Uztarria aldizkariaren sorrera

Uztarria Kultur Koordinadora

Herri aldizkaria sortzeko proiektua

1998ko martxoan sortu zen Uztarria Kultur Koordinadora, herriko euskara eta kulturako elkarte eta norbanako askoren artean, eta hiru ardatz jarri zituen lanerako: euskara, kultura eta komunikazioa. Azken horren barruan, herri aldizkaria sortzeko asmoa zegoen. Aurretik, hileroko kultur agenda banatu zuen Uztarriak, eta aldizkariko proiektua landu zuen bitartean.

Uztarria Kultur Koordinadora (1999-urria, herrian aurkeztua)

1. Sarrera.

1.1. Informazio lokala Euskal Herrian. Azken 20-25 urteotan herri komunikabideak asko ugaritu dira, mundu osoan gainera. Herri informazioaren edo informazio lokalaren loraldi hori bete-betean somatu dugu Euskal Herrian; baina beste horrenbeste gertatu da beste herri batzuetan ere (Katalunian eta Europako beste tokietan, adibidez).

Izan ere, oso fenomeno zabaldua da; hau da, gizakiok betidanik kezkatu gaitu gehiago etxetik gertu gertatu den ezbehar tamalgarri batek (hildakorik gabeko autobus istripu batek, adibidez), gugandik urruti izan den uholde ikaragarri batek baino (nahiz eta ehundaka hildako izan). Eta ez da axolagabekeriaren ondorio, ez. Joera guztiz naturala da hori, gizakiok ingurukoengan bilatzen baitugu beti geure lehenengo erreferentzia, eta ez gure mugez gaindi gertatzen diren kontuetan.

Hala, guztiontzat dira interesgarri, ezbehar tamalgarriez gain, gure herrian gertatzen diren hainbat eta hainbat gertakizun, erabaki, eztabaida eta ika-mika. Guztiok jakin nahi dugu, lehen eskutik gainera, ondoko ikastetxean dituzten arazoak zertan diren; Himalayara joan berri diren herritarren orain arteko kirol ibilbidea zein izan den; Udalak, alderdi politiko eta bestelako gizarte eragileek zer erronka eta egitasmo dituzten epe labur edota ertainean; eta beste hainbat gai (herriko agenda, bitxikeriak, pertsonaia famatuen xehetasunak...).

1975etik hona informazio lokalak izugarrizko hazkundea izan du. Gorakada hori, gainera, nabarmenagoa izan da azken hamar urteotan. Ikus dezagun Carl N. Warren, kazetaritza alorrean adituak, gai horren inguruan dioena (G?neros period?sticos informativos, Ate, Bartzelona, 1975): Warrenek albistegarritasunaren inguruko azterketa egin zuenean, aktualitatearen eta hurbiltasunaren baloreak azpimarratu zituen beste guztien gainetik. Bide horretatik mintzatzen dira, halaber, Jose Luis Martinez Albertos eta Emil Dovifat kazetariak. Bi horiek, adibidez, herriko informazioak hartzailearentzat izan lezakeen erabilgarritasun praktikoa azpimarratu dute. Beraz, hurkotasuna lehen mailako balorea da hartzailearentzat. Zita horiek, informazio lokalak herritarrentzat duen garrantziaren adibide dira.

1.2. Herri aldizkarien fenomenoa ahalbidetu duten faktoreak. Herri aldizkarien loraldia, baina, ez da besterik gabe eman. Hainbat faktorek eragin dute. Horratx Diaz de Tuesta euskara teknikariak aipatzen dituen faktoreak:

Aldizkari horiek gehienak Udaletik kanpo egiten dira, eta hori ezinbesteko baldintza da Uztarria Kultur Koordinadoraren iritziz behintzat. Herri aldizkariak benetako izaera zabala izango badu, era eta taxu guztietako gaiak landuko baditu, alderdi politikoen jar- dueratik independentea eta inpartziala izango bada, beharrezkoa du Udaletik kanpo egotea.

Erakunde publikoen laguntza oso-oso garrantzitsua da herri aldizkari gehienentzat; gaur egun aldizkari horien diru sarreratan erakunde publikoen laguntzek atal handia betetzen dute, horiek gabe ez baita erraza kalean izatea. Dena den, erakunde publikoek daramaten diru laguntza sistema nahikoa kritikatua izan da azken urteotan.

