18. Kapitulua

Minak min edo pozak poz bizitzak aurrera egin behar zuen. Eta horrelaxe egiten zuen Malanjen ere. Rokiaren bortxaketaren ondoren egun batzu igaro ziren dagoeneko baina Akeem eta bere familiarentzat astiro joan ziren egun haiek, oso astiro. Rokia ondo zegoen. Edo ondo jarriko zen. Ala zihoen behintzat bera ikustera etorri zen medikuak. Barne hemorragia bat izan arren, zauriak ondo itxita zeuden eta neska azkar bizkortzen ari zen. Bestelakoak ere bazituen, kolpeen ondorioz izandako moratu batzu eta labana zorrotz batekin egindako ebakiak. Baita zigarroekin egindako erretuak ere. Zorionez, hauek ez zuten Rokiaren bizitza baldintzatzen eta medikuak esatera, aste gutxiren barruan osatuko ziren. Hori bai, egun batzu pasa eta gero, Luandako hospitalera joatea komeni zen. Han gorputz guztia ondo aztertu ondoren, beste kalte edo lesiorik ba ote zegoen esango zieten. Gainera... medikuaren esanak oroituz, "horrelako eraso bortitz baten ondoren ez zen harritzekoa izango Rokiaren umetokiak zera... aldaketa batzuk izatea." Baina guzti hauek, oso gogorrak izanagatik ere, kalte fisikoak ziren. Medikuaren gomendioak entzun eta gero asko lasaitu ziren Akeem eta familiako guztiak, amaren esker erreguek adierazten zuten bezala. Rokiaren bizitza arriskutik kanpo zegoen behintzat, hori zen garrantzitsuena, zalantzarik gabe. Arreba salbu zegoela entzun eta lasaitzen zen bitartean, kalte psikologikoez pentsatzen aritu zen denbora luzean Akeem. Hura beste kontu bat izango zen, luzeagoa izango zen kontu bat. Rokiak ez zuen igaro ziren bost egunetan hitz bakar bat ere esan. Ama behin baina gehiagotan saiatu bazen ere, ezin izan zion hitz bakar bat ere atera. Akeemek ere saiakera bat egin nahi izan zuen baina amak ez zion aukerarik eman nahi. "Utzi denborari zauriak sendatzen", errepikatzen zuen behin eta berriz. Dena den, amak prestaturiko tea eta fideo zopa isil-isilik jaten zituen. Hori bai, jan behar zuena jan edo bere egin beharrak egin ondoren bere lehengo posturara itzultzen zen: Manten gainean zeharka etzan eta adobez eginiko paretera zuzentzen zituen begiak, paretaren bestaldean zegoena ikustea izango balu bezala. Bost egun haietan, oraindik ez zuen familiako inori begietara begiratzeko adorerik lortu. Jasangaitza egiten zitzaion guzti hura Akeemi. Lo hartu ezinik ibili zen gau amaigabe haietan. Iluntasunean Rokiak aurpegian erakusten zituen indar eta adoreak etortzen zitzaizkion gogora nahi baina maizago. Izango ote zuen adore berezi hura aurrerantzean ere ? Bazekien Rokia gogorra zela, bere baino gogorrago zihurrenik baina lortuko ahal zuen egunen batean hura atzean utzi eta aurrera jarraitzea ? Aita eta amak berarekin hitz egin behar zutela esan zioten. -Zer da ? - Azken egunetan gertatu zena ikusita, berririk txarrenak jasotzeko prest zegoen mutila. -Lasai, ez kezkatu. - esan zion aitak inor baino urduriago. -Karim eta Marak zurekin bizitzera joan behar luketela uste dugu.- Amak hartu zuen arira joateko erantzukizuna, ia beti bezala. Arazoei aurre egiten zailduta zegoen emakumea eta ez zuen pentsatzen ari zena esateko beldurrik izaten. -Nirekin bizitzera... baina zergatik ?- Ahopean atera zitzaizkion hitzok Akeemi, harridura gainditu ondoren, segundu batzuk igaro ostean. -Rokiak lasaituna behar du orain, patxada. Karim eta Marak hemengo tentsioa handitu bakarrik egiten dute, urduri jartzen dute. Gainera ez dakit... - geldiune bat egin zuen emakumeak, hitz egokiak aurkitu nahirik- ez dakit beraiek ere ondo dauden. -Zer esan nahi duzu ama ?- Aitari zeharka begirada bat bota ostean, amarengana zuzendu zen berriro. -Hitzegin al duzu egun hauetan beraiekin ? Ni saiatu nahiz baina... ezin izan diet ezer atera. Oso isilik dabiltza, gertatu dena barneratu ezinik daudela dirudi. Egia zen. Hainbeste denbora eman zuen Akeemek azken egunotan Rokiarekin kezkatuta ze, ia ahaztu egin zitzaion Karim edo Mara nola egon zitezkeen pentsatze hutsa ere. Momentu batean, bere buruarekin lotsatuta sentitu zen. -Barkatu ama... ez naiz kontu... -Tira Akeem, ez da ezer. -moztu zion ahots epelez honek- Baina aita eta biok zure laguntza behar dugu. Badakigu zuretzat ere oso latza izan dela guzti hau baina... pasatuko da. Entzun ? Pasatuko da. -Zer nahi duzue egitea ?- Akeemen aurpegiak beste gestu bat erakusten zuen orain, zerbait erakutsi nahi duenaren gestua. -Arduratu zaitez egun batzutan Karim eta Maraz. Ondo daudela zihurtatu eta beste gauza batzuetan pentsatu dezatela, beraiek ere denbora behar dute. Guztiok behar dugu, egia esan. Hori da orain garrantzitsuena. Guk... nahiko lan izango dugu Rokiarekin. -Ondo da, nirekin etorriko dira.