Ez zen ausartzen inori esatera baina, oraindik ere, beldurraren gertutasuna sentitzen zuen bakarrik atera behar zuenean. Baina lotsa ematen zion guzti hura aitortzeak.

Kholeri ia berarekin etorri nahi zuen galdetu eta pozez hartu zuen honen baiezko erantzuna. Ikusgarria zen bi nesken artean sortu zen harremana. Azken unean Mara batu zitzaien, honi Khole zetorrela jakin orduko kopeta zimurtu bazitzaion ere. Laster sumatu zuen Rokiak arreba txikiaren uzkurtasun hura: Khole eta Akeemen artean zerbait zegoela jakin zuenetik zebilen horrela. Kholek jeloskor jartzen zuen. Akeem eta Mararen artean beti egon zen besteek ongi ulertu ezin zuten zerbait, biek munduak eskaintzen zituen gora-beherak ikuspuntu berdinetik neurtu izan balituzte bezala. Khole tartean sartuta, komunio berezi hori apurtu nahian zebilela iruditzen zitzaion Marari. Oker zebilen. Eta guzti horretaz momentuz ohartu zen bakarra Rokia zen. Mara bera ere, jeloskortasunak menperaturik, ez zen konturatzen Akeem eta bere artean zegoena inork ezingo zuela apurtu. Indartsuegia zen hura apurtzeko. Khole berriz ez zen ezertaz ohartu. Mararen lotsati itxurarekin lotzen zuen bere portaeraren zergaitia.

Ordu erdia pasa baino lehenago iritsi ziren hiru neskak merkatura. Jende multzo ikaragarria zegoen, normalean baino gehiago. Emakumeak, mesfidati, jaki edo arropa onenak lortu arte borroka gogorrean ziharduten, segundu gutxi batzuen garrantziaz ohartuta. Postu desberdinak kale amaigabeen artean luzatzen ziren. Mota guztietako fruta erakusten zuen postuaren atzetik, tabakoa saltzen zuena zetorren eta gero barruko arropa zaharkitua saldu nahian zebilen aguretxo batena. Ez zegoen irizpide edo logikaren arrastorik, han balio zuen bakarrak norberak emandako generoa ahal zen prezio hoberenean saltzean zetzan.

Ez zuten hiru neskek gustoko postu bat aurkitzeko gehiegi ibili beharra izan. Rokiaren begiek disdira berezi bat ageri zuten postu txiki batean zintzilik zegoen blusa hori bat antzeman zutenean. Diseinu modernua izateaz gain, aproposa ematen zuen arratsalde luze eta bero haiei aurre egiteko. Laster erabaki zuen, baita probatzen hasterako ere, berarentzat izango zela. Khole eta Marak egindako laudorioek bere irudipen hori baieztatu besterik ez zuten egin. Postuko mutilaren begirada lizunetan erreparatu ostean, ez ikusiarena egitea erabaki zuen.

Kholeren txanda izan zen gero. Soinekoengatik abegitasun neurrigabe bat sentitzen zuen honek eta beltz koloredunik ez zuela eta horrelako bat topatzeari ekin zion. Laster topatu zuen. Gerrian lasaiegi zuela ohartu zen, baina konponketa arin batzuk egin eta primeran egokituko zitzaiola aurreratu zion Rokiak.

Bitartean, Marak metro batzuetan aurre hartu zien. Fruitu lehorrak saltzen zituzten postu batetara gerturatu zen, fruituak ikusteko gogoak baino Khole eta bere soinekoa begibistatik aldendu nahian. Ezin zuen neska txoriburu hura jasan. Nor zela uste zuen baina? Gauza bategatik edo besteagatik ez zuen Akeem bakean uzten. Berak ez zuen aspaldian anaiarekin hitzegiteko denborarik izan. Eta horrekin nahiko ez balitz, orain Rokiarekin irten eta bere papera zena kendu nahi zion. Ez zuen eskubiderik!!! Denen aurrean itxurak egiten zebilen, familiaren konfiantza irabazi nahian. Baina bera ez zuen engainatuko!!!

Metro batzu atzerago Rokia eta Khole elkarrizketa berritsu batean murgilduta zetozen.

-Malanjeko neska ederrenenak izango gara erropa berri hauek janztean- esan zuen Kholek. – Akeem ere aho zabalik utziko dugu, ikusiko duzu.

-Akeem aho zabalik utziko duena zu izango zara.- erantzun zion Rokiak barrezka- Ez ahaztu ni bere arreba nahizenik gero.

-Beno, berdin da... edonor geratuko da hitzik gabe zure edertasunaren aurrean. Ez duzu ikusi nola begiratzen zintuen postuko mutilak berak?

-Nork?- Inozo itxura egiten ari zen Rokia. Gero, isilik geratu zen. Deserozo jarri balitz bezala.

Orduan konturatu zen Khole ez zuela beharbada gai aproposena aukeratu. Denbora gehiago behar zuen lagunak pasatako dena gainditzeko. Tarte baten ondoren beste ari batetik tiratzea erabaki zuen:

-Aizu, zerbait gertatzen zaio Marari?

