16. Kapitulua

Kafe granoek ohi baino azkarrago bete zuten egun hartan kamioi txikiaren karga. Akeemek beste behin bota zuen sorbaldan eramaten zuen pisua kamioiruntz. Normalean kafez beteriko hamabost bat kilo granu eraman ohi zituen buelta bakoitzean Akeemek. Arnasa lasai hartzeko segundu batzuk hartu zituen, goiz hartan lanean hasi zenetik lehenengo geldialdia eginez. Aidean joan zitzaizkion lehen hiru ordu haiek, lanean egon ordez denborapasa aritu izan balitz bezala. Baina bere itxurak garbi ageri zuen ez zela horrela. Kamiseta zuria gorputzari itsatsita zeukan, izerditan blai, kamiseta bat izan beharrean bere gorputzeko azalaren jarraipen bat zela zirudielarik. Kamisetaren kolore zuria zen hori nabarmen gezurtatzen zuen bakarra. Belaunetaraino iristen zitzaizkion praka urdin arin batzuk eta oinetako zahar eta gastatuek osatzen zuten bere jazkera.

Itzulerari ekin zion segituan, mekanikoki, aurrean zituen kafe sailak edo pausu bakoitzean arrotzen zuen lur gorria ikusi gabe. Izan ere, burua beste nonbait zuen. Pentsamenduek eta irudimenak Kholeren aurpegia erakusten zioten behin eta berriz. Neskaren irribarrea, begietan antzematen zitzaion malizi puntua, gorputza mugitzeko era berezi hura, ahotsaren tonua, menta usain sakona.... neskak egiten zuen edozer gauza edo keinuk erakarri egiten zuen. Ezin zuen sentimendu haien aurrean ezer egin. Eta arduratuta zegoen mutila. Guzti hura oso polita zen eta aurrera jarrai zedin nahi zuen baina... zerbaitek kezkatuta zeukan. Egoera eskuetatik ihes egiten ari zitzaiola nabari zezakeen eta hori ez zitzaion inoiz gertatu. Kontrolpean eduki nahi zuen gertatzen zitzaion oro, ez zen konturatzen maitasunaren ateak norberaren bihotza ikutzen duenean, ez dagoela horren aurka ezer egiterik, bihotza ireki eta zer gertatu daitekeen itxaroten gelditu, ez zen besterik. Arriskatu eta bizitzak dakarrenari aurre egiteko prest egon, onerako edo txarrerako. Hori egiten ez duenak, ez du jakingo benetan bizitzea zer den. Ez behintzat maitasunaren munduari dagokionean.

Kenbaren ondora heldu zen laster batean eta buruarekin agur bat egin eta gero kafe granoak biltzeari ekin zion, denborarik galdu gabe. Kenbak bizkarra zuzendu zuen, aurpegian min gestuak igartzen zitzaizkion bitartean. Gero irribarre txiki bat egin zuen, Akeemen lanerako grina ikusteaz bat. Harrituta uzten zuen gazteak erakusten zuen energiak.

-Bost minutuko tartetxo bat egingo diagu ?- galdetu zuen Kenbak, poltxikotik zapi bat atera eta kopeta lehortzeaz batera.

-Ez dakit ba...- erantzun zion gazteak. Inguruetara begiratu zuen arduratuta. - ez da Joao edo bere ihenaren bat etorriko ?

Joaoren laguntzaileei buruz hitzegiten zuten ihenez ari zirenean. Normalean Joao bera ibiltzen zen inguruetan miatzen, langileren bat alferkerian edo baimenik gabeko deskantsuren batean harrapatu nahian. Batzuetan ordea, beste zereginen bat tarteko, ezin izaten zuen eta horrelakoetan bidaltzen zituen langileen artean ihena goitizenez ezagutzen ziren laguntzaile haiek. Beraien lan bakarra hortan zetzan, alegia, benetan lanean aritzen ziren langileen gainean egon eta bide batez, zerbait arraroa antzeman ezkero, Joaoren belarrira heldu arazi segituan. Hau egiten zuenak, eskupeko berezi bat izan ohi zuen soldata garaian. Eta pentsa daitekeen moduan, hau egiteko prest zenik ez zen falta inguruotan.

