Azpeitiarrok hitza, egunero

Uztarria Kultur Koordinadora

Kalitateko produktu erreferentziala helburu

.2002an hasi zen Uztarria eguneroko bat sortzeko lehen pausoak ematen. Arrazoiak: euskararen normalizazioan askoz gehiago eragiteko eta informazioaren erreferentzialtasuna lortzeko. 2004ko otsailean sortu zuen "Urola-Kostako Hitza", beste bazkide batzuekin batera.

Uztarria Kultur Koordinadora (2002-martxoa, Eusko Ikaskuntzaren ‘Euskonews’ aldizkari elektronikoa)

.1. Globalizazioaren aroan lokaliskoak indarra. Hitzetik hortzera dabilen hitza da globalizazioa. Mundua globalizatzen ari da, batik bat ekonomia arloan. Informazioaren atala ere prozesu horretan murgildua dago, eta, hala, gaur egun noiznahi lor daiteke urruneko zerbaiten (ez edozeren) berri teknologiaren aurrerapenari esker. Baina globalizazioaren aro honetan sekulako garrantzia du lokalismoak, eta hor egundoko zeresana eta zerikusia dute, esate baterako, herri komunikabideek.

Izan ere, edozein eratako informazioa nahikoa eskura dagoen honetan, herritarrek gero eta estimu handiagoa diote gertuko albisteei. Baliteke hauxe izatea horren arrazoietako bat: informazioaren uholdearen garaian, herritarrak ez dira gehiegi fio kanpotik jasotzen dituzten zenbait albistez, informazio-enpresa erraldoien bidez manipulatuak direlakoan, eta, horrela, urrutitik iristen diren albisteekin informazio hartzailea defentsarik gabe geratzen da, nolabait esanda, ezin kontrastatuz bezala. Aldiz, herri komunikabideei sinesgarritasun handiagoa ematen diete herritarrek beraiek, albisteak gertuko zaizkielako, eta horrek, azken batean, informazio hori haientzat interesgarriagoa izatea ere ahalbidetzen du.

Euskal Herrian 1980ko hamarkadaren azkenaldera hasi ziren euskarazko herri aldizkariak sortzen, eta urte hauetan guztietan garbi geratu da estimua dutena. Euskarazko herri komunikabideak ugarituz joan dira, ez molde bakarrekoak gainera (adibidez, Azpeitian 1999ko azaroan sortu zen Uztarria herri aldizkaria eta 2002ko urtarrilean www.uztarria.com web orria), eta aurrera begira ere badago zereginik.

.2. Euskarazkoa ez ezik, kalitatekoa ere behar da. Euskal Herrian, aldizkarien alorrean, hein handi batean, euskarak bereganatu du informazio lokalaren esparrua, euskalgintzaren lanari esker, eta, beraz, euskalgintzak izan du abileziarik horretan. Hori dela eta, lehen euskaraz irakurtzera ohituta ez zegoen jendeak badaki zer den euskaraz leitzea, eta euskarazko aldizkarien hartzaile bihurtu da. Euskararen militanteak dira beste hartzaileak, euskarazko ekimen oro bultzatzea beharrezkoa delako haientzat. Horrek guztiak euskarazko herri aldizkariek —norberak bere tokian— milaka irakurle izatea ahalbidetu du, baita ehundaka bazkide eta hamaika bezero izatea ere.

Dena dela, lehen, batik bat, helburua herri informazioa euskaraz ematea baldin bazen, iritsi da garaia herri informazioa, euskaraz ez ezik, kalitatez emateko ere. Eta hor euskarazko herri aldizkariak atzean geratzen ari dira, kalitate aldetik gutxi aurreratu delako oro har; jokabidean inertzia handiegia dute.

Hortaz, hausnarketa egin beharra dago, eta orain dela 10-15 urteko garaia eta gaur egungoa desberdinak direla ikusi beharra. Alegia, batetik, gaur egun euskarazko egitasmoak ezin dira hartzaileen euskararekiko militantzian soilik oinarritu, militantzia, zoritxarrez, beheraka baitoa. Eta, bestetik, herritarrek gertuko albisteei garrantzia handia ematen badiete ere, herri aldizkariak ezin dira lo gelditu, kontuan hartu behar delako erdarazko enpresa handiak hasiak direla informazio lokalaren esparruan sartzen –beren baliabide ugarirekin–, eta, halaber, kontuan hartu behar da herritarrek gaur egun bestelako informazio gehiago ere badutela —argitalpen espezialduak eta aisiakoak, batik bat—, zein baino zein apainagoak. Horrenbestez, hartzaile kopurua eta merkatua murrizteko arriskua areagotzen ari da, eta, beraz, euskarazko herri aldizkarien eraginkortasuna txikitzeko arriskua ere bai. Eta garrantzitsua da eraginkortasuna aipatzea, aldizkariok helburu jakin bat behar dutelako: euskara zabaltzea eta hizkuntzari prestigioa ematea, herriari protagonismoa ematea, eta gertuko informazio hori modu zabal baina nortasuneko ikuspegi batetik ematea.

Arrisku horiek kontuan hartuta, herritarrei euskarazko produktu bat ezin zaie eskaini euskarazkoa delako soilik; kalitatekoa ere eskaini behar zaie, eta gaur egun herri aldizkariek, oro har, pauso hori emateke dute. Eta bada garaia emateko.

.3. Kalitateko produktuaren zutabeak. Herri aldizkari bakoitzak ezagutzen du ondoen bere eremua, eta, beraz, herri aldizkari bakoitzak daki ondoen produktua zertan eta nola hobetu behar duen. Dena dela, ez legoke gaizki ildo horretan euskarazko herri aldizkarien elkarteak —Topaguneak— laguntza eskaintzea. Kontuak kontu, Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren ustez, hauek dira, labur azalduta, kalitatearen urrats hori egiteko zenbait zutabe:

.4. ...eta eguneroko hutsunea nola bete? Euskarazko herri aldizkariek oso funtzio garrantzitsua bete dute orain arte, baina ez dira gai izan eguneroko herri informazioa jorratzeko eta hutsune hori betetzeko. Eta ez dirudi aldizkariak beraiek bakarrik gai direnik edo izango direnik hutsune hori betetzeko. Baina galdera da: euskarazko herri aldizkariek bete behar al dute hutsune hori?

Gaur egun Euskal Herrian gaztelaniazko prentsa espainola da eguneroko herri informazioaren jaun eta jabe, eta atal hori ondo jorratzen dutenez, irakurleak bereganatu egiten dituzte (milaka eta milaka abertzale haien artean), bezeroak ere bai (ehundaka bezero eta enpresa abertzale haien artean) eta, horrela, abertzaleak proiektu espainolak finantzatzen ari dira oharkabean; adibidez, euskarari laguntzen ez dioten proiektuak. Gaztelaniazko, frantsesezko eta euskarazko egunkari abertzaleak ez dira gai izan eguneroko herri informazioaren eremu hori ondo lantzeko eta eremu horretaz jabetzeko, eta ez dirudi bide horretan doazenik. Egoera kezkagarria da, bistan denez.

Hortaz, euskarazko herri aldizkarien garaia iritsi al da esparru horretan zerbait egiteko? Herri aldizkarien terrenoa al da hori? Edo egunkari abertzaleekin elkarlanean jardun behar dute?... Galderak. Eta eredu bat: Tolosaldea eskualdean Galtzaundi Tolosaldeko aldizkariaren eta Euskaldunon Egunkaria-ren artean —hirugarren bazkide bat ere lortu nahi dute: gizarte eragileen ordezkaria—, Tolosaldean Egunero egunkaria argitaratzen hasi berri dira: euskarazkoa, egunerokoa —astelehenetan izan ezik—, zortzi orrialdekoa, “zabala”, “parte-hartzailea”, “berria eta berritzailea”, “praktikoa”...

Horra hor galderak, beraz, eta horra hor eredu bat. Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren ustez, aurrera begira erabakigarria baldin bada aldizkariok kalitatean jauzi bat ematea, euskaraz eman daitekeen eguneroko herri informazioaren terrenoaz hausnartzea ere garrantzitsua da. Uztarriak ez du uste Eguneroek kalterik sortuko liekeenik herri aldizkariei. Globalizazioaren garaian, euskarazko komunikabideen artean informazio lokalaren arloa modu globalean aztertzea litzateke kontua —egunerokoa eta aldikakoa—, eta gero inplikatuen artean proiektuei batasuna ematea. Azken batean, euskarazko kalitateko produktuak izateko herri informazioaren erreferentzia.

