7. Kapitulua

-Zer moduz lanean Akeem ??? - galdetu zion aitak afaria bukatzen ari zirela.

-Nahiko ondo.- erantzun zion xehetasunak aipatzeko gogorik gabe.

-Ziur ??? Ba aste honetan bertan, entzun berria dut beste herrialdeek eginiko konpetentziaren ondorioz, kafe sailetan lan egiten duten gazte asko kanpora bota beharko dituztela.- kopetan zituen simurrek aski garbi erakusten zuten Akeemen aitaren egonezina.

Eta arrazoi zuen. Berak ere entzun zituen zurrumurru horiek eta hori baino okerrago: Ez ziren zurrumurruak bakarrik. Fidagarriak ziren lagunek aitortu ziotenez, ondorengo hilabeteak oso gogorrak izango ziren. Hala ere, aitak esandakoari garrantzia kendu nahi izan zion:

-Tira aita, badakizu horrelako txutxumutxuak etengabe agertzen direla- esan zion bere begirada sahiestu nahian.

Arroz zuria zapore gogorreko espeziekin jan ondoren, patata frijutu batzuk dastatu berriak zituzten. Akeemek ekarritako banana erreak berriz, afaria baino lehen bukatu ziren: Ezin izan zion inork desira horri eutsi.

Mara gustora zen. Zoriontsu sentitzen zen familia guztiak bat eginda afaltzen zutenean. Akeemek banana erreekin emandako ezusteaz gozatzen ari zen oraindik, izan ere ez zuten egunero horrelako postreak dastatzeko suertea izaten. Hare gehiago, normalean ez zen etxe hartan postrerik izaten. Mara izugarri hazi zen azkenengo hilabeteetan eta oraindik hamaika urte bakarrik zituela gogoratuta inor ez zen ausartzen noraino iritsiko zen esaten. Aita eta Akeemen arteko elkarrizketa bukatu zela jabetzean, Rokiarengana jiratu zen berarekin kaletik bueltatxo bat egin nahi zuen galdetzeko. Baina segituan konturatu zen ahizparen gogoa beste nonbait zela. Askotxotan harrapatzen zuen horrela aspaldian. Zertan petsatzen ari ote zen ?

Rokiak ez zuen entzun afari osoan esaten zer ezer. Mekanikoki jan zuen, egunero berdina egiteaz aspertuta dagoenaren legez. Bere dantsa ametsak alde batera utzi ezkero, gauza pila bat gertatzen ari zen bere bizitzan. Azken asteotan gehien kezkatzen zuena Bema izeneko mutila zen. Honek hogei urte inguru zituen eta aspaldian, gauetan etxeratzekotan zela, Rokiaren atzetik etorri ohi zen neskatxari halako zirrara moduko bat eraginez. Ez zekien oso ondo nola jokatu, ez zuen ezagutzen, bazekien kale batzuk besterago zegoen txabola baztertu batean bizi zela eta Rokiaren lagunek esatera ez omen zen fidatzekoa. Droga arazoetan sartuta omen zebilen. Hala ere, Rokiak gehienetan ezin izaten zuen sahiestu eta ezta nahi ere. Egia esatera, gustatu egiten zitzaion eta bera baino zaharrago izate hori asko atsegin zuen, ez baizuen bere adineko mutil inozo eta ezjakin haiekin ezer jakiterik nahi. Gehiago ezagutzea gustatuko litzaioke. Bazekien Bema hurbilduko zitzaiola. Agian egun batzuk itxaron beharko zituen edo aste batzuk. Berdin zen, bazekien hurbilduko zela.

Karim berriz nekatuta zegoen. Erdi etzanda zetzan lurrean, erdi lotan dagoeneko, buruaren pisua ezkerreko eskuaz eusten zuen bitartean. Hiru bat hilabete izango ziren entrenatzailea etxera joan zitzaienetik eta ordudandik, orain artean sentitu ez bezelako zama sentitzen zuen bere baitan. Presioa. Irakasleak, nahi gabe izanda ere, mutilak behar zuena eta ahal zuena baino presio gehiago sartzen zion. Egun batetik bestera, eta bere bizitzaren oinarri berria izan balitz bezala, Karimen entrenamenduekin buru belarri aritzen zen arratsalde osoa. Hau noski, hasera batean Karimen alderako eta gusturako izan zen baina saioak apurka-apurka luzatzen eta gogortzen hasi zirenean Karim urduritu egin zen. Urduritu eta nekatu. Karimek asko eskatzen zion bere buruari, entrenamenduak hasi baino lehen, bere burua animatzen zuen ondo ari zela esanez baina baita hobeto egin zezakeela ere. Bazekien zerbait lortu nahi bazuen asko saiatu beharko zuela, bere baitan zen onena atera beharko zuela eta gau batzuetan amets egiten zuen bere entrenatzaileak, motibatzearren esaten zizkion lasterketa famatuak irabazten zituela. Lasterketa hauek, beti ere entrenatzailearen esanetan, olinpiar jokoak izenes ezagutzen ziren, oso ospetsuak omen ziren eta herrialde guztietako partaideak izaten ziren han. Karimek entzun zuenez, oso zaila zen horrelako txapelketa batean onenen hartean sailkatzea baina bere ustearen arabera, esfortzuarekin eta gogoarekin lortuko zuen egunen batean. Dena den, etxean beste entrenatzaile bat zuen. Aitak izugarrizko ilusioa zuen Karimen korrikarako gaitasunarekin eta dagoeneko hasia zen inguruko bizilagunei bere semearen bertuteei buruz hitz egiten. Semea entrenamentuetatik etxeratu orduko galdera pila egiten zion agurtu ere egin gabe eta ez zuen inork afalduko berak nahi zituen erantzun guztiak jaso aurretik.

