14. Kapitulua

Astelehen goiza bere lozorrotik irten eta nagiak ateratzen ari zen Afrikan. Oso gutxitan ikus zitezkeen Malanjeko zeruan malenkoniaz kargatutako laino gris eta triste haiek. Bazirudien lainoek izan behar zutela egun hartan agintaritza osoa, itxura zenez eguzkia bera ere, beldurrez edo, ez zen ausartzen lainoen aurkako borroka hartan parte hartzen.

Akeemek egun batzuk lehenago erosia zuen eskuko erlojuari begiratu zion. Merke lortu zuen, apenas 60 kwanza*. Egia esan, ez zion tramankulu itsusi hark grazia gehiegirik egiten baina eguzkiak atera nahi ez zuen egun haietan bere lantxoa egiten ziola aitortu beharrean zen. Lagun batek gomendatu zion, erosteak merezi zuela, damurik ez zuela izango, oso erosoak izateaz gain sekula erlojurik ikusi gabeak ziren neskak beragana erakartzen lagunduko ziola, eztiak erlea bereganatzen duen bezala. Guzti honez gain, gaur egungo gizon gazte eta modernu batek ezin zuela mundu hartan erloju on bat gabe arrakastarik izan, halaxe bota zion, pulpitu gainetik egia bakar eta zuzena esaten ari den apaiz fededun baten antzera. Azkenean Akeemek erostea erabaki zuen, esaten zuen laurdena sinestu ez bazion ere. Gainera lagunak erakusten zuen larritasun harekin zalantza egin zuen, ez ote zegoen aurretik saltzaileren batekin irabaziak banatzeko hitz eginda. Baina tira, hura Afrika zen, onerako eta txarrerako. Bakoitzak ahal zuen bezala atera behar zuen aurrera bizitza.

Barrea irten zitzaion bere aitak aurreneko aldiz erlojua ikusteaz bat jarri zion aurpegiarekin.

*60 kwanza= 2 euro

-Zertarako erosi duk hori ?- Bota zion zur eta lur.

-Edozein unetan ze ordu den jakiteko.- Akeemek bazekien ez zela erantzun harekin nahiko izango.

-Eta zertarako jakin nahi duk uneoro zer ordu den ?- Eskua burura eraman eta azka egin zuen Akemeen aitak gero eta gutxiago ulertuz.

-Ez da unehoro jakitea aita, behar dudanean erlojuari begiratu eta zehatz jakingo dut zer ordu den.- Akeemek bazekien ordea mila arrazoi on azalduta ere ez zuela aita konbentzituko, hori baino gehiago zen ordea, izan ere, bera ere ez zegoen oraindik erlojuaren abantailez ohartuta.

-Zehatz jakingo duala zer ordu den ? Eta zergatik jakin nahi duk zehatz zer ordu den ? Begiratu eguzkiari eta berak esango dik jakin behar duan guztia - Aitak ez zuen bere semea zenik sinesten, Akeem ez zen horrelako txorakerien zale izaten.

Akeemek isildu nahi eta ezineko farreak entzun zituen aitaren bizkarretik. Karim eta Mara ziren, aita eta bien arteko elkarrizketa xelebrea entzuteaz bat isildu ezinik ziren. Karimek zerbait esan zion ahopean belarrira Marari eta hau barreak eutsi ezinda algaraka hasi zen bere hortz handi, zabal eta osasuntsuekin. Mara horrela barre egiten ikustean, arazo guztiez ahazten zen Akeem. Algara hark, segundu batzuez, inguruan zituen gauza guztiez at uzten zuen, beste leku eta garai batera eramateko dohaia izan balu bezala. Eta ezustean, bera ere barrez hasi zen.

Akeemek bazekien zerbait bere aitak galderak egiten jarraitzeko zuen trebetasunaz. Horrela hasten zenean hobe zen agudo gaiz aldatu, bestela gai zen ordu betean erantzunik ez zuten galdera luze, aspergarri eta amaigabeak egiten jarriatzeko. Eta orduan, duda egin zuen, ordulari hura erosteak pena merezi zuen ala ez.

