34. Kapitulua

Ez zuen Akeemek lanean egun haietan hain beharrezkoa egiten zitzaion bakerik aurkitu. Ez zeuden gauzak txantxetarako. Langileen artean, urduritasuna eta tentsioa zen nagusi. Nagusiek, derrigorrez, langileen ehuneko hogeitabosta kanporatu behar zutela iragarri zutenetik, eztabaidak eta istiluak eguneroko ogi bihurtu ziren. Ezinbestekoa zen gizon haientzat, arrazoi desberdinak tarteko, lan hura mantzentzea.

Batzuk, zaharrenak, famili buru eta etxeko diru iturri nagusi ziren. Lan hura galtzeak, hondamendia suposatu zezakeen, ez beraientzat bakarrik, baita emazte eta umeentzat ere. Horretaz gain, zail izango zitzaien, adinean aurrera zihoazela kontuan izanda, beste lanik aurkitzea. Gazteagoek berriz, beste arrazoi batzu zituzten, ez handiago eta ez txikiago, arduratuta egoteko. Gazteek, bizitzan zerbait izan nahi badute, aukerak behar dituzte. Eta hau zen Malanjeko gazteek pairatzen zuten gabezietako bat: Lan eskazia. Lanik gabe ezin zuten ametsik bete, ezin duhintasunez bizi, ezin egunen batean sustraiak izateko emakumerik konbentzitu, ezin eguneko ordu luzeak burutazio arriskutsurik izan gabe igaro, ezin droga eta alkoholaren hatzapar luzeetatik ihesik egin...

Arrazoi hauek eta beste batzu tarteko, zahar eta gazteen arteko harremanak nahasten hasi ziren kafe sailetan. Batzuk zein besteak, sarri eztabaidetan gertatzen den moduan, arrazoiaren jabego bakarra uste zutela iruditzen zitzaien, bakoitzaren egoskorkeria eta itsutasuna onartu ezinik. Kontuak kontu, liskarrak areagotuz joan ziren azken egunetan eta azkenean bi langileren artean borroka batean amaitu zen dena. Zorionez ez zuten ez batak eta ez besteak zauri larririk izan baina egoera hartzen ari zen traza txarra ikusita, hurrengo egunerako bilera bat antolatu zuten nagusiek.

Azken notizi hauek Kenbak kontatu zizkion Akeemi, gaztea Rokiarekin Luandara joan zenean gertatu baitziren azkeneko gertakari hauek. Akeem zur eta lur geratu zen beste behin, itxura guztien arabera, ez bait zuten bere arazoek amaitzeko asmorik.

Borroka Astelehenean gertatu zen, Akeem kanpoan zen bitartean. Asteartean, lanera heldu orduko joan behar izan zuen gazteak derrigorrezko bilera hartara, Kenbaren ahotik azken berriak entzuten zituen bitartean.

Langile gehientsuenak bilduta ziren Akeem eta Kenba iristerako. Gauzak lasai zeudela ziruditen momentuz baina tentsio puntu bat antzeman zitekeen langile guztien artean, momentu batetik bestera lehertzeko arriskua balego bezala.

Hamar minutu itxaroten egon eta gero iritsi ziren nagusiak. Hiru zetozen, Joao Portugaldarra eta beste bi. Ez zituen Akeemek beste biak ezagutu. Haien aurpegi lodi eta osasuntsuei kasu egin ezkero, ondo gosalduta zetozela igar zitekeen. Gazte lodi eta baldar bat eta harroputz itxurako gizon heldu bat. Zuriak biak. Baina Joao baino aurpegi zuriagoak zirela ikusita, Portugaldarrak ez ote ziren iruditu zitzaion Akeemi. Ez zitzaizkion batere gustatu. Ahopean, Kenbari ia nor ziren galdetu zion. Erantzunak, espero moduan, ez zuen askorik harritu: Kenbak, bere antzera, ez zuen ideiarik ere.

-Ongi etorri denoi…- hasi zen Joao bera, batzuetan gizonei besteetan eskuartean zituen papelei begira- Zera, ahal den azkarren amaitzen saiatuko nahiz. Lana zain dugu eta ez da atzerapen gehiago izatea komeni.

