4. Kapitulua

Etxera itzuli aurretik, Akeemek merkatutik bueltatxo bat ematea pentsatu zuen. Aldian behin, hau egitea oso gustokoa zuen nahiz eta ez izan beti oso ideia ona. Batzuetan merkatuan ziren produktu guztiak ikusita atsekabetu egiten zen gaztea. Han ziren gauzetatik asko eta asko ezin izaten zituen erosi eta honek mindu egiten zuen. Barazki mota pila, mangoak, sagarrak, naranjak, bananak, limoiak, ziruelak, zerezak, sandiak, mandarinak, meloiak, melokotoiak, papaiak, datilak, kafea, freskagarriak, tabakoa, mota guztietako alkohola, erloju merkeak, esku zapiak, aterkiak, nikiak, oinetakoak, galtzerdiak, etxeetan jartzeko apaingarriak eta beste mila tramankulu ziren han.

Merkatu osoa ia erabat zeharkatu zuenean, zoratzen zuen usain bat etorri zitzaion bat-batean: Banana erreen usaina. Burua biratu eta Amin zaharraren postu txikia ikusi zuen. Guztira ez zituen hiru metro zabaleran izango baina bertan inork pentsa lezakeen baina banana gehiago zegoen. Etxera batzuk eramatea pentsatu zuen baina bazekien dirua aurreztea komeni zitzaiola eta bere buruaren aurka bira eman zuen aldentzen hasteko baina orduan Aminen ahotsa entzun zuela uste izan zuen beste guztienaren gainetik.

-Akeem etorri hona- deiadar egin zion Aminek.

-Zelan Amin ??? -eta bostekoa eskaini zion Akeemek.

-Zer, ez huen lagunari kasu egiteko asmorik edo ???

-Bai baina, presaka nenbilen.- egia esaten lotsatu zen Akeem.

Aminek lagunaren begiradari jarraitu zion eta honen desira igarri zuen banana erreen ikuspean. Instant batean, erabaki bat hartu zuen.

-Zergatik ez dituk banana batzuk eramaten etxekoentzat ???

-Ba egia esan gaur ez nian...

-Baietz motel, baietz. Gaur, oso egun ona izan diat, arratsaldea bukatzera zioak eta onezkero saldu ditiat saldu beharreko gehienak. Gaurkoagatik nere kontura.

Akeemek ezin izan zion irribarrari eutsi. Bere ezpainak zeharo zabaldu ziren marfilaren kolorea baino hortza zuriagoak erakutsiz.

-Benetan Amin ???

Erantzun baten ordez keinu bat eta irribarra bueltatu zion Aminek.

Etxera bueltan zihoala, zapata berriak zituen ume bat baino zoriontsuago, bertako jendeaz pentsatzen hasi zen Akeem. Horrelakoa zen Angolako jendea, horrelakoa zen Malanjekoa. Ez zuen bere burua engainatu nahi. Bazekien era guztietako pertsonak zirela bere inguruan ere; baziren lapurrak, baziren bortxatzaileak, baziren drogazaleak baina guzti hauek minoria gutxi bat ziren. Gehiengoa, Amin bezalako jendea zen. Jende alaia, irekia, ezkuzabala, atsegina eta jatorra. Nolanahi, norberak ezer gutxi edukita ere, aldamenean zenari esku bat emateko prest zegoena. Eta eskerrak horri, nork lagundu behar zion bada bestela herri xumeari ??? Gobernuak akaso ??? Ez, beraiek bazekiten aurrera ateratzeko elkarri laguntza ematea besterik ez zutela. Hiru zituenak bi eman eta bi zituenak bat, hori zen han ikasten zen edo ikasi behar zen lehen ikasgaia, bestela akabo.