Gurea da hitza eta erabakia

Uztarria Kultur Koordinadora (idazlea; 2004-otsaila, Uztarria aldizkariaren 48. zenbakia)

Uztarriak 1998ko apirilaren 4an egin zuen jendaurreko aurkezpen-jaialdian hauxe zioen idatzian: “Atxagak, Behi euskaldun baten memoriak liburuan dio ez dagoela behi makala baino makalagorik. Ez dakigu Atxagak zer ote dioen azpeitiarroi buruz, baina, orokorrean ezagutuko bagintu, seguru esango lukeela behi makalen antz handia dugula euskara eta kultur arloetan. Hau da, zaila izango dela, bi arlo horietan, azpeitiarrok baino euskaldun makalagorik aurkitzea. (...) Lan mundua, zerbitzu mundua, komunikabideen mundua eta gizarteko beste hainbat arlo aurrera doaz, abiada bizian aurrera joan ere. Gure herria atzean geratzen ari da (euskara, kultura eta komunikazioa arloetan). Makalak izan gara. Baina hemendik aurrera ez dugu makalak izan behar. Hemendik aurrera ezin dugu trena ziztu bizian aurretik pasatzen ari zaion behia bezala gelditu. Mugitu beharra dago, parte hartu beharra dago, elkarlana bilatu beharra dago, betiere Azpeitiaren eta, azken batean, Euskal Herriaren mesederako izango baita”.

Sei urte pasatu dira, eta Uztarriaren ustez, euskara, kultura eta komunikazioa arloetan gaur ez gara hain makalak. Aurretik egin zen eta geroztik denon artean egin den lanari esker, pauso handiak eman ditugu. Eta handienetakoa orain dator: Urola-Kostako Hitza. Euskarazko egunkari horrek urratsak sendo eta azkar egin ditzan, jaialdi hartako esaldi bat aipatu behar berriro: “Hemendik aurrera ezin dugu trena ziztu bizian aurretik pasatzen ari zaion behia bezala gelditu. Mugitu beharra dago, parte hartu beharra dago, elkarlana bilatu beharra dago, betiere Azpeitiaren eta, azken batean, Euskal Herriaren mesederako izango baita”.

Gurea da hitza... eta erabakia.

‘Hitza’-ren indarra

Iban Arregi eta Enekoitz Esnaola (Bertako Hedabideak; 2004-02-22, ‘Urola-Kostako Hitza’ egunkaria)

Euskarazko tokiko prentsak beste pauso bat eman du: ostiralean [otsailaren 20an] argitaratu zen Urola-Kostako Hitza egunkariaren 1. zenbakia. Horrela, 11 herrietako bizilagunek eskualdean gertatzen denaren berri egunero prentsan euskaraz jasotzeko aukera daukate. Lehen ere bazuten bertako berri, zazpi herri aldizkari daudelako, eta haiek egin duten (eta egiten ari diren) lan bikainari esker, Urola-Kostan euskarazko prentsa irakurtzeko zaletasuna handituz joan da. Aldizkarien bidearen jarraipena da Hitza, eta herritarrek, aldizkariak orain arte bezala aldiro izateaz gain, egunero bertako euskarazko egunkaria izango dute.

Herri informazioaren esparrua estrategikoa da (hala diote normalizazio planek: EBPNk, Bai Euskararik...), herritarrek estimu handia diete bertako albisteei, eta alde horretatik Urola-Kostan euskaraz eguneroko prentsan zegoen hutsunea betetzeko sortu da Hitza.

Elkarlanaren ondorioa. Eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteen, gizarte eragileen eta Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) Bertako Hedabideak enpresaren arteko elkarlanaren ondorioa da Urola-Kostako Hitza. Halaxe sortu ziren Tolosaldean (2001eko abenduan), Oarsoaldean (2003ko ekainean) eta Lea-Artibai eta Mutrikun (2003ko azaroan) bertako euskarazko egunkariak. Horrela sortu nahi ditugu hurrengoak ere, eta horretan ari gara [hain zuzen, horrela sortu da 2004ko urrian Goierriko Hitza ere]. Gaur egun, proiektua gauzatuta edo gauzatzeko bidean den lekuetan, 18 euskara elkarte daude, eta Bertako Hedabideak 16 ari da aurrera egiten. Oso handia da, beraz, toki horietan herri aldizkarien sektorearen eta Bertakoren arteko adostasun maila.

Ińaki Uriari maiz entzun izan diogu “aurrera eta batera”, eta gure asmoa hori izan da beti. Egunkaria itxi zutenean, eskualde edo hirietako euskarazko egunkarien proiektua utzi beharrean, aurrera segitu eta, Tolosaldean Hitza-k Tolosaldean Egunero-ren lekua hartzeaz gain, beste hiru Hitza sortu ditugu. Euskara elkarteekin eta gizarte eragileekin sortu ere, batera. Aurrera egiteko. Elkarlana, posible izateaz gain, beharrezkoa dela erakusten du proiektu komunikatibo berri horrek.

Kalitateko egunkari pluralak. Garbi dugu zein den helburua: tokian-tokian kalitateko egunkari plural erreferentziala izatea Hitza.

Hiru ondorio.

Beste Hitzen esperientzi interesgarria

Idoia Mendizabal (kazetaria; 2004-otsaila, Uztarria aldizkariaren 48. zenbakia)

Urola-Kostako aurreneko euskarazko egunkaria izango da Hitza, baina dagoeneko horrelako hiru egunkari daude Euskal Herrian: Tolosaldean (2001-12-18tik; hasieran Egunero zen, eta Egunkaria-ren itxierarekin Hitza sortu zen), Oarsoaldean (2003-06-24tik), eta Lea-Artibai eta Mutrikun (2003-11-11tik). Hirurek ere “oso harrera ona” izan dute herritarren artean,; hala kontatu diote Uztarriari, behintzat, hiru zuzendariek.

“Tolosaldekoa izanik proiektuko aurrena, ez zen hasiera erraza izan, lan egiteko moduan dena berria zelako: ezagutzera eman, publizitatea, informazioa lortu, zorion agurrak... Baina jendeak oso harrera ona eman zion eta gustura hartu zuen. Gaur egun, 7.500 ale banatzen ditugu egunero”, dio Joxemi Saizar, Tolosaldeko Hitza-ko zuzendariak. “Oarsoaldean, berriz, 5.000 harpidedunetik gora ditugu dagoeneko, eta harpidetza egin nahi duten herritarren eskariak ez du etenik”, dio Arantxa Iraola, Oarsoaldeko Hitza-ko zuzendariak (azpeitiarra du ama: Mari Karmen Alkorta, Xumaia familiakoa). “Lea-Artibai eta Mutrikun ere oso harrera ona izan du. Hasi eta berehala konturatu ginen zelako oihartzuna hartzen hasi zen. Umeen erreakzioa da horren lekuko, kazetariren bat zerbaiti buruz idaztera joan eta argazkiak ateratzen hasi orduko ‘Hitza-koa, Hitza-koa!’ hasten zirenean”, esan du Lore Bengoetxea, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ko zuzendariak.

Herri informazioan prentsan eta euskaraz esperientzia berriak dira Hitzenak (Hernanin ere bada egunkari bat, bi orrialdekoa: Kronika), eta hiru zuzendariek diote beharra zegoela horrelako produktua sortzeko. “Oarsoaldea oso eskualde bizia da, baina, hein handi batean, zatitua, hainbat lubakitan sakabanatua. Alde horretatik, herriko elkarte eta eragileek elkarren berri izateko tresna aparta da egunerokoa. Zer esanik ez, informazio emate hori, gainera, euskaraz egitea oso garrantzitsua da. Batetik, euskaraz irakurtzeko ohitura, oro har, oso ahula delako oraindik euskaldunen artean. Gehienek, erdarazko hedabideetara jotzen dute. Hitza eskura izateak, ordea, ate berri bat ireki die”, dio Iraolak.

