35. Kapitulua

Larunbat arratsaldeak ordu gehienak beteak zituen Akeem etxera heldu zenerako. Aste gogorra izan zen, ohi bezala. Hala ere, oso gustora iritsi zen etxera. Bazuen gustora egoteko arrazoirik. Izan ere, nagusiekin egindako azken bilera uste baino hobeto atera zen. Joaok, bere bi laguntzaileak ondoan zirela, hartutako erabakien berri eman zien.

Batetik, betiko hamabi orduen partez, hamaika egiten hasiko ziren. Bi urtetara, beti ere emaitza onak baziren, hamar ordutara jaitsiko zuten lan eguna nagusiek. Soldata berdina irabazten jarraituko zuten langileek, enpresak beherakada nabarmenik egiten ez bazuen.

Bigarrenez, langile bakoitzak, egunean bi aldiz, nahi adina ur edateko eskubidea izango zuen. Hori bai, nagusiek ez zieten utziko langileei denbora alferrik gal zezaten. Ura eratearen aitzakiarekin, alferkerian harrapatu ezkero, neurri zorrotzak hartuko zituzten nagusiek.

Bukatzeko, noiz egingo zuten zehaztu gabe, dutxa batzu jartzeko ahalegina egingo zutela aipatu zuen Joaok. Horrez gain, lanean aritzeko plastikuzko eskularru eta bereziki prestatutako erropa arin eta erosoak agindu zituen.

Langileek, beraien aldetik, zozketa bat egin behar izan zuten lana sei ordura nork erdibituko zuten erabakitzeko. Akeem, Sindu eta Kenbaz gain, beste hamazazpi lagunek eman zuten izena beren kabuz. Hauetatik gehienak, bakarrik bizi ziren eta sei orduko soldatarekin ere ikusi zuten aurrera irten ahal izateko aukera. Hala ere, eskertzekoa izan zen langile hauen ausardia. Gelditzen ziren hogeitabostak berriz, zozketa bidez aukeratu ziren.

"Ikusten duzuen moduan ahalegin izugarria egin dugu zuen alde, ez duzue hemen inguruetan horren egoera onean inor lanean aurkituko." Amaitu zuen Joaok, meatxu itxuran.

"Ez, ez diagu aurkituko. Ez zegok inguruetan gehiago lanik eta." Pentsatu zuen Akeemek. Baina ez zuen ezer esan.

Minutu batzuetan bilduta izan eta gero, baiezkoa erantzun zioten langileek. Egia esan, aurrera pausoak nabarmenak ziren baina gehiago lor zezaketela iruditu zitzaion Akeemi.

Bilera amaitu eta gero, denen besarkada eta irribarreen artean, Sindurekin hitzegiten gelditu zen Akeem, bakarka. Bat egin zuten biek uste harekin, alegia, gauza gehiago ere lor zitzazketela.

-Bai, Akeem. Neuk ere pentsatu diat. Baina ezin dituk aldaketa denak egun batetik bestera eraman. Denborarekin lortuko dizkiagu beste batzuk, ziur nagok. Gainera... begiraiek gizon hauei. Orain dela astebete, gaur lortu diaguna amets bat iruditzen zitzaiean... eta guri ere bai.- Sinduri arrotasun itzal bat nabarmentzen zitzaion aurpegian.

-Bai, arrazoi duk.- erantzun zion Akeemek, gizonen pozari erreparatzen zion bitartean.

Gainera, ez zen lan baldintzen hobekuntza, kontuan hartu behar zen arrazoi bakarra. Langile guzti haiek, bizitzan irabazi ere egin zitekeela ohartu ziren. Triste, ezkor eta goibel egoteko arrazoiak, egunero zituzten. Bizitza latza zuten eta apenas izaten zuten zerbait ospatzeko benetazko arrazoirik. Egun hartan bazuten.

Horregatik sartu zen hain gustora Akeem bere etxera. Baina ez zuen hura hain pozik sentitzeko arrazoi bakarra. Kholerekin geldituta zegoen, minutu gutxi barru.

Laneko erropa zaharrak kendu, Marak goizean ekarritako ur balde eta xaboiarekin gorputzeko bazter guztiak astiro garbitu eta bere erropa onenak janzteari ekin zion Akeemek. Algodoizko kamiseta gorri eta fraka marroiekin atera zen kanpora berriro. Azken hilabeteotan diru pixka bat aurreztea lortu zuen eta merkatuan erropa berria erosi behar zuela otu zitzaion. Ezingo zen Kholeren aurrean beti erropa berdinekin azaldu.

Gaua bapatean heldu zen Malanjera. Ilargia ohi baino azkarrago igo zen zerura, bere nagusitasuna erakutsi eta, eguzkia baino indartsuago zela agerian utzi nahian bezala. Izarrek ez zuten oraindik zeruan agertzerik lortu, beraien eginbeharraz ahantzita edo.

Khole minutu gutxi barru azaldu zen. Bere edertasunaz gozatu nahi izan zuen Akeemek beste behin, ikusten zuen guztietan bezala.

