30. Kapitulua

Minutu gutxiren buruan keinu bizkor eta urduriko erizain bat Akeemen galdezka iritsi zen. Bere atzetik abiatu zen pasilu luze eta estuen artetik. Erizainak presa zuela zirudien eta pare bat minuturen ondoren 119. gela seinalatu eta ezer esan gabe bere bideari jarraitu zion. Akeemek ez zuen eskerrak emateko astirik ere izan.

Gelako atea astiro ireki zuen, barruan ikusi behar zuenak beldurra emango balio bezala. Gela handi eta zabala zen. Izara zuriko bi ohe ikusi zituen Akeemek baina bat hutsik zegoen. Paretak more argiz zipristinduta ageri ziren. Rokia ohean etzanda zetzan, pentsakor, begiak leihoan tinkatuta baina bestaldean antzematen ziren eraikinetan erreperatu gabe.

-Kaixo Rokia, dena ondo?- Hasi zen Akeem ahal izan zuen umoretsuen arrebaren ondora gerturatzen ari zela. Gero, makurtu eta beso luze bat eman zion masailean.

-Lehen ez zenuen horrelakorik egiten- bota zion hotz Rokiak.

-Horrelakorik, zer?

-Ez zenidan horrelako musurik ematen. Marari bai, baina niri sekula ez. Orain etengabe egiten duzu, konturatu gabe, ziur asko.

Hau esan eta begiak malkoz bete, biak bat izan ziren. Akeemek ez zekien zer egin. Egoera hark gain hartzen zion eta ez zuen ikusten egindako ezerk bere arrebaren mina samurtzen zuenik. Bere ordez ama etorri izatea desiratu zuen orduan. Emakumea eta ama izanik, bera baino hobeto ulertuko zuen egoera latz hura eta aurre ere halaxe egingo zion.

Baina ama ez zegoen han, berak etorri nahi izan zuelako eta berak lagundu behar zion Rokiari, nola edo ala. Arrebak aurpegia esku batez estali eta negarrari ekin zion, barru-barrutik zetorzkion uholdeak gelditu ezinik.

-Rokia, entzuidazu. Pasatuko da, badakit gertatu zaizuna ikaragarria dela, baina..... denborarekin desberdin ikusten dira arazo larrienak ere. Zauriak isten direnean, beste modu batean ikusiko duzu dena.

-Dena beste modu batean ikusi? Ez, Akeem ez. Nahikoa ikusi dut dagoeneko. Ez daukat gehiago ikusi beharrik.

Rokiaren azken hitzek ezustean harrapatu zuten Akeem. Garraisika hasi zitzaion arreba une batean, bere onetik aterata. Akeemek bazekien hau seinale ona zela. Ia hilabete igaro zen Rokia bortxatu zutela eta denbora luze horretan ez zuen oraindik bere amorru guztia ateratzeko aukerarik izan. On egingo ziola uste izan zuen Akeemek.

-Horretaz ere hitzegin beharko dugu.- esan zion tarte baten ondoren.

-Zertaz?

-Gau hartan…- jarraitu zuen Akeemek urduri- gau hartan zer gertatu zen azaltzeak on egingo dizu.

Bazekien elkarrizketa eremu arriskutsura zeramala. Rokiak denbora behar zuen buruan etengabe biraka zituen mamuak ahantzi eta bizitzari hasieratik berriro ekiteko. Momentu hartan ez zuen konfiantzarik, ez bere buruan eta are gutxiago besteengan.

Ingurukoen laguntza guztia eta bereziki bere kemenak, erakutsiko zioten zailtasun eta tranpaz jositako bide luze haren amaiera.

Akeem primeran jabetzen zen egoeraren larritasunaz baina Rokiari lagundu ahal izateko, lehenengo egia jakin beharra zuen. Egiak min handia egin zezakeen arren.

Bitartean, Rokiak negarrez jarraitzen zuen. Aurpegia estaltzen zion eskua kentzen saiatu zen Akeem, baina Rokia ez zegoen bere itxura erakusteko prest.

-Nola izan nintzen horren tuntuna?- esan zuen halako batean, malko artean oraindik.

-Tira Rokia, mesedez... zu ez zara tuntuna, ondo dakizu hori. -Ni ez nago horren seguru.

-Zergatik diozu hori?

-Mutilak ezagutzen nituela uste nuen... bat behintzat.- zalantzan esan zituen azken hitzok, Akeemi zeharkako begirada bat bota ostean.

Akeem segituan ohartu zen Rokiari entzundako azken hitz haiek oso garrantzitsuak zirela. Galdera batzuk zeharkatu zuten bere burua alde batetik bestera, baina mingainera heldu baino lehen gelditu zituen. Denbora eman behar zion Rokiari.

-Ez dut gehiago beste mutilik ezagutu nahi... sekula ez.

-Rokia, normala da orain hori pentsatzea baina… mutil guztiak ez dira berdinak. Ezta gutxiago ere. Asko eta asko dira, gehienak nik uste, emakume bat behin ere joko ez luketenak.

-Nola dakizu hori?- bota zion lehor Rokiak.

-Pertsonengan fidatzen ikasi behar dugu, batzuetan zaila izan arren.- tarte baten ondoren honela jarraitu zuen- Dena den, egia da ez nukeela hain erraz hitzegingo zure lekuan banengo.

