24. Kapitulua

Goseak amorratzen zegoela konturatu zen Akeem etxera iristear zegoela. Eta bera oroitu ez balitz ere, sabelak gogoratuko zion. Sabela, protesta moduan, zarata amorratuak egiten hasi zitzaion. Horrela entzunda, han barruan izaki txiki eta istilu zale bat bizi zela zirudien. Laster isiltaraziko zuela pentsatu zuen Akeemek, kolpetxo batzuk ematen zizkion bitartean. Bitartean, eta segundu gutxiren buruan, gauak erabat estali zuen Malanje. Bazirudien, egun hartan eman beharreko guztiak emanda zegoelako edo, eguzkiak eskutatzeko gogo berezia zuela. Baina, beharbada, ez zuen nahi ilargiarekin bere indarrik neurtu, galtzeko arrisku handiegia zeukala jakinda. Kontuak kontu, uste baino lehenago ilundu zuen, Akeem eta beste askoren harridurarako. Zeruan, oso lotsati izanagatik, agertzen hasiak ziren dagoeneko lehenengo izarrak, han hemenka. Bere txabolatxoaren aurrera iristear zela, pertsona baten itzala antzeman zuen Akeemek. Ezustekoa handia izan zen, gauak ez bait zion uzten nor izan zitekeen igartzen. Mara izan zitekeela pentsatu zuen, baina ez zuten gorputz haren ezaugarriek bere arreba txikienarekin zer ikusi handirik. Bapatean, itzala tente jarri eta beragana hurbiltzen hasi zen, Akeemen ezinegona handiagotuz -Akeem, zu zara ?- galdetu zion neska ahots fin eta ezti batek. -Bai, eta zu... ?- galdera bere ahotik irten bezain laster jakin zuen nor zen neska hura. Konturatu baino lehen, irribarrea atera zitzaion Akeemi. Khole zen. -Zera... Khole naiz.- isilune baten ondoren jarraitu zuen neskak.- ez dakit ondo egin dudan baina… tira hemen etxe aurrean zain egotea erabaki dut eta… -Ondo egin duzu- eten zion Akeemek. Aspaldian izan zuen ezustekorik ederrena zen mutilarentzat.- baina... ez zaitut ezagutu. Gaua iritsi zaigu eta ezin izan zaitut ondo ikusi. -Bai, nire errua izan da. Etorri naizenean argi zegoen oraindik baina uste nuena baino azkarrago ilundu du. Isilik geratu ziren bi gazteak ondorengo segunduetan, zer esan ez zekitela. Akeem txundituta zegoen. Ez zekien zer egiten zuen Kholek bere zain eta neskak hitzegiteko zain zegoen. Bitartean, zereginezean bezala, bere itxura erakargarrian pausatu zituen begiak. Gaua zela eta, ezin zituen bere soineku luzearen koloreak ondo nabaritu baina bai bere gorputz lirainaren forma dotoreak: Lepo luze interesgarria, beso luze eta ederrak, gerrialde boteretsu baina ez zabalegia... Khole urduri zegoen. Oraindik ez zuen oso garbi zertara joan zen ere. Ezin zuen Akeem burutik kendu azken egunotan eta bere arrebari gertatu zitzaiona jakin eta gero zerbait egin behar zuela iruditu zitzaion. Akeemen isiltasuna oso deserosoa egiten ari zitzaion eta, hitza hartzea erabaki zuen: -Pasta batzuk ekarri dizkizut. Apur bat gogorrak dira baina zapore ona dute.- esker eskua luzatu eta Akeemi eman zizkion. -Milesker, ziur gozoak daudela. -Nire familian aspaldidanik egiten dira. Nire amonak amari egiten irakatsi ondoren, honek niri erakutsi zidan.- azaldu zion Kholek. Nabarmena zen urduri zegoela neska. Ia ez zen ausartzen Akeemi aurpegira begiratzen eta lortzen zuenean, segituan kentzen zituen begiak gaztearengandik. -Eseri nahi duzu ?