1.3. Herri aldizkarien ezaugarri bereziak. Ikusi ahal denez, herri aldizkariek ezaugarri bereziak dituzte, gainontzeko komunikabideekin alderatzen baditugu behintzat. Hona hemen ezaugarri berezi horietarik garrantzitsuenak:

Azpimarratzekoa da, alabaina, herri aldizkari zenbaitek bazkideen kuoten bidez eta tarteka-marteka antolatzen dituzten kontzertu eta halakoen bidez ere diru sorta polita lortzen dutela. Esan bezala, ordea, zutabe nagusiak publizitatea eta diru laguntza publikoa dira.

Zentzu horretan, behar-beharrezkoa da erakunde publikoek talde horien lana eta ahalegina errekonozitzea. Herrigintzan ari diren taldeek ez dute probetxu propioa bilatzen, baizik eta herriarentzat komenigarria dena egiten dute. Hori erakunde publikoek onartzea ezinbestekoa da.

2. Azpeitia eta herri aldizkaria.

2.1. Azpeitia eta herri aldizkariaren beharra. Uztarria Kultur Koordinadorak hasiera-hasieratik, 1998ko martxoan sortu zenetik, buruan darabilki herri aldizkari plural baten sorrera. Orainoko lerrootan aipatu dugunez, informazio lokalak izugarrizko garrantzia dauka herrita-rrentzat. Azpeitiko informazioak izugarrizko garrantzia dauka azpeitiarrentzat, herrian gertatzen diren gauzen berri jakiteko irrikitan egoten baitira. Eta hor kokatu behar da, besteak beste, herri aldizkari gehienen sorreraren funtsa. Hor kokatu behar da, beste arrazoi batzuen tartean, Azpeitian ere herri aldizkari bat sortzeko hartutako erabakia.

Eta lehen aipatu dugunez, herri aldizkari batek beste maila bateko prentsak betetzen ez duen hutsunea betetzen du. El Diario Vasco egunkariko Azpeitiko kartak, Azpeitian zer? udal aldizkariak eta 1998ko martxotik 1999ko martxora bitartean Uztarriaren agendak eskainitako informazioa, garrantzitsua izanik ere, ez da nahikoa herritarren informazio gosea asetzeko. HBren Azpeitia eginez-ek ere ez du informazio zabaltasuna bermatzen.

Norbaitek esan dezake herritarrek herrian gertatutakoaren berri badutela. Baina praktikak oso bestelako norabidea erakutsi digu. Uztarriak herri osoan banatutako inkesten emaitzen arabera, herritarrek informazio gabezia somatzen dute herrian. Jendeak herrian gertatu diren gertaeren inguruan edota hartu diren erabakien inguruan jakin nahi du. Eta horretarako eskubidea du, gainera. Informazioa sakratua da. Hortxe kokatzen da herri aldizkarien helburu nagusia: alegia, alde guztietako informazioa zabaltzean, herritarrek gero horren inguruan gogoeta eta hausnarketa egiteko aukera izatea. Azpeitian herri aldizkari zabalaren alde hasi dugun ekimenaren helburu nagusia ere hortxe kokatzen da, ezbairik gabe. Hurrengo puntuan ikusiko dugu herritarrek gaiaren inguruan duten iritzia, betiere 1999ko urtarrilean Uztarriak egindako inkestaren arabera.

2.2. Herri aldizkariari buruzko inkestaren emaitzak. Uztarriak, lehenago esan bezala, betidanik buruan izan du herri aldizkari bat. Baina benetako herri aldizkari bat sortu behar bada, herriak aldizkariaren beharra duelako sortu behar da. Aldizkariak ezin du talde baten kapritxoa izan.