Erreferentziala. Saizarrek esaten duenez, euskarazko egunkariak “informazioaren erreferentzialtasunean pauso handia” eman du: “Tolosaldeko Hitza da erreferentzia eskualdean. Gure egunkarian eskualdeari buruz kaleratzen den informazio bolumena ez da beste inon kaleratzen. Horregatik Tolosaldeko gizarte eragileentzat garrantzitsua da Hitza-n agertzea: informazioa, iritziak, publizitatea...”. Besteak beste, “kazetaritza bizia” egiten dutelako, Iraolak uste duenez: “Hemen, herriko kontuen berri izateko, hilabetekariak zeuden orain arte eskura, edo egunkari jakin batzuek argitaratzen dituzten albiste solteak. Orain egunkari bat dute egunero kalean, zortzi orrialdekoa, euskaraz. Eta kazetaritza bizia egiten saiatzen gara: erreportaiak, elkarrizketak, kronikak... Albisteak bertatik bertara kontatzeko ahalegina egiten dugu. Eta jendeak benetan eskertzen du hori”.

Lea-Artibain dagoeneko uxatu dituzte beldurrak. Bengoetxea: “Hasieran, denok bertigoaren antzeko zeozer sentitu genuen, eta uste dut gauza bera pasatuko zela gainerakoetan, baina behin hasita ikusi da gurea bezalako eskualde txikietan ere badagoela zer kontatu, eta jendeak beharrezkoa ikusten duela. Bakoitzari berri batzuk beste batzuk baino gehiago interesatzen zaizkion arren, denentzako lekua dago. Albiste batzuen inguruan esan izan digute, adibidez, konturatzen direla Hitza-n agertu izan ez balira ez zituztela sekula jakingo”.

Herri bakoitza ez ezik (Tolosaldean 28 herri dituzte, Oarsoaldean 4, eta Lea-Artibai eta Mutrikun 12; Urola-Kostan 11), eskualdea “uztartzen” ere laguntzen du Hitza-k, “informazio asko ematen duelako, eta, gure ustez, kalitatez eta pluraltasunez”. Eta euskaraz. “Ekarpen nagusietakoa euskararen normalizazioan eman dela iruditzen zait —dio Saizarrek—. Egunero eskualdeko 7.500 etxetan euskaraz irakurtzea aurrerapauso handia da. Orain arte herri aldizkariek lan handia egin dute, baina gure eskualdean sekula ez genuen euskarazko irakurle kopuru hori lortu. Eta egunero, gainera”. Iraola: “Oarsoaldean euskararen presentzia oso urria da, %25 gara euskaldunak, baina euskara ikasten ari diren haur, gazte eta helduak oso ugariak. Horientzat ere tresna egokia da Hitza; eta bat egin dute egunerokoarekin. Maiz etortzen zaizkigu, esaterako, guraso erdaldunak euren umeentzako zorion agurrak jartzera, ez dute guk kontatzen dugun guztia ulertzen, baina haientzat ez gara arrotzak...; hori oso garrantzitsua da”.

"Arrakasta". Kazetariak egunero daude harremanetan jendearekin eta, jakina, anekdota ugari dute kontatzeko. Saizar: “Orendaingo baserritar batek gure kazetariari esandakoa: ‘Lehen senarra eta biok gosaldu eta ukuilura joaten ginen lanera. Orain, Hitza dagoenetik, gosaldu eta Hitza irakurtzen gelditzen naiz eta gero joaten naiz’”. Iraola: “Hasieran, batez ere hainbat erdalduni, arrotza eta arraroa egiten zitzaien; egunero Oarsoaldeko egunkaria etxera euskaraz! Behin emakume batek telefonoz hotsegin zuen erredakziora, ea periodiko ‘klandestinoa’ ote ginen galdetuz...”. Bengoetxea: “Hitza sortu eta berehala, markinar bat erredakziora etorri zitzaigun eta armonikarekin bertoko neskei saioa eskaini zigun”.

Eta orain Urola-Kostako Hitza. Laugarrena. Iraolak dio “arrakasta handia” izan dezakeela, “eskualde bizia delako, eta oso euskalduna. Ekarpen handia egingo du”.

Gari Berasaluzeri elkarrizketa

Idoia Mendizabal (kazetaria; 2004-otsaila, Uztarria aldizkariaren 48. zenbakia)

Hitzalditik hitzaldira dabil Gari Berasaluze zarauztarra, eskualdean Urola-Kostako Hitza egunkaria aurkezten, bera izango baita zuzendaria.

Zergatik sartu zara proiektu honetan?

Dudarik gabe, eskualdea euskalduntzeko proiektu giltzarria iruditzen zaidalako. Lehen aldiz izango dugu Urola-Kostako biztanleok gure herrietan sortzen diren albisteei buruzko informazioa prentsan egunero eta gure hizkuntzan jasotzeko aukera. Uste ez badugu ere, horrek gure eguneroko bizitza eta irakurtzeko ohiturak aldatu egingo ditu, eta ohorea da horrelako lan batean aritzea.

Editore bezala ibili zara azken lau urteetan; orain kazetaritzara saltoa. Alde handia al da? Aurretik, non eta nola aritu izan zara kazetaritzan?

Egia esan, lehendik ere zerbait ezagutzen dut kazetaritza mundua. Egin egunkarian Zarauzko kronikagile aritu nintzen hainbat hilabetez, egunkari hura itxi zuten arte. Irratigintzan ere aritu naiz Herri Irratian eta Egin Irratian. Egunkaria-n, berriz, asteburuetako literatura gehigarria kudeatzen nuen, eta gazteen Barkatu Ama gehigarriko Azken Portuko taberna atalaren ardura izan nuen sasoi batean. Gero, Txalaparta argitaletxean editore lanean hasi ondoren, zutabegile moduan aritu naiz Gara-n eta Berria-n. Aldea? Kazetaritza askoz bizkorragoa da, eroagoa, baina gustukoa izanez gero, kateatu egiten zaitu lanak. Gustura itzuli naiz berriro prentsa idatzira.

Urola-Kostan zergatik behar da bertako euskarazko egunkaria?

Nik, behintzat, ezin dut imajinatu italierazko egunkaririk gabeko Italiarik. Zergatik iruditu behar zaigu normala euskarazko egunkaririk gabeko Euskal Herria? Urola-Kostako Hitza-ren bitartez, inguruko berri gure hizkuntzan jasoko dugu, besterik gabe. Baina hain oinarrizkoa dirudien hori ez genuen orain arte.

Uste al duzu "Hitza"-k ondo funtziona dezakeela eskualdean?

Ez dugu inolako zalantzarik. Biztanleen %76 inguru euskalduna da Urola-Kostan. Gure helburua lortzen badugu —egunero kalitateko egunkari plurala argitaratzea—, laster lor dezakegu Hitza gure herrietan eta etxeetan erreferente bihurtzea. Egin beharreko lana ondo egitearekin nahikoa dugu: batetik, irakurleek nahi dutena eskaintzeko eta, bestetik, irakurle berriak sortzen hasteko.

"Egunkaria" itxi zutenean, mugimendu handia egon zen eskualdean... Eta seinale ona da. Nabarmena da eguneroko prentsa euskaraz irakurtzeko gogoa duen eskualdea dela gurea. Horregatik, gogo eta behar horren arabera egituratu eta plazaratuko dugu Urola-Kostako Hitza.

Kasualitatea

Iban Arregi (kazetaria; 2004-otsaila, Uztarria aldizkariaren 48. zenbakia)

Uztarriak lau orrialdeko agenda argitaratu zuen 1998ko martxoan, hilerokoa; handik gutxira, Azpeitian zer? hilean behin argitaratzen hasi zen Udala. Uztarriak herri aldizkaria argitaratu zuen 1999ko azaroan; pixka bat lehenago, herri aldizkariarena herrian jakina zenean, Azpeitian zer? orrialde gehiago egiten hasi zen, eta editorial batean azpeitiar denen herri aldizkari moduan aurkeztu zen; Uztarriak aldizkaria berritu egin zuen 2002ko urtarrilean, eta web orria aurkeztu; Azpeitian zer?-ek orri kopurua gehitu zuen orduan. Uztarriak Hitza-ren sorreran parte hartu du orain, eta Azpeitian zer? koloretan... Kasualitatea ala kausalitatea? (...).

