37. Kapitulua

Bema etxeruntz zetorren, umore petralez. Eguna ez zitzaion uste bezain ondo atera. Lagun batzuekin geratu zen owarean jarduteko eta horretan aritu ziren ia Igande arratsalde osoan. Uste baino diru gehiago galdu zuen, 300 kwanza*. Aspaldian, ez zitzaion ezer zuzen ateratzen.

Nekatuta sentitzen zen. Etxera iritsi eta egingo zuen lehenengo gauza koltxoi zahar eta apurtuan etzatea izango zen. Dena atzean utzi nahi zuen, dena ahaztu, burua hustu. Alkoholak lagundu zion horretan, neurri batean behintzat. Gauzak beste ikuspuntu batetik aztertzen zituen mozkortzen zenean, modu sinpleago batean, eta hori atsegin zuen. Gertakizun eta arazo guztiek garrantzia gutxiago izan balute bezala.

Aldapa gora ibiltzeari ekin orduko estropuzu egin eta erortzeko zorian izan zen. Maldizio bat bota zuen airera, munduari nazkatuta zegoela ohikatu eta arratoi zulo hartan bizitzen aspertuta zegoela adierazi nahian. Inork ez zion ordea jaramonik egin.

Gaua Malanjera iritsita zegoen beste behin. Une batetik bestera heldu zen gainera, inori abisurik eman gabe. Ilargi betea izateko egun batzu falta zirenez, izarren disdira gailendu zen gau hartan, ilargiari protagonista papera kendu nahirik.

Hotza nabaritu zuen bizkarrean behera Bemak. Eguneko beroa eguzkiarekin batera ezkutatzen zen eta hotzak ez zuen Malanjeko gauetan herritarrekin gupidarik izaten.

Etxean egoteko desira sentitu zuen bapatean. Loak hartu eta gero ez zen hurrengo eguardirarte altxatuko. Gogo handirik gabe, ibiltzeari ekin zion berriro, lurreko zulo eta oztopo guztiei erreparatu ezinik.

-Bema!!! – hotsegin zion indartsu gizon ahots batek.

Afrikako joko herrikoia * 300 kwanza= 10 euro

Ezusteak lurrean hiltzatuta utzi zuen Bema. Begiak kuzkurtu zituen, gaueko iluntasunean zerbait antzeman nahian.

-Nor da?- Galdera egin orduko itzal bat nabaritzen hasi zen. Konturatu gabe, txabolatxo baten ondora gerturatu zen, bere senak beldurraren eraginpean izanik, pareta batek babesa emango ziola uste izan baitzuen.

-Ez nauk ezagutzen?- erantzun zion itzalak ironia puntu batez. Berarekin jolasean egin nahi zuela zirudien.- Baina gero, Bemaren sustu aurpegiaz jabetuta, honela esan zion:

-Bema... lasai motel, ni nauk, Lomu. Ondo hago?

-Lomu, baina zertan ari haiz? Atzetik jarraika?- Bemak bere ohiko aginte ahotsez hitzegin zion Lomuri oraingoan.

-Beno, horren azkar aldegin duk... ezer esan gabe. Diruagatik al da? Lasai, dena berreskuratuko diagu.

Bema muturreko batekin erantzuteko tentaldian izan zen. Azkenean, asko kostatuta, bere burua kontrolatzea lortu zuen.

Lomu eta biak txikitatik lagunak ziren. Bizitzak emandako ostikada desberdinak tartean, ezagutu eta estima handia hartu zioten batak besteari. Baina bien arteko hartu emanetan, Bemak zuen beti azken hitz eta erabakiaren ardura.

Lomu, aitarekin bakarrik bizi zen baina sekula ez zuen honekin Bemarekin aurkitutako konfiantzarik lortu. Ama oso gazte zela hil zitzaion eta anaia zaharragoa Luandara joana zen lan duin bat aurkitzeko esperantzan.

-Zer nahi duk orain? Ez diat denbora alferrik galtzeko gogorik.- zakar mintzatu zen Bema, pasientzia gutxiz.

-Zera… ez diat etxera itzultzeko gogorik… egin zezakeat lo hire etxean?

Azken boladan, askotan errepikatzen ari zen historia hura. Hasieran, baietz esan ohi zion maiz Bemak, baina egoera harekin nazkatzen hasia zen. Gainera, egun hartan, bereziki, bakarrik egon nahi zuen.

-Ez, Lomu. Nekatuta nagok eta bakarrik egon nahi diat, konforme?

Aldapari begiratu eta gorako bideari ekin zion Bemak, hirugarren aldiz. Kilimanjaro mendia baina luzeago egin behar zitzaion aldapa malkartsu hura.

-Diruagatik bada, lasai. Bihar bertan berreskuratuko duk, nahi izan ezkero. Kolpetxo bat prestatuta zeukat. Nahiko segurua duk eta diru mordoxka eskuratu zezakeagu.- Lomuk bere lagunaren arreta berreskuratzeko azken ahalegin bat egin zuen.

Bemak ez zuen berriketarako batere gogorik. Hala ere, diruaren aipamena entzun orduko honakoa galdetu zuen:

-Zenbat diru?

-Ba, ez nagok guztiz ziur baina, zorte pixka batekin... 1000 edo 1200 kwanza*. Balitekek gehiago izatea.

-Non?

-Hemendik nahiko gertu, postu txiki batean. Eguardi inguruan joan izan nauk behin baina gehiagotan eta jende gutxi ibiltzen duk…

  1. edo 1200 kwanza. Agian gehiago. Bemaren burua ziztu bizian ari zen lanean. "Diru" hitza entzutea nahikoa zen horretarako.

-Segurua duk?

-Guztiz. Diru erraza.

-Tira, mozkortuta eta nekatuta nagok. Goazen etxera. Han hitzegingo diagu.- amaitu zuen Bemak. Erabakia hartuta zegoen. Bemak minutu gutxi lehenago sentitzen zuen aldarte petrala alde batean utzi eta umore onari heldu zion. Hurrengo egunak eskaintzen zion promesa buruan, lagunaren bizkarrean esku bat pausatu eta malda igotzen hasi zen, berriro. Ez zegoen kexatzeko. Uste baino lehenago berreskuratuko zuen egun hartan galdutako dirua. Eta zorte pixka batekin, baita gehiago ere.

*1000 edo 1200 kwanza= 35 euro inguru