12. Kapitulua

Akeem eta Kenba lasai eserita zeuden behar adina hoztu gabeko garagardo baten laguntzaz, patxadan. Ez zen lehenengo garagardoa ordea. Taberna batzuetan sartu irtenak egin eta gero jesartzea erabaki zuten bi lagunek, ilargia zeruan gora indarrez zihoan bitartean, mugarik onartu ezin duen eskalatzaile baten moduan. Haizeak ohi baino indar handiagoz aztintzen zituen zoko guztiak, herritarrei gutxitan goza zezaketen freskura sentizeko aukera emanaz. Egunean zehar izandako bero astuna jasan eta gero jendea kalera ateratzen zen, alai eta umoretsu, denbora luzeegian lozorroan egon eta gero bizitzara bueltatuko bailiran, udaberrian loreek izaten duten jaiotza bezala. Gau ederra ari ziren pasatzen bi lagunak. Akeemi grazia egiten zion Kenbari alkoholak zer eragin egiten zion ikusteak. Ez zuen lagunak erateko aparteko dohainik. Agian hobe izango zen horrela, beste batzuengan zer efektu egiten zuen ikusita. -Ez didak esan behar zer gertzatzen zaian Akeem ??? -Niri... zer ba???- ezustean harrapatu zuen gaztea Kenbaren galderak. -Ia hik baino hogei urte gehiago zeuzkat Akeem- esan zion Kenbak gazteari sorbaldan kolpe bat ematen zihoen bitartean. Begiak dir-dir egiten zioten eta aurpegian satizfazio keinu bat ageri zuen, sekula bota zuen egia handiena esan balu bezala. -Eta... -Nola eta.... esaidak behingoz zer gertatzen zaian, tira kontatu hire arazoak Kenba zaharrari- oraingoan Akeemengana luzatu zuen aurpegia, sekretu misteriotsu bat entzuteko prest dagoenak egingo lukeen bezala. Akeem harrituta zegoen. Segundu gutxi batzu lehenago, mozkortuta ez baina gutxienik bere laguna txispatuta zela iruditu zitzaion. Orain aldiz, erabat adi zegoen, Akeemek esan behar ziona ondo entzun nahi balu bezala. -Zer duk lan arazoren bat, familiako zerbait gaizki doala edo...- bapatean begiak erdi itxi zituen Kenbak begirada maltzur bat jarriz- edo neskaren bat gustatzen zaiala Akeem ??? Asperen egin zuen gazteak Kenbak jartzen zion aurpegi misteriotsuaren aurrean. Egia esan, gauza asko zituen buruan baina bazen bat azken egun haietan, beste guztiak estaltzen zituena. Ezin zuen Khole burutik kendu, ezta nahita ere. Gauean loak hartzeko arazoak zituen eta behin baino gehiagotan jaiki behar izan zuen, esne pixka bat hartu eta burua beste zerbaitetan nekatu nahian. Baina alferrik zen. Neskaren aurpegi sutsua etortzen zitzaion gogora behin eta berriz, oraindik horren haserre egongo ote zen pentsatzen zuela. Kenbak bere erantzunaren zain jarraitzen zuen ordea eta bere burutazioetatik atera behar izan zuen. Ez zekien oso ondo nondik hasi baina eztarria garbitu ondoren, hasi zen halako batean: -Beno ba, aurreko batean neska batekin hitz egiten izan nintzen eta... zera, ez dago batere gaizki.- bota zuen Akeemek, baina Khole eta bien arteko hura hitz egitea izan ote zen galdetu zion bere buruari. -Eta ??? Zer dik horrek berezitik ??? Heuk aipatu izan didak neska batzuekin ibilita hagoela aurretik ere ezta ??? -Bai ala da, baina... zerbait berezia du neska honek.- Akeemek ergel samarra zela sentitu zuen hura esatean. -Berezia..... Guztiek ditek zerbait berezia.- Bere emaztea ere oso berezia izan zen Kenbarentzat ezagutu zuenean, orain aldiz beste adjetibo batzu erabiliko zituen hura deskribatzeko eta egia esan, ez ziren denak horren politak izango. -Baina ez dut politagatik esaten... Hori baino neska politagoak ikusi edo ezagutu ditut... ez dakit zer den baina beste zerbait du. Kenbak arreta gehiago jarri zion Akeemi. Bere aurpegiko tentsioa, eskuen urduritasuna, sorbalden egonezina... bapatean beste Akeem bat zela pentsatu zuen, orain harte ezagutu zuen Akeem handik eraman eta guztiz bestelako bat ekarri ziotela iruditu zitzaion. Baina nola ez zen lehenago konturatu ??? Ergela izan behar zen ez ikusteko. -Maitemindu egin haiz- erabaki zuen Kenbak. -Ez, ez dut uste- erantzun zion Akeemek isilune luze baten ondoren. Baina konfiantza larregirik gabe esan zuen azkenengo hura Akeemek eta biak konturatu ziren horretaz. Orain harte, bere hogei urteetan ez zitzaion horrelakorik gertatu eta nahastuta zebilen. Neska asko gustatu zitzaizkion, batzu ezagutzeko aukera ere izan zuen, horietatik bi edo hirurekin gustora ibili zen denboraldi batez. Baina hau desberdina zen eta sekula aitortuko ez lukeen arren, neurri batean beldurra ematen zion. Zergatik ordea? Agian sekula ez zuelako horrelakorik sentitu? Kenbaren ahotsak atera zuen bere pentsamenduetatik. -Ez hadi gehiegi estutu, denoi gertau zaiguk hori lehenxeago edo geroxeago- esan zion bizkarrean kolpe bat emanez, aitona zahar baten esperientziaz, bere ezpainetan irribarre txiki bat agertzen zela. Gero inbiria apur bat sentitu zuen Akeemek jarri zituen begi ametskorrei erreparatzen ziela. Aspaldian galdu zuen berak gazteak begietan zuen disdira hura. Bizitzan dena aurretik zuen Akeemek, dena ikasi, ikusi eta sentizeko zuen oraindik. Pozak, tristurak, lorpenak, dezepzioak, ametsak, minak, maitasunak... bizitza bere gora behera amaigabeekin. Gai izango ote zen guzti ari aurre egiteko?