‘Hitza’ egunkaria

Leire Ostolaza (bertsolaria; 2004-otsaila, Uztarria aldizkariaren 48. zenbakia)

Zorionez, Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkari berria aterako da. Gurean gehiengoak euskaraz hitz egiten duen arren, ez da erraza gertatzen jendeari betiko Diario-a erosteko ohitura kentzea. Sarri esan izan dugu adineko jendeak euskaraz irakurtzeko dituen zailtasunengatik dela. Baina konturatzen ari naiz gazte ugarik eusten diola etxeko ohiturari; eta, tabernaren batean egunkari bati kolpe egiterako orduan, betiko Azpeitiko karta eta Realaren berri ematen duten kirol orrialde amaigabeak bilatzen dituztela. Beste hainbat gauza bezala, automatikoki egiten den zerbait da, eta pixka bat pentsatzen jarrita, ez dut uste gehiengoak bere dirua ematen dion publikazio horri emango ziokeenik. Geure buruari harrika egitea da, eta beste egunkarien hurbiltasunik eza aitzakiatzat zutenek orain badute egunero herriari dagokion orrialde bat, bertatik bertara egina, euskaraz emana.

Kontzientzia kontua da, beraz, egiten dugunaz konturatzea. Alegia, beste mila gauzatan bezala, bi aldiz pentsatuko bagenu gure dirua zertan xahutzen dugun, gero zertan erabiliko den jakinda, ez luke gure hizkuntzak izango prentsa idatzian gaur egun duen leku apala.

‘Hitza’-ren aurkezpen festan

Laxaro Azkune (Uztarriako lehendakaria; 2004-02-19, ‘Urola-Kostako Hitza’ barruan dauden euskara elkarteen izenean, egunkariaren 1. zenbakiaren aurkezpen festan, Zarautzen)

Eskerrik asko, gaur, hemen, hitz egiteko aukera emateagatik. Ohore bat da niretzat (euskara elkarteen izenean hitz egiten ari naiz, gainera) eta estimatzen dut eman didaten aukera; lotsa pixka bat ere ematen dit, baina.

Denok gara zorioneko. Zorionak denoi! Zorionak Txaparro, Artzape, Baleike, Danbolin, Uztarria... eta herri aldizkari horien inguruan dabiltzan euskara elkarteei; euskaltzaleei, azken batean.

Lan asko, bilera ugari eta beste hainbeste buruhauste. Horiei esker lortu baitira herri aldizkariak, euskaraz herriko kontuak ezagutzeko ohiturak, beste hainbat ekimenen artean. Hilean behin edo hamabostero berriak jasotzen ohiturik geunden baina orain prentsan urrats handi bat egin dugu, egunero gure herriko kontuak euskaraz ezagutzeko aukera paregabea dugu bailara honetan ere.

Argi dugu euskarak ez duela lortzen ezer ere debalde, dena kostatuta eta ongi frogatu ondoren ematen zaio euskarazko edozeri onespena. Hemen ere ez da desberdin izango.

Herri honetan, zenbaiten ustez, naturala erdaraz irakurtzea dela sinestarazi digute. Euskararen gaitasunak beti jarri izan dira zalantzan, balioa frogatu egin behar izan du eta, hala ere, kontuz. Hori Euskaldunon Egunkaria-k frogatu zuen egunero orain urtebete arte eta geroztik Berria-k jarraitzen du Euskal Herri mailan, lan horretan. Prentsan egunerokoan herri bakoitzeko albisteak falta ziren, ordea. Hemen dugun Urola-Kostako Hitza.

Ahalegin handia eskatu du honek, herri desberdinak eta zenbaitetan ikuspegi desberdinak elkartzea ez da erraza izan, hemen bezala beste lekuetan ere. Abiatzea lortu dugu eta orain bidean ikusiko dugu aurrera nola egin, ibilian egiten omen da-eta bidea, elkarlanean betiere. Hala ere, eskari txiki bat tokian tokiko herri agintariei: neurri honetako proiektuek merezi eta behar duten babesa eskatzen diet, eta etor daitezkeen proiektu berriei ere eman diezaieten.

‘Hitza’, diru laguntzak

Iban Arregi (kazetaria; 2004-martxoa, Uztarria aldizkariaren 49. zenbakia)

Euskarazko prentsaren sektorea aurreraka doa; proiektu komunikatibo sendoak ari da sortzen, herri ikuspegia duten komunikazio enpresak. Hitza-k prentsa irakurtzeko azpeitiarron ohitura aldatuko duen, horixe galdetu du uztarria.com-ek. Batzuek baietz diote eta beste batzuek ezetz; denetik, azokan bezala. Kontua da orain Herri bezala errekonozitzen ez gaituen erdarazko egunkaria erosteko arrazoi (edo aitzakia) bat gutxiago daukagula, eta ez da gutxi. “Neurri honetako proiektuek merezi eta behar duten babesa eta laguntza eskatzen diet herri agintariei”, esan zuen Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak Zarautzen, Hitza-ren aurkezpenean. Badaezpada jarri dut hemen, elurragatik-edo azpeitiar asko falta zelako otsailaren 19ko iluntze hartan.

‘Hitza’-ko Azpeitiko gizarte eragileak

Ihintza Agirretxe (kazetaria; 2004-martxoa, Uztarria aldizkariaren 49. zenbakia)

Azken hilabete honetan egunkari berri bat jaio da. Hitza da egunkariaren izena, eta Urola-Kostako etxe guztietan sartu da dagoeneko. Egunkaria otsailaren 19an aurkeztu zuten, Zarautzen, eta hurrengo egunean, Euskaldunon Egunkaria itxi zutela urtebete bete zen egunean, Azkoititik Oriora bitarteko etxeetara iritsi zen. Proiektu hori aurrera eramatea hiru zutabe nagusik ahalbideratu dute: alde batetik, Euskarazko Komunikazio Taldea dago, Bertako Hedabideen eskutik; bestetik, eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteak; eta, haiez gain, hain garrantzitsuak diren gizarte eragileak daude. Azpeitian hasieratik lau gizarte eragile sartu dira proiektuan: Lagun Onak Mendi Bazkuna, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, eta Zutoin (Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI) eta Zutarri (Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai) guraso elkarteak.

Tresna egokia”. Maje Larańaga (Lagun Onak M.B.), Josu Galarraga (Zutarri), Luxio Galarraga (Ikasberri) eta Agustin Lizarralde (Zutoin) gurean izan dira, eta proiektu berri honetan parte hartzera nolatan animatu diren galdetzean, ez du inork zalantzarik izan. “Euskarazko tresna egokia dela eta, garai batean Euskaldunon Egunkaria, orain urte erdi bat Berria eta orain Urola-Kostako Hitza ere bultzatu behar genuela pentsatu genuen. Gainera, oraindik eta gehiago gure eskualdeari buruz informatuko gaituen euskarazko prentsa izanda”, esan du Luxio Galarragak.

“Euskara eta euskal kultura suspertzera dator Hitza, eta gu ikastola bat garenez, gure bultzada eman beharrean izan gara. Urola eskualde euskalduna da, baina euskara idatzia nahiko urria da, eta prentsa idatzia bultzatzea beharrezkoa iruditu zitzaigun”, dio Josu Galarragak.

“Babesa”; guztiek aho batez erantzun dute beraiek egunkari berri honi zer eskaintzen dioten galdetzean. Lau gizarte eragileek jende ugari dute atzetik, eta proiektuak pertsona horien guztien babesa eta bultzada duela esan dute. Horretaz gain, behar dutenean laguntzeko prest ere azaldu dira. Beraz, hain garrantzitsuak diren laguntza eta babesa eskaintzen dituzte, gehienbat.

Gaur egun, oraindik herriko lau eragile baino ez daude proiektu honetan sartuta, baina laster kopuruak gora egitea espero dute, Tolosaldeko Hitza-n-eta gertatu den bezala (Tolosaldean ia 80 gizarte eragile daude sartuta enpresan, eragileen kultur elkartearen bitartez). “Euskararen alde egiteko aukera egokia da oraingoa; ez da askotan izaten euskararen alde horrelako gauza garrantzitsua egiteko aukera eta, horretaz gain, inguruko informazioa lortzeko dugun hutsunea beteko du Hitza-k”, dio Maje Larrańagak.

