28. Kapitulua

Egun batzu oso urduri zeramatzan, bere onetik erabat irtenda. Neska bortxatu zuenetik aste batzu igaro ziren eta une arriskutsuena joan zela uste izan zuenean, Joma etorri zitzaion. Dena ikusi omen zuen. Nola utzi zuen bide bazterrean neskaren gorputza, konortea galdu beharrean. Haseran, Jomak txantaia egingo ziola iruditu zitzaion. Zertarako joan behar zuen bestela berarengana? Zorionez, ez zen horrelakorik gertatu ordea. Jomak, oso urduri, arazotik at gelditu nahi zuela argitu zion. Berak ez ziola inori ezer esango, ez kezkatzeko horregatik. Bera abisu bat ematera joan zitzaiola, besterik ez. Akeem izeneko gazte bat, bortxatutako neskaren anaia bera, galdezka omen zebilen. Jomaren etxean agertu zela, honek gutxien espero zuenean. Galdera pila bat egin eta gero, bere arreba aurkitutako lekura laguntzeko erregutu omen zion. Jomak ez zuen horrelakorik egin nahi baina, ezezko batez erantzunda egoera okertu bakarrik egingo zuenez, laguntzea erabaki zuen.

Ez zen aparteko beste ezer gertatu. Neska aurkitako lekuan beste galdera batzu egin zizkion Akeemek baina ezer berezirik lortu gabe joan behar izan zuen.

Hitzak totelka ateratzen zitzaizkion Jomari, hitzegitean mihia hortz artean korapilatu izan balitzaio bezala. Gero, Jomaren beldurrik ez zuela eduki behar konturatu bezain laster etxera bidali zuen. Koldarregia zen gizon hura bere aurka ezer esateko. Hori bai, joaten utzi aurretik, seguru egon beharra zeukan. Tentuz ibiltzeko gomendatu zion. Zerbait esaten ausartzen bazen, berak moztuko ziola, labana zorrotz baten laguntza hutsarekin, baldar eta motel erabiltzen zuen mingain puzka hura. Garbi utzi zion bera ez zela txantxetan ibiltzeko gizona. Halaxe agindu zion Jomak, lasai egoteko, ez zuela berak ezergaitik ahorik irekiko.

Joma joan eta gero, egoerari errepasu bat eman nahi izan zion. Bazekien neskatxak ez zuela ezer esateko ausardiarik bilduko, izutuegia egon behar zuen horretarako. Ziur berak erabilitako meatxuak mila bider entzuten zituela, buruaren alde batetik bestera, kanporatu nahi baina ezinean. Jomak ere ez zuen ezer esango. Gizon ona zela bistan zen baina beldurrak (zerbait esateak ekarriko zizkion ondorioak) ez zion utziko ganoraz erabakitzen.

Beraz, itxura guztien arabera, benetazko mehatxutxat, Akeem izeneko anai hura bakarrik geratzen zen. Bai zorte alua berea! Neska bat bortxatu, eta anaia zetorkion orain bere atzetik, kontu eske!

Egia esan, bere errua izan zen. Oraindik ez zekien zergatik jokatu zuen horrela. Neska hura asko gustatu zitzaion... oso ederra zen. Begi beltz handi haiek, gerri estu hura, ezpain mardulak... ezin izan zuen jasan. Beste asmo batekin erakarri zuen txabolara baina... han ikusi zuenean, gauaren erdian, inoren trabarik ez inguruan, xume eta gozo, hain misteriotsu eta zoragarri....burua joan zitzaion, erabat.

Bazekien, neurri handi batean, arazoak ahanzteko egin zuela. Nazkatuta zegoen bizitza hartaz, sufrimentu eta nekeez. Lanpostu duhinik ez, droga ate joka bazter guztietan, egunero miseria berbera bizitza madarikatu hartan... nazkatuta zegoen eta bapatean aukera hura, neska hura bere alboan bere buruarekin gutxien sinesten zuenean... ezin izan zion aukerari alde egiten utzi.