Neskak soineko zuri eta luze bat zeraman bere gorputz finean. Soinekoaren zuritasun biziak kontraste berezi bat sortzen zuen bere azal beltz distiratsuarekin alderatuta. Oinetan, bere itxura dotorea borobiltzeko, sandalia arin batzu zeramatzan. Baina Akeem egun hartan gehien liluratu zuena, Kholeren ilea izan zen. Orain harte, beti aske zuela ikusi zion, baina egun hartan, trentza luze eta estua lepoaren ingururan erortzen zitzaion, irristadan. Horrela aurpegi estuagoa ikusten zitzaiola iruditu zitzaion Akeemi, lepoaren forma ederra angelu desberdinetatik aztertzen zuen bitartean.

-Barkatu, minutu batzu atzeratu naiz.- Khole hasi zen hitzegiten.

-Ilea… aldatu duzu.- Akeemek ez zuen neskak esandakoa entzun.

-Bai, aspaldian aldaketarik egin gabe nengoen eta trentza batean ipini dut... gustatzen zaizu?- lotsatuta atera zitzaion galdera Kholeri, ez bait zuen igarri oraindik, Akeemi gustatzen ote zitzaion.

-Asko...- erantzun zion mutilak, begiak neskarengandik kendu ezinik.

Ibiltzeari ekin zioten bi gazteak, presarik gabe. Ixilik egin zituzten lehen metroak, Kholek berriro hitzari heldu zion harte:

-Kafe sailetan istiluak izan omen dira azken egunotan, egia da?

-Bai eta ez. Istiluak baino gehiago, geure eskubideak defendatzeko aldaketa batzuk eskatzen ari ginen. Eta emaitz onak izan ditugu.

-Adibidez?

-Beno, lan gutxi zegoen aitzakian, langile batzu kanporatu nahi izan dituzte. Azkenean, lana denen hartean hobeto banatzea lortu dugu. Batzuek, neuk barne, diru gutxiago irabaziko dugu pixkatean baina lagunen alde sakrifikatzeak merezi duelakoan nago. Horretaz gain ura egunean bi aldiz erateko baimena izango dugu, hamaika orduko lana, eskularru eta erropa bereziak...

-Ez dago gaizki, hasiera moduan.

-Hori uste dugu geuk ere.

-Lan gogorra da ezta?- Galdetu zion Kholek tarte baten ondoren.

-Bai, beroak estutzen duenean bereziki. Baina lana bera baino, baldintzak dira gogorrak. Lana pixka bat lasaiago hartzea izango bagendu... baina beti izaten dugu gainean norbait, lana azkarrago eta arinago egin behar dela oihukatuz. Gazteok nahiko ondo heltzen diogu erritmoari baina zaharrenek... asko sufritzen dute.

Khole isilik geratu zen berriro, Akeemek esandakoak ezustean harrapatu izan balute bezala. Akeemek, agian isilik geratu behar zuela pentsatu zuen. Gaia aldatu eta bere laganatik galdetu zion.

-Nik ez dut kexatzeko arrazoirik. Nire ama eta bere anaiak abere batzu dituzte etxetik hurbil. Beraiek ekartzen dute esnea etxeraino eta geuk behar duguna hartu ostean, saldu beharrekoa hartzen dut nik. Nahiko lan erosoa da, noizean behin esnea baldetik erori zaidan arren.

Konturatzerako, Akeemen gurasoen etxe aurrera iritsi ziren bi gazteak.

-Ziur nire lagun egin nahiko duela? –galdetu zion Kholek urduri.

-Bai, ziur nago. Atzo aipatu nion etorriko zinela eta gustora jarri zen. Ez duzu zertan urduri egon.

-Ondo da. Goazen orduan.

Akeem eta Khole etxe barrura sartu ziren. Familiako guztiak aurkeztu ondoren Khole eta Rokia bakarka hitzegiten hasi ziren. Ia adin berekoak ziren eta ez zuten gustu eta afizioetan desberdintasun handirik. Ez zuen denbora asko igaro behar izan lagun minak egiten hasteko. Hainbesterainokoa izan zen bata eta besteak sentitu zuten konfidantza elkarrekin ze, agurtzerakoan eta ahopean, honela galdetu zion Rokiak:

-Asko atsegin duzu nire anaia ezta?

-Beno… oraindik gutxi ezagutzen dut. –asmatu zuen erantzuten Kholek, zeharo lotsatuta.

-Baina, asko atsegin duzu?- saiatu zen berriro Rokia, farreari ezin eutsita. Kholeren disimula ezinak ikarragarri dibertitzen zuen.

-Bai, zera… ez dago gaizki.

-Zeuk ere txoratuta daukazu.- aitortu zion Rokiak.

-Zuk uste?

-Ez, ez dut uste. Ziur nago. Nola begiratzen dizun erreparatuta, burua galdu duela esango nuke.

Khole eta Rokiarentzat egun zoriontsua izan zen hura. Ez zen erraza inguruotan lagun egokiak aurkitzea. Laster antzeman zuten biek luzerako lagunak izango zirela. Aurrerantzean, hain egin ziren lagun ze, lagunak baino gehiago ahizpak ematen zutela bi neskek.