26. Kapitulua

Akeem eta Rokiak Luandarako bidea hartu zuten Igande goiz eguzkitsu eta sargori batean. Zerua erabat urdin agertzen zen, ez zen hodei bakar bat ere ikusten. Eguzki bizi eta erraldoi hura zen nonbait zeruaren urdinari kontraste apur bat egiten ausartzen zen bakarra. Ostiral gabean amak eta Akeemek hizketaldi luze bat izan zuten. Arratsalde hartan noizean behin herrixkan agertzen zen erizain horietako bat gelditu omen zen nonbait beraien etxean. Rokiari buruz galderak egin eta gero, proba batzu egin zizkion neskari. Amaieran nahiko ondo zegoela adierazi zion baina era berean Luandara joatea komenigarria izango zela adierazi zion. Han, presarik gabe, hobeto aztertuko zuten eta berri gehiago emango zizkioten.

Amak ondo zeritzola esan eta joango zela agindu zion. Akeemek ez zuen zalantzarik izan:

-Ni joango naiz berarekin ama.

-Ez, nahiago dut neuk joan.

Eztabaidan luze aritu eta gero, lortu zuen Akeemek azkenean bere helburua. Azken egunotan, ama ez zen Rokiaren aldamenetik mugitu ere egiten eta ondo etorriko zitzaion deskantsu pixkat. Egun bat berarentzat izatea, alegia. Gainera, Akeem gogo biziz zegoen Rokiarekin bakarka egoteko, arreba ondo zegoela zihurtatu eta zerbait aterako zion itxaropenez zegoen. Honetaz gain, Akeem Malanjetik ateratzeko irrikitan zegoen. Baziren lau urte Luandara joan ez zela eta kapitalera itzultzeko beharra sentitzen zuen.

Berarekin joan nahi zuen galdetu zionean berdin zitzaiola erantzun zion Rokiak.

Hiru kilometro oinez egin behar zituzten autobus geltokira iristeko. Gogor egiten saiatzen zen arren, Akeemek azkar nekatzen hari zela igarri zion arrebari. Bi aldiz atseden hartzera gelditu nahi zuen galdetu zion.

Bietan buruko ezezko batekin erantzun zion Rokiak.

Autobusa, Afrikan normala zen legez, ia ordubeteko atzerapenarekin iritsi zen. Ez zen han inor kexatu eta autobuseko gidaria zen gizon zahar eta lodiak ere ez zuen berandu iristearen arrozoirik adierazi.

Aurrekaldean eseri ziren Rokia eta Akeem. Neskak ez zuen ia ahoa zabaldu ere egin. Akeemek egindako galdera guztiei "bai" edo "ez" soil batekin erantzuten zien. Zuen pazientzia guztia beharko zuela pentsatu zuen Akeemek. Guzti-guztia.

Azkenik, biriketako arazoak dituen agure zahar batek egin ohi duen moduan, asko kostata baina atera zen autobusa, zarata kexatu eta arraroen artean. Gainezka zihoan . Berez gehienez ere berrogehitamar bidaiarirentzat eginda bazegoen ere hirurogeitasei pertsona zihoazen egun hartan. Ume, gazte, heldu eta agure denak bat. Horiez gain, sei oilo, bi zakur eta ahuntz bat ere bai.

Malanje eta Luanda kapitalaren artean ehun eta hogei kilometro inguru zeuden. Lehen mundua izenarekin ezagunak ziren beste edozein herrialdeetan ordu eta erdi edo bi ordutan errez beteko lituzke edozein autobusek kilometro haiek. Baina Malanjeko autobus zahar hartara igo ziren guztiek ondotxo zekiten gutxienez bost edo sei ordu beharko zituztela kapitalera heltzeko. Angolak ez zuen azken hamabost urteetan errepide berriak egiten zentimu eskaz bat ere gastatu. Ez behintzat Luandatik kanpo. Behin baina gehiagotan itaundu zuten honen berri azalpenak emateko Angolako presidente zen Bauda Louma. Honen erantzuna beti berdina izan ohi zen: Angolak bazuela errepide berriak egitea baino behar larriagorik. Eta egia zen. Baina egia zen era berean, urteak joan eta urteak etorri ez zirela presidenteak aipaturiko behar larri hoiek ere konpontzen.

