27. Kapitulua

Autobusa Luandan sartzear zegoen. Zerua triste ageri zen, gris koloreko hodeiez beteta. Euria egiteko gutxi falta zuela zirudien eta agian Luandan Malanjen baino euri gehiago egingo zuela pentsatu zuen Akeemek. Aspaldian ikusi gabe eta, euri zaparrada bat ikusteko gogo biziz zegoen gaztea. Gainera, ez zen ikustea bakarrik. Euria egin ostean lurrak usten zuen usai heze eta basati hura maite zuen Akeemek.

Bidaia uste baino gogorragoa suertatu zen. Ia zazpi ordu behar izan zituzten azkenean Malanje eta Luanda arteko errepidea betetzeko. Bideko batxe eta zailtasun guztiei, gurpilek izandako bi zuloak gehitu behar zitzaizkien. Bietan Akeemek lagundu zion gidariari gurpila aldatzen. Edo alderantziz esan beharko litzateke. Izan ere, gidariaren patxada ikusita, Akeemek berak aldatu zituen azkenean. Hau dena gutxi balitz, Luandara iritsi baino hamabost kilometro lehenago, Ndalatando izeneko herri txiki batean, autobusa gelditzea erabaki zuen gidariak inorri ezer esan gabe. Denen harriduraren aurrean, segituan itzuliko zela agindu zien gidariak. Azkenean "segituan" hori ia ordu betez luzatu zen eta itzuli bezain azkar non ibili zen itaundu ziotenean bere seme bati bixita azkar bat egitera joan zela argitu zuen gidariak. Huraxe zen Afrika.

Akeemek Rokia esnatu zuen Luandara iristear zeudela. Bazekien Rokia ez zela kapitalean izan azken urteotan eta zentzu bat baina gehiagotan harrituta geratuko zela. Errepideak nabarmen egin zuten hobera hirian sartu aurretiko azken kilometroetan eta autoen abiadura azkarrak txundituta utzi zituen bi gazteak. Pixkanaka, Luanda erdialdeko edifizio handienak agertzen hasi ziren, txikiagoei beraien nagusitasuna garbi erakutsi nahian. Baina beste zerbaitek utzi zuen Rokia zorabioak eman beharrean: Itsasoak.

Ozeano atlantikoak han bertan isurtzen zituen, Luandako itsasertze hartan eta sekula nekatu gabe, berak sortu eta hainbeste maite zituen olatu umelak.

Oraindik autobusetik jaitsi gabe, eta begiak miresmenez beterik, itsaso ameslari eta amaiezin ari begira geratu zen Rokia. Ezin zituen begiak handik urrundu, hori egiten bazuen itsasoak beste norabait ihes egingo zion beldurrez.

Horrela zegoela Akeemen ahotsa entzun zuen bere atzetik:

-Noiz etorri zinen azken aldiz?- Galdetu zion anaiak jakin minez.

-Aspaldi… oso aspaldi.- Rokiari malkoak ateratsen hasi zitzaizkion. -Ez zinen itsasoarekin gogoratzen?

-Bai, baina…Ez nuen horrelakoa gogoratzen.- tarte baten ondoren hau galdetu zuen- Beti izan da horren handia?

-Baietz uste dut, agian handiagoa ere izan zen duela urte asko.

-Lastima eran ezin izana. Afrikaren arazo asko konponduko lituzke ur guzti horrek.

-Bai, egia da.

Autobusak Luandaren erdigunean utzi zituzten. Zorionez, hospitala ez zegoen oso urruti eta aurretik Malanjeko erizainak helbidea emana zien. Momentu batean erdi galduta ibili ziren anai-arrebak, ez bait zeuden horren hiriburu handian ibiltzen ohituak. Laster konturatu ziren biak jende gehiena Portugaldarrez mintzatzen zela. Malanjen normalean Bantua hitzegiten zela kontuan hartuta arazo txiki batzuk izan zituzten hasieran, hizkuntza ez jakiteagatik baina gehiago, ez zeudelako erabiltzen ohituak. Baina Akeemek erabili behar izaten zuen aldian behin kafe sailetan, Joao edo bere laguntzaileekin elkar ulertzeko.

Amona zahar bati itaundu zioten eta honek, adeitsu, oso gertu zirela adierazi zien. Eskerrak eman eta hark emandako aholkuei jarraituz, laster heldu ziren bi gazte St. Josephs holpital erraldoi eta dotorera. Aditu askoren arabera, hospitale hura Afrikako hoberenen artean zegoen, El Cairo, Marraquech edo Nairobiko hospitaleekin bateratsu. Hiru pisutan banatuta zegoen eta zementuz, altzairuz eta kristalez egina zegoen ia osotasunean. Besteak beste, gaixoentzako zazpirehun eta berrogeitamar gela, hogeitahamazortzi igogailu eta ehun eta hamasei itxaron gela zituen. Gainera, St. Joseph hospitalea Afrika osoko lehena izan zen droga menpekotasuna zuten pertsonen aurrean tratamentu aurrerakoi eta bereziak eskaintzen. Egiptoko arkitektu garrantzitsuenetako batek egin zuen zortzi urte lehenago eta guztiak bat zetozen egindako inbertsioak pena merezi izan zuela. Azken urteotan eta merezimendu guztiz, Luandako ikur eta adibide nagusienen artean kokatu zuten herritar eta aditu guztiek. Harrotasunak gain hartzen zien eraikin hartaz hitz egitean.

Txunditurik egon ziren begira Akeem eta Rokia minutu bakan batzuetan, Afrikak beste behin eskaintzen zien kontrasteen aurrean erreakzionatu ezinik. Beraiek Malanjen zuten etxetxo txikia eta aurrean harro ageri zitzaien hospitale erraldoi hura, mundu bertakoak al ziren? Biak Afrika eta Angolaren parte ziren?

Ez zituzten hitz haiek altuan adierazi baina bazekiten bata bestearen pentsamenduen aria nondik zebilen.

-Tira, sar gaitezen- Aurreratu zen Rokia.

-Ez zaude urduri ? –Galdetu zion bapatean Akeemek.- Badakizu zer proba egin behar dizkizuten ?

-Ez dakit zer egin behar didaten. Baina…ez didate behintzat minik emango ezta ?

-Ez. Ez nieke utziko.- Esan zion Akeemek zihur egon gabe. Gero nekatu gestu bat egin zuen.- Nahiago nuke zure lekuan banego...

-Mutil batek ezingo du nire lekuan sekula egon.- Erantzun zion Rokiak azkar.- Tira, goazen barrura, lehenbailen bukatu nahi dut.

Batera sartu ziren St. Joseph hospitalearen sarrera nagusitik. Akeemek Rokiari eskua bizkar atzetik pasatu eta ahal izan zuen leunen estutu zion, buruan musu bat pausatzen zion bitartean. Izaten dira, aldian behin, gizon edo emakumeak beste gizakion gertutasuna eta maitasuna bereziki behar ditugun uneak. Hura, zalantzarik gabe, une horietako bat zen eta Rokiak barru-barrutik eskertu zuen Akeemen keinua.