19. Kapitulua

Kholek barrua irakiten sentitu zuen bortxatu zuten neskaren berria entzun zuenean.

Ez zen gertatzen zen lehen aldia. Eta zoritxarrez ez zen azkena izango. Horrelako berri bat guztientzat zen penagarria. Herritarren arteko konfiantza mila puskatan banatzen zen, hautsitako ispilu batek egiten zuen moduan. Ondorengo egun edo asteetan begirada beldurti edo mesfidagaitzak ikusi ahal izango ziren edonon. Neska gazteen artean bereziki. Hamabost edo hogei urteko neskek zirrara berezi bat sentitzen zuten etxetik irten eta erosketak egin edo lagunengana atera behar zuten bakoitzean. Gurasoak, arduraz beteta, galdera gehiago egingo zizkieten beraien alabei, txorakeriatan denborarik galdu gabe, etxera lehenbailen itzultzeko aginduak emanez.

Ideia hauek zituen buruan Kholek bere eguneroko txokoan esnea saltzeari ekin zionean. Eguna zabaldu berri zen, han hemenka odei luze eta auskorrak ikus zitezkeen Malanjeko zeru infinituan. Ez zegoen momentuz eguzkiaren berririk, herrixkan gertatu zena jakin ostean, zerura irtete hutsak lotsa emango balio bezala.

Ez zuen Kholek bere esnea saltzeko arazo handirik izaten. Hiru bezero finko zituen, hutsik gabe egunero esnea erosten zioten bezero zintzo eta lehialak. Hauez gain, beste batzu ere etorri ohi ziren, haseran zalantzak gainezka izan arren. Laster batean kentzen zizkien Kholek zalantza guzti hoiek. Lehenbizi belarri batetik besteraino iristen zen irrifar alai eta maitekorra erakusten zien denei. Honek konfiantza eman ohi zion normalean erostaile berriari. Prezioa galdetzen zuten ondoren, beraien poltsikoetarako zenbaterainoko galera izango zuen asmatu nahian. Kholek, prezioa jakin eta gero bezeroak jartzen zuen aurpegiaren arabera, bi norabide desberdin hartzen zituen.

Bezeroa eskainitako prezioarekin kontent bazegoen, ez bazitzaion garestiegia iruditu, gauzak bere bidean jarrai zezaten usten zuen Kholek. Normalean segituan ikusten zuen bezeroak eskainitako prezioa ordaindu zezakeen ala ez. Ordain zezakeela konturatu ezkero, bere irrifar alaiarekin jarraitu eta hitz egiteari ekingo zion Kholek, gelditu gabe. Honek konfiantza emateaz gain, lasaitasun puntu bat ematen zion bezeroari eta konturatu baino lehen bere burua etxera bidean ikusiko zuen, eskuan Kholeren esne fin eta osasuntsua zeramala.

Bigarren kasua zerbait zailagoa izaten zen. Kholek emandako prezioarekin bat ez bazetorren, atzera egin ohi zuen erostaileak. Orduan, beranduegi izan baina lehen, azkar mugitu beharra zuen Kholek. Edalontzi txiki batetara esne pixka bat atera ondoren, ea probatu nahi zuen galdetzen zion bezeroari. Kholek ondotxo zekien, aurreko egunetik ezer hartu gabe izaten zela bezero hori kasu gehienetan, eta salbuespen gutxi batzu kenduta, esnea dastatzeko irrikitan izaten zela. Kholek arrisku handi bat hartzen zuen puntu honetara iristen zenean. Bazekien esnea eran ondoren, bezeroak handik ihes egiteko eskubidea zuela. Erostaileak ez zuen esnea probatu arren, erosteko konpromisurik hartzen.

Baina Kholek bazekien zertan ari zen. Lau urte zeramatzan goizero-goizero berdina egiten. Senak laster esaten zion nor zegoen esnea erosi nahian, esnea erostetik oso gertu. Ikus zezakeen, ia usain zezakeen nork erosiko zion eta nork ez. Beste saltzaile askok ikusi gabe usten zituzten txikikeria pila ikus zitzazkeen. Beren gestuak, irrika begiak, esne hura erosteko zituen beharrak... bezeroaren gurari denak igartzeko gai zen.

Eta batzuetan huts egin arren, normalean Kholeren esnea dastatzen zuenak etxera eramaten zuen. Ordubete edo gehienez ere, ordu eta erdi igaro ostean, hutsik izaten zen Kholek esnez gainezka eramaten zuen ontzia.

