25. Kapitulua

Jomak etxea atzean utzi eta ibiltzeari ekin zion, ohi baino azkarrago. Gizon lasaia zen normalean baina azken egunotan ez zuen patxadan ibiltzeko aukera handirik izan. Akeem bere etxe aurrean zain ikusi zuen une berberetik jakin zuen arazo larri bati aurre egin beharko ziola. Saiatu zen ahalik eta lasaien agertzen gaztearen aurrean baina honek bere arreba bortxatu zuten lekura joan behar zutela esan zionean, kirioek gain hartu zioten. Ez zekien gazteak zerbait igarri ote zion eta horren beldur zen. Hurrengo zein pausu eman behar ote zuen ausnartzen egon zen, denbora gehiegi again. Azkenerako emazteak ere zerbait gertatzen zitzaion galdetu zion, ohi baino urduriago ikusten zuela eta kezkatzen hasia zela. Barruak ustu eta dena kontatzea pentsatu zuen baina azkenean, ezer ez esatea erabaki zuen. Ez zuen ezarri nahi emaztearen bizkar gainean gurutze astun hura eta gainera, ezin izango zion berari ezertan lagundu.

Madarikazio bat bota zuen ahopean, Rokia aurkitu zuen zorigaiztoko egun hura gogoratzen zuen bitartean. Bai zorte txarra berea !!!!! Goiz ilun eta triste hartan ikusi zuen guztia ikusi ez balu !!! Etxetik minutu batzu lehenago atera izan balitz !!!

Guzti hura alferrik zen ordea. Gainera une batzuetan, lotsatu egiten zen bere portaerarekin. Bere egoera ona ez bazen, nolakoa ote zen Rokiarena !!! Bere irudia etorri zitzaion gogora berriz ere, lurrean trapu zahar bat bezala utzita, amorruaren amorruz negarrez, ahotik odola zeriola... Orokorrean gizon ona zela uste zuen eta saiatzen zen bere seme alabei berarentzat garrantzitsuak ziren baloreak erakusten ere. Maitasuna, esku zabalak izatea, pertsonei ahal zen guztietan laguntzea, bizitzaren arazoen aurrean baikorra izatea...

Ideia hauek zituen buruan Jomak lur gorri nahastuan bere zangoak barreiatzen zituen bitartean. Noizean behin, oinez ibiltzeari utzi eta zer egitera zihoan galdetzen zion bere buruari. Erabaki ona ote zen mutil harekin hitz egitera joatea ? Oraindik garaiz zegoen bira eman eta bere etxeko babesera itzultzeko.

"Ez hadi koldarra izan", bota zion zakar orduan ahots batek barru-barrutik. "Egin ezak egin beharrekoa eta utzi tontakeriak beste baterako."

Bidearen bi bazterretara begiratu behar izan zuen Jomak urduri, begiak bere zuloetatik atera beharrean, segundu eskaz batean ahots ezezagun hura beste nonbaitetik ote zetorren zalantza egiten zuenarekin batera.

Aurrera jarraitu zuen Jomak, lehen baina azkarrago, egiteko zuena lehenbailen amaitzeko gogotsu. Minutu gutxi barru aurkituko zuen begiz jota zuen etxetxoa.

Ia bide berdina bete zuen bi aste lehenago Rokia izeneko neska gazte eta eder batek.