Rokiak ez zuen erantzun oraingoan eta Akeemek elkarrizketari beste norabide batetik heldu nahi izan zion:

-Orain entzuidazu Rokia, arren. Badakit ez dela momentu egokiena izango baina galdera batzu egin nahi nizkizuke.

Rokiaren begiak Akeemen aurpegitik leihorantz biratu ziren, entzun zuenaren aurrean ihes egin nahian bezala.

-Ezagutzen zenuen ezta? Hau egin dizuna lehenagotik ezaguna zenuen? Rokia !!!

Rokiak lehenxeago aipatutako esaldi hark, (mutilak ezagutzen nituela uste nuen… bat behintzat) ze pentsatua eman zion Akeemi. Arreba bortxatu zuen mutil hura ezagutzen zuela ulertu zuen eta hotzikara batek zeharkatu zion bizkar hezurra bapatean goitik beheraino.

Bazekien Rokiak ez ziola haren berririk emango, aurretik pixka bat behartzen ez bazuen behintzat. Ez zen momentu hoberena, baina Akeemek ezin zuen gehiago itxaron, egia jakin beharra zuen.

-Rokia !!! Ez duzu ulertzen !!! Nor den esan behar didazu !!!- Konturatzerako, oihuka ari zen Akeem. Rokiak berak ere harrituta begiratu zion, zer esan asmatu gabe.

-Zertarako? Izen bat esanda, barruan dudan tristura aterako zaidala uste duzu? Horrekin zerbait konponduko dela uste duzu?- Rokiak barruan pilatuta zeraman amorru guztia atera zuen azken hitz haiekin. Nekatuta sentitzen zen eta ahalik azkarren amaitu nahi zuen.

-Arrazoia duzu...- erantzun zion Akeemek- zure zama eta tristura ez du pixkatean ezerk arinduko, ziurrenik ez da horrekin ezer konponduko. Edo agian bai... pentsatu duzu zuri hau egin badizu, beste neska batzuei ere egin diezaiekela? Agian egin du dagoeneko.

-Ixo, ixil zaitez- garraxika erantzun zion ahal izan zuen ozenen Rokiak.

-Ezin dut Rokia, ezin dut. Ez duzu ikusten? Beste neska batzuei berdina egingo dio ezer ez badugu egiten.

Erizain lodi eta txiki bat sartu zen bapatean gelan, bien eztabaida moztuz. Zerbait gertatzen al zen galdetu zien, garraxiak entzun eta arduratuta sartu zela. Ezetz erantzun zioten biek, erdi lotsatuta, asko sentitzeaz gain ez zutela gehiago arazorik sortuko.

Erizaina joan zenean, ixilik gelditu ziren anai-arrebak, bakoitza bere pentsamenduetan murgiduta.

Akeemek sentimendu kontrajarriak zituen. Bere arreba horrela estutu beharrak min egiten zion eta are gehiago, une ilun haietan. Baina ezin zuen kontu hura erdi bidean utzi. Bortxatzaileak, alde batetik Rokiari egindakoa ordaindu behar zuen. Bestaldetik neska gehiago arriskuan egon zitezkeen, eta besoak gurutzatuta gelditzea ez zen bidezkoa.

Urduritasuna aldendu nahian, leihora gerturatu zen, sosegu apur bat aurkitzeko esparantzan, paisaiak zer pausu eman erabakitzen lagunduko ziolakoan.

Rokia nahastuta zebilen, erabat. Azken asteak ikaragarriak izaten ari ziren eta norabidea aurkitu ezinik zebilen neska gaztea. Bere inozentzia eta xamurtasun guztia galdu zituen gau madarikatu hartan eta orain, bapatean, bere hamazazpi urteetan ezagutu gabeko bizi bati aurre egin behar zion. Egun batetik bestera. Aldaketa handiegia zen,

egun gutxi batzuetan barneratzeko. Ez zekien gertatu zitzaiona kontatzeak merezi zuen, jendeak ulertuko ahal zion, lagundu edo baztertuko zuten, beldurrak ez zion lo ondo egiten utzi nahi begiak itxi ezkero gertatutakoa berriro heldu zitekeelakoan...Eta guzti haren gainetik, arnasak biriketara iristeko arazoak zituela iruditzen zitzaion hitz izugarri batzuk, ia etenik gabe, belarrietan behin eta berriz entzuten zituen bitartean:

Hobe duzu hau ez inori kontatzea, bion sekretua izango da.

-Rokia, lagundu nahi dizut baina ez dakit nola. Ez baduzu ezer esan nahi, ondo dago. Saiatuko naiz ulertzen. Zuregatik. –Akeemek arrebari begiratu zion, ahal izan zuen goxoen.

Rokiak postura aldatu zuen ohean, pentsamendu txarrak aldendu nahian. Ez zen horren erraza ordea.

-Nekatuta nago, lo egin nahi nuke.

-Ondo da.

Ia gauerdia zen Akeemek logelako argiak itzaldu zituenean. St. Joseph hospitala isilik geratu zen minutu batzuk geroago, hospital erraldoi bat izan beharrean hilerri txiki eta xume bat izan balitz bezala. Hala ere, arretaz egon ezkero, entzun zitezkeen noizehan behin, larrien zeuden gaixoen geletara zihoazen erizainainen joan etorriak.

Rokia eta Akeemek, oso nekaturik izan arren, entzun zituzten joan etorri hauek. Ez zuten gau osoan begirik biltzerik lortu.