20. Kapitulua

Malanjen bertan, Khole lurrera erori zen lekutik seirehun bat metrotara eta ordu berdinean, beste neska bat zetzan ohean etzanda, loak hartu nahi eta ezinean.

Rokiarentzat azken egun haietako une lasaienak lo egin zezakeen orduetan zeuden. Orduan aurki zitzazkeen esna zegoela lortu ezin zituen bake eta sosegua. Horixe zen egin nahi zuen bakarra: Lo egin.

Lo egitean, dena ahaztu zezakeen. Ez zekin nor zen, non bizi zen, nola izena zuen... eta guztiaren gainetik, lo zegoen bitartean ez zeukan txabola madarikatu hartan gertatu zenaz gogoratu beharrik... Bere garuneko txoko ilun batean, memoriaz arduratzen zen bazter hura deskonektatu ahal izan balu...

Rokiak ez zekien zehatz zenbat egun igaro ziren bortxaketaren ostean. Egia esan, berdin zitzaion. Ozta-ozta antzematen zuen noiz zen egun argi edo noiz gau ilun. Berari bost axola. Ez zuen handik mugitu nahi: Zertarako irten behar zuen bada ? Kanpoko mundu krudel hark mina, gorrotoa, dezepzioa edo tristura bakarrik eman zizkion berari. Zertarako egin borroka ? Mundu hura lortzeko ?

Negarrez hasi zen beste behin, isilean. Amorruak eta tristurak gainezka egin zioten eta ezin izan zuen bere barruko erupzio itzel hura gelditu. Bere burua oso ahul ikusten zuen eta nazka sentitu zuen berekiko. Honek ezin zaitu ondoratu errepikatzen zuen bere baitarako behin eta berriz. Gogor egin nahi zion bere buruari baina ezin zuen. Ez behintzat momentuz. Goizegi zen.

Bazekien ez zuela ezer txarrik egin baina, behin baina gehiagotan lotsak gainezka egingo ziola iruditu zitzaion egun haietan. Sentimentu hura zela eta, ez zen oraindik ama edo aitari aurpegira begiratzen ausartzen. Zer pentsatzen ote zuten berataz ? Zergatik ez zien aita edo amak aurretik emandako aholkuei sekula jaramonik egin ?

Bost urteko haur txiki bat bezala portatu zen eta halaxe ikusten zuen bere burua. Bakarrik, babesgabe, barrua erabat hutsik, duintasun guztia galduta, lotsak gaizezka eginda...

Eskuaz aurpegia estali zuen, etsita. Nola izan zen horren arduragabea?

Irudiak arrapaladan iristen zitzaizkion bata bestearen atzetik, geldiunerik gabe, zein baina zein bortitzago, makurrago, gordinago. Mutilaren esku handi eta indartsuak. Indartsuegiak. Bere aurpegian, bularrean, ilean, sabelean, bizkarrean, ipurdian, iztarretan, hanka tartean...

Eta begi haiek. Minutu eta ordu amaigabeak aurrera egin ahala gero eta desira gehiagorekin, disdira berezi eta basati harekin... barruan zuen animalia asegaitz hura behin eta betiko baretu nahian, sekula lortuko ez zuen askatasun baten bila bailitzan...

Eskua ezkerreko izterraren barrualdera zuzentzen du, astiro eta beldurrez. Badaki han zer aurkituko duen eta zauria ikutu baino lehen ere hotzikara batek sabelaldea zeharkatzen dio, gupidagabe. Irudia berriz ikusten du, nahi ez badu ere. Zigarro baten punta gartsua nabari dezake, usain dezake, jasaten du. Handik aurrera bizitza osoan han izango du, gertatu denaren lekuko, adierazle. Gaztetako egun inozo batean izandako erru bat behin eta berriz gogoratzeko.

Beste irudi batzuk ikusten hasi da Rokia baina zorionez, amaren oin hotsak sentitu ditu orduan, eta hots horiek bere pentsamendu goibel eta ezkorrak uxatzea lortu dute, momentuz bada ere. Ama inguruan sentitzen du denbora osoan, behar duen edozer gauz edo eskariri aurre egiteko irrikitan. Ama une zailenetan aurpegia ematen, beti bezala. Bere edozein semerengatik bizitza bera ere emango luke, seguru. Aita hurrunago dabil. Ez da ama bezain indartsua, ezin du bere alaba, bere begiko alaba, horren lur jota ikusi. Nahiago luke aukeran, infernura jaitsi eta han bertan bere arima desegiten ikusi. Baina zoritxarrez ezin du, hori ere ezin du egin.

Rokiak ondotxo daki hau dena. Baina oraindik ez dago horri aurre egiteko prest. Gainera, badu aurreragoko lanik. Lehenbizi, aita eta amaren aurrean aurpegia eman baina lehen, barruko zauriak itxi eta egindako erruengatik bere burua barkatzen hasi behar du.