8. Kapitulua

Akeemek eztarria estutzen ziotela sentitu zuen. Ez zen batere egoera atsegina. Segundu eskaz batzuk orduak bailiran luzatu zitzaizkion. Ohiu egiten saiatu zen bere birikek ematen zioten indar guztiz. Alferrik zen ordea, alfer alferrik. Lepoa estutzen zion gizonak indar gehiegi zuen eta Akeemek biriketara airerik ez heltzearen larria zer zen sentitu zuen bere bizitzan aurrenekoz. Bere ingurura begiratu zuen objeturen bat eskuez hartu eta ezezagunaren buruan txikitzeko esperantzaz baina ez zegoen ezer bere besoetatik gertu. Indarrak gutxiagotzen ari zitzaizkiola ikusita bere hiltzailearen aurpegia ikusi nahi izan zuen, bere bizitzako azken hatsaren erantzulea nor zen jakin nahian. Burua estalita zeraman pertsona bat ikusi zuen ozta-ozta, beste mundu batetik bera hiltzera zetorren itzal bat bezala. Baina zoritxarrez ez zen itzal bat eta zuen indarra kontuan hartuzkero gizon bat zela esan zitekeen huts egiteko batere bildur gabe. Pentsakizun guzti hauek izan zituen buruan Akeemek oso tarte laburrean, zer gertatzen ari zitzaion ulertu nahian zelarik. Bere buruak, denbora gutxi zuela igarrita edo, segundu gutxi haietan, azken segundu haietan, normalean baina lan gehiago egin nahi izan zuen azkenengo esfortzu ikaragarri batean.

Izardiak blai eginda esnatu zen Akeem gauaren erdian. Beldurraren beldurrez ohiu egin zuen non zegoen ere asmatu ezinik. Tarte luze bat behar izan zuen bere etxean zegoela konturatzeko, koltxoi gainean etzanda zen. Sustu handi bat hartu eta gero ezer txarrik gertatu ez zaionak egiten duen bezala lasai hartu zuen arnasa, bapatean bizkar gainetik izugarrizko zama kendu duenaren arintasunez. Orduan oheratu aurretik aitarekin izandako solasaldia gogoratu zuen eta koltxoian etzan bezain laster lo geldituko zela pentsatu zuen.

Ez zen horrelako amets gaizto bat egiten zuen lehen aldia. Zergatik jakin gabe, noizean behin horrelako amets estuak izaten zituen. Normalean bera edo bere familiako norbait arriskuan izaten ziren eta Akeemek ezin izaten zuen ezer egin hauen alde. Ametsa burutik kendu nahian, ohetik jaiki zen salto batean eta sarrerako ateruntz jo zuen. Egunsentia iristeko oraindik pare bat ordu falta zirela ikusita eta oheratu zenerako ia gauerdia zela kalkulatuta bost edo sei orduko loa izan zuela ausnartu zuen. Ez zitzaion atsegin lo gehiegi egitea, izan ere asko kostatzen zitzaion espabilatzea, zombi bat bezala ibiltzen zen alde batetik bestera eguneko lehen orduetan.

Nagiak astiro eta gustu handiz luzatu ondoren barrura sartzera zihoala, aldameneko txabolan soinu batzu entzun zituen eta une bat geroago Khole ikusi zuen atetik irteten buruan hamar bat litro esne zeramatzala. Hamabost bat urtetako neskatxa fin eta isila zen Khole eta Akeemi ikusten zuen bakoitzeko gehiago gustatzen zitzaion. Oso gutxitan ikusi ahal zen zerbait zuen Kholek Akeemen ustetan. Ez zekien oso ondo zer zen baina halako duintasun moduko hura, ibiltzeko era bitxi hura, aurpegian ageri zuen segurtasun hura...... ezin zituen Akeemek begiak neskatxarengandik urrundu. Hau guztia gutxi balitz, sekula ikusi ez zion soineko bat zeraman: Lorez marraztutako soineko luze eta gorria ikusgarri egokitzen zen Kholerengan eta neskak pausu bat egiten zuen bakoitzean bazirudien loreek dantzan egiten ziotela, han entzun ezin zitekeen musika batek soinekoa menpean hartu izan balu bezala.

Neskak bera ere ikusi zuela iruditu zitzaion Akeemi baina mutilak agur bat egiterako neskak bere bideari ekin zion. Akeem harrituta gelditu zen une batez. Berak ikusi zuela uste izan arren, agian ez zuen ikusi.? Edo ikusi ta gero ere ez ikusiarena egin zion ??? Oraindik zalantza buruan zuela neskatxari jarraitzea erabaki zuen. Goiz esnatu zen eta oraindik pare bat ordu zituen lanera joan aurretik. Larunbata izan arren, lanera joaten ohituta zegoen jada Angolar gaztea. Betidanik lan gogorrean aritua zen eta beretzat Igandeak bakarrik ziren jai egunak.

Soinean telazko fraka zabal batzuk bakarrik jantziak zituela gogoratuz, berriz ere txabolara sartu zen algodoizko kamiseta zuri bat janztera. Tximista baina azkarrago atera zen Akeem Kholeren arrastoa jarraitu nahirik. Segituan txabolak biltzen ziren bidegurutze txiki batera heldu zen nora jo asmatu ezinik. Izan ere, Kholeren pausu txiki eta isilak ez ziren jarrai errazak. Baina etsipenak ia Akeemen pazientzia menderatu zuela, Kholeren soineku gorria ikusi zuela iruditu zitzaion bidetxur batean ezkerrera egiten. Oraingoan bere buruari ihes egiten ez ziola utziko aginduta, atzetik abiatu zen Akeem pausu handi eta urduriz. Momentu batean, zertan ari zen ikusita guztiz erreala iruditu zitzaion egoera. Berak ez zuen inoiz horrelakorik egin eta ez zen gainera egin zale. Normalean, mutil ederra zela ikusita eta auzoan denek edo gehienek mutil jatortzat jotzen zutela ez zuen neskekin elkartzeko arazorik izaten eta berak nahi izan gabe ere hurreratzen zitzaion bat edo beste. Dena den, berak ere ez zekien zerbaitek, agian zenak edo, jarraitzeko esaten zion.