29. Kapitulua

Akeemek hirugarren aldiz ekin zion Afrikako natura basatiari buruzko aldizkaria ikus eta irakurtzeari. Elefanteen bizitzari buruz erreportai berezi batez osatua zegoen alea. Bertan, munduko animalia handi eta pisutsuenen artean zeudela jartzeaz gain, benetan sentipen eta adimen garatuko animaliak zirela goraipatzen zuen. Adibidez, beraien arteko bat hiltzen zenean, taldeko beste kide guztiak inguruan biltzen zitzaizkiola azaltzen zuen erreportaiak, errespetu eta saminez beteriko une latz eta hunkigarri batean. Idazleak esatera, oso antzekoak izan zitezkeen pertsonek eta elefanteek kide bat galtzerakoan erakusten zituzten sentimenduak.

Alde batera utzi zuen aldizkaria Akeemek. Ez zeukan burua une hartan elefanteen bizitzaz ausnartzeko. Hospitaleko hirugarren solairuan zegoen, berde argiz apaindutako itxaron gela zabal eta eroso batean. Ondoan hiru agure zituen, isildu gabe hitz egiten, elkarri astirik eman gabe, nork azkarrago eta ozenago, txapelketa batean baleude bezala. Ezkerreko horman, kartel handi batek goxo hitz egiteko agintzen zuen baina ez zirudien agureak ari kasu egiteko asmorik zutenik.

Hankak luzatu eta paseotxo bat egitea pentsatu zuen Akeemek. Aurrean erloju handi bat zuen baina eskumuturrean zuenari gustoa hartzen ari zenez, ari begiratu zion. Arratsaldeko bederatziak jotzear ziren. Kezkatzen hasia zen. Rokia seirak eta laurdenetan sartu zutela kontuan izanda, ia hiru ordu ziren arreba ikusi gabe zegoela. Erizainak lasai egoteko esan zion bi bider, baina ez zuen honek askorik lasaitu Akeem. Gutxienez, ze proba egiten ari zitzaizkion jakiterik balu !!!

Biriketan zuen arnas guztia bota zuen, kristal erraldoien ondotik ibiltzeari ekitearekin bat. Luandako zerua gauak menperatuta zegoen dagoeneko. Ilargia bakar-bakarrik ageri zen zeruan eta izarrak, agian ilargiaren ondoan egon beharraz aspertuta, beste norabait ihes eginda zeuden. "Malanjen egongo dira", pentsatu zuen Akeemek. "Rokia eta bion zain".

Beherago berriz, hiri handi denen moduan, Luandak lanean jarraitzen zuen, oheratzeko gogo zipitzik erakutsi gabe. Ehundaka auto zebiltzan atzera eta aurrera, lurraren errahietatik ateratako inurri txiki eta nekaezinen antzera. Oinezkoek, errepidea gurutzatu aurretik, bi norabideetan begiratzen zuten, autoetako gidarien habileziaz fidagaitz.

Eskuinera begiratu eta, beste eraikuntza modernu eta luze batekin egin zuten topo Akeemen begiek. Beltz koloreak nagusi ageri zuen eta kristal handi eta sendoak osatzen zuten bere estruktura guztia. Goikaldean, urre koloreko hizki handi eta kurbatuak ikus zekizkiokeen, distiratsu: DEUTSCHE BANK.

Kanpoko banku bat, pentsatu zuen Akeemek, "Deutsche" hark zer esan nahi zuen antzeman ezinik.

Begiak itxi eta, han barruan zer zegoen imajinatu nahi izan zuen. Jende asko ikusi zuen, jende zuri asko, zehatzagoa izateko. Marka oneko erropak izango zituzten soinean, korbata serio eta ederrez apainduta. Esku muturretan berea baino ehun bider erloju garestiagoak. Beltz bakan batzu ere ikusi zituen, erabat lekutik kanpo eta noraezean, zuriek emandako aginduak betetseko esperoan.

Bazekien bere buruak sortutako irudipen soil bat zela, baina era berean, errealitatetik gertu zegoenaren segurtasuna izan zuen.

-Barkatu... zu zara Akeem, Rokiaren anaia?- Erabat ezustean harrapatu zuen Akeem medikuaren ahotsak. Bira eman eta bata zuridun gizon estu eta beltzaranean kokatu zituen begiak. Hogeitamabost urte inguru izango zituen, egun batzuetako bizarra eta begi ertzetan tentsioak sortutako zimurrak nabaritzen zitzaizkion. Akeemi, ezagutzen ez bazuen ere, ondo erori zitzaion berehala.