Kultur Koordinadoraren baitan talde eta jende ugari biltzen den arren, handik kanpo ere azpeitiar asko eta asko dago jakina. Horrek bultzatu zuen Uztarria herri osoan inkestak banatzera, azpeitiarren iritzia jasotzera behartuta zegoelako. 1998ko azaroaren bukaeran hiru mila inkesta inguru banatu zituen. Inkestak jasotzeko ahal zen biderik errazena eta lasterrena ezarri genuen: posta kutxa bat jarri genuen eta tabernatan buzoiak. Hona hemen orduan egin ziren galderak, eta jasotako erantzunetan oinarrituz Uztarriak emandako emaitza eta ondorioak:

3. Azpeitiko azterketa sozio-ekonomikoa.

3.1. Sarrera. Euskal Herrian, batik bat Gipuzkoan, herri aldizkari ugari daude. Azpeitia baino baldintza sozio-ekonomiko okerragoak dituzten herri ugarik badute herri aldizkaririk. Ondorengo azterketaren bidez, gure herrian aldizkaria sortzeko baldintzak onak direla erakutsi nahi du Uztarriak. Azpeitian aldizkaria sortzeko baldintza ezin hobeak daude euskara, egoera sozio-ekonomikoa, merkataritza eta industriaren indarra... kontuan hartuta (...).

3.4. Euskara. Azpeitia herri euskalduna da, zalantzarik gabe, baina ez da herri euskaltzalea. Herri aldizkari batek, dinamizatzaile gisa izugarrizko lana egin dezake alor horretan. Datuei begiratzea besterik ez dago. Euskaldunak eta alfabetatuak gure herrian lagineko besteetan baino askoz gehiago dira, eta ia Gipuzkoakoaren batez bestekoaren bikoitza da. Datu horiek, bestalde, hasieran gure herriko biztanlegoaren gaztetasunaz genioena baieztatzen dute. Alfabetatu eta ez-alfabetatuen artean, Azpeitian %87 euskaldunak dira (+ %7 ia euskaldunak). Beraz, egundoko potentzialitatea duen herria da. Gure herriko gabezia historikoen akatsa, ordea, hurrengo estatistikan nabarmentzen da: %87ren ama hizkuntza euskara da, baina etxean %76k hitz egiten dute euskaraz. Datu horrek agerian uzten du gure herrian, orain dela gutxi arte, euskararen alorrean lanik ez egiteko beharrak ekarri duen kaltea.

4. Herri aldizkariaren ezaugarriak.

4.1. Nortasunari dagozkion ezaugarriak. Herri aldizkaria benetan herritarra izango bada, garrantzitsua da izaeraren inguruan hitz egitea. Uztarriaren iritziz, behar-beharrezkoa da aldizkari horrek izaera zabala izatea. Mota guztietako herritarren partaidetza izan behar du. Horrek emango dio zabaltasun hori. Bide horretatik, gainontzeko herri aldizkarien historiari kasu egiten badiogu, gehientsuenak, denak ez esatearren, euskara edota herri elkarteetatik sortu dira. Funtzionamendu aldetik autonomo samarrak dira Euskal Herriko herri aldizkariak. Eta horrek ematen die izaera zabal hori. Izan ere, aldizkari bat alderdi politikoren baten edo Udalaren mendean edota eraginpean baldin badago, herriko informazio guztia ez da agertuko; beti interes partidistak nagusituko dira. Garrantzitsua da, horrenbestez, herri aldizkarian era eta kolore guztietako informazioa agertzea. Irizpide orokorrak betiere interes propioen gainetik egon behar du. Informazioa sakratua baita, beti esaten dugun moduan. Eta guztiok informatzeko eskubidea eta informatuak izateko eskubidea baitu-gu (...).

4.4. Aldizkariaren helburuak.

Kalean da azpeitiar guztion aldizkaria

...eta euskarazko herri aldizkaria sortu zuen Uztarria Kultur Koordinadorak. 1999ko azaroan. Orain dela bost urte. Hasieratik harrera ona eduki zuen, azpeitiarrak segituan hasi zirelako harpidedun egiten, haietako asko bazkide egiten, aldizkariak kolaboratzaile ugari ere lortu zuen eta abar. Aldizkariaren aurreneko bi urteetako iritziak-eta dira ondorengoak.

Iban Arregi (Uztarriako lehendakaria orduan; 1999-azaroa, Uztarria aldizkariaren 1. zenbakia)

Oraindik buruan dut Uztarria Kultur Koordinadora martxan jarri genuen eguna. Iaz zen. Azpeitiko kulturarekiko eta euskararekiko kezka genuen hainbat lagun bildu ginen, gogoeta egin, proposamenak aztertu... Handik aurrera egin beharreko bidea argi genuen. Eta argi dugu. Kultura aldetik gabeziak somatzen genituen orduan, eta somatzen jarraitzen dugu orain ere. Hala, behar handienak detektatu eta behar horiei eman beharreko konponbideak aztertzeari ekin genion. Kultur etxea, euskara eta herri aldizkaria, horra hor letraz azpimarratu genituen beharrak.

