3. Kapitulua

Pare bat kilometro barrurago egitean ikusi zitekeen ordea benetako Malanje. Han ageri ziren, denak batera eta nahasirik, naturak mundu honetan bizirik jarri dituen izaki bizidunetatik asko eta asko. Besteak beste; Ardi, ahuntz, dromedario, asto, oilo, oilar, suge, zerri, tximinu, zakur, katu edo era eta kolore askotako txori desberdinak. Guzti hau nahikoa ez bazen, han ageri ziren adin guztietako gizon nahiz emakumeak, agure eta umeak. Izan ere Ostirala zen eta hau egun berezia zen Malanjen: Merkatu eguna. Batzuk barrezka norbaitek esan edo egin zuenagatik, besteak ohiuka beraien produktuak saldu nahian, umeak leku guztietan bezala edo behar lukeen bezala korrika eta jolasean eta zaharragoak gauzak erosi, tea edo freskagarriren bat hartu edo eguraldiaren gorabeherez hitzegiten zuten. Han ez zen inor ere presaren eraginpean ikusten. Berdin zitzaien ordu erdi bat egin edo arratsalde osoa bertan igaro.

Merkatua hilera luze eta estuez osatzen zen, han hemenka era guztietako produktuak erakusten zirelarik. Produktu hauetatik gehienak lurrean ageri ziren eta zapi edo mantelen gainean barreihaturik ikus zitezkeen. Baziren pertsonen altueran ziren postuak ere, hauek orohar erosoagoak ziren denentzat eta bereziki adinduentzat, produktuen kalitatea hobeto ikusi eta neurtzeko aukera ematen ziotelako. Zoritxarrez mota honetako postuak oso gutxi ziren, beraientzat garestiak izateaz gain, postuak ipini eta kentzeak denbora kentzen ziotelako. Saltzaileen artean ere denetarik ikus zitekeen, adin handiko jendea, gazteak, eta ume askok ere beraien fruta, freskagarri edo zapore guztietako zumoak saltzeko aparteko ohiu eta kantuak egiten zituzten.

Inguru hauetako etxeak zementu hutsez eginak ziren eta oso handiak izan ez arren, nahiko erosoak ziren; Uda sasoian freskura mantentzea lortzen zuten eta neguan berriz ez ziren oso hotzak, gainera eguzkiak ia urte osoan jotzen zuen inguru haietan auzo hauek epel mantenduz.

Herriaren barrualderago egiten ausartzen zenak beste errealitate bati aurre egiteko nahikoa ausardia izan behar zuen. Ia bat-batean, eta inork espero ezin zuen eraldaketa mugagabez, Malanjeko zati handi eta txiroena agertzen zen guztien begiradan; Adobe, plastiku eta txapas egindako bizitoki behartsuak, batazbeste sei edo zazpi familiakide hamabi metro kuadratuko gela batean bizitzen, argi korronterik gabe, garbitasuna mantentzen lagunduko lukeen urik gabe, etxetik etxera behar hainako tarterik gabe, zaborra erremediorik gabe pilatzen zihoan leku batean..... benetan gizakiak infernuaz hitzegiten edo ausnartzen duenean Malanjeko suburbio hauek baino leku txarragoak ote ditu buruan ??? Ez, ezin liteke.

Akeemek herriaren bi zati ezagutzen zituen ondoen: Merkatua, beraien inguruko kale eta etxe guztiekin alde batetik eta aipatutako adobes egindako etxeen suburbioak. Azken hauetan bizi zen Akeem. Hala ere, etxe hauetan bizi zirenen artetik ez zuen kexatzeko arrazoi handirik: Baziren bera eta bere familia baino etxe behartsuagoetan bizi zen jendea ere. Oso gogoan zuen Akeemek hau eta saiatzen zen basoa beti erdi betea ikusten. Baina ez zuen beti lortzen. Izan ere, asko kostatzen zitzaion bera baino era eroso eta aberatsago batean bizitzen zen jendea bazela ulertu eta onartzea. Besteak beste, jende horietatik gehiengo handi batek ez zuelako hori merezi bere aburuz, ez zuelako nahikoa lan egiten, ez zutelako berak hainbat borroka egiten egunero egunero bizitza duin bat izateagatik.