32. Kapitulua

Akeemek eta Rokiak nahi baino goizago hasi ziren erizainak geletara beraien joan etorriak egiten. Akeemek apenas zeramatzan pare bat ordu begiak bilduta, lehen erizaina sartu zenean. Rokiak tarteka egin zuen lo, baina erizaina etortzen hasterako ondo esnatuta zegoen. Gosaria laster ekarriko zutela agindu zioten eta orduan konturatu ziren biak Malanjetik irten zutenetik, hau da aurreko goizetik, ezer jangabe zirela. Gosetuta ziren noski, baina Angolan, Afrikan orokorrean bezala, nahiko arrunta zen egun bat edo bi ezer jangabe egote hura. Dagoeneko ohituak ziren Afrikarrak horrelako larritasunak jasaten eta ez zitzaien kexatzea burutik pasatu ere egiten. Egoera oso larria suertatu arte behintzat.

Agindu bezala, minutu gutxiren buruan ekarri zuten gosaria erizainek. Esnea opil txiki batzuekin, mantekila pixka bat, mermelada kutxarada batzu eta laranja batek osatzen zuten egun hartako gosaria.

Akeemek desira osoz begiratu zion luxuxko janari ari baina gosaria Rokiarentzat zen, ez berarentzat. Rokiak, ezer esan gabe, astiro jateari ekin zion, mermelada eta mantekila opiltxoetan zehar zabaldu eta ze ona zegoen anaiari azalduz. Inbidia apur bat ematea erabaki zuen, Akeemen ezinegonaz konturatu ez bazen bezala. Amaieran opil pare bat eta laranja utzi zizkion.

-Ez, Rokia. Zeuk jan behar duzu, nik Malanjen jango dut, gauean.

-Etzazu tontokeriarik esan. Nahikoa jan dut eta zuk jaten ez baduzu, erizainak eramango du. Gainera, badakit ze umore txarra izaten duzun ezer jangabe zaudenean.

Akeemek, Rokiaren irribarrea soma zezakeela, antsiaz beteta jan zituen gosaritik gelditutako sobrakinak. Ez zion askorako balio izan, lehen baina gose gehiago zuela iruditu bait zitzaion amaitutakoan baina gutxienik, sabela engainatzeko aukera izan zuen.

Erizaina etorri zen berriro, medikua segituan zetorrela esanez.

-Lasai, laster itzuliko gara etxera.- esan zion Akeemek.

-Lasai nago, baina zuk lanean egon beharko zenuke gaur ezta?

-Horrek ez du garrantzirik, ageri berezi bat emango didate orain.

Assitou Youmba medikua etorri zen handik gutxira. Dena ondo zegoela azpimarratu zuen eta paper batzuk sinatu ostean, etxera itzul zitezkeela. Rokiari janzten laguntzeko eskatu zion erizain bati eta une hori Akeemekin bakarrik gelditzeko probestu zuen. Gelatik atera ziren biak, eta denbora galdu gabe, arira joan zen Assitou:

-Akeem, atzo esan bezala, zure arreba orokorrean oso ondo dago. Zauriak ondo isten ari zaizkio eta ez dugu analisietan ezer kezkatzekorik aurkitu. – tarte bat hartu zuen, ondoren esan beharrekoa nola esan pentsatuz- Baina, atzo aurreratu bezala, umetokian kalte nabaria izan du, aldaketa batzu eragin dizkio horrek eta... zoritxarrez zure arrebak ezingo du etorkizunean umerik izan. Asko sentitzen dut. Oso gogorra da, baina ez da bizitza hor amaitzen.

-Pentsatzen nuen. – Burumakur jarri zen Akeem.

-Lehenago edo geroxeago jakin beharko du berak. Hori zeure esku usten dut, baina denbora bat itxarotea gomendatuko nizuke. Orain, zalantzarik gabe, arazo psikologiko larririk ez gelditzea da garrantzizkoena.

-Ze bide hartzea gomendatzen duzu?

-Lehenbizi, gauzak lasai hartzea oso komenigarria da. Ez berak bakarrik, baita zuek ere. Bere gainean egotea garrantzitsua da, baina ito gabe. Nekez hobetuko da zuen atentzio guztia bere gainean jartzen baduzue. Bere izaerak aldaketa nabarmenik duen zaindu behar duzue, ez dedila irten gabe etxean denbora luzez geratu, berarekin egunean zehar gertatu denaz mintzatu... eta noski, denbora eman. Gaztea da eta indartuko da, hori ziur.

