31. Kapitulua

Kholek ez zuen aspaldian zoriontasuna hainbeste indarrekin sentitu. Ez zuen zalantzarik egiten zorion iturri haren nondik norakoan pentsatzean. Akeem zen berak guzti hura sentitzearen errudun. Mutila ikusten zuen bakoitzean gero eta gehiago gustatzen zitzaion. Bere independentzia asko estimatzen zuen pertsona zenez, saiatu zen bere buruari guzti hura gezurtatzen. Zaila egiten zitzaion mutil batekiko horrelako dependentzia zuela onartzea. Baina ezin zituen bere sentimenduak ezkutatu. Eta ez zituen ezkutatu nahi. Egun batzu lehenago, sekula emandako pasiera zoragarriena eman zuen Kholek. Akeemen ondoan izan zen. Beraien auzo txiro eta tristetik irten eta itzulinguru luze bat eman zuten, bata bestearen ondoan. Denetaz hitzegiteko parada izan zuten: Bakoitzaren ametsak, penak, ilusioak, desirak, gogoak. Malanje eta Afrikako gorabeherez eztabaidatu ziren, Rokiariaren sorte txarraz, Kholeren esne saltzearen arrazoiez, Akeem eta bere kafe sailetako lanaren gainean... Kholek irrifar txiki batekin pasatzen zituen egunak ordutik aurrera. Amak luze gabe galdetu zion zerbait gertatzen ote zitzaion eta berak, mekanikoki, ama engainatu gabe, ezetz erantzun zion. Lanean berriz, behin baino gehiagotan erratu zen, bere bezeroen harridurarako. Khole oso arduratsua zen eta bezeroak asko zaintzeaz gain, amorru ikaragarria ematen zion akats eta despiste inozoetan erortzeak. Hiruzpalau ordu paseak izango ziren Akeem eta Khole berriz etxera itzuli zirenerako. Aspaldian ez zela horren ongi sentitu esan zion Akeemek, Kholeren harridurarako. Beste batean errepikatzeko gelditu ziren, baina Akeemek Rokiari egin beharreko azterketa batzu zirela eta, Luandara joan behar zuela esan zion. Handik itzulitakoan hitzegiteko geratu ziren, bata bestearengandik aldentzeko batere gogorik gabe. Zorte ona opatu zion Kholek eta laster batean Rokia ezagutu nahi zuela gogoratu zion. Horrela izango zela erantzun zion Akeemek. -Dena den, hori baino lehenago gauza bat egin nahi nuke.- bota zion Akeemek maltzur aurpegiz. -Gauza bat?- Errepikatu zuen Kholek, Akeemek buruan zerabilena asmatu nahirik. Beste ezer esan gabe, burua makurtu eta musu luze eta goxo bat pausatu zion Akeemek. Urduri haseran baina gero eta lasaiago gero, musuaren zorabioan erori zen Khole, mutilaren xarma eta sentsualitate guztiaz gozatu nahian.