15. Kapitulua

Akeemen ama ohi baino lehenago iratzarri zen. Aspaldian ezin zuen ondo deskantsatu, gauean oso nekaturik oheratzen bazen ere. Bere senarraren zurrunkek ez zioten gehiegi laguntzen, egia esan. Aldamenera begiratu zuen, oraindik begiak guztiz ireki ez bazituen ere.

Han zegoen bere senarra, azken hogeitabi urteetan bezala, bere ondoan, hutsik egin gabe. Ahoa erdi irekirik ageri zuen, hanka handi eta luzeak koltxoian barna, zabal eta nagi. Ia koltxoiaren osotasun guztiaz baliatzen zen, han nagusia nor zen agerian utzi nahian edo. Gizon ona zen, zalantzarik gabe. Denen moduan bere akatsak zituen, bat baina gehiago egia esan.... egoskorra, zurra, denboran hiltzatua zegoen, matxista samarra zen.... halere, gaztetan jasotako edukazioa kontuan izan ezkero ez gehiegi. Baina bestaldetik begiratuta, basoa erdi beteta ikusi nahian, honratua zen, sensiblea, zintzoa, bere lau seme-alabak hasteko lan asko eta gogorrak egindako gizona. Noizean behin, maitagarria izaten ere bazekien, ezkondu aurreko garaiak gogoratu nahian agian. Bai, maite zuen, zalantzarik gabe.

Eta gizonak, maite ote zuen bera ? Baiezkoan zen, berak zekiela behintzat, ezkondu ondoren ez bait zen beste emakume batekin inoiz joan. Eta hau marka handia zen inguru haietarako.

Batzuetan, bere bizitzaz pentsatzen jartzen zenean, zalantzak zituen Akeemen amak. Gaztetan beste era bateko bizitzarekin egin ohi zuen amets. Afrikatik irten eta, munduko herrialde guztietan barna, goi bilera handietan Angola eta Afrikari buruzko hitzaldiak ematearekin sinesten zuen. Bere herriko arazoez, gerra zibilaz, pobreziaz, gaixotasunez, ur faltari buruz, infraestruktura falten ondorioaz, korrupzioaz.... mintzatuko zen. Baina horretarako, asko ikasi behar zen, unibertsitatera joan, karrera egin... Berak ez zuen horrelako aukerarik izan. Apenas joan zen bi urtean eskolara, pixka bat irakurri eta idazten ikasteko lain. Eta gero ? Lana, lana eta lana. Ez zuen besterik egin bizitza osoan. Izan ere, amestea ondo zegoen baina, nori ematen zion bizitzak amesten zuena ?

Gainera, zoriontsu izateko arrazoi nagusietako bat zera zen: Zeure bizitzan lortu dituzun gauzak behar haina eskertzea. Eta berak, gutxienik, bost arrazoi zituen bizitzari esker on hori agertzeko: Gizona eta lau seme-alaba zoragarri.

Aspaldian garbitu eder baten premian zen koltxoitik jaiki eta espabilatzea erabaki zuen emakumeak. Aurreko egunean ekarritako uretik zerbait gelditzen zen oraindik ontzian eta bi aldiz pentsatu aurretik aurpegia freskatzeko baliatu zuen Akeemen amak. Ura berak uste baino epelagoa zegoen ordea eta iratzarri beharrean lozorro sentzazioa berpiztu zitzaion. Seme-alabak esnatu ondoren Rokia edo Marari aginduko zion lehenbailen ur bila ateratzeko. Goizero bezala, ilea bildu zuen mototz batean. Ile luzea atsegin bazuen ere, batzuetan embarazu egiten ziola aitortu beharra zuen eta goma simple baten laguntzarekin jaso ohi zuen. Gainera, ez zen uda itogarri hura ile luzearekin ibiltzeko aproposena.

Aurreko egunean jantzi zuen soineko bera ipini eta gero, Rokia, Karim eta Mara esnatzera joan zen egunero moduan. Bi kuartotxoak erdibitzen zituen plastiko zatia aldamenera kendu ondoren semeei begiratu zien.

