23. Kapitulua

Egunak aurrera zihoazen Malanjen, etenik gabe. Akeemek lanean xahutzen zituen indarrak, arazoak ahalik eta urrutien mantendu nahian. Alferrik, ordea. Izan ere, arazoak pilatzen ari zitzaizkion, bata bestearen atzetik. Norbaitek, auskalo nork, begiko maldizioren bat bota ote zion pentsatzen hasia zen. Ez zen horrelako sineskerietan erortzen zen horietakoa baina garai batean baino gutxiago izanik ere, bazen oraindik azti, igarle eta era guztietako maldizioetan sinesten zuen jendea. Normalean barre egin ohi zion horretan sinesten zuten guztiei.

Jomarekin Rokia bortxatu zuten lekua arakatu zuen egun hura gogoratu zuen. Saiatu zen zerbait berezia aurkitzen, Rokia gogoratuko zion zerbait, iheslariari eroritako objeturen bat, pista arraroren bat… baina ez zen polizia eta egia esan ez zekien nondik hasi ere. Jomak egindako galdera guztiei erantzun zion eta lasai zegoela zirudien arren, deseroso zegoela iruditu zitzaion Akeemi. Hitz egitea gero eta gehiago kostatzen zitzaion eta laster batean, tartamutuan hasi zen gizajoa. Nabaria zen hitz bakoitza esateko esfortzu ikaragarria egin behar zuela. Agurtu zirenean eskerrak eman zizkion Akeemek berriz ere eta Jomak sekulako deskantsua hartu zuela iruditu zitzaion.

Zerbaitek ihes egiten zion susmoa izan zuen Akeemek, eta ez zen sentipen berdina izan zuen lehen aldia. Baina zer ote zen ???

Ez zen hau Akeemek zuen buruhauste bakarra ordea. Azken hilabeteotan lanari zegozkion zurrumurruek indarra hartu zuten bapatean eta nagusiek deituriko bilera bat deitu ostean azken berriak emateari ekin zioten hauek. Garai gogorrak omen zetozten. Kafearen prezioak merkatu internazionalean izandako jaitsiera nabarmenak eta beste herrialdeek, bereziki Brasil eta Kolonbiak, egindako konpetentziaren ondorioz, gainbeeran zetorren beste garai batean irabazi bikainak lortutako negozioa. Denbora gutxi barru, langileen ehuneko hogeitabosta kalera bidali beharko zutela iragarri zuten nagusiek, denen buru Joao zela.

Guzti hau gutxi balitz, ez zen inolako indemnizazio edo eskupeko berezirik izango langabe geratzen zirenentzat. Ez zeuden beraz gauzak txantxetarako.

Akeemek duda egiten zuen bera ehuneko hogeitabost hartan sartuko ote zuten ala ez. Egoera objetiboki aztertzen saiatu zen, bere ikuspuntua ahaztu eta arazoa nagusien aldetik ikusten ahalegindu zen. Zer egingo luke berak nagusien lekuan balego ? Zein irizpide izango luke kontuan nahi eta ez lan hura behar zuten langileak kalera botatzerako orduan ? Alde ezkorrenetek begiratu ezkero, bere burua kalean ikusten zuen. Lanean bera baino geroxeago hasitako batzu baziren arren, bera oraindik gazteenen artean zegoen. Erabat etsita geratu zen honetaz erabat konturatu zenean. Zer egingo zuen azken urteotan hainbeste izerdi bota eta gero irabazten zuen soldatari agur esan beharko balio ? Zer egin behar zuen Akeemen familiak ? Izan ere, gazteak irabazten zuen soldataren puska eder bat amari eman ohi zion, zuzenean, kobratu orduko.

Hala ere, bazuen baikorrago izateko arrazoirik. Nagusiek bigarren irizpide bat ere izan behar lukete kontutan, zalantza izpirik gabe, beraien onari begiratu nahi baliote behintzat. Akeem kafe sailek aspaldian ikusi zuten langile onenetarikoa zen. Ez zitzaion berari hau esatea inoiz bururatuko baina behin baino gehiagotan entzun zituen bere lanerako doai bereziei buruzko aipamenak. Hartuko ahal zuten nagusiek hau kontutan ? Ba al zekiten haiek nor zen benetan langile fina eta nor ez ? Galdera hauek eta beste mila zituen Akeemek buruan, nahasirik eta orden zehatzik gabe, bilera eginiko arratsalde goibel haren amaieran.

Burumakur heldu zen gurasoen etxera, nekatuta eta inorekin hitz egiteko gogo izpirik gabe. Amari muxu bat eman ostean, Rokiarengana jiratu zen, arrebari hobekuntza bat igarri nahian. Neska eserita zegoen, bizkarra adobezko paretean luzatuta. Akeemek zer esan behar zion pentsatu zuen, beste behin: Baina ez zitzaion hitzik ateratzen. Ez zekien kontu ari nola esku hartu. Bere frustrazioarekin amaitu nahirik, Rokiarengana gerturatu eta musu eman zion kopetean, leun baina era berean tinko, bere izate guztian zuen maitasun dena pilatu eta gero.

Gero amari nekatuta zegoela adierazi eta etxera zihoala esan zion.

-Mara orain dela hogei bat minutu joan da. Patata batzu eta atzoko arroza dituzue afaltzeko. Dagoeneko prestatzen ariko da.- Esan zion amak. Nekatu itxura zuen, esateko zuen hitz bakoitza esfortzu ikaragarri bat eginez esan behar balu bezala.

-Dena ondo ama ?

-Egon litekeen ondoen, seme.- Erantzun zion honek asperen eginez.

-Zer moduz ikusten duzu ?- Akeemek ahopean esan zituen azkenengo hitzok.

-Hobeto dago. Emaiozu denbora, Akeem.

-Ia bi aste igaro dira.

-Eta ? Nahikoak direla uste duzu ? – Segundu batzutan Akeemen begira egon eta gero horrela jarraitu zuen.- Neska gogorra da. Indarberrituko da.

-Ez dakit nola lagundu, ez dakit zer esan...

-Badakit seme, denak berdin gaude.

-Ondo da… Banoa ama. Mara eta Karim zain izango ditut.- Eta hau esateaz bat beste muxu bat eman zion Akeemek.

-Agur seme, bihar harte.

Gaua eguna irenstera zihoan Akeemek gurasoen etxetxoa utzi eta bere txabolara gerturatzen hasi zenean. Baina egun harek ez zituen oraindik erakutsi emateko zituen ezusteko guztiak. Akeemek harridurarako beste arrazoi bat zuen txabolaren atarian, bera noiz helduko zain.