Egin duguna... Beharrak konponbidea eskatzen du, eta, hala, Udalak Euskara Patronatoa sortu du aurten, eta euskara teknikari figura sortu ere bai. Orain Uztarria Kultur Koordinadorak herri aldizkaria sortu du. Egin dugu aldizkaria, ?erri?horrek esan nahi duen guztiarekin: zabala, herritar guztiena, herritarrok sortua... Hainbat adjektibo gehitu dakizkioke. Helburu haiek genituen buruan proiektuaren sortzeari ekin genionean. Eta horretan jarraituko dugu, orain aldizkaria kalean dagoela. Irizpide haiei ez diegu bizkarrik emango.

Horretarako osatu dugu sentsibilitate desberdinak biltzen dituen proiektua. Eta horregatik egon gara harremanetan herriko elkarte gehientsuenekin. Horregatik lortutako atxikimendu zerrenda zabala, edo herriko hiru alderdi politikoekin egindako bilerak.

Hala ere, ez dezagun pentsa egin duguna izugarria denik. Garrantzitsua da, bai, herri aldizkari bat izatea. Baina ez da hain harritzekoa ere. Euskal Herrian hainbat herri aldizkari daude; batez ere, Gipuzkoan. Azpeitia bezalako herri euskaldun batean orain arte herri aldizkaririk ez edukitzea, horixe bai zela harritzekoa.

Eta horren erantzukizuna guztionganaino heltzen da. Udaletik hasi eta Uztarria osatzen dugunonganaino. Hala zioten 1999 hasieran Uztarriaren inkestaren emaitzek. Alegia, Udalak ez ezik, herritarrok ere erruaren parte handia geurekin daramagula, herri aldizkaririk egiteko ezer ez dugulako egin. Orain arte.

...eta egiteko duguna. Aldizkaria atera dugu, bai. Baina oraindik badugu egitekorik. Izan ere, aldizkaria ateratzea da gauza bat; eta behin atera eta gero, gauzak ondo egitea, bestea. Hasiera batean –aurreneko urtean edo–, aldizkaria hilabetero kaleratuko dugu, aurrera begirako asmoa hamabostekaria ateratzea bada ere. Herritarrekiko gertutasuna lortzeko, gaien tratamendua ez ezik, maiztasuna ere garrantzitsua delako: zenbat eta sarriago iritsi etxeetara, orduan eta hobeto.

(...) Azpeitiari eta azpeitiarrei zerbitzu bat eskaintzera gatoz, zerbitzu komunikatibo zabal eta serio bat. Hau sortzeko erabili dugun urtebete luzean beharrezkoa izan da herritarren partaidetza eta aportazioa. Eta gero ere beharrezkoa izango da, aldizkariak ‘herri aldizkari’ izaten jarraituko badu, aldizkariak herritar guztiena izaten jarraituko badu.

Bi bertso sorreran

**Beñat Lizaso** (bertsolaria; 1999-azaroa, Uztarria aldizkariaren 1. zenbakia)

Asko kostata baina lortu da
emaitza izugarria
biak batera uztartu dira
kultura eta herria.
Hauxe da gure artera heldu
den aldizkari berria,
herria eta kultura biak
lotzen ditun uztarria.

Aldizkari hau dela-ta denok
pozez beterikan gaude
talde bikain bat egin delako
talde guztien zutabe.
Herritar denok saia gaitezen
gogor Uztarrian alde;
beti aurrera segi dezagun
uztarririk hautsi gabe.

Jaso buruak eta: enbido!

Fernando Morillo (idazlea; 1999-azaroa, Uztarria aldizkariaren 1. zenbakia)

Guztia alda dezagun, guztiak berean iraun dezan”. Hori esan zuen behin norbaitek, eta ezin uka logika apurra bazuenik. Oso harira dator horixe. Begiak pixka bat zabalduz gero, edonor ohar baitaiteke aldaketa garaietan buru-belarri murgildurik gaudela. Eta jolasteko ordua iritsi dela. Egin zuen apustuak, jaun-andreok, jokoa hastera doa eta!