-Tira motel, bost minutu izango dituk. -saiatu zen konbentzitzen Kenba. Nekatuta zegoen eta eguerdira iritsi gabe izan arren, beroaren eragina asko nabaritzen zuen.

-Ondo da, bost minutugatik ez da ezer pasatuko. -Akeemek beragatik baino gehiago Kenbarengatik egingo zuen tarte hura. Aspaldian nekatu samar nabaritzen zuen laguna, ohi zuena baino tarte gehigo egiten ari zen eta bizkarreko minak areagotzen ari zitzaizkion. Hala ere, ez zen edozer gauzarekin kexatzen zen horietakoa Kenba.

-Gutxienez lanean ari garela ur pixka bat eratea izango bagenu !!!- kexatu zen Kenba, eskua babes moduan jarrita eguzki aldera begiratzen zuen bitartean. Eztarriarekin zarata nabarmenak eginez, ahoan txistu lehor bat bildu ondoren lurrera bota zuen, nazka aurpegia jartzeaz bat.

Akeemek arrazoia eman zion bere ondora iritsi zenean. Eguzkiaren eragina oso nabarmena zen, inork ezin zuen jakin zer zen berrogehi graduren azpian hainbeste orduetan lanean aritzea, hau egiteak esfortzu ikaragarria suposatzen zuen gizon haientzat egunero-egunero. Berrehun langile baina gehiago ziren guztira kafe sail haietan, bakoitzak bere izerdia edo indarrez gain barruan zuen guztia ematen zuelarik. Akeem harrituta geratzen zen batzuetan. Berak eguna erabat nekatuta bukatzen bazuen, nola lortzen zuten adin handikoek eguna amaitzea. Azken finean, bera sasoiko zegoen, gaztea izateaz gain, indartsu zegoen eta ez zion lan fisikoari behin ere bildurrik izan. Baina han berrogehi edo berrogehitamar urte beteak zituztenak bat baino gehiago ziren. Nola lortzen zuten egunero baldintza haietan aurrera egitea ? Akeem gai izango ote zen haien adinarekin han lanean jarraitzeko ? Egia esanda, beste nonbait egoteko esperantza zuen. Kenbaren hitzak atera zuten orduan bere pentsamenduetatik.

-Ur gehiago eman ezkero, guk eskertzeaz gain, lan gehiago egingo genikek eta hori denen mesedetarako izango huen- alde batera eta bestera mugitzen zuen burua, esaten ari zena guztiz sinesten zuela garbi erakutsiz. Edozein predikatzailek hartuko luke gestu hura bere sermoietan erabiltzeko, segurtasun kutsu bat erakusten zuelako.

-Bai egia da, Joaok eguna bukatu arte urik ez emateko jarritako lege hori zorakeria bat da. Nori sartzen zaio buruan horrelako baldintzak ezartzea ? Berarentzat, animaliak garela ematen du. - bota zuen Akeemek. Guzti hartan pentsatzeak ez zion mesederik egiten, barruan odola nola berotzen zitzaion nabari zezakeen.

-Eman ez, berarentzat ala gaituk.- zihurtatu zion Kenbak. Portugaldar kabroi horrek beti pentsatu izan dik gu baino gehiago dela, ez duk konturatzen besteok ere sentimentuak ditugula eta bizitzen jarraitzeko arnasa hartu, jan edo edan behar dugula. Handiuste putasemea !!!

-Egunen batean gauzak aldatu beharko dute ba !!! Gure arbasoak baino okerrago bizitzen bukatuko dugu bestela !!! Zer bizitza mota utzi behar diogu ba gure semeei ???- Besoak zabaldu zituen Akeemek gelditzen zitzaion pazientzia apurra galduz.