Segundu gutxi batzuk, bi edo hiru, nahikoa izan zituen zerbait arraroa gertatzen ari zela igartzeko.

Karim lo seko zegoen, atletismoko entrenamentu haiekin hasi zenetik, lehertuta bukatzen zuen eguna eta etzan orduko lo geratzen zen gizarajoa. Esku bat buru gainera eramanda zuen eta bestea ankartean barreiaturik ikusten zitzaion. Aitaren gestu berdina, pentsatu zuen amak atsekabetuta.

Mara zuen aldemenean. Hau kiskurtuta ageri zen, eskuak eta ankak gorputzetik ahal zen gertuena izan nahi balitu bezala. Aingeru bat zirudien, eta aurpegiari erreparatu ezkero, ametsik gozoenean murgilduta zegoela zirudien, hain lasai eta baketsu ageri zen.

Ez zen Akeemen ama bitxikeria guzti hauetan fijatu ordea. Ez zuen horretarako barrurik ez bakerik.

Rokia ez zegoen han !!!

Lasaitasuna mantendu behar zuela esan zion bere buruari. Zer egun zen gogoratu ezinik egon zen momentu batez. Larunbata, igandea... ez Astelehena zen! Rokiak lagunen baten etxean lo egin ohi zuen noizehan behin baina ez zen arrunta Astelehen goizeko ordu hartan oraindik etxeratu gabe izatea. Horrelakoetan non egongo zen abisatu ohi zuen lehenagotik. Rokia neska arduratsua zela kontuan izanda, urduritasuna handiagotu baino ez zitzaion egin.

Susmo txarrenak burutik uxatu nahian, senarra esnatzea erabaki zuen. Gizonaren ondoan makurtzera zihoala, aurreko gabean Rokiarekin izandako elkarrizketa gogoratzen hasi zen. Afaldu ondorenean, harrikoa egin eta gero, Salme eta biak bueltatxo bat ematera irten behar zutela esan zion. Rokia eta Salme lagun minak ziren txikitatik, bien familiak aspaldidanik ezagutzen zirelarik. Hala ere, Igande gauetan irtetea nahiko arraroa zela kontuan hartuta, ezustean harrapatu zuen neskaren azalpenak. Salmerekin irten zela gogoratu ostean, apur bat lasaiago sentitu zen Rokiaren ama baina oraindik galderak eten gabe iristen zitzaizkion burura. Salmeren etxean gelditu ote zen lo egiten ? Eta horrela bazen zergaitik ez zion abisatu ? Lagunaren etxean ez bazen, non pasa ote zuen gaua ?

Badaezpada, senarra esnatzeari ekin zion. Protesta keinu eta zaratak eginez, iratzarri zuen azkenean ere.

-Zer gertatzen da ? -bota zion umore txarrez gizonak.

-Esan zizun atzo gauean Rokiak zerbait ?

-Atzo gauean ? Zer esan behar zidan ba ?- ez zuen asko atsegin Rokiaren aitak horrela bapatean esnatu beharra.

-Ez zizun esan Salmerekin irtetera zihoala ?- ama ez zegoen denbora galtzeko prest.

-Zerbait entzun nion bai. Eta zer ?- ez zituen andrearen galderak ulertzen eta kezkatzen hasi zen.

-Ez du Karim eta Mararekin lo egin !!! - bota zion emazteak.

-Ur bila joango zen.- erantzun zion, isilune luze baten ondoren.

-Sekula ez da horren goiz ur bila joan.

-Beno.... ez duzu esan Salmerekin irten zela ? Zihurrenik bere etxean egongo da, han pasatuko zuen gaua. Azaldu zion senarrak, esaten zuenarekin gehiegi sinestu gabe.

Ez zuen erantzun honek batere lasaitu Rokiaren ama. Gainera, segituan nabaritu zuen gizonaren urduritasuna ere. Biek zekiten, ondotxo gainera, guzti hura ez zetorrela neskaren izaerarekin bat.

Segundu bat galdu gabe, Karim eta Mara esnatu zituen. Bien kexuei jaramonik egin gabe, Rokia lotara etorri ote zen galdetu zien.