Umeen algara eta jolas artean, ezinezkoa zirudien arren, lo hartu zuten bidaiari asko eta askok. Baita Rokiak berak ere. Umeek ateratako zarata gutxi balitz, errepidean unehoro agertzen ziren zulo eta koskek ez zuten bidaia oso eroso bihurtzen. Baina Afrikako jendea ez zen kexatzen, guzti hura normaltzat zutelako edo kexatzea alferrik zela aspaldi ikasi zutelako. Bidaiak, astiro izan arren, aurrera jarraitu zuen. Akeemek ezker lehiatila zikinaren aurrean irrist egiten zion paisaian pausatu zituen begiak.

Ez zuen ikusi espero ez zuen ezer. Lurra triste eta lehor, oso lehor luzatzen zen, euri jasa amaigabe batekin amets eginez bezala. Han hemenka etxetxo batzu ageri ziren, eta hauen inguruan abere bakan batzuk. Akeemek ez zekien nola bizi zitezkeen pertsona edo abereak inguru haietan. Beraiek gutxienik, tarteka ur potzuren bat edo beste bazuten baina berak ez zuen han holakorik ikusi. Bapatean nekaturik sentitu zen eta handik oso urruti egon nahi izango zuela aitortu behar izan zion bere buruari. Pixkanaka, nekearen ondorioz, gaua nagusitzen hasi zitzaion eta minutu gutxi batzu barru iluntasunak menderatu eta lo gelditu zen.

Zortzi bat urteko neskato batek iratzarri zuen. Ez zekien zenbat denbora igaro zen. Instintoz, Rokiarengana biratu zen. Aurrera begira zegoen, hankak kuxkurtu eta gorputzari pegatuta. Neskatoak beste kolpetxo bat eman zion, bere atentzioa erakarri nahian. Irribarretsu zegoen eta Akeemek bere esku txikien artean marroi koloreko poltxatxo bat zuela erreparatu zuen.

-Zuretzat da.- esan zion neskatxak lotsatu itxuran. Barre gaizto bat atera zitzaion, egitera zihoanaren salatari.

-Niretzat, zer da ba ?- Harrituta Akeemek.

-Txokolate pixka bat.... zuretzat- eta etorri zen lekurantz itzuli zen neskatoa tximista baina azkarrago. Ez zion eskerrak emateko astirik ere eman.

Akeem susmo txarra hartzen hasia zen guzti ari. Ezin zitekeen inguru haietan hain preziatua zen txokolatea eduki eta berari eskaintzea. Nork, eta neska txiki batek. Akeemek autobusaren atzekaldera begiratu zuen eta ez zen batere harritu lau umeren aurpegi irrifartsuak bere mugimendu guztien harretan ikusi zituenean. Poltxatxoa ireki zuen. Bertan, kaka usaia zetorkion bitartean, biribil forma eta marroi koloreko kanika txiki batzu ikusi zituen. Orduan ohartu zen, zihurrenik, autobusera igotzerako ikusi zuen ahuntzarenak izango zirela. Barrez hasteko zorian izan zen, baina hobeto pentsatu ostean, antzerki pixka bat egitea erabaki zuen.

Poliki, umeak ondo ikus zezaten, eskua poltxatxoan sartu zuen.

Gero, marroi koloreko bolatxo bat hartu eta astiro, ahoan sartu zuen. Baina, azken momentuan, ahoan utzi beharrean, kanpora atera zuen behatz artean ondo ezkutatuta. Laster entzun zituen umeek egindako algarak. Dena sinesgarriagoa egiteko, atzera begiratu eta hitzegiteari ekin zion:

-Aizu, eskerrik asko. Bai ona dagoela txokolate hau !!!!!- bota zuen tonto aurpegia jarri eta ahoa mugitzen zuen bitartean.

Oraingo honetan umeek egindako algarak, Malanjetik entzuteko modukoak izan ziren.

Lo zegoen agure bat esnatu eta kexatzen hasi zen, zarata hura guztia zertara zetorren galdezka. Beste batzuk, ia beraientzat ere txokolaterik ba ote zen galdezka hasiak ziren.

Akeemek Rokiarengana zuzendu zituen begiak. Barre txiki bat ikusi zion honi aspaldiko partez, eta aspaldian ikusi zuen barre politena zela pentsatu zuen. Pena zen aspaldian barre eder hura hain gutxitan atera izana.

-Zoratuta zaude- Esan zion Rokiak lehiatilaren bestaldean zegoen paisaiaren begira zegoela.