1. Kapitulua

Akeemek begiak altxatu zituen buru gainean zuen eguzki jasanezinari begiratzeko. Benetan bero astuna, garunak xehetzeko modukoa egiten zuen egun hartan. Ez zen harritzekoa hala ere, uda sasoia zela ikusita. Baina Malanjen beroa egiten ari zen kaltea oso larria zen eta dagoeneko urduritasuna zen nagusi bazter guztietan. Izan ere, herrixkako uzta asko eta asko alferrik galtzen ari ziren bero itogarriaren ondorioz.

Besteak beste, kafea, arroza, artoa, fruta mota guztiak edo barazki sailak ezin zuten eman inondik ere aurreko urteetan eman ohi zuten produkzio bera. Guzti honi ura lur sailetatik banatu ezina gehitu behar zitzaion, ez bait zegoen ez Malanjen ez eta ia Angola osoan ere ura barreiatzen lagundu zezakeen konduktu berezirik ezarrita. Hau gutxi balitz, atzerrira exportaturiko produktuen prezioek bera egin zuten aspaldian. Hauen adibide garbia zen kafearen arazoa. Akeemek eta bere herrikide asko eta askok, kafe granoak biltzen ziharduten lanean egunero, jo ta ke. Baina, beste hainbat kontutan bezala, Europa eta Ipar Amerikako herrialde aberatsek abantaila nabarmenez gozatzen zuten. Eta beraien abantaila nabarmenena aukera iturrian zetzan. Izan ere, kafea herrialde desberdin askotatik ekar zezaketen. Besteak beste Afrikan bertan Kenia, Etiopia, Mauritania, Boli kosta, Senegal, Mozambike, Tanzania.... Ameriketan berriz Bolivia, Kolombia, Argentina, Venezuela, Brasil, Costa Rica, Guatemala... Orientalek ere ez zuten lan makala egiten zentzu honetan, China, Tailandia, Japon, Indonesia...

Guzti honen eragina, hots, herrialde aberatsenek pobreekiko erosterakoan zuten aukera zabala, prezioetan nabarmentzen hasi zen: Poliki haseran, baina asteak eta hilabeteak aurrera egitean gero eta nabarmenago. Prezioak nabarmen ari ziren behera egiten. Konpetentziaren arazoaz gain, eguraldiarena zen beste arazo larriena. Kafea kantitate eta kalitate onean izan nahi ezkero, baldintza jakin batzu behar izaten zituen; Bereziki temperaturari zegokionean. Kafe uztek ezin zuten bero gehiegi jasan, hamabost eta hogeitabost gradu bitarteko temperatura behar zuten fruitu ona izateko eta uda hartan berrogei eta berrogeitabost gradutara iristen ari ziren Malanjen. Ez ziren beraz kafearentzako kondizio onenak. Hain ziren larri gauzak azkenerako zein, Akeemen gurasoak eta bere hiru anai-arrebak herrixkatik alde egin beharra aurreikusten ari ziren: Malanjeko herrixka txikia utzi eta Luanda kapitaleruntz joan lan gehiago eta bizi baldintzak hobeak izango zirelakoan edo bertan jarraitu bizitza apalagoarekin izanda ere.

Arazo guzti hauek zituen buruan Akeemek kafe granoak jasoaz bat Joao zaldi beltz eta indartsu baten gainean bere ondora zetorrela ikusi zuenean. Joao 120 kiloko gizaseme baldarra zen: Begiak elkarrengandik gertuegi eta boxeolariek ezaugarritzat duten musu handiegia ziren bere aurpegian atzematen ziren lehen gauzak. Paparra berriz, pasatzen zen egun bakoitzeko pusten zitzaion; bazirudien gaixotasun larri bat izan behar zuela baina ez zen horrela. Urteen pasaerak eta egindako gehiegikerien ondorioak ziren guzti horren errudun; Izan ere, haragi eta ardoaz egindako afari oparoegiak eragina egiten ari ziren Portugaldar gizenarengan. Joao Costinha hiru edo lau mende lehenago Angolara iritsi zireneko lehen Portugaldarren ondorengoa zen eta beraien portaera eta izaera berdina zuen. Akeemi goitik behera begiratu, txistua lurrera bota eta irrifar erdi bat eginez horrela bota zion desteinuz:

-Zer Akeem, lanerako gogorik ez ala ?