-Ez dakit ama, egia esan segituan hartu nuen lo atzo gauean ? -erantzun zion Karimek begietako makarrak kentzen zituela, amaren ezinegonaz jabetuta- Zerbait gertatzen da ?

-Ni Karim baino geroago oheratu nintzen baina Rokia etxeratu gabe zen oraindik- esan zion Marak urduri, ama ixilik geratu zela ikusi ostean.

-Atzo gauean esan zizuen zerbait ?-amak serio eta lehor.

Elkarri begiratu zioten anai-arrebak une batez. Eta bestearen begietan ikusi zutena eta beraien baitan sentitzen zutena biak bat zirela ulertu zuten biak instant batean. Arrazoia ez bazekiten ere, beldurrak eragindako hotzikara batek gorputza hartu zien.

Aita azaldu zen amaren atzekaldean, halamoduz praka batzuk presaka jantzi ondoren. Honek ere ez zekarren patxada handirik.

-Zer gertatzen da aita ?- entzun zen Mararen ahots estu eta larria eta Karimek galdetu ez bazuen ere jakin min berdina nabaritzen zitzaion aurpegiko larritasunean. Galdera gauaren iluntasunean galdu zen, han zegoen inork erantzun ezin zuela garbi erakutsiz. Aitak, familiaren larritasuna nabarituta, zerbait esan nahi izan zuen, isiltasun itogarri ari bukaera eman nahian.

-Lasai, ez da ezer gertatzen.- beste zerbait erantzun nahi izango zien baina ezin zuen besterik esan, momentuz.

-Salmeren etxera noa, segituan itzuliko nahiz.- ama mintzatu zen oraingoan. Aurpegian konzentratu itxuran zuen, zerbait gogoratu nahian balego bezala.

-Bai, goazen- erantzun zion senarrak.

-Ez zuk itxoin hemen, edozer unetan iritsi daiteke eta etortzen bada bidali Mara edo Karim nire bila.- konturatzen ez bazen ere, erantzunkizun guztia bere gain hartua zuen erabat Rokiaren amak. Maiz egiten zuen, urduritasun edo krisi egoeretan bereziki.

Etxetik irten zen denborarik galdu gabe. Bazekien pasatzen zen segundu bakoitza bere aurka zihoala baina bere aurka baino gehiago, Rokiaren aurka. Hau pentsatze hutsak hankak bizkortu zizkion eta aspaldian ez zela horren azkar mugitu pentsatu zuen.

Malanje lehenengo argi izpiez bustitzen ari zen Astelehen goiz hartan. Eguneko momenturik freskoena zen, izerditu gabe oinez edo korrika pixka bat egin nahi zuenak aukera bikaina izan ohi zuen eguna zabaltzearekin batera. Hala ere, jende gutxi ageri zen suburbio luzean han hemenka eta haietatik ia denak emakumeak ziren. Hauek ziren Malanjen familiaren ardatz nagusia eta postu txikiak jarriz beraien produktuak saltzera edo egun guztirako ur bila joan ohi ziren goizean goiz. Gizon asko langabezian izanik ere, ez zeuden ohituak horrelako zereginak betetzera eta beraientzat iraingarria zen gauza hoiek egin beharra. Azken horren errua, txikitatik ezarri zitzaien edukazioan zetzan.

Rokiaren amak beste gauza batzuetan zuen burua ordea. Sinesmen handikoa ez izanagatik ere, eskerrak eman zizkion jainkoari, Salmeren etxea apenas bost minututara bait zegoen. Eskerrak ze bestela, burua galduko zuela iruditu zitzaion.

Azkenengo pausuak erdi korrika eginez, eta bihotzaren taupadak nabarmen sentitzen zituela iritsi zen Salmeren etxera. Beraien moduko txabola txiki bat zen, pixka bat txikiagoa eta kale izkina batean kokatua.

Arnasari helduz, atea jo zuen, gogor. Bazekien oso goiz zela oraindik, baina ez zitzaion batere axola.

-Nor da ?- iritsi zitzaion ahots mehe bat barrutik.

-Salme ? Ireki, Rokiaren ama nahiz.