Baina hoiek egun batzu lehenago gertatutakoak ziren. Orain Astelehen goiza zen eta Akeem bere etxe aurrean zegoen azkenengo hogei minutuetan bezala, zain. Laster lanera abiatu behar zuen eta ordulariari begiratu zion hamaikagarrenez, nahiz eta ondotxo zekien zer ordu zen. "Une batetik bestera atera behar dik" pentsatu zuen bere burua animatu nahian. Astelehena izateak ez zion eragotzi zituen arropa txukunenak janztera. Algodoizko praka zuriak eta kamiseta gorri bat zeramatzan soinean.

Gutxien uste zuenean, aldameneko etxean atea zabaltzen entzun zuen eta Khole agertu zen bertan, egunero bezala buru gainean esnez betetako ontziarekin. Akeem zain egon zen unea iritsi zen. Oraindik eguna guztiz argitu ez bazen ere, nahikoa ikus zitekeen eta bien begiradak topo egin zuten, apenas segundu batean. Akeemek kasu egin zion buruaz, urduri. Neska larritu egin zen une batez, inor ikusterik ez bait zuen espero baina nor zen konturatu zenean bere bideari ekin zion denborarik galdu gabe. Hala ere, ezin izan zion Akeemek han kanpoan eta ordu hartan zer egiten zuen galdetzeari utzi.

Akeem berriz harrituta gelditu zen, beste behin. Gutxienik, Kholek kasu egingo ziola uste zuen. Baina argi zegoen neskak ez zizkiola gauzak batere erraz ipiniko. Duda egin zuen, lanera abiatu beharra zeukan nagusiaren irainak entzun nahi ez bazituen. "Ez ezak aitzakiarik jar, nahiko denbora bazagok, ausardia duk behar duana", esan zion barrutik ahots batek, ahots ezagun batek. Biriketan zuen haizea botatzeko denbora hartu eta ohi baino pausu azkarragoekin oinez abiatu zen Kholeren atzetik. Egia esan ume bat bezala portatzen ari zen kontu harekin, hogei urte zituen eta zirt edo zart erabakiak hartzen hasi beharra zuen.

-Khole, egon segundu bat - esan zion ahal zuen gozoen neskaren parera iritsi eta bere ondoan oinez jarraitzen zuen bitartean.

-Presaka nabil- erantzun zion honek hotz.

-Ni ere bai, lanera joan beharra dut- Akeemek ahotsari agintaritza tonu bat eman nahi izan zion.

Kholek ez zuen erantzun hau inondik inora espero eta harridurak eraginda edo, gelditu egin zen.

-Zer nahi duzu ? Ondo iruditzen zaizu nire atzetik jarraika horrela ibiltzea ? - Kholek begitartea simurtuta zuen eta esku batez ontzia helduta izan arren bestearekin haserre keinu nabarmenak egiten ari zitzaion.

-Barkatzeko eskatu nahi nizun, hori da guztia.- Akeemi bapatean irten zitzaizkion hitzak baina ez zekien Kholerentzat nahikoa izango zen.

-Zergatik barkatu behar dizut ?- galdetu zion Kholek leunago, segundu batzuetako tartearen ondoren.

-Zergatik ? Nik zer dakit ba.... ez nuelako ezer txarrik buruan edo agian denok merezi dugulako bigarren aukera bat- erantzun zion Akeemek duda egin eta gero. Biak bata bestearen begietan hiltzatuta zituzten begiradak, bestearen anima begien sakontasunean bilatu nahi balute bezala.

-Edo bestela.... -jarraitu zuen Akeemek- bestela barkatu mutil ederra nahizelako.

Kholeri irribarre bat margotu zitzaion ahoan segundu batez baina beranduegi izan baino lehen ezkutatzea lortu zuen.

-Zergatik jarraitu zenidan ?- berriro ere serio itxura hartuz.

Akeemek ez zuen galdera hau espero, ez behintzat egin zuen moduan. Garbi zegoen ez zizkiola gauzak batere erraz jarri nahi.

-Ez dakit... beharbada...-hasi zen etsita Akeem baina bapatean begiak lurretik altxa eta Kholeri begiratu zion zuzen zuzenean, erabaki bat hartu duenaren zihurtasunez- erakarri egin ninduzulako ? Hori da guztia, erakarri egin ninduzun.

