10. Kapitulua

Akeemek lanean ziharduen etengabe. Egia esan, nekaezina zen. Eta horrez gain, beste ezaugarri bat jartzekotan lankide bikaina zela azpimarratu behar zen. Hori ondo zekien Kenbak. Kenba berrogehi urte egitear zegoen eta Akeemen lankide izateaz gain lagun mina ere bazen. Hitz gutxiko gizona zen, egoskorra baina bihotz onekoa eta zaharregia izan ez arren, sei seme-alaba zituen. Hitz egiteko joerarik ez zuela eta, isiltasun hau gaizki ulertuta, kosta egin zitzaien bi lagunei elkarrengana iristea baina lortu zutenean ez zuten aparteko arazorik izan elkar ondo ezagutu eta begirunez betetako harreman bati hasera emateko.

Normalean binaka lan egin behar izaten zuten kafe plantazioan. Denbora gutxi behar izan zuen Kenbak gazteak zuen lan gaitasuna neurtzeko. Kenbak hamazortzi urte zeramatzan han lanean eta ehundaka edo milaka langile ikusiak izango zituen dagoeneko. Egia zor, ia denak langile onak izango ziren, eginbeharrekoa ondo eta arin egiten zutenak. Horietatik bakar batzuk oso onak ziren. Baina esku bakar batez kontatu ahal zitezkeen berak langile bezala miresten zituenak. Akeem aste batzuez lanean ikusi eta gero, azken multzo onetan sartzea merezi zuela erabaki zuen. Kenbak bere burua ere langile ontzat zuen, eta arrazoiz gainera. Lan baldintzak sarritan oso kaskarrak izan arren, bera beti saiatzen zen zuen guztia ematen. Ondo baino hobeto zekien bere familiak diru haren premia zuela. Emaztea kexuka izaten zuen maiz, ekartzen zuen diruarekin ezin zituela sei umeak hasi behin eta berriz gogoratuz.

-Orain ere burua txoriekin pentsatzen?

-Ni... bai zera- erantzun zion Kenbak Akeemi azken honek keinu bat botatzen ziola ikustean. Gazteak sorbaldan kafez betetako otarra handi bat zeraman eta giharrak erabat nabarmentzen zitzaizkion kamiseta zuri eta zaharraren azpian.

Sei edo zazpi urte lehenago, Kenbak ere horrelakoxe otarrak eraman ohi zituen bizkarrean, goraino kafez beteta. Azken urte haietan ordea, bizkarreko minak jota zebilen eta ezin izaten zituen horrenbesteko pisuak eraman. Hori izan zen Akeemekin lanean jartzeko arrazoi nagusia alegia, nagusiek beti nahita jartzen zituzten gazte bat pixka bat zaharragoa zenarekin elkar lanean, batek hainbeste egiten ez bazuen ere gazteak lan gehiago eginez bien arteko oreka mantendu zezan. Horrela zela laster igarri eta jakin arren, ez zitzaion Kenbari oso gustokoa egoera hura eta ahal zuen lan gehiena egiten zuen.

-Ondo al zaude Kenba ?- galdetu zion Akeemek otarra lurrean uzten zuen bitartean. Bere laguna erdi ametsetan zegoela iruditu zitzaion.

-Bai, bero honekin aspertuta nagoela, hori duk guztia.- esan zion Kenbak lanean jarraituz.

-Egia da, eskerrak lan eguna bukatzear den.- erantzun zion Akeemek lagunari begiratzen ziola.

Azken asteotan zerbait desberdina somatzen zuen lagunarengan. Ez zekien zehatz zer zen baina... urduritasun, egonezin edo umore falta hura. Bazekien emaztearekin arazo batzuk zituela eta ez zuen erraza izan behar berarentzat sei seme alaba aurrera ateratzea... Asko estimatzen zuen Kenba. Berarekin lanean zeraman denboran ikaragarri erakutsi zion, maisu batek bere ikasle maiteena bezala hartu zuen, lehenik eta behin lana errazago eta erosoago egin behar zuela irakatsi zion eta Akeemek laister ikasi ahal izan zuen Kenbaren aholkuak estimatzen. Bestalde kafeak zituen propietatei buruz eta egiten zituen onurei nahiz kalteei buruz hitz egiten zion, honi buruz bere jakintza oso zabala zela agerian utziz. Akeemek ondo asko zekien horrelako lagunak ez zirela maiz aurkitzen eta bien arteko harreman ari kosta ala kosta heldu nahi zion.

-Joango al gara gaur gauean nonbaitera zerbait hartzera?

-Gaur ?- erabat ezustean harrapatu zuen Kenba.

-Bai, beno gaur Larunbata da eta bihar jai eguna denez ba...- esan zion Akeemek, bestea harrituta ikustean.

-Egia esan ez duk ideia txarra baina emaztea eta semeak ere beraiekin egon nadin nahiko ditek.

Noizean behin, horrelako eskapadaren bat egiten zuten bi lagunek. Herrixkatik kanpora irten eta lasai paseatuz ordu erdi batean lehen aipaturiko merkatuaren inguruetara joaten ziren. Izan ere, aste osoan ikusi ahal zitezkeen merkatu erraldoiak utzitako eraginak. Leku hura jendea biltzeko aproposa zela zirudien. Kontuan hartu behar zen, auzo hartan bizi zirenak ez zutela diru eskaziaren bildurrik, orohar lanpostu hobeaz gozatzeko aukera zuen jendea zen, besteak beste, tabernari, igeltsero, irakasle, pintore, idazle eta baita abokatu bat edo beste ere. Hauen poltsikoek pisu gehiago zutela jakinik, aste osoan eta bereziki aste bukaeran jendea erakartzeko zerbait berezia egon ohi zen. Espektakulu bereziren bat, egunen batean famatua izan nahi zuen abeslariren bat bere dohaiak erakutsi nahirik, karta jokoak, dantzariren bat eta edatea gustoko zuenarentzat taberna aukera zabala. Diruz eskaz ibiltzen zirela eta ezin izaten zuten nahi hainbestetan joan Akeem eta Kenbak, baina joan ohi zirenetan barre galantak egiten zituzten.

-Igandean egon zintezke beraiekin- arrazoitu zion Akeemek.

-Bai, hori ere egia duk- Egia esan, Akeemekin eskapada bat egiteko irrikitan zegoen Kenba. Gaztearekin irteten zuen bakoitzean, hobeto sentitzeaz gain, lasaiago eta umoretsuago ibili ohi zen.

-Zer, afalostean geldituko gara orduan ???

Baiezko bat egin zion Kenbak buruaz, nahiz eta ederki zekien bere emazteari ez zitzaiola hura gehiegi gustatuko.

-Hori bai, espero dut ez zaitudala azkenengoan bezala arrastaka ekarri beharko ezta ??? Nola izena zuen hainbeste gustatu zitzaizun eta ordura arte sekula probatu ez zenuen garagardo hark ???- bota zion adar jotzen Akeemek, buelta hartu eta kafez betetako beste otarra baten bila zihoala. Gazteak egindako farrea, indartsu heldu zen Kenbaren belarrietara, batek egin ordez milaka pertsonek batera egin balute bezala.