33. Kapitulua

Malanjeko zerua oso ilun zegoen izarrik gabeko gau misteriotsu eta zakar hartan. Ez zen begi bistan inor ageri, ezta katurik ere, herrixkako karrika estu eta deserosoetan barna. Bapatean, Malanje hutsik geratu zela zirudien, herritar denek aurretik noiz joan behar zuten hitzeginda balute bezala.

Akeemek azkarrago ibiltzeari ekin zion, bere etxeko gozotasunean, aspaldian, bila ibili arren, aurkitu ezin zuen sosegu edo patxada puntu hura topatzeko esparantzan.

Hots arraro bat entzuten zuela iruditu zitzaion, norbait ahopean bere gertu hitzegiten egon balitz bezala. Ibiltzeari utzi eta adi jarri zen, berriro entzungo zuela pentsatuta. Baina naturak bortizki sortutako haize bolada bat bakarrik entzun zuen ondorengo segunduetan. Hain izan zen nabaria ze, lur gorriaren hautsa harrotu eta zerura bidali zuen, gupidagabe. Oso gutxitan sortzen ziren horrelako haize boladak Malanjen eta Akeemek hotzikara bat sentitu zuen bere gorputz luze eta gihartsuan barna. Algodoizko kamiseta zuria estutu zuen bere aurka, bero apur bat nabaritu nahian.

Azken asteotan bere bizitzak emandako jauziak aztertu zituen. Arazoak beti izan zituen eta bere amak behin baino gehiagotan aipatzen zuen moduan, Afrikako ume bakoitzak, besapean ogia ekarri ordez, arazoz betetako poltxatxo bat ekarri ohi zuen. Irrifar txiki bat marraztu zuten Akeemen ezpainek. Beti zuen prest bere amak horrelako esalditxo bat, horrelako aipamen batek arazo guztien zergaitia argitu balute bezala.

Dena horren erraza izan balitz. Akeem ez zen oraindik lanean zerabilzkien arazoez inorrekin mintzatzeko gai izan. Bazekien aita oso urduri jarriko zela, beti bezala gauzak alde txarrenetik ikusi eta etorkizun beltzari buruzko aipamen estuak eginez. Ama ixilik geratuko zen, familiako sustentu nagusi zen Akeemen diru iturririk gabe zer egin behar zuten hausnartuz. Besteek berriz, hau da, Rokia, Karim eta Marak nahikoa lan bazuten beren bizitzekin. Rokiak, ez zegoen esan beharrik ere, bazuen nahikoa gurutze berearekin. Momentuz, hori zen familiako arazo nagusia. Karim nekatuta ikusten zuen, lasterkako entrenamenduek zuen indar guztia xahutuko baliote bezala. Berarekin hitzegin behar zuen Akeemek, luze gabe. Mara berriz… oso gutxi hitzegin ahal izan zuen Mararekin azken bolada hartan. Urte zailak ziren berarentzat ere, nerabezaroan sartzeko bidean zegoen eta aldaketa izugarriak izango zituen bere bizitzak denbora gutxian. Inor konturatzerako, neska fin, polit eta luzea izaki, mutilak inguruan izango zituen, gainetik kendu ezinik.

Bere pentsamenduen ariaren hildotik, uste baino lehenago iritsi zen bere etxe ingurura eta poz berezi bat nabaritu zuen bere baitan Mara eta Karim bertan izango zirela pentsatse hutsarekin.

Orduan gertatu zen. Pauso batzuen hotsa entzun zuen bere atzealdean, baxu baina nabarmen. Gorputzari bira ematerako, gainean izan zuen itzala. Labana baten distira ikusi zuen gauaren iluntasunean, zuzen bereana zetorrela, gupidagabe. Hain izan zen handia ezustea non lurrari itsatsita geratu zitzaizkion ohinak, lur azpitik deabru batzuk tiraka ari bailitzan, eta bere bizitzaren amaierara iritsi zela konturatu zen Akeem aurkariaren labana zorrotza sabelean sentitu baino lehen.