Bazekien ondo baino hobeto Joaok goizeko zortzietarako hasia zela han lanean eta eguzkia ezkutatu harte jarraitu beharko zuela.

Akeemek begietara begiratu zion zorrotz segundu amaigabe batzuetan. Ia bi metroko garaiera zuen eta algodoizko kamisetaren barruan giharrak gainezka egiten zioten bere hogei urteetan eginda zuen lana argi eta garbi erakutsiz. Elkarri begira geratu ziren bi gizasemeak instant batean eta bazirudien begirada lehen kentzen zuenak gizon batek bere bizitza osoan izan dezakeen duintasun guztia ankapean izan behar zuela handik aurrera.

Bata gaztea, behartsua, indartsua, liraina, beltza eta Angolarra izatez eta bihotzez. Bestea adindua, diruduna, gizena, zuria eta nahiz eta bizitza osoa Afrikan eman arren, Portugaldarra izatez eta bihotzez.

Ika mika isilean segundu amaigabez egon eta gero Joaok zapi zuri bat poltsikotik atera eta kopetean zuen izerdia lehortzeari ekin zion. Ez zen ordea, une hartan, bere izerdia Joaori gehien kezkatzen zitzaiona; Gehiago urduritu baitzuen Akeemen begietan ikusi zuen disdirak.

-Nekez egin daiteke lan bero honekin - erantzun zion Akeemek.

-Bero honekin..... zer !!!!

-Bero honekin jauna.

-Tira Akeem, zuek beltzok ohituak egon behar duzue dagoeneko horrela lan egitera. Hire aitak eta aitonak ere soro hauetantxe egiten ziatean lan bero edo hotz egin. Hala ere, ez diat uste hik adina kexu izango ziateanik. Izan ere orduan eta aukera hobeak eman lanerako gero eta alferrago .....

-Ur gehiago erateko aukera izango bagenu lan hobea egingo genuke. - bota zion Akeemek Portugaldarrari bukatzeko denborarik eman gabe. -Zer esan duk ??? Ur gehiago ??? Hik esan behar al didak niri nere lurralde eta langileak nola administratu ??? Baina nola ausartzen haiz !!!! Hobe duk burua jaitsi eta lanean jarraitu..... bestela eskupekorik gabe joan beharko duk. Ados al hago ???

Akeemi odola irakitan jarri zitzaion eta une batean duda egin zuen eskuak gora luzatu eta Joao zaldi gainetik bota edo ez. Begiak itxi, arnasa sakon hartu eta bihotza sentitu zuen ohi baino azkarrago taupadak joaz.

-Entzun didak Akeemem !!!!!!! - Joaok amorruz.

-Bai..... jauna.

Esku izerditsuez kafe granoak gordetzen zituen ostroak hartu, granoak atera, ostroak alde batera utzi, kafe granoak bildu eta alboan zuen otarrera botatzen jarraitu zuen Akeemek . Zenbat aldiz egin ote zuen keinu hura azkenengo aste, hilabete eta urteetan ??? Zenbat milaka kafe granu bildu ote zituen han lanean zeramatzan sei urteetan ??? Eta zenbat gehiago bildu behar zituen ??? Galdera hauek eta gehiago zituen gogoan Joao pixkanaka hurruntzen ikusten zuen bitartean. Baina agian galdera garrantzitsuena ez zen hori, zihurrenik erabakigarriena hurrengoa zen; Zenbat gehiagotan egin behar ote zuen ??? Lana berez ez zen txarra, Akeem ez zen honetaz kexu. Okerrena baldintza eskazak ziren. Gutxienez hamabi ordu lanean, ia beti bero gupidabage haren azpian, nahi haina urik eran gabe, soldata urriegia, deskantzurik eza...Guzti honi amaiera eman behar zion, bere begiak kafe plantazio luze eta amaigabe haien bestaldera eraman behar zituen kosta ala kosta. Nola ordea ??? Ez baizen lurralde lehor eta gogor hura aukera asko ematen zituen horietakoa. Bere lagun batek zioen bezela galderak egitea erraza bait zen, erantzunak ordea.... erantzunak aurkitzean zetzan zoriontsu izan edo ez izatearen ardats nagusia.

Hasperen egin eta lanean jarraitu zuen Akeemek bere bizitza egunen batean aldatuko ote zen ausnartzen zuen bitartean. Gaztea, indartsua eta kementsua zen. Ez zuen esperantza horren agudo galduko.