- Akeemek bere etxe aurreruntz keinu bat egin zuen, Khole une bat lehenago eserita egondako leku berera. -Bai, ondo da. Ilargia zeru ilunean nagusitzen hasia zen bi gazteak Akeemen etxearen aurreko koskan jesarri zirenean, nor baino nor urduriago. Argi indarrik gabeko kale estu eta ilun haietan beste leku askotan baina garrantzia gehiago zuen ilargi biribil eta erraldoi hark. Gau hartakoa ez zen oraindik ilargi betea baina Malanjeko herritar soil eta xumearentzat erreferentzia puntu bat bihurtzen zen naturak, gal ez zitezen, bidalitako opari maite erakargarri hura. -Zure arrebarena jakin dut eta ikaragarri sentitzen dut, benetan. -Eskertzen dizut- erantzun zion Akeemek, tarte baten ondoren. -Zer moduz dago ? -Orain, ez oso ondo. Baina, etorriko da bere onera. -Ziur nago baietz.- Khole pixka bat gerturatu eta besoa estutu zion Akeemi, indarra eman nahian. Akeemek azkenengoz egon zirenean nabaritu zion usain berbera igarri zion berriro ere. Segundu batzuez, neskak botatzen zuen menta usain berezi hura barneraino sartu zitzaion eta sarriago usaintzea zoragarria izango zela esan zion bere buruari. -Ondo iruditzen bazaizu, pixka bat indartzen denean, ezagutzea gustatuko litzaidake. –hartu zuen hitza berriro Kholek. Segundu batzuk behar izan zituen Akeemek zertaz ari zen konturatzeko. -Bai, ideia ona da. Seguru ondo emango zaretela. Ia adinekoak izateaz gain, nahiko antzekoak zaretela ere esango nuke, gauza batzuetan. -Adibidez ?- galdetu zion Kholek interesaturik. -Beno, ez dakit...- ez zuen Akeemek galdera hura inondik inora espero eta zer esan ez zekiela gelditu zen.- Rokia... neska argia da, umoretsua, independientea eta oso-oso burugogorra. -Burugogorra ? Beno, ez entzunarena egingo dut. Gainera... zuk ez nauzu ni hain ondo ezagutzen. Oraindik behintzat. -Oraindik...- errepikatu zuen Akeemek barrez. Honetan zirela, beraien atzean ate bat irekitzen entzun zuten. Neska luze eta estu bat azaldu zen atearen bestaldetik, erdi lotsatuta. Mara zen. -Akeem, zu zara ? -Bai, Mara neu naiz. Oraintxe noa. Mara barrura sartu zen berriro, buruarekin gestu bat eginez. Hala ere, atea berriz itxi aurretik, begiratu azkar bat bota zion ezezaguna egiten zitzaion neska ari. -Nahi duzu gurekin afaldu ?- galdetu zion Akeemek esperantzaz beteta.- Ez dugu gauza handirik baina arroz pixkat eta... -Ez, ez. Hurrengo batean akaso. Ama nire zain izango da honezkero.- gertu zuen etxeruntz begirada bat bota zuen neskak. -Nahi duzun bezala. -Hurrengo batean. -Ondo da. -Beno, banoa.- Salto batean jaiki zen Khole. Mutilak berdin egin zuen. -Egongo gara.- Esan zion Akeemek. Baietz egin zion buruarekin Kholek oinez hastearekin batera. Akeemek ezin izan zuen isilik geratu eta honela esan zion, erantzunaren beldur: -Bihar arratsaldean egingo dugu zerbait ? Kholek ibiltzeari utzi zion. Hala ere, Akeemi amaigabeak egin zitzaizkion segundu luze batzuetan, ez zuen birarik eman. Ez zuen neskaren aurpegian azaldu zen irribarrea ikusterik izan. Akeem galdera egiteaz damutzen hasia zela, bira eman eta ondorengoa esan zion neskak: -Bihar arratsaldean ?- errepikatu zuen astiro. -Bai, inguruotan oinez ibili gaitezke, adibidez. -Ondo da. Bihar arte orduan. -Bihar arte. Bai Akeemi eta bai Kholeri, normalean baino gehiago kostatu zitzaien gau hartan lo hartzea.