Ironiaz betetako barre bat edo beste entzun zen langilegoaren artean, gutxienik xelebrea iruditu bait zitzaien batzuei Joaok aipatutako "lana zain dugu" hura.

Joaok, entzun arren, aurrera jarraitu zuen. Ez zuen beltz madarikatu haiei zertan azalpenik eman. Ez zuen entzuteko asmorik eta aurrera jarraitu zuen, lehenbailen amaitu nahian.

-Tira, ondo dakizuen moduan, arazoak izan ditugu aspaldi honetan. Ez dago orain dela urte batzuetako pagotsik. Konpetentzia ugari sortu zaigu herrialde desberdinetan eta kafearen prezioak behera egin du merkatuan. Aukera guztiak aztertu ondoren, langileen ehuneko hogeitabosta kanporatzea erabaki genuen. – Tarte bat egin eta gero ozenago jarraitu zuen Joaok.- Denbora luzera guztion onerako izango delakoan gaude. Badakigu egoera gogorra dela kanporatuentzat, baina hauek, azken urteotan izandako suertean erreparatu beharko lukete. Enpresa honek lan eman die denbora luzean, arrisku handiak hartu eta langileen alde gogor borrokatuz. Hori eskertzen jakingo duzuelakoan gaude.

Akeem oso txiki sentitu zen bapatean. Bazekien bere etorkizunaren puzka handi bat gizon gupidagabe eta gezurti haren eskuetan zela. Eta berarena bezala, baita bere lagunena ere. Ezin zen guzti hartatik ezer onik atera.

-Beno, besterik gabe, arira joango nahiz. Ondoren kaleratuen izenak irakurtzeari ekingo diot.- Jarraitu zuen Joaok. Harroputz itxurako gizonak zerbait esan zion belarrira, ixilean. Joaoren ahoan irrifar txiki bat marraztu zen.

Izenak botatzeari ekin zion Joaok, bata bestearen jarraian. Tartean denborarik hartu gabe.

Akeemek gizonen ezinegona igarri zuen beste behin, eta bihotzaren taupadak bizkortuz joan zitzaizkion, oharkabean. Gertu eta ozen entzun zituen langileen izenak, baina era berean, oso urruti antzematen zuen Joaoren ahotsa, norbait beste mundu batetik mintzatzen ari balitzaio bezala.

Berrogeitabost gizonen izenak aipatu zituen Joaok, ia berrehun langile baiziren guztira. Izen bakoitza labana zorrotz baten moduan erori zen, bertan zirenen arimak gupidagabe urratuz.

Izen guztiak entzun eta gero erreakzionatu zuen Akeemek. Ez zuten bererik aipatu, edo horrela iruditu zitzaion behintzat. Hala ere, bukaera aldera, estima handian zuen norbaiten izena entzun zuela uste izan zuen. Eta horrela zen. Ondora begiratu eta Kenbari begiratu zion Akeemek. Honen begiradan ikusi zuenak, aski garbi erakusten zuen bere pentsamenduen aria.

-Proposamen bat egin nahi nuke- ahotsa indartsu irten zen gizonaren ahotik eta erronka kutsu bat zerion. Metro batzu haratago entzun zuen Akeemek. Erabat ezustean harrapatu zituen guztiak. Nagusiak bereziki, baina baita langile gehienak ere. Sindu zen eskari berezi hura egin zuena. Hogeitamabost urteko gizaseme zabal eta gihartsu bat zen. Akeemek azaletik bakarrik ezagutzen zuen baina, bazekien errespetu eta miresmen handia zuela langileen artean.

-Sindu, hire izenik ez diat aipatu.- azkar erreakzionatu zuen Joaok. Bazekien une larria izan zitekeela eta ez zegoen beste ezer entzuteko prest.- Ez hago proposamenak eskatzeko moduan. Eskerrak eman beharko hituzke. Horretarako ez bada, segiok lanera. Eta izenik aipatu ez dudan guztiei berdin esaten diet. Segi lanera, oraintxe. Asko dago egiteko.- bukatu zuen Joaok ozen, beldurra sartu nahian.