Ez zen Salme atea irekitzera etorri zena. Bere ahizpa zaharra zen. Neskaren lo aurpegiari jaramon egin gabe eta alferrikako azalpenetan denborarik ez galtzearren, arira joatea erabaki zuen:

-Salme etxean dago ?

-Bai, baina oraindik lo...

-Eta Rokia ? Zuekin egin ahal du gaua ?

-Rokia ? Ez, ez...- erantzun zion neskak harriduraz eta gertatzen ari zenaz jabetu gabe.

-Esaiozu Salmeri segituan etortzeko- moztu zion Rokiaren amak. -Zerbait gerta...?

-Esan azkar irteteko, arren.- moztu zion zakar. Andrearen larritasunaz jabetu ondoren, barruan izkutatu zen Salmeren ahizpa.

Barruan ohiu estu batzuk entzun ziren ondorengo segunduetan. Nerbioak kontralatu ezinik, barruan sartzekotan izan zen Rokiaren ama. Hala ere, zerbaitek, Salmerekin izan behar zuen elkarrizketa ikustarazi zion, gertatu aurretik. Bapatean, bere azkenengo euskarria zela konturatuta, neskak esan behar ziona entzuteko bildur izan zen.

-Zer gertatzen da ?- Salme azaldu zen atean, belaunen parera iristen zitzaion kamiseta luze eta hori bat soinean. Begiak apenas ireki zitzakeen, esnatu berria zen eta barruko iluntasunetik egunaren lehen argi izpiak jasotzera igaro zen segundu gutxitan. Esku bat jarri zuen begiak babesteko.

-Salme, atzo gauean....- galdera egiteko bildur zen, ez zuen nahi usaintzen zuen erantzunik jaso- ...atzo Rokiarekin izan zinen ezta ?

-Atzo ? Ez, Larunbat arratsaldean egon nintzen azkenekoz Rokiarekin. Atzo aitarekin baratzan lanean ibili nintzen goiz eta arratsalde. Baina.... hau Rokiak bazekien, neuk esan nion Igandean lanera joan behar nuela.

Irudipen txar batek eraginda edo bapatean isildu zen Salme. Rokiaren amari begira gelditu zen, arretaz. Luze gabe konturatu zen zerbait etzioala ondo.

-Baina zer? Rokia ondo dago ?- pasatzen zen segundu bakoitzeko areagotuz zihoan bien artean zegoen tentsioa.

Begiak malkoz bete zitzaizkion Rokiaren amari. Bere alabaren izena entzuteak bakarrik barruan zituen kolapilo guztiak askatu zizkion eta ordurarte halamoduz eutsi ahal izan bazion ere, negarrez hasi zen, horrela beldurrak eta urduritasunak eragindako malkoak askatzeari ekin zion.

Salmek ezin izan zuen hura jasan. Aurrerapauso bat egin eta horrela esan zion, sorbaldetatik eragiten zion bitartean:

-Baina zer gertatzen da !!!??? Esan behingoz !!!

-Rokiak ez du etxean lo egin !!!

Salmeri lanean hasi zitzaion burua segituan. Neska azkarra zen eta arazoren bat tartean izan ezkero, laguntzeko prest agertu ohi zen. Haseran ez zen asko larritu, Rokiak hamazazpi urte zituen eta ondotxo zekien zer egiten zuen, askotan horrexegatik kritikatu izan zuen Salmek, alegia bere adinerako arduratsuegi ikusten zuelako. Baina bestaldetik... bazekien portaera hura ez zetorrela bere lagunaren izaerarekin bat eginda. Lotara joateko asmorik ez bazuen, aldezaurretik abisatuko zuen Rokiak, zihur. Salmek egin izan zuen horrelakorik azken urteetan baina Rokiak.... ez, ez zen arrunta. Gainera, azken egunotan bazuen zerbait arraroa, behin baina gehiagotan, hitz egiten hasten zirenean, burua beste leku batean zuela igartzen zion Salmek.

-Lasai egon zaitez, laster aurkituko dugu. - esan zuen Salmek, zerbait esatearren.