Kholek buruan zeraman ontzia lurrean utzi zuen mugimendu prestu eta azkar batez. Nabari zen egunean zehar askotan egiten zuen keinua zela hura: Ez zitzaion ontzia ia batere mugitu, esneak ez zuen segundu batean ere erortzeko arriskurik izan.

-Hori izan da orain arte esan didazun lehenengo egia ezta ?- galdetu zion Kholek ahots lasai eta makalez. Aurpegian aldaketa bat izan zuen, farrerik ez zuen egin baina nabari zen egoerak dibertitu egiten zuela. Akeemi begira gelditu zen, erne. Mutilaren erantzunaren zain gelditu zen, hau estu eta larri zegoela ikusita.

Akeemi izardi hotz batek hartu zion gorputza. Kholeren joerak harrituta uzten zuen. Zenbat urte zituen neskatxa hark ? Hamasei, hamazazpi ? Eta altueran berriz ia buru osoa kentzen zion Akeemek. Normalean neskak urduri edo intimidaturik sentitzen ziren bere aurrean baina Kholek beste lasaitasun puntu bat zuen. Egoera kontrolpean zuela nabari zitzaion eta honek Akeemen nahasmena handitu baino ez zuen egiten. Berarekin jolasean ari zela pentsatu zuen Akeemek eta jolasari jarraitzea erabaki zuen:

-Bai, arrazoia duzu. Eta zuk, noiz esan behar didazu lehenengo egia ?- Hau esateaz bat, Akeemek aurrera egin zuen pausotxo bat eta bere aurpegia Kholenarengandik oso gertu utzi zuen.

Kholeren begietan ezusteko baten itzala nabaritu zuen Akeemek eta honek lehen garaipen bat ematen ziola pentsatu zuen. Gainera, hain gertu egoteak, neskaren usainaz gozatzeko parada bikaina eman zion: Menta usaina nabaritu zion gorputzaren zirrikitu guztietatik.

-Ba, badakizu zer....- Kholeren ezustekoak ez zuen gehiegi iraun eta hitz hauek esateaz batera bere ahoa Akeemen belarriraino luzatu zuen. Hau egitean, neskatxak hanka puntetan jarri behar izan zuela ikusi zuen Akeemek eta honek, txorakeri bat izanagatik ere, bigarren garaipen bat ematen ziola sentitu zuen.- zera.... orain ezin dizudala muxurik eman behintzat.... lanera joan behar dut berehala. Hauxe da nire lehenengo egia.

Khole ontzia jasotzeko makurtu zen Akeemi begirada esanguratsu bat bota eta sorbaldan kolpetxo bat eman ondoren. Atzera begiratu gabe, oinez ibiltzeari ekin zion baina bazekien Akeem bere mugimendu guztiak jarraitzen ari zela.

Akeemek ez zuen neskaren mugimendu bakar bat ere galtzen. Segundu motz batez izan bazen ere, benetan amestu zuen muxu luze eta bero bat emango ziola. Baina eskuetatik ihes egin zion berriro. Azkenengo begirada bat bota zion bidegurutzean ezkerrera egin eta desagartzen ikusten zuen bitartean.

Akeemek Kholeren irudia hartu nahi izan zuen buruan. Ametsetan bezala gelditu zen, bidearen erdian, neskaren irribarrea berriro gogoratu eta dastatu nahian. Gero jantzita zeraman soineko berdeaz oroitu zen, zaharra eta gastatua izan arren, bere azal beltz, distiratsu eta gaztearen gainean egiten zuen kontraste perfektuaz gozatuz.

Hasperen egin eta buelta erdia hartu zuen Akeemek. Senak neska hark buruhauste handiak emango zizkiola esaten zion baina bere senarekin asko fidatzen bazen ere, ezin ziren erabaki guztiak bere esku utzi. Noizehan behin, gutxienez, arriskatu egin behar zen, bizitzari hortzak erakutsi. Bapatean, lanera joan behar zuela gogoratuta erlojuari begiratu zion. Bai, berandu helduko zen egun hartan, ez zegoen zalantzarik. Baina entzun beharrekoak entzunda ere, inork ez zion barruan nabari zuen zoriontasun pizgarri hura kenduko. Ez behintzat egun hartan.