-Zergatik hainbeste lagun kalera, asko bada egiteko dagoena?- Erantzun zion zorrotz Sinduk. Burua tente eta harro erakusten zuen, Joaori zuzenean begiratuz.- Berriro esango dizut... proposamen bat daukat egiteko.

-Sindu !!! Berriro esango diat. Azkeneko aldiz. Hobe duk oraintxe isildu, beste hitz bat egiten baduk, kalera joango haiz.

Joaori sua zerion begietatik. Egoera ihes egiten ari zitzaion eta ez zuen hura batere atsegin.

Langileek txundituta begiratzen zioten, orain bati, orain besteari. Denek sentitzen zuten bere barruan zerbait azaltzeko gogoa, baina inor gutxik zuen aurpegia emateko ausardia. Kalera bidalitakoak ere isilik ageri ziren, burumakur. Bapatean harri bihurtu bailiran.

Sinduk burua jaitsi zuen, kalera bidaltzeko meatxu hark bihotzeko grina itzali balio bezala.

Joao berriz salbu sentitu zen. Sinduren beldurra bertatik nabari zezakeen, beste gizonak baino ausartago bazen ere. Baina bazekien asko zuela jokoan eta lan hura derrigorrezko egiten zitzaiola.

-Sinduk esateko duena entzun nahi dugu.- Akeemen ondotik iritsi zen oraingoan ahotsa, airean nabari zen tentsioa apurtuz. Kenbaren ahotsa zen. Akeemek bere lagunaren ausardia miretsi eta egunen batean bere begietan ikus zezakeen duhintasun puntu hura eduki nahiko zuela pentsatu zuen.

-Denok entzun nahi dugu Sinduk esateko duena.- Denak harrituta biratu ziren Akeemengana. Honek segundu batzu behar izan zituen egoeraz jabetzeko. Hitzak konturatzerako atera zitzaizkion ahotik, lana arriskuan jartzen zuela, ia konturatu gabe. Gainera, axolagabetasun osoz, harrixkuan jarri zuen beste langileen egoera, "denok" hark garbi erakusten zuen bezala. Baina laster irakurri ahal izan zuen lankideen aurpegietan, berarekin zirela. Beraien pentsamenduak hitzera pasatuko zituen norbait behar zuten, ez besterik, eta hori Akeem zen.

-Baina... norbaitek eskatu du zuen iritzirik? Denok lanera, entzun duzue? Ez nagok denbora galtzeko prest !!!- Joaori aurpegia gorritzen hasi zitzaion ordurako. Begiak guztiz zabalduta zituen, aurrean gizonak ikusi ordez, mamuak ikusten egon balitz bezala.

-Ezta gu ere !!! Ez gara hemendik mugituko, Sinduk esateko duena entzun harte !!!- beldurraren tokian, irrika berezi bat senti zezakeen orain Akeemek. Ia ezin zuen sinestu azken hitz haiek esan zituela ere.

Joaok zerbait esateko keinua egin zuen, baina horretan bakarrik geratu zen. Sekula ez zuen pentsatuko, ezta bere ametsik gaiztoenean ere, horrelako egoera bat posible zenik. Afrikar madarikatu haiei hainbeste urtean lana eman eta, nola eskertzen zioten orain? Zer uste zuten beltz alferrontzi haiek?

Keinu bat egin zion orduan harro itxurako gizon helduak. Beregana hurbildu eta hitzegiten aritu ziren minutu luze batzuetan. Bitartean, Akeem, Kenba eta Sinduk berdina egin zuten bere lankideekin. Harrotasun bat nabari zitekeen guztien artean, beraien buruekiko konfiantza guztia bereganatu balute bezala.

-Badaukak zerbait pentsatuta?- Galdetu zion denborarik galdu gabe Akeemek Sinduri. Langile guztiak inguruan bildu zitzaizkien, erleak eztian bezala.

-Bai baina… ez zakiat nola aterako den.- erantzun zion honek arduratu aurpegiz.

-Mutilak.... ez duzue ikusten? Beldurtuta zeudek, guk uste diaguna baino indar gehiago diagu. Zer egingo dik berak gure lanik gabe? Paparretik helduta zagok, guk labana noiz sartuko zain.- Kenba zen azken hitz hauen jabea.