-Zuk badakizu zerbait ezta, non egon daiteke ? - Emakumea gero eta urduriago zegoen, apenas konturatzen zen zer galdetzen zuen ere. Eskuak buru gainera eramaten zituen behin eta berriz, gestu nabariak eginez eta zerura begiratzen zuen etengabe, erantzuna handik jasotzeko esperantza balu bezala.

-Gustora esango nizuke zerbait baina nik ez dakit ezer. -guztiz baldar eta arraro sentitu zen hau esaten zion bitartean - Tira, goazen barrura eta zer egin pentsatzen dugun bitartean, tea prestatuko dizut.

-Bere lagun onena zara, zerbait jakin behar duzu !!!- Rokiaren ama ez zegoen une hartan tea hartzeko.

-Ez dakit- erantzun zion neskatxak, isilune estu baten ondoren. Nabaria zen bere larritasuna, lasaitasun itxurak egin nahi arren.

-Joan egin behar dut, senarra eta seme-alabak zain ditut.- esan zion andreak emeki. Gira ematen hasi zen bere etxera itzultzeko, baina bapatean zerbait gogoratuta edo, buelta erdi bat eman zuen berriro eta Salmeren begietara zuzen begiratzen zuen bitartean, honakoa esan zion: -Badakizu ? Atzo gauean gezurra esan zidan. Afaldu ondoren zurekin bueltatxo bat ematera zihoala esan zidan. Gajoa ni. Zerbait berezia nabaritu nion, urduri zegoela iruditu zitzaidan une batez. Orain badakit. Gezurretan ari zen. Ez dakit azkenekoz noiz egin zidan gezurretan. Baina zerbait igarri arren, ez nuen sinestu nahi izan. Zer arrazoi ote du ? Egia esan, ez dut pentsatu ere egin nahi. Berdin zait. Orain axola duen bakarra bera ongi egotea da.- eta hau esateaz batera, etxeruntz ibiltzeari ekin zion, erabakior eta bizkor. Salme aho bete hortz utzi zuen, entzun berri zituen hitzek bizkarrean behera hotzikara bat sentiarazten zioten bitartean.

Rokiaren amak minutu eskas batzuetan egin zuen etxerako itzulera. Sentimendu kontrajarriak zituen barren-barrenean: Tristura, amorrua, ezinegona, dezepzioa.... baina zalantzarik gabe guzti hauen gainetik bat nabarmentzen zen: Beldurra. Alaba non edo norekin zegoen ez jakitearen beldurra.

Etxera sartu baino lehen, bere senarraren ahotsa entzun zuen. Mara edo Karimi ohiuka ari zela zirudien. Segundu bat hartu zuen etxera sartu aurretik, gizonari zer esan eta nola esan pentsatu nahi zuen lehenbizi. Berriro negar malkoen gazia begietara isuritzen zitzaiola sentitu zuen eta aurpegia eskuez estali zuen, amorruaren amorruz hortzak estutzen zituen bitartean. Gero begiak zerura altxatu zituen, jainkoari kastigu haren zergatiaz galdetu nahian. Minutu luze batzuetan zehar egon zen egoera berdinean. Burua jaitsi eta lur gorri eta lehorraren amaierara begiratzeaz bat konturatu zen.

Hasiera batean ametsetan ari zela iruditu zitzaion. Baina egia zen. Gizon bat zetorren bidean barna, astiro. Oraindik egunaren momentu beroenak iristeko ordu batzu gelditzen baziren ere, izerditan zetorren. Izerditan blai. Aurpegian berriz izua zekarren, infernuko atea zeharkatu eta lehenbailen atzean utzi nahian balebil bezala. Orduan konturatu zen Rokiaren ama izerdi eta izu haren zergaitiez. Gizonak neska bat zekarren besoetan, burua, besoak eta hankak zintzilik zekartzan, gizonaren eraginpean zetorren seinale garbia. Bi arrazoi egon zitezkeen hura arrazoitzeko: Konortea galduta zekarren edo......

Korrika hasi zen emakumea konturatu gabe, larritasunak eraginda. Nahikoa gerturatu zenean, ohiu batek zeharkatu zuen alderik alde Malanjeko zeru eder eta garbia:

-Rokia !!!!!

Orduan hasi zen benetako ametsgaiztoa.