Baina ontzia erabat ustu baino lehen, beste ezusteko bat izango zuen Kholek egun hartan. Ohi baina beranduxeago izan arren, bere lagun Benma zetorrela konturatu zen. Irribarre egin zuen berriro ere, gelditzen zitzaion esne apurra lagunari salduko ziola pentsatuaz. Bere hortz handi, eder eta ezin zuriagoak agerian gelditu ziren, lagunari adar jotzen hasi zenean:

-Zer Benma, ondo egin duzu gaur lo ezta ?- Galdetu zion barre algaraka hastearekin batera, laguna esnatu berri zela konturatu eta gero- Beste hamar minutu eta esnerik gabe geldituko zinen.

-Bai, uste baino gehiago kostatu zait gaur nire ipurdi handi hau mugitzea !!! - Benmak ehun kiloak pasata zituen baina gehienak harrituta geldituko lirateke dantzarako erakusten zuen grina ikusterik balute. Kholek behintzat ez zuen sinestuko dagoeneko ikusita izango ez balu. Bezero eta lagun, biak batean ziren Kholerentzat.

Barre batzuk bota eta gero, esne gutxi zuela azaldu zion Kholek. Zuen guztia erosi zion Benmak, esne hura bera eta bere bi anaientzat nahikoa izango ote zen pentsatzen zuela.

Agurtzekotan zirela, pausu bat aurrera egin zuen Benmak, esatera zihoanak garrantzi handia zuela azpimarratu nahirik bezala:

-Jakingo duzu bortxatutako neskarena ezta ?- Galdetu zion ahopean.

-Bai, izugarria da.- Ez zuen Kholek hartaz hitzegiteko gogo handirik.

-Badakizu nor den ?

Ezezko batekin erantzun zion Kholek jakinminez begiak zabaltzen zituen bitartean. Azken egunetan, lana eta beste zeregin batzu zirela eta oso lanpetuta ibili zen eta ez zuen inorrekin berriketan gelditzeko astirik lortu.

-Eta ? Nor da ba ?- Galdetu zuen ezinegonez beterik.

Benmak bere denbora hartu zuen galderari erantzuteko. Azken egunetako berririk garrantzitsuena zen. Harritu egin zen Kholek honen berririk ez izatean eta misterioz osatutako aurpegi bat jarri ondoren honela esan zuen, poliki:

-Rokia izena du. Hamabost edo hamasei urteko neska eder bat da. Ile luze eta zoragarria bizkarrean behera luzatzen zaio, ur jauzi amaigabe baten antzera. Batzuetan ikusi izan dut berton ere. Normalean bakarrik ibiltzen da, lotsati itsura du. Baina bera pasa ostean, mutilen begiradak atzetik izan ohi ditu. Egia esan, neska ederra da. Pentsa, batzutan inbidia puntu bat eman izan dit, niri horrela begiratu balidate... Ez dakit zehatz non bizi den baina...

-Rokia... Rokia...- Eten zion Kholek. Ez zen gogoratzen nor zen neska hura. -Gurasoak bizi al ditu ? Anai edo arrebarik ba du ?

Benmaren aurpegian irribarre handi bat zabaldu zen.

-Bai, gurasoak bizi ditu eta ez dakit zehatz zenbat anai-arreba diren baina...

-Baina zer ?- Kholeren ezinegona gero eta nabarmenagoa zen.

-Anai bat badu behintzat. A ze mutila Khole... a ze mutila. Ia bi metro luze, irrifar ederra, hortza handi eta garbiak, edozein bihotz hautsiko lukeen begi disdiratsuak, bizkar sendoa... nola arraio zuen izena... itxoin une bat...

Kholek galduta jarraitzen zuen baina bapatean, ideia batek burua zeharkatu zion. Impresioaren eraginez ahoa erabat lehortu zitzaion. Gero, begiak itxi eta errezu motz bat abesten hasi zen bere barruan. Ondoren hitz hauek etorri zitzaizkion. Ez, ezin liteke, ezin liteke. Lehenago edo geroago, egin beharreko galdera egin zuen ondoren, astiro eta urduri:

-Akeem ?- Galdetu zuen ahopean. Altuegi esateko beldurrez.

-Bai!!! Baina nola dakizu ?- Harritu zen Benma, begiartea zimurtuz.

Kholek ezin izan zion galdera ari erantzun. Albisteak emandako ezustea zela eta, tentsioa bapatean jaitsi eta udazkenean zuhaitzetatik hosto ahulenak erori ohi diren gisara, ziplo jausi zen lurrera.