36. Kapitulua

Igandean oso goiz atera zen Akeem etxetik. Jai egunetan normalean baino beranduxeago iratzarri ohi zen baina egun hartan eguzkia baino lehenago esnatu zen. Azken egunotan zintzilik utzitako zereginari heldu behar zion goiz hartan. Igandea probestu behar zuen Rokiaren bortxatzailea aurkitzeko. Baina nondik hasi? Luandatik iritsi zirenetik apenas izan zuen Akeemek arrebarekin hitz batzu egiteko aukerarik. Norbait inguruan ibiltzen zuen beti, babesa eman nahian. Aita edo ama ez baziren, bixitara etorritako auzotarren bat.

Gauza bakarra zekien Akeemek ziurtasun osoz: Bema izena zuela. Zergaitik ez zion Akeemek Rokiari non bizi zen galdetu? Hala ere, bazitekeen galdetuta ere, arrebak ezer ez erantzutea. Bildurrak gain hartzen zion, gorputza dardarka hasteraino.

Zerbait egiten saiatu behar zuen. Etxean geldituta ez zuen lortuko zerri hura harrapatzea. Etxea atzean utzi eta ohi baino azkarrago ibiltzeari ekin zion Akeemek. Ez zekien bere pausoak zehazki noruntz bideratu baina, gehienetan bezala, bere senaz fidatzea erabaki zuen.

Ekialdetik, eguzkia eguneko lehen printzak botatzen ari zen dagoeneko. Egun hura oso beroa izango zela pasatu zitzaion Akeemi burutik baina momentuz ez ziren hamar gradu baino gehiago egongo. Hori bai, eguzkia zeruaren gailurreraino iritsi eta arratsaldeko azken orduetan izkutatu arte, berrogei graduetara helduko ziren termometroak. Arnasa hartze hutsak ere, nekatu egin zezakeen ordu luze eta itogarri haietan. Jendeak siesta egin edo itzalpean egoteko aprobetxatzen zituen une amaiezin haiek. Ausartenak, ume edo gazteak kasu, ur potzuetara gerturatzen ziren zertxobait freskatzera.

Akeemek behin baina gehiagotan gelditu zituen bere oinak bideko zulo eta oztopo guztiak ekiditzen zituen bitartean. Baina ez zituen oztopo haiek hainbestetan gelditzeko arrazoi nagusi.

Zalantza egiten zuen behin eta berriz, nora jo ez zekiela.

Azkenean, historio guzti hartan ezaguna egiten zitzaion leku bakarrera hurbiltzea erabaki zuen. Rokia aurkitu zuten lekurantz. Jomaren etxera joatea ere otu zitzaion baina, ezer berririk ez zuela aterako eta, bazter batean utzi zuen ideia hura.

Minutu gutxitan izan zen aurretik aipatutako tokian. Hankak tolestu eta lurrari begira egon zen minutu batzuetan. Benetako arrastoren bat aurkitzea ia ezinezkoa izango zela ohartuta, mirari bat behar zuela iruditu zitzaion.

Kalearen bi aldeetan luze eta estu barrehiatzen ziren etxetxoei begira jarri zen gero, haietako batek, magiaren botereaz edo, hitzegiten hasi eta behar zuen erantzuna emango ote zion amestuz.

Igandea izan arren, jendea mugitzen hasia zen dagoeneko. Txikienak, ur bila abiatu ziren, goiz joateak kola luzeetan denbora gutxiago egon beharra suposatzen baizuen. Emakumeak, abereei jaten eman, gosaria prestatzen hasi, ume txikienez arduratu, etxea txukun izan, erosketak egitera joan... Afrikako emakumeentzat berdin da Igande, Astelehen edo Osteguna izan, beti dute esku artean zereginen bat. Gizonak ziren ordu hartan ametsetan murgilduta jarraitzen zuten bakarrak; Batzuk, astean zehar nahikoa lan egin eta deskantsua ondo merezita zutela uste zutenak, beste batzu aldiz, lanik ez eta ezer berririk bilatzeko gogo edo esperantza gabeak.

"Zer bilatu nahian etorri haiz, Akeem?" Bema bera hiri ondora etorriko zelakoan hintzen edo?"

Zazpi edo zortzi urte izango zituen mutil bat atera zen ezkerretara gelditzen zitzaion txabola batetik. Ezker besoan, ia bera baino handiago zen plastikuzko balde bat zeraman, arrastaka. Soinean laranja koloreko futbol talde baten kamiseta, belaunak estaltzeraino. Une batean eta oso era berezian, Akeemen gainean kokatu zituen begiak. Gero, kantuan ozen hasi eta ur potzurantz abiatu zen.

Atzetik, umea atera zen etxetxo beretik, emakume bat atera zen. Akeem baina urte batzuk zaharragoa izango zen, baina ez asko. Umearen begira egon zen, erne, hau bidean ezkutatu zen harte.

