5. Kapitulua

Bere pauso lasai eta handiarekin Akeem etxera gerturatzen ari zen. Eskuetan zuen banana erreen poltsa esku batetik bestera aldatu beharra zuen erretzerik nahi ez bazuen. Eskerrak egunaren sasoi beroena igarota zegoen eta hairean ekialdetik zetozen haize bolada apal baina freskagarriak nabarmentzen ziren aldian behin bertako bizilagunei egunean zehar izandako bero jasanezina ahanzteko aukera emanaz.

Lur gorri hautsez osatutako bidegurutze batean ezkerretara eginez bere gurasoen bizilekua ikusi zuen Akeemek. Izan ere, bera bostehun bat metro hurrunago bizi zen. Gazte gaztetatik garbi izan zuen Akeemek bere kabuz bizi behar zuela, gurasoek nahikoa lan zuten beraien burua eta etxea aurrera ateratzen eta gainera oraindik bere anai-arrebak bertan bizi ziren.

Rokia zen Akeemen hurrengoa. Hemezazpi urteko neska beltz, basati eta ederra zen eta bere ametsik preziatuena Angolatik irten eta dantsaria izatea zen. Munduaren bazter hartan ordea, ez zuen momentuz horrelako aukerarik eta neba txikiagoak zaindu eta amari etxeko gauzetan laguntzen nahikoa lan zuen. Hala ere, berak ez zuen zalantzarik egiten. Bazekien lehenago edo geroago bere ametsa lortuko zuela, ez zuen inongo zalantzarik. Bere buruarekin ikaragarrizko konfiantza erakusten zuen. Honetan Akeemek inbidia zion.

Karim zen anaietan hirugarrena. Hamasei urte egitera zihoan hurrengo astean eta txikitan izan eta konpondu gabeko arazo batzuk medio ezkuineko begia nahiko nabarmen okertzen zuen. Ez zitzaion akats hau gogoraztea asko gustatzen eta norbaitek honi buruz zerbait esaten bazuen ez zuen minutu asko egingo damutu baino lehen. Dena den, Karim zerbaitetan berezia bazen, azkartasunean zen. Korrikan alegia. Behin, afaldu eta gero berriketan ari zirela Karimen maisua azaldu zen. Denei gabon apala adierazi eta gero Karimez hitzegitera etorri zela azaldu zuen. Aitak begirada zorrotza eskaini zion Karimi zerbait txarra egin ote zuen beldurrez. Irakasleak lasai egoteko esan eta gero Karimen begira egon zela egun hartan bota zion eta korrikan egiteko era berezi eta arina zuela azaldu zion. Agian, nahi bazuten, interesgarria izango litzatekeela korrikaren kontu hura serioago hartu eta beharbada denborarekin, eta emaitza onak tartean izan ezkero, posible izango litzatekeela Luandara joan eta han Angolako talde ofizialean sartzea. Komeriak izan zituen Akeemen aitak negarrez ez hasteko. Horrelako aukerak oso gutxitan izaten ziren bizitzan eta Malanjeko inguru haietan gutxiago. Baietz erantzutera zihoala, erabakia Karimek hartu behar zuela konturatu zen eta honen baietza egin zuen irribarrean ikusi zuen.

Mara zen anai-arrebetan txikiena. Beno, txikiena adinez. Hamaika urte zituen baina ezagutzen ez zutenek hamabost edo hamasei zituela erraz sinetziko lukete. Bere gorputz estu eta luzeak Masaitarren ondorengoa izan zitekeela pentsa arazten zuen. Ez zuen Rokiaren edertasun basati hura baina bere ezti koloreko begi urtsu haiekin garbi antzeman zitekeen ez zuela mutil lagunik bilatzeko aukera faltik izango. Akeemek ez zuen nahi inorren aurrean onartu, baina bere baitarako ondotxo zekien: Mara zen bere begikoena. Ez zekien zergatik, agian besteak jaio zirenean bera txikia zelako eta ez zituelako ondo gogoratzen besteen jaiotza edo lehenengo egunak. Bai ordea, Mararenak. Arreba txikiena jaiotzerako berak bederatzi urteak beteak zituen eta anaiaren lanak ez ezik aitarenak ere egin behar izan zituen Mararekin. Hilabete gutxi zituelarik, Marak oso gaizki pasa zuen ahoan zuen infekzio bat zela eta. Bitarte hartan ama ere gaixo suertatu zen eta Akeemen aitak zer egin ez zekiela eta berak hartu zuen erantzunkizunaren zama. Auzoko emakume bati aholkuak eskatu eta gero esnez, eztiz, jengibrez eta romeroz eginiko pasta pisutsu bat prestatu zuen. Gauero bezala lorik ezin eginda negarrez hasten zen Mara entzietan zuen mina jasanezina zela agerian utziz. Baina Akeemek prestaturiko pasta ahoan barna zabaldu orduko baretasun lasaigarri hura agertzen zen Mararen aurpegian eta bost minutu igaro baino lehen lo gozoan murgilduta zegoen. Baina guzti honen gainetik, eta gauak eta gauak honela igarotzen ziren bitartean, Akeemen baitan zerbait aldatu zen egun haietan, normalean amen eta bere semeen artean izan ohi den lotura arraro eta mistiko bat gertatu izan balitz bezala. Horregatik zen berezia Mararengan zuen maitasuna. Baina bere harrotasun puntuak ez zion uzten inoren aurrean onartzen.