Bidelagunak behar”. “Euskara indartzea guztion lana da, eta bidean aurrera jarraitzeko bidelagunak behar dira, eta guk aurrera egin nahi duenari eskua luzatzen diogu”, gaineratu du Josu Galarragak. Luxio Galarragak uste du “tresna bera ezagutu” eta bakoitzak ikusiko duela “nola den beharrezkoa” egunkari berria: “Azpeitian tresna natural bihur daiteke, gaur egun El Diario Vasco den moduan, eta horrek euskarazko prentsa naturala bihurtuko du. Gainera, herriko taldeen ekitaldien berri emateko tresna egokia da Hitza, eta talde guztion beharra da hori”.

“Horrelako komunikabide batean beharrezkoa da eragileen babesa, eta gizarte eragileren batek euskararen alde zerbait egin nahi badu, hemen dauka aukera”, dio Agustin Lizarraldek.

Oraindik pare bat aste baino ez daramatza Urola-Kostako Hitza-k kalean, eta espero da jendea eta taldeak produktua ezagutzen doazen heinean, herriko enpresak, sindikatuak, elkarteak, ikastetxeak... hurbiltzen hastea; hala ere, Hitza-k berak laster hasiko du bazkide berriak lortzeko kanpaina, eta orduan joko du eragileengana.

Zorionak!

Aitor Aranguren (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko zuzendaria eta EAko zinegotzi ohia Azpeitian; 2004-maiatza, Uztarria aldizkariaren 51. zenbakia)

Komunikabideek izugarrizko eragina dute gizartearengan eta Uztarria ez da salbuespena. Dagoeneko 50 zenbaki kaleratu ditu, web orria martxan ipini, liburuxkak, Literatuzta, Hitza bultzatu... eta proiektu aberats honek sendotuta eta bizirik dirau. Uste dut denok ados egongo garela esatean herri mailako aldizkari bat irekia, plurala, parte-hartzailea eta kritikoa ere izan behar dela. Nik, gainera, beste aditz bat. behintzat. ez nioke erantsiko: politikoa. Lehen 50 zenbaki horiei begirada bat emanez gero, noizbehinka nabari zaio Uztarriari ‘tik’ politiko bat, eta, gainera, herrena beti hanka berekoa da. Jakina, sentipen hori guztiz pertsonala da, baina nire ustez, arazo hori saihesten asmatu beharko luke.

Zerbaitek egiten bagaitu herri, hori euskara da. Euskararik gabe ez gara ezer. Euskara da gure altxorrik preziatuena eta abertzaleok batzen gaituen bakarrenetakoa (batzuetan). Alor horretan, eta Azpeitian, Uztarriak bete-betean asmatu du, izugarrizko lana burutzen ari baita. Herriko eguneroko albisteek duten indarraz baliatuta euskara idatzia jendeari hurbildu dio eta ‘derrigortu’ euskaraz irakurtzera. Azpeitiarrok hitzetik hortzera darabilkigu gure euskaltasuna, azpeitiarrez hitz eginda euskaldun oso imajinatzen gara, baina azpeitiarrez hitz egitea ez da nahikoa, euskararen etsairik handiena euskaldunok baikara. Euskaraz bizi beharra daukagu. Oso ondo dago Donostiako Kontxako pasealekua jendez betetzea euskararen alde, baina urrats handienak eguneroko urrats txikietan egiten dira, euskaraz irakurtzeko ahaleginak egitean, notatxoak idaztean, NANaren edo telefono zenbakia esatean, Donostiako denda batean sartzean, lanean, kiroletan, taberna eta dendetan...

Nigan, behintzat, Uztarriak eragina izan du. Zorionak!

‘Hitza’-ren sorreran webean eztabaida

(2003-ekaina, www.uztarria.com-en eztabaida)

Hitza-ren sorrerak prentsa irakurtzeko azpeitiarron ohitura aldatuko duela uste al duzu? Galdera horixe jarri zuen uztarria.com-ek 2004ko otsailean, Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkaria sortu zen garaian. Parte-hartze handia egon zen orduan ere, eta erantzun haietako batzuk daude ondoren.

Aintzane. “Gure herrian DV ‘enkrastatuegia’ dagoela iruditzen zait, lotsagarria bide batez esateko. Eegoera hori aldatzerik izango genuke, eskelak eta herriko kronikak beste egunkari batzuetan argitaratuko balira, baina zail samarra ematen du horrek ere”.

Saturdei jirou. “Nire ama, horrenbeste urtean El Diario Vasco irakurtzen jardun eta gero (euskaraz ez omen zuen-eta ia ezer ulertzen), gutxienez, euskaraz irakurtzen hasi da. Jende gehiago hasiko balitz, euskaraz irakurtzen ohituz gero El Diario Vasco utzi eta euskal prentsa gehiago irakurriko litzatekeela iruditzen zait”.

Pixkanaka. “Nire ustez, pixkanaka baldin bada ere, batzuk joango dira ohiturak aldatzen. Orain, oso poliki, zeren eta jendeak Azpeitian El Diario Vasco-rekiko duen lotura hori urte askoan hartutakoa delako”.

Apunteak. “1. Guk, euskaldunok ere, eraginkorrak izan behar dugu, eta eguneroko batek lor dezake hori, eta, errespetu guztiarekin esanda, astekari batek ez. Egun batetik bestera eman behar ditu euskarazko komunikabide batek berriak, baita herrikoak ere, bestela kadukatuta geratzen gara. Zabaltasunez beti, baina bere erara, euskaltzale izanda, hemengo gaiak sustatuz. Gizarte hau oso azkar bizi da, eta ezin gara atzean geratu, ezin dugu astean behin bizi informatzerakoan. Eta gauza landuagoak ere egin behar dituzte komunikabide euskaldunek. Azpeitian hor dago Uztarria, hilerokoa. 2. DV oso errotua dago gure herrian ere, baina Hitza-ren mugimendu honek trasalantikoa mugitu egin nahi duela uste dut. Baldintzak betetzen ditu: egunkari txukuna, egunerokoa, etxera banatuta, tirada handia, herriek espazio finkoa eta Azpeitiak zabala... Trasalantikoak jira-buelta ez du azkar ematen. Baina Azpeitian ere hasiko da mugitzen. Nik ez dut dudarik”.

Aranguren. “Hitza oso positiboa izango da eskualdeko berriak egunero jasotzeko. Hala ere, ez dut ulertzen zergatik esaten den beti DV erdarazko egunkaria denik. Nik DV erosten duenari Hitza ere hartzeko esango nioke, eta egunkari bat erosteak ez du esan nahi bere ildo editorialarekin bat zatozenik. Denok dakigu DV eskelengatik, herriko berriengatik eta Realagatik erosten duela jendeak. Gainera, Hitza bazetorrela ikusirik, herriko kartei toki handiagoa eman diote orain, eta, Azpeitiko kasuan, behintzat, euskaraz irakurtzen ditut nik albiste asko DV-n”.

Tristea. “Tristea da eskelengatik erostea DV, edota Realagatik. Eskelarena erraza da konpontzea: azpeitiar bat zer dago, euskarazko prentsaren alde baina gero eskelarik ekartzen ez duelako geratzen al da erosi gabe? Hasi norbera, hala tokatzen zaionean, eskelak euskarazko prentsan ere jartzen. Ez da hasiko Berria, ez da hasiko Hitza baimendu gabeko eskelak jartzen, ezta? Eta Realarena ba... Dena dela, ez dut uste horiek direnik arrazoiak, kontzientzia falta baizik. Eta euskarazko prentsaren kalitate falta ere ez da: nik denbora gehien, dudarik gabe, Berria irakurtzen pasatzen dut”.

Eman hitza. “DV eskelengatik erosten duela jendeak? Atera dezagun euskarazko eskelen egunkari bat; Eskelik asko, adibidez. DV Azpeitiko kartagatik erosten duela jendeak? Dagoeneko ez dago aitzakiarik, Hitza eskuan edukita; gure herriko informazioa egunero, eta, gainera, euskaraz. DV Realagatik erosten duela jendeak? Lasai, laster Bigarren Mailara jaisten denean, ez zaio Reala eta futbola inori interesatuko. Gure kirolak ea indartzen ditugun denon artean”.