-Etzekiat... -begiak lausotzen hasi zitzaizkion Kenbari.- Ezin diat jakin gure semeak nola biziko diren baina.... arbasoei buruz zerbait entzuten diadan bakoitzeko... Zer pentsakizun izango ziatean haiek hemendik indarrez bahitu eta gero beldurrez edo humillazioz betetako bidaia amaigabe haien ondoren, hilabete luzeak igaro eta gero, Amerika edo isla txikiren batean porturatzen zirenean. Eta bidaia guztian zehar ??? Inoiz ikusi gabeko barku zahar haietan, ondo elikatu gabe, ia urik eran gabe, denak elkarren gainean, gaixotasun pila bat harrapatzeko zorian, zer gertatzen ari zen edo nora zihoazen igarri ezinda, beraien familiekin zer gertatu zen jakin gabe, ezagutzen ez zuten itsaso baten erdian galduta.... Zenbat eta zenbat hil ote hituen orduan ??? Inork ba ote daki ??? Horrelako historia atzean izanda, nola egin zezakeagu guk aurrera ???

Isilune bati hasiera eman zioten bi lagunek, pentsakor. Kenbaren hitzek ondorik gabeko putzu handi bat ireki zuten Akeemen barnean. Beste askotan bezala, arrazoi osoa zuela onartu behar izan zuen. Batzuetan kafe sail bateko langile soila baino, unibertsitate ospetsu bateko maisu intelektual horietako bat ematen zuen. Pentsamendu hark barregura eman zion. Lagunari begiratu eta beste behin ere eskerrak eman zituen Akeemek horrelako lankide bat izateak suposatzen zuen zorteagatik.

Azkarra izateaz gain kontuan izan beharreko beste dohai asko zituen Kenbak. Lehiala zen, eskuzabala, bihotz onekoa, langilea, aholku on asko eman ohi zituena, apaltasun berezi bat igarri zitzaion, ezezagunen aurrean lotsatia, alaia, familia eta lagun minen defendatzaile sutsua, maitekorra...

-Afrikak...-jarraitu zuen Kenbak, ehun ikasleren aurrean historiako klase bat ematen ari balitz bezala- egunen batean... lortuko ahal dik bere etorkizunaren jabe izatea ?

Begiak kafe sailetan hiltzaturik zituen hura esan zuenean. Baina gogoa ez zuen han. Gogoa sail luze eta amaigabe haien bestaldean zuela zirudien, handik urte batzuetara zer gertatu behar zuen igarri nahian edo.

Akeemek beste galdera batekin erantzun behar izan zuen, Kenbak adierazi nahi izan zuena, azalean irakur zitekeena baino sakonagoa zela konturatuta bait zen:

-Zer esan nahi duzu ? Egunen batean geuk nahi dugun guztia egingo ote dugun ? - Akeem erantzuna entzuteko irrikitan zegoen, bazekien Kenbak esan behar zuena, interesgarria izango zela.

Pentsatzeko une labur bat hartu eta gero, honela mintzatu zitzaion laguna, ahots lasai baina emozionatuz:

-Asko zegok egiteko Akeem...- begiek sailei begira izan arren, ez zituzten haiek ikusten-... gure aspaldiko arbaso haiek baino erosoago bizi gaituk, hau ezin diagu ukatu ezta ? Guk ez diagu katerik beso edo hanketan, eta gutxienik egunean behin jateko lain badiagu... Baina oraindik ez diagu geure bizitzaren giltzarik. Kateek, lehen baina txikiagoak izan arren, hor jarraitzen ditek. Hain txikiak izan zitezkek ze, batzuetan ikusteko gai ere ez gaituala... baina ba al dakik hori zergaitik den ? Kate hoien jabeek ez diatelako nahi guk euskarri hoiek nondik datozen ikusterik... ulertzen duk ?

Akeemek baietz erantzun zion buruarekin.