-Erraza duk hori esatea hiretzat. Hi kalean hago jadanik eta sentitzen diat. Baina ni ez nagok nirea arriskuan jartzeko prest. Bi alaba txiki dizkiat.- Apenas hogei urte izango zituen gazte baten hitzak ziren hauek. Oihuka hasi zen, bere iritzia bete behar zela erakutsi nahian.

-Nik lau seme-alaba dizkiat. Entzun duk, lau?- Kenba ez zegoen besteen egoera aztertzen hasteko.

Akeem eta Sindu bakea zabaltzen saiatu ziren. Ez zen hura liskarrean hasteko une egokiena. Akeemek hartu zuen hitza ondoren.

-Entzuidazue une batean, mesedez. Ez duk arazo pertsonalez hitzegiten asteko unea. Berrogeitabost langile kanporatu ditiztek. Gurekin beste konponbiderik ba ote dagoen hitzegin gabe. Ez diate gure iritzirik entzuten. Nahi dutena egiten ditek. Egia duk lana ematen digutela baina... zer lan mota? Eguzkia ateratzen denetik hasi eta ezkutatu harte lanean, deskantsurik gabe, ia urik eran gabe, berrogei gradu edo gehiagorekin lanean.. Kaka zaharra. Ez zieagu ezer ere zor !

Ez diagu kanporatuegatik bakarrik egin behar- lehenago hitzegin zuen hogei urteko gazteari begiratu zion.- denongatik egin behar diagu. Duintasunez bizitzeko egin behar diagu. Denok bat egin ezkero indar handia osatu zezakeagu. Guk uste baino handiagoa. Momentua duk. Burua jaitsi eta beraien esanetara jarraitzen badiagu, nahi ditena egingo ditek. Baina ez guk nahi ez badugu. Ni ere beldurrez gainezka nagok, zuek bezala. Baina kontuak eskatzen hasteko garaia heldu duk.

Bilduta zirenen aurpegietara begiratu zuen ondoren Akeemek. Batzuk burumakur ziren, pentsakor. Beste batzuk, Kenba edo Sindu tarteko, zuzen begiratzen zioten, halako miresmen keinu batekin.

-Sindu, behingoagatik esateko duana entzuteko prest nagok. Baina ez pentsa hau gehiago gertatuko denik !!! Tira, hitzegintzak.- Ezustean iritxi ziren Joaoaren hitzak. Portugaldarrak ezin zuen bere baitan zuen umore txarra eskutatu.

-Sindu? Hirekin fidatzen gaituk. Eskatu justua iruditzen zaiana. -Akeemek azkar hitzegin zuen- Ez zeukeagu denbora gehiago. Konforme denok?

Baiezko batekin erantzun zuten gizon denek, gehienak egoera latz hark ekarriko zizkien ondorioez pentsatzen hasiak ihadanik.

-Nire proposamenak bi alde ditu.- hasi zen Sindu erabakitsu. Lankideen begiradak aldeko zituen eta kemena ematen zioten.- Batetik, langile hauek kalera bidali ordez, beraien hamabi orduko lan hori sei orduko bi taldeetara pasatu dedila. Adibidez, ni prest nengoke falta diren beste sei orduak betetzera. Batzuen soldata asko jaitziko litzateke, egia da, baina horrela ez luke inork lanik galduko. Horretarako, berrogeitabost langile beharko genituzke. Beraien soldata erdira jaistea onartu behar dute. Hori denen artean hitzegin behar dugu oraindik.

Akeemek azkar aztertu zuen Sinduren lehen proposamena. Arrisku handia zuen eta asko kostatuko zen berrogeitabost langile hoiek aurkitzea. Hala ere, denek hitz egin ostean, prosamenak aurrera egin zezakeela uste izan zuen eta indarra emateko edo, honakoa esan zuen:

-Niri ondo iruditzen zait, ni izango naiz horietako bat. Inor lanik gabe geratu baino, hobe zailtasunak denon artean banatu.

Sinduk barre txiki bat luzatu eta buruko keinu txiki batekin eskerrak eman zizkion. Oso garrantzitsua zen, hasiera hartan, besteen babesa lortzea. Konfiantza zabaltzen laguntzen zuen.