-Ondo da, horrela egingo dugu.

Akeemek bazuen beste zalantza bat. Sekula ez zuten bere etxean medikuarengana joateko segururik izan. Zenbat ordaindu behar zuten galdetu zion, erantzunaren beldur zela. Assitouk lasai egoteko esan zion, Malanjen kokatutako "Gobernuz kanpoko erakunde" bat egiten zela gastuen kargu.

Nonbait, erakunde honek ume, neska edo emakumeei egindako eraso edo bortxaketen aurka borrokatzen zuen. Akeemek egundoko lasaitua hartu zuen baina, era berean, lotsa apur bat ere senti zezakeen. Bazekien Europatik etorritako erakunderen bat zela, Rokiari bisita egitera etorri zitzaion emakume ile horidun hark, horrela zirudien behintzat. Egun hartan ez zuen jakiterik nahi izan Akeemek zertara joan zen ere, ez bait zuen kanpoko erakunde haietan gehiegi sinesten. Bere aburuz, Afrikarrek salbatu behar zuten beraien burua eta ez beste inork.

Horrela agurtu ziren Akeem eta Assitou. Medikuak bidaia ona izan zezatela desiratu zion eta Akeemek, berriro eskerrak eman eta bizitzan sortea izan zezala.

Hamar minuturen bueltan utzi zuten St. Joseph hospitala Rokia eta Akeemek. Etxera itzultzeko amorratzen ziren.

Itzulerako bidaian ez zen ezer aipagarririk gertatu. Luandatik irten eta lasterrera beste zulatu bat izan zuen aurreko gurpiletako batek. Ez zen joaneko autobus berdina, oraingo hau hori gastatu koloreko autobus zahar bat zen. Akeemek ez zekien joanekoa edo itzulerakoa, zein zen bietan zaharrena baina gidariak martxa aldatu behar zuen bakoitzean ateratako zaratari kasu egin ezkero, joanekoa bera aukeratuko lukeela pentsatu zuen.

Guzti hori kontutan izanda ere, espero baina lehenago burutu zuten Luandatik Malanjerako bidea. Rokiak, ia lotan eman zuen bide guztia. Malanjera iritsi baino zertxobait lehenago iratzarri zen. Akeemek ere lortu zuen bizpahiru orduz lo koluxka bat botatzea baina Rokia baino lo arinagoa izan zuen.

Akeem pasabidearen bestaldean zegoen emakume batekin hitzegiten hasi zen. Hogei edo hogeitabat urteren inguruan ibiliko zen eta barre alai eta ozena erakusten zituen. Alboan begirada lotsatiko hiru edo lau urteko mutil kozkor bat zuen eta bularretik zintzilik berriz, osasun oparoko neskato eder eta begi handi bat. Hilabete gutxi batzu izango

zituen azken honek, baina bere ezpain zabalez amaren titiari nola tira egiten zion ikusita, zaharrago zirudien.

Akeem erdi lotsatuta gelditu zen emakumeak bular erdia kanpoan zuela ikusita, baina ez zirudien horrek emakumea asko larritu zuenik:

-Batzuetan bularretan dudan esne guztia aterako didala pentsatu izan dut- esan zion honek erdi barrezka.- Eskerrak denbora gehiena lo pasatzen duen, bestela ez zen sekula geldituko!!!

-Beno, hori seinale ona da. –erantzun zion Akeemek, zer esan ez zekiela.- Nire amak beti esan ohi duen bezala, umetan asko jaten duenak, gaztetan arazo gutxiago izan ohi du.

-Hori nahi nuke. Nire senarrak IHESA duela jakin nuen orain dela gutxi baina guk (bere bi semeak eta bera seinalatu zituen) ez dugula esan zidaten medikuek. Jainkoari eskerrak.

Akeem isilik geratu zen. Ez zekien gizonagatik sentitzen zuela esan edo bi seme-alaba eta beragatik pozten zela nabarmendu. Pixkat galdetu ezkero, egunero eta nonahi aurki ditzake jendeak horrelako kasuak. Edo okerragoak.

Bidaiak aurrera egin zuen eta arratsaldeko hirurak jo baino lehenago, autobusa Malanje inguruetara hurbildu zen. Bideak estutzeari ekin zion eta lur gorri haustua nagusitzen hasi zen pixkanaka.