Gero Akeemengan erreparatu zuen eta umeak segundu batzuk lehenago bezala, berezi begiratu zion, nondik eta zertara etorri zen igarri nahian balebil bezala.

Minutu pare baten ondoren berriro barrura itzultzeko keinua egin zuen baina, damututa edo, Akeemengana itzuli eta zuzen begiratzen zion bitartean honela esan zion:

-Hirugarren aldia da hemen geldirik ikusten zaitudala, zerbait behar duzu?- errezeluz begiratzen zion emakumeak, baina bazegoen bere aldartean beste zerbait ere, mugimendu azkar eta urduriek erakusten zuten moduan.

-Ez, lasai. Segituan joango naiz. – ez zion Akeemek zertara joan zen esan nahi izan, konplexuegia zen.

Emakumeak, buruarekin egindako keinu azkar batez, bidearen bi aldeetara begiratu zuen. Gero erabaki garrantzitsu bat hartu balu bezala, arnasa sakon hartu eta honela esan zion, begiak nabarmen zabaldu eta Akeemi zuzen begiratuz:

-Zatoz, kafea eginda daukat. Pixka bat hartuko dugu.- besoa luzatu eta barrura sartzeko keinua luzatu zion emakumeak.

Akeem duda mugan egon zen une batez. Emakumearen portaera oso bitxia iruditu zitzaion. Begiak oso modu arraroan mugitzen zituen eta zoratuta ote zegoen pentsatzen hasia zen. Gainera ez zegoen egun hartan denbora alferrik galtzeko. Ezezko batez erantzuteko ahoa zabaltzera zihoan, baina justu une horretantxe beste keinu bizkor bat egin zion emakumeak, lepoa luzatu eta barrura sartzeko aginduz.

Azken keinu haren azpian beste zerbait ezkutatzen zela sinestu nahi izan zuen Akeemek. Gehiago pentsatu gabe, emakumearen ondotik pasa eta etxe barru sartu zen. Malanjeko etxe gehienen itxura zuen. Bi zati txikitan erdibituta; Bata logela lanak egiten zituena, kolore biziko manta handi batzuez ia guztiz estalita eta sukalde txiki eta deseroso batez osatuta bestea. Logelako paretak ageri zuen etxe apal harek erakusten zuen bentilazio iturri bakarra: Leiho triste eta oker bat.

Emakumea atzetik sartu zitzaion, pausu txiki eta bizkorrak emanez. Ondorengo hitzak entzundakoan konturatu zen Akeem erabaki zuzena hartu zuela.

-Kostatu zaizu, Akeem. Sekula ez zinela sartuko pentsatu dut une batez.- zeharka begiratzen ari zitzaion emakumea. Akeemen aurpegiaren xehetasunak gogoan hartu nahi balitu bezala.

-Nola dakizu nire izena? Ezagutzen gara?- Akeemen harridura gero eta nabariagoa zen. Ez zitzaion emakume hura ezaguna egiten. Hori baino gehiago: Lepoa jokatuko luke ez zuela inoiz ikusi.

-Lasai, normala da nahastuta egotea. Segituan ulertuko duzu dena.

Hori bai, semea itzuli baino lehen joan beharko duzu.

-Nor zaren esango didazu?- bota zion zakar samar Akeemek. Ez zekien zer espero behar zuen emakume harengandik.

-Leiabala izena dut. Baina horrek ez du zuretzako batere garrantziarik. Badakit zure arrebari gertatutakoa eta... asko sentitzeaz gain zera…- isildu egin zen une batez, Akeemekin noraino fida zitekeen neurtu nahian.

-Zera... zer?- galdetu zion Akeemek ahal izan zuen goxoen. Bazekien emakumearen hitzek garrantsi izugarria zutela.- Gauzak argitu nahi ditut, besterik ez. Bema izena duela, hori da dakidan…

-Bai, Bema izena du... Nola jakin duzu?

-Rokiak berak aitortu zidan. Gertatu eta egun batzuetara. Baina beste zerbait jakingo duzu ezta? Mesedez…

-Mutil arriskutsua da...- hasi zen Leiabala. Besoak gurutzatu eta besarkada bat eman zion bere buruari, bapatean hotza sentitu balu bezala.- Istiluak lagun izan ditu beti. Arazo guztietan sartzen du burua. Drogak saltzen ibilitakoa da, lapurretan harrapatu izan dute behin baina gehiagotan, borrokak... Aitak abandonatu egin zituela uste dut, ama berriz... duela bi edo hiru urte hil zitzaion, tuberkulosiak jota. Zorte askorik ez du izan, egia esan.