-Bestetik, langile guztion baldintzak hobetu behar dira. Azken boladan egiten ari den bero hauekin ezin da ur nahikoa eran gabe lana tajuz egin. Bi astetan hiru langilek konortea galdu dute, deshidratazioak jota. Ezin dugu horrelakorik onartu. Langile bakoitzak, gutxienik egunean bi aldiz, nahi hainbeste ur edateko eskubidea...

-Baina zer uste duzue zuek? Lana egitera etortzen zarete hona, ez denbora pasa !!!- sua zerion Joaori begietatik, ezin zuen inolaz onartu han gertatzen ari zena.

-Ez dut amaitu.... oraindik.- bota zion hotz Sinduk.- Urarenaz gain, hamabi ordu egiten jarraitu behar dutenek, hamar egitea proposatzen dugu. Soldata berdinarekin. Dutxa batzuk jartzea ere ondo egongo litzateke, higienea oso garrantzitsua…

-Nahikoa da... Ez dut gehiago entzungo.- moztu zion Joaok.- Zuen eskakizunak aztertuko ditugu eta erantzun bat izango da, laster. Bitartean, hobe duzue lanari ekitea, oraintxe. Bestela, ez duzue hilabete honetako soldataren usainik ere izango.

Akeem eta Sinduk begirada bat gurutzatu zuten. Bat egin zuten bien pentsamenduek, segituan. Egun baterako asko lortu zuten eta gehiegi lortu nahi izatea arriskutsuegia izan zitekeen.

-Ondo da, hasiko gara. Azken galdera bat... zer egin behar dugu bitartean berrogeitabost kanporatuekin?- lotsagabe jaurti zuen galdera Sinduk, bere buruarekin sekulako konfiantzaz.

Harro itxurako gizona Joaorengana gerturatu zen beste behin. Joaok, entzun bakarrik egin zuen oraingoan.

-Bihar edo etzi beste bilera batera deituko zaituztegu. Bitartean, orain harte bezala jarraituko dugu. Denok lanera itzuliko zarete.- Hau esan eta ospa egin zuen Joaok, han gertatu zenak lotsatu egin balu bezala.

Langileen artean izugarrizko garaipen oihuak entzun ziren ondorengo segunduetan. Kanporatuek ezin zuten sinestu gertatu zena eta bat baino gehiago gerturatu ziren Akeem eta bereziki Sinduri eskerrak ematera. Batzuek, barruko korapiloa askatu bezain pronto, negarrari ekin zioten. Besteak besarkada luze eta estuetan korapilatu ziren, lortu zutenaz jabetzen ziren bitartean. Azken hauetan izan ziren Akeem eta Kenba.

-Ez diat hau sekula ahaztuko.- Hasi zen Kenba.

-Ezta nik ere.- erantzun Akeemek, egiaz hunkituta.

Gero, Sindurengana gerturatu ziren biak.

-Pozten nauk hi ezagutzeaz, Sindu. Gaur hemen lortu duana... handia izan duk, itzela benetan.- esan zion lehenbizi Akeemek.

-Ez nian hire laguntzarik gabe lortuko.- erantzun zion Sinduk, Akeemen laudorioekin erdi lotsatuta.

Besarkada estu batean lotu ziren bi gazteak, ordu bete lehenago ia elkarren berririk ez zuten bi gazteak.

Handia zen egiaz langile xume haiek egun hartan lortu zutena. Bide luze eta gogor baten hasiera izan zen. Angolan, orokorrean Afrikan bezala, zuriak beltzek egindako lanetaz aprobetxatzen ziren, egunero-egunero eta krudeltasun osoz. Beltz gehienak, beraien egoera latza zela ondo jakin arren, ez ziren oinarrizko eskubideen aldeko aldarrikapenik egiten ausartzen. Malanjen egun hartan gertatu zena, ondorengo hilabete eta urteetan Afrika osoan gertatuko zenaren ispilu besterik ez zen. Afrikarrek, beraien lurrean izaki, heuren lurren jabe izan behar zuten. Akeem eta Sindu bezalako gizonak bide luze eta aldapatsu horren hasieran egon ziren, ia ohartu gabe, Afrikako generazio desberdinek ordurartean jasandako injustizia guztiei itzuli bat ematen hasi zirelarik.