6. Kapitulua

Gurasoen etxean sartu zen Akeem auzotarrak arratsaldeon bero batez ozenki agurtu eta gero. Oso etxe txikia zen baina ahalegin handi egiten zuen Akeemen familiak erosoa egin zedin. Hamabost metrora ez zen iristen eta ia erabat adobes eraikia zen. Sartu eta ezkerretara, sukalde txiki eta deserozo bat aurkitzen zen. Gauean ordea, sukalde hura aita-amentzako logela bihur zitekeen bertan koltxoi zahar bat lurrean botata. Pixka bat barrurago, garbiketak egiteko txoko bat zuten. Egunez, harrikoa egiteko balio zuen, gauez aldiz beraien gorputzak garbitzen zituzten gertu zegoen ur potzu batetik palankana handi batean ura ekarri eta gero. Amaitzeko ezkuinean beste hutsune bat geratzen zen. Hura zen Rokia, Karim eta Mararen lo lekua. Hauek ez zuten koltxoirik, pare bat izara zaharkituk eta manta zulatu batzuk osatzen zuten ohearen hutsunea. Berrogeitahamar bat zentimetroko bi lehiok argitasun izpi bat sartzen usten zuten eguneko ordu luzeetan. Bata eskuinean kokatua zen eta bestea sarrerako atearen ondoan. Teilatu moduan, eta adreilurik ezean, txapa zahar luze batek eta lona beltz handi batek estaltzen zuen Akeemen familia. - Zer moduz ama ??? -galdetu zion Akeemek amari musu bat ematen zion bitartean. - Ongi esan beharko seme.- ez zuen ikusi amak Akeemek eskuetan zekarrena. -Ez didazu galdetu behar zer dakardan eskuetan ??? -Zer ekarri duzu ba ??? -orain bai begiratu ziola kuriositatez. -Banana erre batzuk ekarri ditut eta lehenbailen jatea izango da onena bestela duten grazia galduko dute.- azaldu zuen harro Akeemek, amak jarri zuen harridura aurpegia ikusita. Akeemen amaren ezustekoa ez zen harritzekoa. Izan ere, banana erre batzuk jatea luxua zen beraientzat. Urtean zehar izaten ziren egun seinalatuak kendu ezkero, norbaiten zorion urtebetetzea edo ezkontzaren bat tarteko, ez ziren beraientzat horrelako jakiez gozatzeko aukera asko suertatzen. Ia egunero jaten zirenetik arroza, tomatea, letxuga, arraultzak, patata, ala moduzko haragi gogorra eta bertako espezia mota autoktonoak ziren nagusi. Urte batzuk lehenago fruta mota asko ikusi eta kontsumitsen zen baina neurri batean lehen aipaturiko ur faltaren ondorioz eta prezioek nabarmen gora egin zutela eta naranja, mangoa, marrubiak, sagarrak edo bananak bezalako jakien eskazia nabaria zen. Eta noski, hau gehien pairatu zuena herri xumea zen. -Erosi egin ahal dituzu ???- galdetu zion amak, zenbat diru gastatu ote zuen pentsatzen hasia zen. -Ez ama lasai, Aminek doain eman dizkit. -Jaunak bedeinka dezala agure madarikatu hori.- zerura eraman zituen eskuak erreguka ari balitz bezala. -Non dira besteak ama ??? -Ba ez dakit, zure anai horiek erabat aztoratuak dabiltza. Justu seme-alabak hasi nituelakoan eta, bai zera, asentatu beharrean gero eta umeago daude denak. Laster berriz ere titia ematen hasi beharko dut martxa honetan. Esan nizun... -Ama ondo da, nun dauden bakarrik galdetu dizut.- eten zion Akeemek ahal izan zuen xumeen, amaren hitz jarioa lehenbailen eten nahian. Etxetik irten zen Akeem afaldu baino lehen tartetxo bat lasai egoteko asmotan. Banana erre bat hartu eta etxe aurrean zen banku okerrean eseri zen egunak eman zionaz pentsatzen zuen bitartean. Kalea isilik gelditzen zen une hura zen Akeementzat eguneko momenturik lasaiena eta berarentzat izatea gustatzen zitzaion. Ordurako familia gehienak etxeratuta zeuden eta afari legea egiten ziharduten. Mendebaldera begiratu zuen eta eguzkiak bere zain egon balitz bezala begiratu zion handi, gorri eta boteretsu. Edozein unetan, begi gorri handi hark keinu egingo ziola otu zitzaion, inguru guztia beltzez estali eta bera iluntasunean galduko zela irudikatu zuen.