21. Kapitulua

Igande goiza zen Malanjen. Eguzkia atera zela pare bat ordu baziren Akeem iratzarri eta jaiki zenerako. Egun bat izaten zuen astean nahi adina lo egiteko eta normalean ez zen hamarrak edo hamar t’erdiak baino lehenago esnatzen. Lo egitea atsegin zuen. Kanpora atera zen, zer eguraldi zegoen ikusteko asmoz. Eguzkiaren argi izpi argitsuenek gogor eraso zioten, eguzkiaren indarrak parekorik ez zuela erakutsi nahian bezala. Begiak estali behar izan zituen, apurka-apurka argira ohitzen zihoazen bitartean. Neurrigabeko poz batek barrua hartu zion, azken egunotan izandako egun tristeak amaitu eta beste ziklo bat hasia izango zen esperantzaz beterik.

Baina berehala konturatu zen bere buruari gezurretan ari zela, nabarmen. Azken egunetan ageri zuen umore petralak ez zuen eguraldiarekin batere zerikusirik. Rokia zen umore haren arrazoi eta ardatz nagusia.

Ia aste bete pasa zen arreba bortxatu zutela. Nekez pentsa zezakeen oraindik bere familiako norbaiti hura gertatu zitzaiola ere. Horrelako gauzak besteen familietan gertatzen ziren, inoiz ez norberanetan.

Batzuetan, hura gertatu eta gero, munduak ezaugarri bereziren bat erakutsi behar lukeela iruditzen zitzaion. Alegia, Rokiari gertatu zitzaiona gertatu eta gero ere, bere inguruak berdin jarraitzen zuen: Jendea lanera joaten zen, emakumeek erosketak egiten segitzen zuten, umeak algara eta lasterka, agureak kalean gelditu eta berriketan... bazekien ala zela eta ez hori bakarrik, baita horrela izan behar zuela ere. Baina bazuen beste ikuspuntu bat ere. Munduan aldaketa bat ikustea nahi zuen, erreakzio baikor moduko bat. Adibidez, norbati beragana joan eta lasai, hire arrebarekin gaudek, hau ez duk horrela geldituko edo antzerako zerbait entzun nahi zuen. Berezia zen zerbait ikus, entzun edo sentitu nahi zuen. Arrebak jasandako humilazio eta min guzti harengatik, erantzun bat. Bera ere ez zen sentitzen zuen hura zer zen zehatz azaltzeko gai, baina barru barrutik ateratzen zitzaion.

Berrogehi urte inguruko bi emakume pasa ziren bere etxe txikiaren ondotik, farrez lehertu beharrean. Berriro ere pentsatu berri zuena etorri zitzaion burura Akeemi. Baina tira, pentsamenduak alde batera utzi eta egunari aurre egiteko ordua zen.

Etxe barrura sartu zen berriro. Karim eta Mara lo sakonean murgildurik zeuden oraindik. Bigarren gaua pasa berri zuten hirurek Akeemen etxean. Hiru pertsonentzat oso leku urria zegoela eta, Akeemek bere koltxoi zaharra utsi zien biei lo egiteko. Karim segituan kexatu zen, lehen ere Mararekin lo egiten nazkatuta zegoela eta. Akeem erantzutera zihoala Marak berak erantzun zion, zakar:

-Hemen zurekin lo egin beharraz nazkatuta den bakarra ni naiz, entzuten duzu ? Zer uste duzu, zure lo zurrunkekin ondo pasatzen dudala edo ?- Marari bere lepo luzeko zainak ikaragarri poztu zitzaizkion. Gezurra zirudien horren neska gazte batek, horrelako genio txarra erakutsi behar zuenik ere.-

Akeemek eten zuen eztabaida, han berak agintzen zuela argi erakutsiz. Hala ere, Mararen ateraldiak grazia egin zion eta ia beti bezala, bere alde jarri zen.

Barre txiki bat atera zitzaion Akeemi hura gogoratzean. Orain aldiz, bietako bat esnatu beharra zuen. Etxetik irten aurretik mezu bat igorri nahian zebilen. Biak esnatzeak zentzurik ez zuela eta, zalantzan egon zen. Lehenengo Karim esnatzea pentsatu zuen baina gero Larunbat arratsaldean honek egin behar izan zituen entrenamendu gogorrez oroitu zen. Bi saio desberdin egin beharrean egon zen: Haseran fondo luzeko lasterketa amaigabeak eta hauekin nahikoa ez zela eta amaieran sprint motz eta jauzi lasterketak. Anaiak erakusten zuen aurpegia ikusita pena moduko bat sentitu zuen Akeemek eta azkenean Mara iratzarri zuen.

-Mara... Mara esnatu.- Ahalik eta xumeen saiatu zen Akeem, arreba txikiaren gorputza goxoki astinduz, esna zedin. Kostata izan bazen ere, azkenean esnatu zen edo begi bat erdi irekitzea lortu zuen behintzat. Oraindik ume itxura nabarmena zuela iruditu zitzaion Akeemi, buruan ageri zituen bi moino parregarriei begiratzen ziela.

-Mara, entzun arretaz une batean- hasi zen Akeem. Mararen aurpegia ikusita entzuten ari zenik ezin zuen zihurtatu.- entzuten didazu ?