Arnaseztuka iratzarri zen Akeem, ohiu artean, eta iluntasuna bakarrik ikusi zuen. Izardiak gorputza distiraz betetzen zion eta beldurrez beteriko ume txiki bat bezala sentitu zen, bere ondoan ahots larri bat entzun zuenean:

-Akeem, Akeem... ondo zaude?

Segundu amaigabe batzuen ondoren, Mararen ahotsa entzuten zuela ohartu zen Akeem. Hain zen gaua iluna ze, ez bait zuen bere arrebaren aurpegia ikusteko aukerarik.

-Akeem?- larri zegoen Mara.

-Lasai, lasai Mara. Ez da ezer. - asmatu zuen azkenean Akeemek, gorputza daldarka bazuen ere.

-Ez dela ezer? Hitzegiten ari zinen, eta lo egon arren, alde batera eta bestera mugitzen zenuen gorputza.

-Amets gaizto bat bakarrik zen, Mara. Zer ordu da?

-Hiru edo lau ordu geratzen dira oraindik egunsentirako.

-Ondo da, Mara. Zoaz lotara. Lasai, ametsgaizto bat bakarrik zen.

Lasai itxurak egin zituen Akeemek ondorengo minutuetan, Mara baino larriago bazegoen ere. Arrebari lo egiten jarraitzeko agindua eman eta kirioak menperatzen saiatu zen, esne pixka bat eraten zuen bitartean.

Karimek ez zuen bitarte guzti hartan esnatzeko keinu txikienik egin. Marak askotan adar jotzen esaten zion moduan, hain zuen lo sakona, ez zela esnatuko ezta lehoi handi baten marruekin ere.

Akeemek ez zuen burua horretan ordea. Azkenaldian izandako amets haiek hutsune handi bat uzten zioten, barru-barruan zuen sakonerarik gabeko putzu bat ikutu izan baliote bezala. Aste batzu atzeruntz joan zen bere burua eta antzerako ametsgaizto batean murgilduta ikusi zen. Ordutik aste gutxi batzu igaro ziren baina, urteak izan zirela iruditu zitzaion Akeemi. Hainbeste gauza gertatu ziren azken egunotan !!

Berak ez zion ametsei berebiziko garrantziarik ematen baina sinezkera mota horrek ez zuen oraingoan bere arimarik arindu. Orduan, tximista izugarrienek hodeiak zulatu ohi dituzten modu berberean, ideia batek bere burua zeharkatu zuen.

Ez al zen izan Akeemen azken ametsgaizto hura Rokia bortxatu aurreko egun haietako batean? Zer ikusirik ba ote zuen batak bestearekin? Hala bere buruaren asmakizunak bakarrik ziren? Azken amets haren ezaugarri guztiak gogoratzeari ekin zion. Norbaitek, bere indar guztiekin, lepoa lehertu harte estutzen ziola oroitu zen. Pulmoiek, arnasa faltagatik, nola erretzen zioten gogoratu zezakeen oraindik. Ez zen hura sentzazio erosoa izan.

Baina zerbait esan nahi ote zuen guzti hark? Rokiak, sentzazio berdinak izan ote zituen bortxatu zutenean? Erantzunik gabeko galdera hauek eta beste mila izan zituen buruan Akeemek ondorengo minutu eta orduetan. Postura berdinean jarraitzen zuen oraindik eguzkia zeruan nabarmentzen hasi zenean. Eguna argitzen hasia zela ohartu zenean, baldean zuen urarekin bere burua garbitu eta kamiseta garbi bat jantzi zuen. Gero, lanera iritsi arte bete behar zituen sei kilometroak ibiltzeari ekin zion.

Eguzkia boteretsu atera zen egun hartan, Malanjeko erregea nor zen gogoratu eta, bide batez, Akeemen gogoeta ilunei argitasun apur bat eman nahian balebil bezala.