- Erabaki zuen Akeemek. Isilune luze batek hartu zuen orduan hiruren arteko eztabaida. Orduan, gutxien uste zuenean, aitak pare bat pausu aurrera egin eta besarkada estu bat eman zion, indarrez. Zenbat denbora pasa ote zen aita eta biak horrelako besarkada bat izan zuten azkenengo alditik? Asko, nahi baina gehiago. Amak isilik begiratzen zien, esker onez beterik, orain bati eta hurrena besteari. Aspaldian ez zuen horrelako ikuskizun ederrik ikusi. -Beste gauza bat galdetu nahi nizuen azken egun hauetan baina ez nuen une aproposa aurkitzen- esan zien Akeemek denak pixka bat lasaitzea lortu zutenean. -Zuk esango duzu seme- aitak erantzun zion oraingoan. -Nola gertatu zen Rokiaren kontu hau ? Nor izan daiteke hau egin duena ? Norbaitek jakin behar du zerbait.!!! Azken egunetan galdera pila bat izan dut buruan baina... ez naiz egiten ausartu. Aita eta ama elkarri begira gelditu ziren tarte batean. Aitaren bekokia segituan ilundu zen, buruan pentsamendu ezkorrak zituen seinale. Amak hartu zuen hitza berriro, zerbaiten damuak barrua hartu izan balio bezala: -Barkatu seme, arrazoi duzu. Lehenago hitz egin behar genduen honetaz.- Tarte bat egin zuen, ondoren esan beharreko hitzak, garrantzitsuak izaki, ondo aukeratu nahi balitu bezala- Astelehen goizean, esnatu eta jaiki ondoren, Rokia oheratu gabe zegoela konturatu nintzen. Han eta hemen galdezka ibili nintzen, Salmeri ere galdetu nion. Egia esan, ez nintzen konturatzen non nenbilen ere, oso urduri nengoen. Etxera nentorrela, gizon handi bat ikusi nuen bidearen amaieran. Nekatuta zetorren, arnas estuka. Besoetan... besoetan Rokia zekarren, konorterik gabe. Gizonak gero esan zidanez, lanera bidean zihoala aurkitu zuen Rokia. Lurrean arrastaka omen zetorren, konortea galtzear, odol arrastoak gorputz osoan, laguntza eske eta negarrez. Jainkoa lagun, gizonak ezagutu egin zuen eta besoetan hartu ondoren honuntz abiatu zen. Ez omen zekien zehatz non bizi zen baina senari jaramon eginez hona abiatu zen. Hori da guztia, nik dakidan guztia behintzat. Akeemek bazekien amak goiz madarikatu hartan jasandako min guztia berpiztu berri ziola baina ez zuen galdetzea beste erremediorik. Zer gertatu zen jakin behar bazuten, dena aztertu beharra zuten, baita arrazoi xumeena ere. -Nor da gizon hori ? Nola du izena ?- galdetu zuen Akeemek. Burura etorri bezain laster egin zuen galdera. -Rokia ekarri zuen gizona ? Joma izena du. Hemendik hamar bat minutura bizi da. Sekula ezingo diogu nahikoa eskertu egin zuena. -Eta nola dakigu ez zela bera izan ?-Akeem pentsatu eta hitz egin, biak batera egiten ari zen. Amak etsipenezko gestu bat egin zion, oso nekatuta zirudien bapatean. -Ez seme, neuk ere pentsatu dut baina ezin liteke. Rokia ekarri eta gero, lanera joan behar zuela esan zidan Jomak. Bihotzez eskerrak eman ondoren, egunen batean zerbait behar bazuen lasai etortzeko esan nion, aurrerantzean gure etxeko ateak zabalik izango zirela berarentzat. Irribarre apal bat egin eta gero, Rokia ondo zegoen ikustera etorriko zela agindu zidan. Badaezpada berari buruz galderak egiten ibili naiz auzoan. Denek berdina esan didate: Gizon jatorra dela, langile eta zintzoa. Emaztea eta lau seme ditu. Ez da inoiz arazo larrietan sartu. Ezin daiteke bere izan. -Tira, gertu bizi bada, berarekin hitz egitera joango naiz. Agian zerbait gehiago jakingo du. -Bai, ideia ona da seme. Gizon ona dirudi, ziur dakien guztia esateko prest dagoela. Denbora luzean isilik egon ondoren, aitak hartu zuen hitza berriro: -Akeem, guzti hau jakin nahi izatea ondo dago baina gogoratu orain garrantzitsuena Rokiaren osasuna dela. Beste guztia denborarekin etorriko da, pausoz-pauso joan behar dugu. Guzti hori ondotxo zekiela erantzutera zihoan Akeem baina azken momentuan aitaren aurpegian erreparatu zuen. Begi azpiko poltsak inoiz baino nabarmenago izateaz gain azken egunetan lo gutxi egin duenaren itxura guztiak zituen. Orduan gogoratu zuen Rokia beti izan zela anai-arrebetan kuttunena aitarentzat. Akeem eta Marak elkarrenganako sentitzen zuten harreman berdina zuten aita eta Rokiak ere. Aitak ez zuen hura sekula ezkutatu. Bere erreinuko printzesa Rokia zela esan ohi zuen. Ama bera ere jeloskor jarri ohi zen hau entzutean. Akeemek antzerako zerbait sentitzen zuen Maragatik baina ez zuen hori onartzerik lortzen. Egia esan, lotsa ikaragarria ematen zion.