-Gure arbasoak ontzi handi haietako jabeen esklabu izan hituen bezela, gu ere hor ikustezin den norbaiten esklabu gaituk oraindik, hori duk guztia.- Amaitu zuen Kenbak. Oso serio jarri zen segundu gutxitan eta bapatean hamar urte helduagoa zela iruditu zitzaion Akeemi.

-Beno, ez gaituk orain burumakur jarriko, berandutu baina lehen hobe diagu lanera itzuli. - baina nabari zitzaion Kenbari elkarrizketa hark barruan sortu zion melankonia puntua.

Atsedena bukatu ondoren, gogoz ekin zioten lanari bi lagunak.

Honetan zirela, lanari berriro ekin eta laster, oin hotsak entzun zituzten Akeem eta Kenbak oso gertu. Norbait zetorren. Baina egoera arraro bilakatzen zuena norbait hori korrika zetorrela entzutean zetzan. Laster heldu zen beraien ondora Joaren laguntzaile haietako bat. Arnas estuka iritsi zen, nekatuta eta artega.

Bi lagunak bata besteari begiratu zioten. Akeemek Kenbaren begietan irakurri zuena eta berak senti zezakeena biak bat ziren: Egin berri zuten deskantsuaren gaineko kastiguren bat, baina nolatan jakin zuten hain azkar ? Nor izan zen salataria ?

-Zuetako norbait da Akeem ?- gizonaren ahots mehe eta larriak, Akeemen larridura handitzeko balio izan zuen.

Txistua eztarrian behera sartu eta gero erantzun zion Akeemek, itxura lasaia eman nahian:

-Bai, ni naiz. Arazoren bat ala ?

-Zera... niri...- zalantzan hasi zen gizona. Akeemi egoera gero eta arraroagoa egiten ari zitzaion. Gizon haiek ez zuten normalean esan beharrekoa esateko horrenbeste tirabira izaten. Ohituta zeuden gogor egiten denei, ez zuten langileei ohiuka asteko abagunerik galtzen.- zera... Joaok esan dit bere bulegotik pasatzeko. Oraintxe.

-Orain !!!- errepikatu zuen nahigabe Akeemek. Denbora pixka bat irabazi nahi zuen, gertatzen ari zena ulertu nahian. Eguardiko atsedena hartzeko gutxi falta zenean, lana egiteari utzi eta Joaoren bulegora joateko eskatzen ari ziren!!! Inoiz ez zitzaion horrelakorik gertatu eta ez zuen sekula, egoera xelebre hura bizi behar zuenik pentsatuko.

-Bai, orain. Goazen denborarik galdu gabe. - gizonak segurtasun gehiagorekin erantzun zuen oraingoan.

Akeemek Kenbari begiratu zion berriro, honek zerbait argitzeko ahalmena edukiko zuelakoan. Baina Kenbaren aurpegian ikusi zuen harridura berak senti zezakeen berdina zen, handiagoa akaso.

Gizonaren atzetik abiatu zen Akeem, buruan ideiak pilatzen zihoazkion bitartean. Eguzkia oso altu zegoen dagoeneko, izugarri berotzen zituen sail eta zoko guztiak. Akeemi inoiz baina gehiago molestatu zion momentu hartan bola sutsu eta nekagarri hark. Ez zion garbi pentsatzen uzten eta Joaoren bulegoan zer espero zuen ez jakite horrek, bere nahigabea areagotzea besterik ez zuen lortu.

Hamar minutu geroago, kafe sail ilara amaigabeak zeharkatu ostean, Joaoren bulegora iritsi ziren bi gizonak izerditan blai. Atea jo ondoren, barrura sartzeko agindua entzun zuen Joaoren gizonak eta Akeem atzetik sartu zen, urduri. Bapatean temperatura nola jaisten zen nabaritu zuen gazteak. Honen zergaitia laster ulertu zuen: Kaobazko mahai dotore eta luzearen gainean bentiladore handi bat ikusi zuen. Hau ikusi eta Joaorengan sentitzen zuen amorrua bikoiztea biak bat izan ziren. Barren barrenetik ateratzen zitzaion sentipen hura.