Aldaketak, arriskutsuak ere badira, noski. Txinatarrentzat, adibidez, madarikazio latza da horrelako aro batean bizitzea. Eta txinatarrak ez dira batere inozoak gero. Hala eta guztiz ere, hori dena baino askoz garbiagoa zera da: mutatzen ez dena, hilik dagoela. Kito. Hor ez dago besterik. Ez dugu, besteak beste, Azpeitia hil dadin nahi, ezta? Orain arte egin –ahal izan?– ez dugun dena eraikitzeko uneak datoz. Gogorrak. Baina halabeharrezkoak, aizue. Aldizkari berri bat! Hau hasi da mugitzen, hara. Erronka berriak egiteko –eta onartzeko!– garaia da, azpeitiarrok. Zer demontre, jaso ditzagun buruak: enbido!

Mingaina dantzatzeaz gain...

Fernando Morillo (idazlea; 1999-abendua, Uztarria aldizkariaren 2. zenbakia)

Azpeitiak baino dezente euskaldun gutxiago duten hainbat herritan, askoz hobeto saltzen omen da Euskaldunon Egunkaria. Anekdota horrek, azterketa txiki bat merezi du nire ustez.

Beharbada, hemen, gure herrian, euskaraz hitz egiten denez, horrekin nahikoa dela pentsatzen dugu. Kasu! Konformismoaren abizena, zabarkeria koldarra delako.

Hizkuntza bat elikatzeko, ez da nahikoa hitz egitearekin. Kexatzea, jokaera errazegia dateke. Lan egin behar da! Hurrengoan, euskararen alde hitz egitean, pentsa dezagun berehala, horretaz gain, besterik egiten dugun. Uztarria herri aldizkari jaioberriak hitz onak baizik ez ditu jasotzen. Hitzak baino ez. Zerbait lortuko badugu, jarrera aktiboagoa izan beharko dugu. Den-denok, ordea. Denborak esango du herri euskalduna izatea merezi ote dugun. Azpeitia, non zagok/n hire harrotasuna!

Kolonialismo kulturalen aurka

Xabier Alday (idazlea; 1999-12-01, ‘Egunkaria’)

(...) Begiak zabaldu behar, ordea, euskal herritarroi zuzendutako zenbait prentsa arduradunei geratuko zitzaien tonto aurpegia apreziatzeko Correo Taldeak atera duen euskarazko astekaria dela eta [Zabalik]. Paradoxa: euskaraz, baina ez horregatik euskaldunontzako. El Correo eta DV-ren orrietan euskaldunoi zer-nolako ideologia eta ikuspegitik mintzo zaigun ikusirik, Inozente Eguna hilabete beranduago dela erantzutea besterik ez dugu.

Bien bitartean, hamahiru urtez El Diario Vasco-n jardun duen kazetariak ez du aukerarik galdu zeharka bada ere bere burua dominaz jantzi eta, besteak beste, astekari berriak euskarazko publizitateak duen balioa aldarrikatzen lagun dezakeela aldarrikatzeko.

Batzuek kultur homologazioaren baitan onetsiko dute kultura bidezko kolonialismo saiakera hau; aspalditik behar lukete eduki artilez jantzitako atzerriko prentsak gure beharrak asetzen ez eta Euskal Herri osoan sortu eta zabaltzen ari diren herri aldizkarien berri.3

Euskarazko prentsari buruz

Patxi Azpillaga (EHUko irakaslea; 2000-apirila, Uztarria aldizkariaren 6. zenbakia)

Euskarazko prentsak funtzio garrantzitzua betetzen du hizkuntz komunitatean. Euskal Herri mailako hedapena eta lotura mantentzen duen elementu apurretako bat da. Bestetik, euskaraz bizitzea posible egiten duen ezinbesteko elementua da”. Hala zioen duela lau bat urte Jon Sarasuak Euskalkom jardunaldietarako prestatu zuen txostenean; eta hala onartu zen jardunaldi haietako ondorioetan.

Egun, esanahi guztia mantentzen du baieztapen hark. Irrati eta telebistetan egindako bidea gutxietsi gabe, euskarazko prentsa izan baita, dudarik gabe, azken urteotan euskararen gorpuzte, modernizatze eta eguneroko beharretara moldatzeari mesederik handiena egin dion medioa. Baita Internetek eta teknologia berriek euskarari ekartzen dizkioten erronken kontzizentzia hartu eta horiei aurre egiteko oinarriak jartzen hasteko orduan ere.