-Bai, neu naiz.- erantzun zion, medikua zain zuela konturatu zenean.

-Eseriko gara ?- galdetu zion honek, ondoan zituzten eserleku gorri batzu seinalatuz.

-Assitou Youmba doktorea nauzu, Rokiari azterketak egiten aritu den medikua. Oraindik proba batzuk egiten ari dira baina lasai egon zaitezke, ez dirudi Rokiak zauri larririk duenik.

-Ziur... ziur zaude?- Akeemek egundoko lasaitua hartu zuen bapatean.

-Bai. Egia esan, zauri itsusi batzuk baditu baina ondo itxita daude eta denborarekin desagertu egingo dira. Hala ere, ez da hori gehien arduratsen nahuena. Zera... bera orokorrean ondo dago baina bere barruak aldaketa batzu izan ditu.

-Aldaketa batzu? Zer esan nahi duzu?

-Bortxatu egin dute ezta?

Akeemi ez zitzaion gustatu hau entzutea. Oso deseroso sentitu zen, bapatean bilutsik balego bezala. Burua goitik behera mugituta erantzun zion, baietz.

-Normalean, horrelako eraso bat izan ostean, emakumearen barrua aldatu egiten da, hau da, hitz gutxitan esanda, baliteke umetokiak izandako aldaketa batzuk direla eta, zure arrebak ahurrik ekarri ezin izatea.

Ondorengo segunduetan medikuak azaldu ziona asimilatzen saiatu zen Akeem. Ez zitzaion arrisku hura zegoenik ere burutik pasatu. Munduko edozein herrialdetako edozein emakumeentzat, jaso zezaketen berri txarrenetariko bat zen hura. Baina Afrikako emakume batentzat umerik ezin ekarri izana oraindik eta larriagoa zen. Umerik ekarri ezin zuen emakumea, emakume baztertua izaten zen. Gizonek, emakume antzuak alde batetara uzten zituzten, Afrikan umerik gabeko familia bat beti zorigaiztokoa izaten zela uste bait zen. Pobrezia, ezjakintasuna eta prejuizioak ziren sustrairik gabeko sineskeri hau mantentzeko arrazoi nagusiak. Zuzenean, egun batetik bestera, marginatuak bihurtzen ziren emakume hauek.

-Dena den, oraindik ez nago erabat ziur, esan bezela, proben emaitza guztiak jakindakoan hitzegingo dugu lasaiago. Hala ere, ez dizut esparantza faltsurik eman nahi eta, lehen inpresioan uste izan dudana esan dizut.

-Berari zerbait esan diozu?

-Ez. Ez dut uste egun batzuetan esatea komeni denik. Oraindik ahul samar ikusten dut eta pixka bat indartu arte, ez zaio ezer esan behar. Kalte egin diezaioke.

-Ondo da. Ikusi nahi nuke.

-Noski, baina minutu batzuk itxaron beharko duzu. Probak amaitu eta gelara jaisten dugunean, abisatuko dizugu. Dena den, gaurko gaua

bertan pasatzea izango du onena. Lasai, bere ondoan lo egin ahal izango duzu horrela nahi izan ezkero. Orain, sentitzen dut baina, operazio bat daukat.

Assitou doktorea mugimendu azkar batez jeiki eta aldegitera zihoan.

-Eskertzen dizut guztia. Milesker bihotzez.- Akeem ez zegoen eskerrak ematen ohituta eta nahiko lekuz kanpo sentitu zen.

-Ez da ezer. Horretarako gaude. Beste zerbait behar baduzu, hotsegin edozein erizaini. Laguntzeko prestatuta daude.

Horrela egingo zuela hitz eman zion Akeemek. Medikuak pauso batzu eman zituen baina zerbait ahantzita edo, gelditu eta Akeemengana itzuli zen. Honi astiro begietara begiratu eta honakoa galdetu zion, hitzak ondo aukeratu eta gero:

-Hau nork egin dion ba al dakizue?- Assitou doktorearen begiek aurrez erakutsi gabeko intentsitate maila berri bat erakusten zuten orain.

Akeemek ez zuen galdera hura espero eta tarte baten ondoren ezetz erantzun zion buruarekin.

-Infernuko garren artean erre dadila, besterik ez du merezi horrelako gauza bat egiten duenak.- eta hau esan ondoren, etorritako bide berdinetik desagertu zen.