13. Kapitulua

Rokiak ilusioz eta urduritasunez gainezka sentitzen zuen bere barrua, odola irakiten zuela iruditu zitzaion bihotzak gero eta taupada azkarragoak egiten zizkion bitartean. Eskuak izerdituta somatzen zituen unehoro eta sarritan atzera begiratzen zuen bere buruari lasaitasuna eskatuz. Oinez zihoan, bere pauso txiki baina bizkorrez. Izar gutxi zegoen gau ilun eta sargoretsu hartan baina normalean ageri ez zuten distira bat igarri zitzaien, bizitzaz beterik zeudela aldarrikatu nahian edo, Rokiaren ezinegonarekin bat egin nahi balute bezala.

Ama, aita eta Akeemen aurrean gezurretan aritzea ez zuen gogoko baina ez zuen beste irtenbiderik izan. Beldur zen egia ez ote zitzaien oso atsegina izango. Gainera zergatik eman behar zuen beti hainbeste azalpen ? Hemezazpi urte eginak izan arren, batzuetan hamar urteko neskatila baten bizitza zuela iruditzen zitzaion. Eta neba zaharra izan arren, Akeemek gehiegi estutzen zuen aspaldian. Nora zoaz ? Zeinekin ? Zertarako ? Noiz arte ? Utz nazala bakean, pentsatu zuen berekiko Rokiak amorruz eta etsipenez. Burua astindu zuen, pentsamendu haiek uxatu nahian, ez zen gauza haietaz pentsatzeko momentua. Gau hura berarentzat zen, ez zuen familiako inorekin gogoratu nahi.

Bere etxetik nahikoa urrundu zela konturatu zenean lasaiago ibiltzeari ekin zion. Ez zuen han bizitzea atsegin. Zergatik konformatu behar zuen suburbio triste eta zikin haien artean bizitzearekin ? Paisaia guztia berdina zen, etxe txiki eta zikinak elkarren ondoan, zabor usaina, umeak arropa zarpailez jantzita, asfaltatu gabeko kaleak, ur balde bat putzutik hartzeko ilaran denbora luzez zain egon behar... dagoeneko ohituta zegoen arren ezin zuen guzti hura arrunta izan balitz bezala onartu. Zergatik ezin zuten bizitza duinago bat izan ?

Momentu batean hartu beharreko bideaz zalantzan egon zen. Gaua oso ilun zegoen eta etxeen itzalak ozta-ozta antzematen ziren. Izarren distiragatik izan ez balitz iluntasuna erabatekoa izango litzateke. Rokiak begiak itxi zituen, konzentratu nahi zuenean maiz egiten zuen moduan. Maldizio bat bota zuen ahopean, kalean gauez argirik ez egotearen desabantailez pentsatzen zuela. Gauez oinez ibiltzea asko gustatzen zitzaion baina oztopoz eta zuloz betetako kale estu eta zikin haietan ezin zen inor argirik gabe ibili.

Buruan zer bideri ekin behar zion pentsatzen ari zela gizon baten ahotsa entzun zuen eta sustoaren eraginez ohiu bat egiteko zorian izan zen. Oso gertutik zetorren eta Rokia zalantzan geratu zen berari hitzegiten ari zitzaion edo ez. Baina segundu gutxi batzuk geroago beste gizon batek erantzuten ziola entzun zuen. Eta bigarren hau haserre zegoela zirudien gainera. Ia ikusi ez arren, gizonen ahotsen tonuarengatik, laster konturatu zen Rokia diskusio gogor batean murgildurik zirela.

Eztabaidak berarekin zer ikusirik ez zuela ikusita, Rokiak bideari jarraitzeko aukera izan zuen bere senari jaramon eginez. Ezkerrera egin zuen bidegurutze txiki eta estu batean, pausoa berriro bizkortzen zuela. Noizehan behin jaio berri baten negar ozen eta estua edo agure gaixo baten estul errepikakorra entzun zitezkeen gauaren ilunean baina kaleak orokorrean isilik mantentzen ziren, egun gogor bat izan eta gero Malanje deskantsu eskean izan balitz bezala.

Oso gutxitan izan zuen Rokiak inguru haietan egoteko abagunea. Eta egon zen apurretan egun argiz izan zela gogorarazi zion bere buruari. Kontuz ibili behar zuen. Instintiboki alde guztietara begiratu zuen berriro, arrunt ez zitzaion edozein zarata edo egoerari aurre egiteko prest zela. Orohar denentzat eta bereziki neska gazte batentzat, ondo ezagutzen ez zuen leku batean ibiltzea oso arriskutsua izan zitekeen. Batzuetan, oso sarri ez bazen ere, bortxatutako emakumeen kasuak entzun zitezkeen. Etxeek goranzko bideari ekiten zioten bapatean, lur gorriaren azpia gaizki osatutako harri handiz beteta zegoela zirudien, lurrari halako forma arraro eta ezohiko bat emanez.

Rokiak gutxi geratzen zitzaiola nabaritu zuen. Normalean sasoi hartan gauak haize fresko eta erakargarria ekartzen zuen arren, egun hartan ez zen horrela izan. Kopetan itsatsita zuen ilea aztindu zuen neska beltzaranak asperen eginez. Ilea zen bere gorputzetik gehien gustatzen zitzaion atala, azpimarragarriena. Neska ederra zen orokorrean baina ilea bereziki estimatzen zuen eta putzura ur bila joaten zen oro garbitzen zuen astiro eta tentuz orraztuz. Mutil bat baino gehiago harrapatu zuen bere ile busti, distiratsu eta garbitu berriari begira, begiak erne baina burua auskalo non, hipnotizatuta edo ametsik gozoenean murgildurik zeudela zirudien.

Aldapari ekin zion soinean jantzita zeraman bere soineko onenarekin, berde eta luzearekin alegia, eta berri zamarrak baina ez horregatik ahutsez bete gabeak ziren oinetakoekin. Besteekin alderatuz berezia zen etxetxo bat igaro zuen eta bapatean ezagun egin zitzaion inguru hura. Beste ehun bat metro aurrera egin eta bertan izango zen azkenean. Sabel aldean halako zirrara bat sentitu zuen eta bera konturatu ez bazen ere, irribar txiki bat irten zitzaion.

Segundu eskas batzuk geroago norbait ikusi zuen iluntasunean erdi ezkutaturik eta beregana jo zuen, zuzenean.

-Kaixo Rokia, etorri zara azkenean.- esan zion mutil ahots eztitsu batek.

-Bai, barkatu baina berandutu egin zait- urduri Rokiak.

-Berdin da, zure ondoan bost minutu egoteagatik, bost ordu emango nituzke zain.

Begiak lurrean hiltzatu zituen Rokiak, inolaz espero ez zuen lausengua entzun eta gero, lotsati.

-Sartu nahi duzu barrura ?- esan zion mutilak, txabola txiki, estu eta deserosoa seinalatuz.

Baietz egin zion buruarekin Rokiak eta ikusi ez zuen arren, mutilaren begiek distira berezi bat egin zuten gau ilun eta basati hartan.