-Kaixo Akeem...- hasi zen mahaiaren bestaldetik Joao Costinha. Akeemi segundu erdi batez begiratu eta gero, paper gainera eraman zituen begiak. - eseri nahi duk momentu batean ?

-Ez, ondo nago honela. Zer gertatzen da ?- Bere ahotsaren soinuak harrituta utzi zuen Akeem une batean baina ez zuen hau pentsatzen denborarik galdu nahi. Bazekien zerbait garrantzitsua gertatzen ari zela. Joaok berak erabili zuen tonua ere ez zen arrunta. Portugaldarra ez zen gainera Akeemen begietara begiratzen ausartzen eta eskuak mahai gainean zituen paper batzuetan nahastuta zituen denbora guztian. Bere gestu guztiek nabarmen erakusten zuten moduan, zerbait eskutatu nahian zebilen.

-Nahi duan bezala....- azkenean gaztearen begietara zuzendu zituen begiak Portugaldarrak- arira joango nauk. Mutil koskor bat etorri duk orain dela hogei bat minutu. Arnasestuka sartu duk, bihotza eztarritik ateratzeko zorian.... hiretzat mezu bat zekarrean eta...

-Niretzat... mezu bat ?- moztu zion Akeemek. Burura etorri bezain laster, atera zitzaion mihitik galdera hura.

-Bai, hiretzat huen. Lehenbailen etxera joan behar huela esan zidak. Ez nauk ausartu zergaitia galdetzen eta horregatik ekar arazi haugu segituan.

Akeemek entzun orduko igarri zion Portugaldarrari gezurretan ari zela. Bazekien ez ziola edozer arrazoigatik lan orduan horrela irteten utziko. Zerbait handia izan behar zuen bere bulegora horren agudo deitzeko. Baina bazekien Joaok ez ziola ezer ere esango, bere aurpegian irakurri zezakeen. Ukabilak estutu zituen Akeemek, amorruaren amorruz. Zorakeriaren bat egin aurretik, handik aldegitea zuen onena, ahal zen azkarren.

-Beno, banoa orduan.- Portugaldarraren erantzunaren zain gelditu gabe, Akeemek buelta hartu eta etxerako bideari ekin zion.

-Akeem...- Joaok dei egin zion atea zeharkatzera zihoan une bertan.- ez etorri lanera arratsaldean nahi ez baduk. Hori bai, badakik galtzen duan ordu bakoitzagatik, soldatan gutxiago ordainduko diadala.

Portugaldarraren azken hitzak ahaztu nahirik abiatu zen Akeem, oinek uzten zioten indar guztia aprobetxatuz. Urduri zegoen eta buruak erantzunik gabeko galderak errepikatzen zizkion. Zer gertatzen ari ote zen ? Zer arrazoi ote zegoen lanetik horrela ateratzeko ? Zerbait gertatu zitzaion familiakoren bati ? Lagunen bati agian ? Joaoren azpikeria bat ote zen ? Lanetik bidaltzeko amarruren bat ? Ez, Joaok ez zuen bera bezelako langile on bat alferrik galduko. Zer zen orduan ?

Bapatean, laneko lurren eremuetatik irteten ari zela, ibiltzeari utzi zion. Marari ezbeharren bat gertatu zitzaiola uste izan zuen. Eta usteak askotan usteak baina zerbait gehiago direla pentsatu ohi dugunez, zihurtzat jo zuen. Pertsona guztien moduan, gauza askori zion beldurra Akeemek. Baina guztietan beldurgarriena, huraxe zen. Marari ezbehar latzen bat gertatu zitzaiola jakitea. Hura ezin zuen jasan Akeemek. Erreflexu baten ondorioz, korrika hasi zen gazte beltzarana bere birikek ematen zioten aire guztia aprobetxatu nahian. Ez zen gelditu lantokitik etxeko atariraino bete behar zituen sei kilometroak bete zituen arte.