Hirugarren aldiz. “Zergatik hartzen duzue hain gaizki jendeak DV erostea? Nik *DV, Gara, Berria, La Razón, ABC, El Mundo... denak erosi eta irakurtzea nahiko nuke, baina ez astirik eta ez dirurik ez daukadanez, Berria-ko harpideduna naiz, horietatik euskaraz argitaratzen den bakarra delako (eta gaur egun esan dezaket niretzat egunkari onena ere badela). Hitza* edozeinek jaso dezake, eta etxeko buzoian jasoko dugu. Horrek oraindik euskarazko produktuak saltzeko zailtasuna erakusten du; doan izan ez balitz, jendeak berdin-berdin erosiko al zukeen? Askok ez”.

Mikel. “Ondo egongo litzateke medio honen garrantzia herriko merkataritzan eta udaletan era batera (irakurtzen) edo bestera (adierazten) azalduko bagenu; era horretara, publizitatea lortzeko aukera handitu egingo litzateke, eta, bide batez, proiektua sendotuko”.

Solidarioekin solidario (I). “Zergatik hartzen den hain gaizki DV erostea? Oso erraza: gure herria eta gure hizkuntza zapaltzearen aldeko estrategian guztiz txertatuta dagoen enpresa bat delako, eta haiei dirua ematea estrategia hori indartzea delako. Alegia, jendeak erosten duena zer den jakin behar duela. Gero, erosten jarraitu nahi duela? Oso ondo, baina garbi izan dezala zer estrategia ari den indartzen. Beste gauza bat da irakurtzea. Nik DV ez dut sekula erosiko, baina irakurri, ahal dudan guztietan irakurtzen dut, hori aberasgarria dela iruditzen baitzait. Orain, nahiena berau aurkitzeko egundoko zailtasunak izango banitu. Beraz, Hitza-k, nire ustez, bi indargune nagusi ditu: bata, euskara normalizatzeko ezinbesteko tresna dela, jendea egunero euskaraz irakurtzera animatuz. Bestea, DV-ren aurrean alternatiba bat dela (Berria-rekin konbinatuz, adibidez), modu horretara prentsa faxistaren indarra gutxituz”.

DV (I). “Aranguren bezala, nik ere ez dut ulertzen jendeak DV erostea hain gaizki hartzea. Hori konplexua dutena! Sintomatikoa da, ezta? ‘Gure printzipioen kontrako’ periodikoa erosten dugu. Pentsa ezazue ‘gure printzipiok defenditzen’ dituzten egunkariak zein txarrak izango diren! Txarrak benetan, nahi ez dugun beste egunkari bat erostera eraman bagaituzte. Nahi duzuena esan, baina egunkari abertzaleak, orokorrean, txarrak dira, eta horregatik jendeak ez ditu erosten. Berria baino ez dut ikusten bide onean, eta oraindik ez da besteen mailara iristen. Sinplea da: nik produkturik onena erosiko dut. Produkturik onena neurtzeko orduan, produktu horrek defenditzen duen ideologia puntu bat da, baina ez bakarra. Horrexegatik, Hitza ardura dadila egunkari ona egiteaz, eta jendeak gustura leituko du. Ez euskaraz dagoelako (euskara=militantzia fasea gaindituta dago Azpeitian, behingoz!), ona delako baizik. Eta orduan, beharbada, aldatuko dira jendearen prentsa ohiturak. Bukatzeko, esan bide onetik hasi dela Hitza, nire ustez”.

Solidarioekin solidario (II). “Gaizki ari zara, nire ustez, euskarari dagokionez. Euskarazko prentsa irakurtzeko nik ditudan argudioak bi dira: bata, zuk aipatu bezala, produktu ona izatea; bestea, militantzia edo politika edo herri-mina edo konpromisoa, edo nahi duzun bezala deitu. Euskal Herria herri bezala zerbait axola dion guztientzat, euskaraz irakurtzea garrantzitsua da, euskara bizirik mantentzen laguntzen duelako. Euskal Herria herri bezala zerbait axola dion guztientzat, DV ez irakurtzea garrantzitsua da, honek herri bezala ez gaituelako ikusi ere egin nahi. Gero, ondo ari zara egunkari on bat egin behar dela diozunean. Baina, nire iritziz, Berria oso egunkari ona da. Eta Hitza-rekin uztartuz (ez dut uste inork nahi duenik hau bakarrik izatea bere egunkari), kategorikoa. DV hobea dela? Agian, bai. *El País ere DV baino hobea da, baina Reala eta gure herriko eskelak agertzen ez direnez, ez duzu erosten. Beraz, ez esan produkturik onena erosiko duzula, gezurra da eta. Eta DV-k Berria baino kalitate hobea izan arren, niretzako, euskaldun eta abertzale bezala, Berria hobea da. Zuretzako ere, seguru aski, gipuzkoar eta realzale bezala, El País baino hobea izango den bezalaxe DV*...”.

Euskara. “Euskarak oraindik eskatzen du ahalegin bat. Frankismo garaian-eta ikastetxe publikoak ikastolak baino hobeak izan ziren, baina jende abertzaleak ikastolen alde egin zuen eta, inbertsio hari esker, gaur egun ikastetxe euskaldun onak ditugu. Euskarazko prentsarekin ere horixe gertatu behar dela uste dut. Izan ere, DV-k zergatik egiten du egunkari ona? Egundoko bitartekoak dituelako. Berria-k ere edukiko balitu...”.

Euskara eta kalitatea. “Euskara kalitatearekin lotu behar dela esan zuten Hitza-ren aurkezpenean zarauztar zuzendariak eta Uztarriakoek, eta ni ere ados nago horrekin. Egunkari ona egin dezatela, eta horrek engantxatuko du jendea. Baina kalitatekoa delako bakarrik erostea ere produktu bat... Bakoitzak ikus dezala zer laguntzen duen egunero-egunero DV erosten duenean”.

DV ona?. “Beno, DV ona, zer irakurtzen denaren arabera: gertuko informazioa ondo lantzen du, Gipuzkoako politika ere bai, Gipuzkoako gertaerak (istripuak eta abar), Reala eta kito. Konparatu, esaterako, Berria-ren nazioarte saila eta DV-rena; konparaziorik ez!”.

DV (II). “Egunkari txarrak direla kategorikoki esan dut, eta galdetu didate ea zer irizpide ditudan. Nik ez daukat formula magikorik, eta nire iritzi apala baino ez dut ematen. Baina baditut hiru irizpide nagusi, gutxienez: 1. Neuk egunkari horiek irakurtzean sentitzen dudana; eta irakurtzeko denbora gehien Berria eta DV-k eskatzen didate. 2. Inguruko jendeari entzuten diodana. Jende askori entzuten diot: irakurri al duk hau DV-n edo hori Berria-n esaten, hango erreferentzia eginez. Eta oso gutxi beste egunkari batzuei erreferentzia eginez. Agian, nire ingurunea den bezalakoa delako izango da. 3. Hirugarren irizpidea. Merkatua. Hor produkturik txarrena ez du inork erosten; txarragoa erosi nahi duenak, edo masoka hutsa delako edo dirua bota nahi duelako erosten du. Eta jendeak badakigu zer erosten duen. Gara-k, Deia-k eta DV-k merkatu bera dute, eta merkatu hori badakigu nork irabazi duen. Zerbaitegatik izango da, nik badakit-eta jendea ez dela tontoa. Eta norbaitek DV fatxa dela esan badu, arrazoi gehiago nire alde, jendea ez baita fatxa. Pentsatzen dugunaren kontrako egunkaria erosten badugu, zerbait ona izango du, ezta? Eta Berria libratzen da, askoz merkatu txikiagoa duelako beretzat, eta merkatu horretan bidea egiten ari delako, ondo, lehen esan dudan bezala”.