Akeem konturatzen zen bere aitaren portaerak Karimen eragiten zuen ezinegonaz eta bere etxera lotara joan aurretik aitarekin hitzegiten saiatu zen.

-Aita goazen kanpora pixkatean- bota zion, berriro ere Karimen bertuteei buruz hitzegiten hasi zela ikusita.

-Kanpora zertara ??? - harrituta aitak, izan ere normalean afaldu ostean azkar joan ohi ziren ohera, nekatuta zirelako ia beti.

-Zer, ez duzu nahi nirekin hitz egin ala ???- erantzun zion Akeemek, umorez. Bazekien ez ziola ezetzik esango.

Kanpora atera ziren beraz, aurretik aita eta Akeem gero azken honek elkarrizketa nola hasi behar zuen pentsatzen zuela. Lehenxeago Akeem eseri zen banku oker bertan eseri eta gero, paisaiaz gozatzeko aukera izan zuten aita-semeek. Beno, paisaia ikusgarririk ez zen han egia esan, kale estu eta ondakinez beteriko haietan lehen aipaturiko etxe txiki eta erdi eroriak bait ziren han nagusi inguru osoan. Hala ere, zeruak eskaintzen zien ikuskizunaz bai gozatu zezaketela. Ilargiaren bueltan, ehundaka izar ageri ziren elkarren artean distira gehiago nork egiten zuen apustua eginda baleude bezala. Ilargia bera berriz oso hurrun ageri zen hodei hertzean baina efektu optiko arraro batek eraginda edo oso gertu ere bazela iruditu zitzaion Akeemi, ia-ia eskuez ikutu ahal izango balu bezala. Aitari aipatzera zihoala, honek berak moztu zuen bere pentsamenduen aria:

-Ondo al hago Akeem ??? - galdetu zion aitak bere ahots lodiz.

-Zer ??? Bai... bai aita noski- Akeemek erantzun zion, zer esan behar zion gogoratu nahian.

Aitari begiratu zion segundu batzuez ilargiak ematen zien argi apurra aprobetxatuz. Berrogeitabi urte eginberri zen Akeemen aita. Oraindik sasoiko bazegoen ere, aurpegian eta kopetean igartzen hasiak zitzaizkion ondorengo urteetan nabariak izango ziren zimurrak. Ez zen harritzekoa ere, hamar urteak bete orduko lanean sartu baizuten gurasoek, horrela etxean diru iturri bat gehiago izan eta familiari arnas pixka bat emateko. Hogeitamar urte luze haietan denetarik egin zuen Akeemen aitak semeak aurrera ateratzeko: Fruta bildu, kafea jaso, merkatuan produktuak eramaten lagundu, txatar bilketan ibili, arrozaletan jardun... honetaz gogoeta egiten zuen artean, Akeemek bere aurpegiaren arrasto batzuk ikusi zituen bere aitarenean hogei urteren zama gehituz.

-Zera aita... ez hal zaizu iruditzen Karim oso nekatuta dabilela ???

-Nekatuta... zer zentzutan ordea ???

-Zer zentzutan izango da ba, nire ustez oso nekatuta dabil, entrenamenduen ostean ekartzen duen aurpegiak dena esaten du. -Eta zer nahi duk ba... entrenatu gabe korrikalari bihurtzea ???- Aitak ez zuen ulertzen nora iritsi nahi zuen Akeemek.

-Ez, ez da hori baina... Agian lasaiago hartu behar luke korrikaren kontu hori.

-Lasaiago... Ez haiz ba inbiriatan egongo ???

-Inbiriatan zer ba ???

-Berak hemendik irteteko aukera bat duelako eta hik berriz ez- zorrotz bota zion.

Akeemek begiak itxi zituen amorruaren amorruz. Azken aipamen horrek min egin zion eta horrelakoetan nekez disimula zezakeen bere baitan sentitzen zuena.

-Aita baina... bost urteko ume bat naizela uste al duzu ???

-Ez zekiat ba, inbidiak ez dik adinik ezagutzen.- esan zion aitak munduko egirik handiena bota balio bezala.

Haserretu beharrean, farrez hasi zen oraingoan Akeem ia nahigabe. Ezin izan zion eutsi, izan ere bere aitaren ezaugarrietako bat zen egin berri zuen hura. Eztabaida baten unerik zailenean, hitz egitetik builan hastera zegoen ari mehe horren atarian, horrelako irteerak egiten zituen, greziako filosofo ospetsuen parera jartzen zituen esaldiak botaz.

Segundu erdi batean, Akeemek alferrik izango zela pentsatu zuen. Aitak izugarrizko esperantza zuen bere seme Karim korrikalari izan zedin eta ez zuen horren erraz amets hura zapuzten utziko.

-Beno aita nekatuta nago eta etxera joatea izango da onena.- esan zuen Akeemek jaiki eta giharrak luzatzen zituen bitartean.

-Bai seme, egia esan ni ere nekatuta nago.

-Zer nahi duzu ba, Mahoma bera baino zaharragoa zara eta.- keinu bat bota zion badaezpada hau esateaz batera, haserretu ez zedin.

-Errespetu pixka bat zaharrari entzun ???- jokoan jarraitu zuen aitak kokotean kolpe bat ematen zion bitartean.

-Aita, ez nizuke minik eman nahi baina...- Akeemek kolpea bueltatzeko keinua egin zuen, keinua bakarrik.

Farrez bukatu zuten aita semeak norbera bere etxera sartu aurretik. Beti horrela izaten zen. Ikamimak-ikamika edo istiluak-istilu, bazekiten non zegoen soka hautsi eta erabat haserretu aurreko muga. Aita agurtu eta gero Akeem bere etxeruntz abiatu zen presarik gabe ilargia hodei handi batek estaltzen zuen bitartean.