Paisaiari begira zegoela, Rokia esnatzen ari zela konturatu zen Akeem. Irribarre txiki bat erakutsi zion anaiak.

-Nahiko lo eginda, printzesa?

Harrituta begiratu zuen paisaia Rokiak.

-Heldu gara dagoeneko? Baina, zergatik ez nauzu lehenago esnatu?

-Saiatu naiz, baina belarrira oihu eginda ere ezin izan zaitut esnatu. Harri irregularrez beteriko leku batean ere egingo zenuke lo zuk.

-Ederrak hitzegin du...- Rokiak nahikoa lan zuen momentuz begiak zabaltzearekin eta ez zuen Akeemen jokoan jarraitu nahi izan.

Autobusa bere bidearen amaierara iristear zen. Jendearen marmar hotsa zetorren Akeem eta Rokiaren belarri ertzetara.

Baikorrenak gustora agertzen ziren, bidaiari probetxu ona atera, etxera itzuli eta beraien zereginetara itzultzeko gogo biziz. Ezkorrenak aldiz, bizitzako beste arlo askotan bezala, kexuka ari ziren une hartan ere. Batzuk, bidaiaren kondizio eskasak zirela eta, bizkar edo lepoko minak gainditu ezinik. Besteak aldiz, Luandara bere produktuak saldu nahirik joandakoak, salmenta txarra izan zutela eta umore petralez gainezka.

-Tira, mugitu egin beharko dugu.- esan zion Akeemek Rokiari.

Rokiak ez zuen mugitzeko keinurik egin. Lehiatilaren bestaldean pausatuak zituen begiak, handik oso urrun. Bapatean, Akeemengana biratu eta hau esan zion:

-Zer egingo zenuke esango banizu- aurpegian garbi nabari zitzaion sentitzen ari zen larridura.

-Esan... zer?- galdetu zion Akeemek, tarte baten ondoren. Rokiak esan nahi zuena, ondo ulertu zuela uste izan zuen, baina bere ahotik irten behar zuela iruditu zitzaion.

-Mutilaren izena.- bota zion serio Rokiak, begietara zuzen begiratuz.

-Zer egingo nukeen... ez dakit ba... egia esan ez dut horretan pentsatu. Zer nahiko zenuke zuk nik egitea?

-Akeem, oso arriskutsua izan daiteke. Ulertzen duzu?

Ulertu edo ez, Akeemi bizkarrezurra zeharkatu zion hotzikara batek bapatean, goitik beharaino. Beldurra izan zuen, aspaldian ez bezala. Orduan ulertu zuen entzutera zihoanak, bere bizitza erabat alda zezakeela, zuritik beltzeraino.

Ondoren, aurpegia Rokiarengana hurbildu eta honela esan zion, xamurtasun osoz:

-Rokia, badakit beldurra duzula.- Hasi zen Akeem, hitz egokienak aurkitu nahirik.- Baina gauza bat esango dizut: Arazo hau ez badugu

konpontzen, gero eta okerragoa izango da. Ez duzu sekula bakerik izango eta hau egin duenak beste batzuei egiten jarraituko du. Borroka egin behar duzu, aurpegia eman. Zuregatik eta zu bezala senti daitezkeen neska guztiengatik. Ez dago beste biderik.

-Badakit, baina... zer egingo duzu esaten dizudanean?

-Hori hitzegingo dugu, Rokia.

-Agindu behar didazu ez diozula aita eta amari esango, lotsa handi ematen dit. Ezingo nuke jasan.

-Nahi duzun bezala.

Bidaiari gehienak, batzuk barrez besteak ozen hitzeginez, autobusetik jaitsiak ziren ordurako eta gidaria Akeem eta Rokiaren zain zegoen.

Rokia isilik geratu zen. Akeem zain geratu zen, jakin minak barruak sutzen zizkion bitartean.

-Bema izena du.- bota zuen azkenean Rokiak erdi lotsatuta. Negarrez hasteko zorian zen.- bi edo hiru bider bakarrik ikusi dut... gustatu egin zitzaidan eta... berarekin geratu nintzen gau hartan. Ez dakit berataz ezer askorik... baina bai non bizi den. Bere txabolan bortxatu ninduen- amaitu zuen Rokiak negarrari ekiten zion bitartean.