DV (III). “Azpeitiko egoera hauxe da: %87a da euskalduna. Eta euskaldun horietatik %77, alfabetatua da. Beste batzuk, ia-euskaldun omen direnak. Ondorioz: azpeitiar denon %68a euskaldun alfabetua da: euskalduna, eta euskaraz irakurtzeko-idazteko zailtasun berezirik ez duena. Ni ere ikastola kumea naiz, eta nik berdin irakurtzen dut bi edo hiru hizkuntzatan. %68 horiek ez dute arazorik euskaraz irakurtzeko, teorikoki. Edo arazo berdinak ditu gaztelaniaz eta euskaraz, nahi bada. Eta euskal irakurleak ez dira %68 horiek. Zergatik? Gure produktuak nori zuzendu behar dizkiogu? %68 horiei, edo alfabetatu gabeko %32 edo euskaldun ez diren %13 horiei? Zuek lasai: Hitza-k lortzen badu DV-k baino hobeto tratatzea herriko berriak, %68 horiek Hitza kontsumituko dute. Eta orduan erreferentzia bihurtuko da. Eta orduan, akaso, alfabetatu gabeak eta ez euskaldunak ere saiatuko dira Hitza^ ulertzen. Eta orduan, akaso, aldatuko da Azpeitian prentsa kontsumitzeko dugun ohitura. Bestela, ez”.

Mikelek DVri. “Ikusten dut zuk ere, azken batean, nik bezala jokatzen duzula: gehien gustatzen zaizuna erosi, eta punto. Bestalde, gehien saltzen dena kalitate hobekoa dela esatea hanka sartzea dela iruditzen zait; hori horrela baldin bada, hemengo egunkaririk onenak kirola bakarrik lantzen dutenak direla ondoriozta dezakegu (Marca, El Mundo Deportivo, AS...)”.

DVk Mikeli. “Nik ez dut esan gehien saltzen dena onena denik. Hiru irizpide aipatu ditut, niretzat onena eta txarrena neurtzeko balio dutenak, eta merkatuarena hiru horietako bat da. Nire irizpideak dira, jakina: gustatzen zaidan edo ez, ingurukoek aipatzen didaten edo ez, merkatuan saltzen den edo ez. Beste batzuk egongo dira. Baina merkatuarena bada ona eta txarra neurtzeko orduan kontuan hartu behar den gauza bat”.

Lotsagarria. “Niri lotsagarria iruditzen zaidana: DV erosi eta Egunkaria-ren aldeko manifara joatea! Zenbatek egin zuten hori Azpeitian? Nik, behintzat, gauza bat garbi daukat: ez dut DV erosiko, ezta beste denak ixten badituzte ere! Herrian gehien DV erosteak zeozer baino gehiago esan nahi du...”.

Solidarioekin solidario (III). “Jende asko harrituko litzateke jende korrientea garenontzat Berria bezalako egunkari batek zenbat balio duen. Esaterako, Tartea gehigarrian datozen gai arruntek izugarri bete dezakete ni bezalako jende korrientea (Berria ez da intelektualentzat). Baina, jakina, DV irakurtzen uzteak ahalegina eskatzen du, militantzia. Eta denak ez d(z)aude(te) prest pauso hori emateko”.

Historia. “Hauxe esan da aurretik: ‘Norbaitek bota du DV hobea dela baliabide gehiago dituelako. Ba, baliabideak ere lortu egin behar dira, jakin egin behar da industria hori osatzen. Jakin beste egunkariekin harremanak lantzen, talde indartsuagoa osatzen’. Eta nik hauxe irakurri nuen Uztarrian, lehengo urtean: “DV: sorrera eta 1978. urtea. Espainiako bigarren Errepublikako garaian hasi zen El Diario Vasco argitaratzen, Donostian. 1934a zen, eta Joxean Elosegi historiagilearen artikulu batean aipatzen den bezala, ‘Madrilgo agintari eskuindarrek, bihurritzen hasia zen euskal lurraldeko bihotzean’ sortu zuten DV, ‘Espainia handia, bakarra eta santua zazpi zeruetara goitituko zuen matxinada faxista eraginkorra prestatzeko’. 1936ko uztailaren 18an, ‘Gaur da eguna’ esanez zabaldu zituen bere orriak. 1978a arte, ordea, ez zen oso egunkari handia izan. *La Voz de Espańa kazeta zuen lehiakide Gipuzkoan; hain zuzen, La Voz* zen herrialdeko egunkaririk irakurriena. Baina Espainiako Gobernuari ez zitzaion askorik gustatzen eta oraingotxe sistema bera erabili zuen: Polizia bidali egunkaria ixtera; langileen artean ‘iraultzaile independentistak’ zeudelako. DV-ri mesede ederra egin zion itxiera hark, 30.000 aleko tiradatik 60.000kora pasatu zelako, eta publizitate guztia ere eraman zuen. Azpeitiarrak ere DV-ren erreinuan ‘sartu’ ziren operazio ‘demokratiko’ haren ondoren. Alegia, nolabait esanda, zilegitasuna eman ziotela ixteko erabaki hari’”. Hau da, egunkari denek ez dituztela baldintza beraiek baliabide gehiago lortzekol Portzierto, Jaime Mayor Oreja izan zen 1978ko erabaki haren sustatzaileetako bat. Eta begiratu DV erosten dutenek zer laguntzen duten (hau ere iaz Uztarrian irakurri nuen ba!): “ABC-ren anaia lehengo urtetik. Correo Taldeko 19 egunkarietako bat da azpeitiarron kazeta —DV, alegia—, eta 2002ko urtarrilaren 1etik ABC egunkariaren anaia, Correok eta ABC-ren enpresak bat egin zutelako. Zertarako? Negozioa egiten segitzeko —ABC-rekin Correo Taldeak egunkari nazionala bazuen jada—, ‘askatasun zibilei lotua, ezinbesteko zerbitzu publikoa’ emateko, eta, nola ez, Espainiaren batasuna defenditzeko. Honatx zer zioen bat egitearen berri eman zuten eguneko DV-ren editorialak: ‘*Todos nuestros medios se han constituido en referencia y soporte del ordenamiento constitucional, en adalides de la conciliación de la gran y rica pluralidad autonómica con la unidad de Espańa y en leales servidores de la Corona, verdadero símbolo y depósito de los valores morales en que se funda nuestra convivencia en paz*’. Harrezkero, Correo Prensa Espańolak —lehengo astetik, Vocento— 100 milioi euro inguruko irabaziak ditu urtean. Azpeitiarrei esker, besteak beste. Izan ere, azpeitiarrek urtean 470 mila euro ematen dizkiote ABC-ren anaia DV-ri (78 milioi pezeta), egunero El Diario Vasco-ren ia 1.400 ale saltzen direlako gure herrian”. Aurrera euskal prentsa! Edo ez?”.

Beharrezkoa. “Nire ustez Hitza-k zeresan handia izango du herrian eta horrelako egitasmoek ekarriko dute azpeitiarron ohituraren aldatzea; edo, hobeto esanda, ohituraren berriztatzea. Orain artean sekula ez da herriko gertaerak egunero euskaraz irakurtzeko modurik egon. Amaitzeko, esan beharrezkoa dela Hitza bezalako egitasmoak sendotzea eta herrian errotzea, horrela lortuko baitugu gizarte alor guztietan euskaraz bizitzea”.

Uztarriari. “Zorionak. Halako eztabaidekin eta zenbait albisteren erantzunekin Azpeitian elkarrizketa sortzea lortu duzue, askotan kalean bertan ez dagoena. Zorionak, beraz, Uztarriari”.

‘Hitza’ zergatik lagundu behar den

Enekoitz Esnaola (Urola-Kostako Hedabideak S.L.-ren izenean; 2004-09-12, ‘Urola-Kostako Hitza’ eta www.uztarria.com)

Otsailean sortu genuen Urola-Kostako Hitza, eta, normala den bezala, hilabete batzuk lehenago hasi ginen proiektua mamitzen eta eskualdean azaltzen. Udalei, esaterako, iazko urte bukaeran hasi ginen azalpenak ematen, eta proiektuaren idatzia emanez, bideragarritasun plana ere bai, edozer zalantza-edo zutela deitzeko esanez... Orduan ona izan zen udalen harrera.