Eta hala eta guztiz ere, laguntza eta babes publiko txikiena jaso duen komunikazio arloa izan da urteetan. Egun, gauzek hobera egin badute ere, oraindik arazo larriak bizi ditu euskarazko prentsak bere azpiegitura indartu eta gizarte presentzia hazteko. “Hazi nahi, hazi behar eta hazi ezin. Irits litekeenera iritsi ezina da egoeraren laburpena”, jarraitzen zuen Sarasuak aipatutako lanean. Eta ordutik hona hazi, hazi egin bada ere, hazkunde horren oinarriak ahulak dira oraindik.

Gaur nazio mailako euskarazko egunkari bat, informazio orokorreko bi astekari eta publiko eta behar mota desberdinei zuzendutako gai eta maiztasun zenbaiteko aldizkari gutxi batzuk ditugu eskura (haurrentzakoak, dibulgaziokoak, akademiko-pentsamenduzkoak...). Egunkaria-k 13.000 ale saltzen ditu egunero eta 30.000 irakurle inguru ditu; besteak kopuru horietatik oso behera daude.

Horien ondoan, Asier Arangurenek duela urte batzuk bildutako datuen arabera, euskarazko 46 aldizkari lokal daude (Uztarriarekin 47): 28 Gipuzkoan, 11 Bizkaian, 6 Nafarroan eta 2 Araban. Guztira 122.000 ale bota eta 427.000 irakurle izango lituzkete; alegia, hiru euskaldunetik bik euskarazko aldizkari lokalen bat irakurriko lukete.

Ikus daitekeenez, aldea ikaragarria da. Prentsa lokala izugarrizko tresna eraginkorra izan da euskaldungoa idatzitako euskarara erakartzeko, euskaraz irakurtzeko ohitura minimo batzuk sortzen laguntzeko. Are gehiago: euskarak bere egin du, telebistan ez bezala, bertako, eremu lokaleko informazioaren mundua, aurrea hartuz, modu nabarmenean gainera, gaztelerari. Eta ez edozein modutan, gainera, baizik eta gehienetan, Uztarriaren kasuan bezala, prentsa eta komunikazio eredu aurreratu, ausart, bizi eta modernoarekin. Baina eremu lokal horretatik haratago amildegia dago.

Irakurleak behar. Irakurleak behar ditu euskarazko prentsak, baina ez ditu horiek eremu lokaletik kanpo aurkitzen. Bai Euskarariren Prentsa idatzia txostenean gazteak aldagai garrantzitsutzat jotzen dira kopuruei bultzada bat emateko, eurak baitira prestakuntzarik handiena dutenak euskaraz irakurtzeko. Baina, era berean, onartzen da publiko mota horren irakurtzeko joera eskasa dela, baita horiengan eragiteko zailtasuna ere.

Azkenean iritsiko da euskal prentsa izan daitekeena izatera. Baina luze joango da hori, eta bien bitartean produktuak egokitzen, hobetzen eta dibertsifikatzen jarraitu behar da, jai dugu bestela. Horretarako, argi da, derrigorrezkoa da baliabide gehiago inbertitzea, eta horiek une honetan, publizitatearen merkatua eta beste motako sarrera komertzialen lantzea ahaztu gabe, ogasun publikoan daude: udaletan, foru aldundietan, Eusko Jaurlaritzan.

“Gu, 100.000 pezeta kobratzen duen gizagaixo banda gara”, zioen duela urte batzuk Luis Fernandezek prentsako euskal kazetarien egoera deskribatzeko, eta Egunkaria-k Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioak egoera hobetzen lagunduko bazuen ere, asko eta asko ez dira, oraindik, kopuru horretatik oso urrun ibiliko. Zer esanik ez prentsa lokalean. Baina, aurrera egingo bada, hemen ere lantaldeek profesionalak izan behar dute. “Onenak bertan egoteko, lan baldintza duinak eskaini behar dira”, zioen Asier Arangurenek bere tesian. “Enpresa egitura landu behar da lehiakortasunean aritzeko. Borondatezko lanak ezinbesteko lagungarri behar du, baina ez proiektuen bizkarrezurra”. Astindu ba poltsikoa, euskarak merezi du-eta euskarazko prentsa (eta azpeitiarrok ere bai).

