Lokala

Urrestillako beheko lokala, hasirako garaietan. 
Urrestillako beheko lokala, gaur egun. 
Grabaketa gela. 
Goiko lokala, gaur egun. 

Urrestillako musika taldeak beti egon izan dira Urrestillan eraikin berean, baina hor toki berean ez beti. Izan da gela aldaketarik. Garrantzitsua izan da bilgunea izatea.

BEHEKO LOKALA

.1989. urtean lortu zuten Urrestillan beheko lokala. Urrestillako haur eskola zenez, berehala egokitu beharrean izan ziren. Haurrentzako mahai eta aulki txikiz beteta zegoen (gaur egun, oraindik ikus daiteke mahai haietakoren bat gelaren batean); beraz, haiek baztertu eta lanera.

Aurreneko lana, ezkerraldeko ia horma guztia osatzen zuten kristalezko leihoak babestea izan zuten eta berehala hormak porexpam-ez estaltzea, kanpoko eta barruko soinuak babesteko asmoz.

Sabaitik behera manta batzuk eskegi zituzten eta gela bitan banatu zuten; bata, entsegu gela eta bestea, egon-gela.

Urte gutxira, manta haiek kendu eta horma berria eraikitzea erabaki zuten.

Horma bereziari, ordea, entsegu gela barruko soinua hobetzearren, 20 graduko inklinazioa eman zioten, barruko babesaz gain, jakina.

Hormarekin batera zorua ere babestea erabaki zuten. Hor ere porexpam erabili zuten oholen azpirako eta, ondoren, barnizatu egin zuten. Baita urte batzuk lehenago estalitako leihoak ere; lehen babestuak zeuden, baina adreiluz tapiatzea erabaki zuten, insonorisazioa handitzearren.

Gaur egun, lokal hori guztiz prestatua dago entseguetarako eta grabazioetarako. Izan ere, gela bitan banatuta dago; batean jotzen ari diren bitartean, bestean grabatzeko aukera dago.

GOIKO ESKUBIKO LOKALA

Goiko eskubiko lokala, behekoarekin batera samar eskuratu zuten baina urte batzuk arte ez zuten bereziki egokitu.

Lokal hori etxebizitza izana zen, bere sukalde, komun, egongela eta hiru gela txikiz osatuta. Iraganean, beheko haur eskolako irakasleak bizi ziren bertan.

Aurretik aipatu bezala, ordea, 2000. urtea arte ez zuten egokitu.

Hasiera batean, arrautzak pilatzeko kartoiak erabili zituzten gela txikia egokitzeko, eta aldea igartzeko modukoa izan zen.

Ondoren, Azpeitiko Udalarekin hitz egin ostean, lokal osoa egokitu ahal izateko materiala lortu zuten, eta eskulana lokaleko kideen esku gelditu zen.

Zoruko baldosek soinuari asko laguntzen ez ziotenez, egurrez estaltzea erabaki zuten. Hormetarako, berriz, esponjazko plakak erosi zituzten, bi erakoak gainera: lisoa eta arrautzak pilatzeko kartoiaren formakoa.

Baina benetako kezka, kanpora irten zitekeen soinuak sortzen zien, batik bat lokalaren aurrealdean eraikitzen ari ziren etxebizitzengatik.

Kezka hura Udalari azalduta, honek leiho berriak ipini zituen, marko eta beira sendoagoekin.

Lan haiek egiten ari zirela, erdiko gelako hiru hormetan leiho bana zabaltzea erabaki zuten. Gela guztiak elkarren harremanean gelditu ziren eta lokal osoa grabaketa gelan bilakatu zen. Gela nagusia erdian, nahasketa gela lehengo gela txikian, erdian grabaketa gela eta sukaldean perkusio gela (nahiz eta denbora gutxira Dj-en gelan bilakatu).

GOIKO EZKERREKO LOKALA

Goiko ezkerreko lokala izan da eskuratutako azkena. Goiko beste lokalaren berdina da, erabat simetrikoa.

Lokalak bi garai ezberdin bizi izan ditu. Aurrena, 1991. urtean. Lokaleko bi gela txiki erabiliz hasi ziren. Ondoren, bertako taldeak Zubi-zarrera joan zirenean, bi gelak hutsik gelditu ziren urte batzuetarako.

Talde berriak sortzean, gela berak erabiliz hasi ziren, baina lokal osoko aldaketak egitean izan zuen hirugarren lokal horrek benetako eraldaketa.

Lokalak, albokoak bezala, bere sukaldea, komuna eta beste hiru gela zituen. Horiek, ordea, gela txikiak ziren eta bertako taldeek zituzten leku arazoak zirela eta, hormak botatzea erabaki zuten. Sukaldea eta gela baten tarteko horma kentzean, gela erosoagoa gelditu zen eta beste horrenbeste beste bi gelen arteko horma kentzean.

Ondorioz, hirugarren lokal hori, tamainako hiru gela ezberdinetan banatuta gelditu zen.

Gela horietan ere, albokoetan bezala, zorua babestu egin zuten eta leiho berriak ipini zituzten.