Proiektu hau komunikatiboki oso garrantzitsua da. Gainera, euskararen normalizazio planetan bete-betean txertatzen da, gero ikusiko dugun bezala. Urola-Kostako udal gehienak —zazpi herri handienetakoak— Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen ari dira, norbere herrira egokituta (Azkoitia, Azpeitia [Eusko Jaurlaritzak 1998an onartu zuen EBPN; Azpeitiko Udalak, berriz, 2001eko azaroaren 27an jarri zuen abian, eta 2003 bukaeran onartu zituen 2004-2007ko Plan Estrategikoa eta 2004ko Kudeaketa Plana], Zestoa, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Orio), baina iritsi da Hitza-ren diru laguntza eskaerari erantzuteko garaia, eta orain arte jaso ditugun erantzunen arabera, Zestoako eta Getariako udalek ez diote eurorik emango Hitza-ri; Aizarnazabalgoak bai, eskatutakoa. Ikusi egin behar aste hauetan beste udalek zer dioten...

Zazpi hilabete dira euskarazko egunkari hau sortu genuenetik, baina oraindik ere batzuen aurrean proiektu honen izaera, ezaugarriak eta garrantzia azpimarratu beharrean gaude.

Urola-Kostako Hitzaegunkaria. 2004ko otsailaren 20an sortu zen Urola-Kostako Hitza, eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteen [besteak beste, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadoraren], Bertako Hedabideen (Euskarazko Komunikazio Taldekoa) eta Urola-Kostako gizarte eragileen artean [horietatik lau Azpeitikoak], eta honatx egunkariak harrezkero 163 zenbakietan egin edota lortu duena:

EBPN etaUrola-Kostako Hitza’. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren “helburu nagusia, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da. Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea”.

Hauek dira EBPNren “Plan Estrategikoaren hiru helburu estrategikoak:

1- Euskara ondorengoetaratzea (...).

2- Euskararen erabilera: euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza (...).

3- Euskararen elikadura: hedabideak...”.

EBPN eta hedabideak.

Hauek dira Urola-Kostako Hitza-ren helburuak, proiektuan jartzen duen bezala:
— “Euskara, euskararen inguruko mugimenduak eta euskaltzaletasuna sustatzea eta laguntzea.
— Euskararen normalizazioa eta garapena lortzeko baliagarri izatea.
— Herritarrei eta taldeei hitza ematea.
— Urola-Kostako euskarazko komunikabideen elkarteen eta Euskal Herri mailako euskarazko egunkariaren erakundearen artean elkar ezagutza handiagoa lortzea, guztien artean eskualdeko informaziorako Urola-Kostan erakunde bakarra eta sendoa sortzea, proiektu berrietarako akordioak lortzeko eta elkarrekin lan egiteko.
— Euskarazko komunikabideen erreferentzialtasuna lortzea”.

Beraz, guk uste Urola-Kostan euskara zabaltzeko eta indartzeko, eta euskararen normalizazioa lortzeko bidean, helburu egokiak direla Hitza egunkariarenak.

Urola-Kostako Hedabideen ustez, gure eskualdeko euskarazko herri aldizkariek (beste eskualdeetakoek bezala) oso lan ona egin dute eta egiten dute. EBPNk 1998an hori esan zuenean, Euskal Herrian ez zegoen eguneroko euskarazko herri/eskualde egunkaririk, eta logikoa zen hori esatea. Harrezkero, ordea, errealitatea bestelakoa da, gaur egun badaudelako eguneroko euskarazko herri/eskualde egunkariak: Hernaniko Kronika eta lau Hitza [urritik aurrera bost, Goierrin sortu delako]. Gure eskualdeari gagozkiola, Urola-Kostako Hitza-ren sorreraz geroztik, Hitza bera ez da “erdarazko prentsaren mendekoa”. Arrazoiak:

— Dagoeneko eskualdean gehien banatzen den egunkariaren pareko tirada du Hitza-k, eta laster lortuko du egunkaririk zabalduena izatea [Azpeitian lortua du, 2.200 banatzen dituelako, eta El Diario Vasco egunkari erdaldunak 1.300]. Beste Hitzekin gertatzen den bezala, euskarazko eguneroko prentsak inoiz lortu ez duena da hori.Hitza da eskualdeari buruz gehien informatzen duen egunkaria, eta irakurleen ustez, “egunkari ona da”.

Urola-Kostako Hedabideak ados dago: egitura eta produktu sendoen beharra du euskarazko prentsak, eta, beraz, Urola-Kostako Hitza-k ere bai. Baina horretarako, baliabide ekonomikoak behar dira. Salmenta (harpidedunei borondateko diru laguntza eskatzeko asmoa dugu: 40-50 euro urtean, egunkaria 285 aldiz etxean jasotzeagatik; seguru gaude babes handia jasoko dugula), publizitatea (goraka goaz) eta diru laguntzak dira euskarazko prentsaren hiru diru baliabide garrantzitsuenak.

Diru laguntzen kasuan, ordea, gure ustez gaur egungo politika ez da egitura enpresariala sendotzeko egokiena. Oro har, ideia nagusi bat dute oinarrian laguntza horiek guztiek: euskarazko produktuak ez dira errentagarriak, urtero defizita sortzen dute, eta horri aurre egiteko gehienez ere defizita estaltzeko adinako laguntza emango da (kasu batzuetan ezta hori ere, Hitza-k urtean biztanleko hiru euroko laguntza eskatua duelako eta, oraingoz, udal batzuek ez dutelako batere lagunduko). Defizita estaltzeko politika horrek ez du bide ona eskaintzen enpresa egitura sendotzeko, urteroko diru-sarrerak, jarduerari aurre egiteko baino gehiago ez duelako eskaintzen. Beste era bateko planteamendua beharko litzateke; proiektu berriak, bideragarriak diren neurrian, enpresa sendotzera begirako laguntza jaso beharko luke lehen urteetan, eta bere bidea egin ahala defizita estaltzera bakarrik bideratu, laguntza publikoak urteko aurrekontuan gero eta pisu txikiagoa izateko modua jarriz, baldin eta proiektu berririk ez badu enpresak (‘defizita’ diogu, kontuan hartu behar baita euskara ez dagoela normalizatua: prentsan, adibidez, euskaldunen gehiengoak ez du euskarazko produktuak erosteko ohiturarik...). Gure planteamendu hori sektorearen eta instituzioen artean landu eta adostu beharreko gaia da, bestela beti ibiliko baikara urtero itota horrela dabilen egiturarekin.

Urola-Kostan Hitza-k bide ona eta garrantzitsua zabaldu du, eta bada garaia eskualdeko erakunde publikoekin diru laguntzen kasuan behar bezalako adostasunera iristeko (Urola-Kostako Hitza-k 2004an 631.000 euroko aurrekontua du).

Udal diru laguntzak. Eskualdeko udal bakoitzari urtean biztanleko hiru euroko diru laguntza eskaera egina diogu [Azpeitiko Udalari, beraz, 41.200 eurokoa]. Proiektu honek, hasieratik sendotasuna izateko, behar duen laguntza da, arrazoi hauegatik:

‘Yr Herald’

Enekoitz Esnaola (kazetaria; 2004-09-11, www.uztarria.com)

Galesen bada astekari zahar bat, 149 urtekoa, galestarrez idatzia: Yr Herald. Trinity Mirror enpresa argitaratzaileak esan du itxi egingo duela, “salmenta eskasak” dituelako.

Urola-Kostan badugu egunkari berri bat, aurten otsailaren 20an sortua, euskaraz idatzia: Urola-Kostako Hitza. Urola-Kostako Hedabideak enpresa argitaratzaileak ez du esan egunkaria itxi egingo duenik, egunero 7.000 ale banatzen dituelako, eta, beraz, Yr Herald-ek ez bezala, harrera ona du herritarren artean.

Estaturik gabeko nazioak dira Gales eta Euskal Herria, eta era honetako nazioek euren hizkuntzan egindako komunikabideak (ere) behar dituzte, inoiz estatu direnean estatuok nortasunekoak izan daitezen, beren hizkuntzan oinarrituak.

Galesen, Yr Herald astekariko kazetari batzuk hura salbatzeko kanpaina egitea aztertzen ari dira. Urola-Kostan, Hitza-ren aldekoek (irakurleek, eragileek...) egunkaria aurrera ateratzeko eta sendotzeko kanpaina egitea aztertu ez, baizik eta zuzenean egin egin beharko dute udalek ez badute diruz behar bezala laguntzen. Eta kasu horretan berriro galdetuko genuke: zein da arazoa herri honek bere hizkuntza indartsu izan ez dezan?