-Baietz, Akeem !!!

-Kalera noa, zeregin bat dut egiteko. Esnatzen zaretenean hor duzue esne pixka bat hartzeko eta gero nire zain geratu bazkaltzeko, ados ? Laster itzuliko naiz. Eta ura ekarri behar da potzutik, hor duzu baldea, gogoratuko zara ?

Mara aldamenera jiratu zen non edo zeinekin zegoen ahaztuta bailitzan. Karim ikusi zuenean, hanka zabalik eta ipurdia erdi bistan edozer modutan etzanda zegoela, nazka gestu bat egin eta honela esan zion Akeemi, lotsagabe:

-Hori esan eta hau ikusteko esnatu ahal nauzu ?

-Horrelakoa da bizitza- bota zion Akeemek barrez hasiaz bat. Egia esan, ez zen esnatu berritan ikusteko moduko paisaia.

-Eta ? Nora noaz ba ?- bigarren begia zabaltzeari ekin zion Marak.

-Gero esango dizut- erantzun zion Akeemek denbora laburrez pentsatu ostean. Buelta eman eta aldentzen hasi zen.

-Orain ere neska txolinen baten atzetik ibiliko zara, seguru.- Marak, axolagabe esan zuen azken hura, berarentzat garrantzirik edukiko ez balu bezala. Akeemek bazekien ordea, axola zitzaiola eta asko gainera. Neska baten inguruan zebilen bakoitzean urduri jartzen zen arreba, urduri edo... jeloskor. Bai, hura zen hitza.

-Beno, banoa. Geroarte. -Esan zion Marari, keinu bat bota honen azken hitzoi kasurik egin gabe. Ontzi txikiko esneari pare bat tragu egin eta kalera atera zen Akeem.

Eguzkiak bortitz eraso zion berriro. Ibiltzeari ekin zion eta luze gabe, kamiseta bularrean nola itsasten zitzaion sentitu zuen. Bi etxe hilaren artean, umeek jolasean ziharduten etengabe, nekea zer den jakingo ez balute bezala, kale osoa beraiena bailitzan. Jolaserako erdi apurtutako baloi bat zerabilten, plaztikuzkoa. Baloia apenas lau urte izango zituen ume batengana iritsi zen, bote okerrak eginez. Umeak, zihurrenik denetan gazteena izango zenak, ilusio nabarmenez begiratu zion baloiari, horrelako aukerak gutxitan suertatzen zaizkionak bakarrik begiratzen dion moduan. Bapatean, indarra hartzeko pausu bat atzera egin ostean, aurrera egin zuen mutikoak, bere bizitzako ostiko ederrena jo eta bidez batez, bere lagunak inpresionatu nahian.

Ez zekien pilotari ze norabide eman eta berdin zitzaion. Berak nahi zuen bakarra, pilota ahal bezain urrun jo eta lagunek bera errespetatzea zen. Besterik ez.

Mutikoak, erabateko konzentrazioz, (mihia kanpora atera eta begiak denbora osoan baloian finkatuz), kolpea bota zion azkenean, ezker hankaz, intentzio osoz. Baloia, erdi apurtuta zegoelako eta baita berak ondo harrapatu ez zuelako ere, itzulinguruka atera, efektu berezi bat hartu eta aldamenean zuen txabola bateko atean sartu zen, ozta-ozta izan bazen ere. Kolpea berak amestu bezain ederra izan ez bazen ere, gustura gelditu zen mutikoa, bere aurpegian agertzen zen irribarreari kasu egin ezkero. Diru mordoa irabazten zuten futbolari ospetsuek ere, nekez sentituko zuten une hartan mutiko hura sentitzen ari zen zoriona.

Hori guztia ikusi eta pentsatu zuen Akeemek beraien aurretik pasatzen zen bitartean. Azkar gertatu zen dena, segundu gutxi batzuetan. Baina nahikoa zen mutikoaren aurpegian ageri ziren gestuei adi egotea, barruan senti zezakeena igarri ahal izateko.

Haurrak atzean utzi eta gero, aurrera jarraitu zuen Akeemek. Jende pila zebilen kalean atzera eta aurrera. Egia esan, ez zen lan egun eta jai egunen artean alde nabarmenik izaten Malanjen. Jende asko lanik gabe zegoela kontuan izan ezkero, logikoa zen adin guztietako pertsonak kalean topatzea unehoro. Zaharrek bere etxe aurreetan ordu ugari eman ohi zituzten, alde batetik bestera ibiltzeaz aspertuta dagoeneko. Beraien bizitzaz edo gazteen arazoetaz nahikoa hitz egin ostean, mahai joku desberdinetan pasatzen zuten denbora.

Gazteagoak, gora eta behera ibili ohi ziren, jendearekin jardunean aritzeaz gain, negozio berri batean sartu eta diru pixka bat irabazteko ahaleginetan beti.

Nerabezaroan zeuden neska-mutikoek aldiz, nahiko zuten neba-arreba txikiagoak zaindu, bizio desberdinetatik urrun mantendu eta eskolara joatearekin. Eskolara joateko zortea zutenek behintzat.