-Beste askoren moduan.- erantzun zion hotz Akeemek. Urduri zegoen. Eta beldurrak ere bai. Nork jakin zezakeen noraino irits zitekeen horrelako gizaseme bat? Akeem ez zen inoiz istilu zalea izan. Baina bila ibili gabe ere, sortzen ziren istilu eta arazoak. Afrikan bereziki.

-Ezaguna da inguru honetan. Jendeak bildurra dio.- Jarraitu zuen Leiabalak. Noizean behin, leihora gerturatu eta begirada bat botatzen zuen kanpora.

Beldurrak gainezka zegoela ulertu zuen Akeemek.

-Bi edo hiru lagun izaten omen ditu gehienetan ondoan. Berak esandako guztia egiten dutela entzuna dut. Ez dakit zer egin behar duzun... ez dakit zerbait egin beharko zenukeen ere… baina kontuz ibil zaitez. Gaizki bukatuta ez diozu arrebari ezertan lagunduko.

-Badakizu beste ezer? Nondik ibiltzen den, non bizi den?- Era guztietako datuen beharra zuen eta handik atera baino lehenago bildu behar zituen.

-Bai, badakit non bizi den. Baina leku batetik bestera ibiltzen dela esan didate, bizileku finkorik gabe. Ezin dizut ziurtasun osoz non egongo den esan.

-Non bizi da?- zuzen egin zion Akeemek galdera, txorakerietan denbora galtzen ibili gabe. Bazekien azkar atera behar ziola zekien guztia. Gero eta urduriago nabaritzen zuen Leiabala.

Zalantza eginez geratu zen emakumea.

-Leiabala, oso beharrezkoa da nik hau jakitea. Honekin bukatu beharra dugu. Derrigor.

-Badakit. Norbaitek zerbait egin behar du.

Zain geratu zen Akeem. Ezinegonak barrua jaten zion.

-Ez da urruti bizi. Aurrera jarraitu ur potzura heldu arte, ezkerretara bira eman eta malda goraka hasten denean laster ikusiko duzu. Eskuinetik hasi eta hirugarren txabolatxoa da berea. Nabarmena da, oso zaharkitua dago.

Sabelean zirrara berezi bat sentitu zuen Akeemek neskaren azalpenak entzuten ari zela. Lehen aldiz, gertu ikusi zuen amestgaiztoaren amaiera, bere esku zegoen amaiera.

-Milesker. Norbaitek ordainduko ote dizu horren ausarta izatea.

-Bizilagun batek kontatu zidan gau hartan ikusitakoa... oso ilun omen zegoen baina dena ikusi zuela aitortu zidan. Zarata arraro bat entzun zuela eta... leihotik begira jarri eta Bema bera baino bere arropak antzeman zituela. Zure arreba lurrean utzi eta gero. Baina beldur asko dago hemen inguruan. Ulertu behar duzu.

-Ondo da, ulertzen dut. Joan baino lehenago... beste zerbait esan behar didazu? Edozer gauza jakitea estimatuko nuke.

-Ez dakit... gutxitan ikusi dut neure begiez. Mutil altua da, sendoa baino gehiago gihartsua. Ilea oso motza dauka edo horrela ibili ohi zuen behintzat. Eta... ezkerreko begi azpian ondo sendatu gabeko erredura bat dauka.

-Milesker... bihotzez.- Besoa sorbaldan jarri zion Akeemek. Leiabalari irribarre txiki bat atera zitzaion.

-Beno... zure semea itzuli aurretik joatea izango da hoberena.

-Bai...- Akeem etxetik irteten hasi zen baina neskak besotik heldu eta geratzeko agindu zion- Aizu, inori ezer ez diozu esango ezta? Ez du inork hemen egon zarenik jakin behar.

-Noski, lasai horregatik. Ez diot zure izenik inori aipatuko. Agur eta milesker, Rokiaren izenean ere.

-Ondo aurkitzen da?

-Zorionez, bai. Neska gogorra da eta azkar errekuperatu da. Fisikoki bai behintzat.

-Pozten naiz. Benetan.

-Sekula ezingo dizut laguntza hau nahikoa eskertu.

-Tira, ez da hainbesterako.- Leiabalak lotsatuta begiratu zion.- Bizitzak bira asko ematen ditu eta beharbada… zuk lagundu beharko didazu hurrengo batean. Auskalo.

Akeemek neskarengana hurbildu eta muxu bat emateko beharra sentitu zuen bapatean. Baina ez zuen egin. Besterik esan gabe atera zen etxetxotik. Eguzkiak berehala eraso zion, gupidarik gabe. Sekulako beroa egin behar zuen egun hartan. Gustora sentitzen zen, arinduta, aspalditik gainean zama ikaragarria izan eta kendu duenaren antzera. Mirari baten bila irten zen egun hartan eta baita aurkitu ere. Leiabala izeneko miraria.