-Bai...- erantzun zion Rokiak irribarre arraro bat ezpainetatik zintzilik- Gauza asko gertatzen ari zaizkio eta denak batera. Baina badakizu zein den arazo larriena? Nerabezarora iritsi dela. Adin txarra. Eta gertatzen ez zaiona, imajinatu egiten du.

-Zer esan nahi duzu?

-Ezer ez... utz dezagun.

Rokiak esandako azken hitzak izan zituen buruan ondorengo minutuetan Kholek.

Merkatua hutsik geratzen ari zen poliki-poliki. Emakumeak beren etxeetara gerturatzeari ekin zioten, egindako erosketak eskuekin edo buruaren gainean garraiatzen zituzten bitartean. Ondoan adin txikiko seme-alabak ageri zitzaizkien askori, inorekin usterik ez eta, beraiekin merkatura joanda. Gehienak, handik nahiko urrun bizi zirela kontuan izanda, lau edo bost kilometro egin beharko zituzten oinez etxera heltzerako. Batzuek baita gehiago ere.

Ikustekoa zen merkatu hark eskaintzen zuen bizia. Afrika eta bertako biztanleen izaera agertzen zuen. Une batzuetan, adi jarri ezkero, Malanje beraren taupadak igar zitzakeela iruditzen zitzaion Rokiari. Herrixkak, pertsonen antzera, bere bizi eta sentimendu propioak izan balitu bezala.

Azken postuak itxi baino lehen, ia zerbait erosi nahi al zuen galdetu zion Rokiak Marari. Ezetz erantzun zion honek, hitzik erabili gabe, aurpegiarekin egindako gestu lehor batez. Etxera heldutakoan berarekin hitzegingo zuela erabaki zuen Rokiak.

Rokia eta Mararen gurasoen etxe aurrean banatu ziren hiru neskak. Rokiaren ama zain zuten ordurako, kirioak jota, egun batzu atzerago alabari gertatu zitzaiona ahaztu ezinik. Egunak bere argitasuna galduta zuen ordurako eta pertsonen ordez itzal iheskorrak ziruditen kalean zebiltzaten Malanjetar apurrak.

-Baina non ibili zarete orain harte? Ez duzue ikusten ilundu duela ala?- Mara eta Rokiaren amak ez zuen bere ardura izkutatzeko asmorik.- Esan dizuet azkar itzultzeko.

-Hiru edo lau ordu izan gara kanpoan ama, besterik ez- Rokia aspertzen hasia zen bere amaren estutasunekin. Gutxienez hiru bider esan behar izaten zion nora zihoan irten behar zuen bakoitzean.

-Tira, ondo da... Khole nahi duzu gurekin afaritara gelditu? Akeemek ere poz handia hartuko luke.

Amak galdera egin orduko sartu zen etxe barrura Mara, suak hartu beharrean. Ez zuen itzulerakoan ahorik zabaldu.

-Baina... zer arraio du horrek? Haserretu egin zarete ala?

-Ez. Oso arraro ibili da arratsalde osoan, guri kasurik egin gabe. Pasatuko zaio.- azaldu zion Rokiak amari. Gero Kholerengana bueltatu zen- Zer, geratuko zara ezta?

-Ezin dut...- Kholek azkar erantzun zion.- Amari afaria egiten lagunduko niola agindu diot. Sentitzen dut.

-Beno, zer egingo diogu ba. Hurrengoan izan beharko du, ados Khole?

-Bai, hurrengoan.

Isilik geratu ziren hirurak eta Rokiaren amak bi neskatxek bakarrik geratu nahi zutenaren itxura hartu zion isiltasun ari. Khole agurtu eta barrura sartu zen.

Rokia bere lagunaren begira geratu zen une batez eta honela itaundu zion gero:

-Khole, zerbait gertatzen zaizu? Kezkatuta dirudizu. Mararen portaera xelebreagatik bada…

-Ez, ez da hori. Zera... Akeemekin pentsatzen ari nintzen. Ez duzu somatu nahiko arraro dabilela?

-Arraro? Nik ez diot ezer berezirik ikusi.- Erabat ezustean harrapatu zuten Rokia, Kholeren hitz haiek.

-Agian... gustuko ez duen zerbait egin diot... konturatu gabe.

-Zuk? Baina zer egingo zenion ba zuk?

-Eztakit. Zuk zerbait jakingo zenuela pentsatu dut.

-Ez, Khole. Ez dakit ezer. Egon zaitez lasai. Laneko konturen bat izango du. Badakizu nola dabiltzan plantazioan.

-Bai....- erantzun zion Kholek fede handirik gabe- Beno, joan beharra dut. Oso ondo pasa dut Rokia. Ikusi harte.

-Neuk ere bai, Khole. Agur.

Khole bide ertzean desagertu arte jarraitu zuen begiradarekin Rokiak. Ez zen ausartu Kholeri benetan pentsatzen zuena esaten. Bazekien zergatik zebilen Akeem horren arraro azken egun haietan. Edo bazekiela uste zuen behintzat. Bera bortxatu zuena zein zen esan zionetik zegoen horrela. Bazekien Akeemek erantzunkizuna hartu eta zerbait egin nahi zuela. Baina ez zekien zehazki zer egin.