Proiektu berritua herriari

.2002. urtea garrantzitsua izan zen Uztarriarentzat, aldizkaria berritu egin zuelako edukiz eta diseinuz, webgunearekin hasi zelako, eta Urola-Kostan egunkari bat sortzeko lehen bilerak egiten hasi zelako "Egunkaria"-rekin eta eskualdeko beste euskara elkarteekin.

Uztarria Kultur Koordinadora (2002-urtarrila, Uztarria aldizkariaren 25. zenbakiaren gehigarri berezia)

Uztarria Kultur Koordinadora 1998. urteko martxoan sortu zen; hain zuzen, herriko euskara eta kultur eragileek sortu zuten. Eratu aurreko hilabeteetan asko eztabaidatu eta hausnartu genuen Azpeitiko egoeraz, partaidetzaz, elkarlanaz, eta orduan finkatu ziren ardatzak: euskara, kultura eta informazioa-komunikazioa. Gehigarri honetan komunikazioa eta kultura daude jorratuta, horiei buruzko proiektuak daude azalduta; Uztarriak euskararen gaia Baite Azpeitiko Euskara Elkartearen kontu utzia du —bertako kide aktiboa da—.

Komunikazio proiektua. Informazioa-komunikazioari dagokionez, lehen urtean hilero Uztarria agenda argitaratu ondoren, 1999ko azaroan Uztarria herri aldizkaria sortu zuen koordinadorak, hilabetekaria. Harrezkero aldizkaria zabalduz, sendotuz eta indartuz joan da; batetik, herritarrek bikain hartu dute, dagoeneko 500 bazkide pasa dituelako –oso kopuru handia da– eta 1.100 harpidedun; bestetik, publizitatea goraka doa etengabe. Azpeitiko Udalarekin hitzarmena sinatu zuen 2000an –bi urtekoa–, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak ere lortzen ditu. Ez da seinale txarra hori guztia.

Aldizkaria. Helburu zehatzak.

Weba. www.uztarria.com; horixe da Uztarriaren web orrialde berriko helbidea. Urtarrilaren hasieratik bertatik martxan dagoena. Helburu nagusia, Azpeitiko herritarren komunikaziorako tresna dinamikoa sortzea da. Izan ere, teknologia berriek baliabide eta aukera ugari eskaintzen dute, goitik beherako informazioaz haratago, komunikazio forma horizontalagoak sortzeko; eta hor, herritarra informazioaren hartzaile izateaz gain, informazio igorle eta iritzi sortzaile ere izan daiteke, orain arte eta ohiko komunikabideetan baino modu errazagoan. Helburu zehatzak:

Webgunearen ezaugarriak:

Komunikabideen arloa, estrategikoa

Nahiz eta Uztarriaren komunikazio proiektua hazten eta sendotzen zihoan, elkarteak 2002. urte bukaeran Azpeitiko Udalarekin hitzarmen berria sinatu gabe segitzen zuen, Uztarriak behin eta berriro aurkeztu arren proposamena. Bi aldeek iritziak idatzi zituzten horri buruz.

Uztarria Kultur Koordinadora (2002-abendua, Uztarria aldizkariaren 35. zenbakia)

Asko luzatu da Uztarriaren udal diru laguntzen kontua, Udalak berak urrian eman zuelako erantzuna, baina azkeneko asteetan bi parteok hitz egiten aritu gara eta akordioa lortu dugu [ahoz, sinatu, 2004an sinatu delako]. Berri ona da hori, beraz, herriarentzat, Uztarria Kultur Koordinadoraren komunikazio proiektua (herri aldizkaria, uztarria.com eta biografiak) azpeitiarrentzako tresna informatiboak direlako azken batean. Dena den, Uztarriak, udal diru laguntzen zenbatekoari baino gehiago, oinarrizko irizpideei begiratzen die, eta gure ustez, Udalak ez du behar bezala jokatu aurten, horrelako proiektu bat ezin delako zalantzan jarri hasieran eta gero kolokan.

Izan ere, oso kontuan hartu behar da herriko euskara eta kultur taldeek sortutako proiektua dela Uztarria Kultur Koordinadora (1998an sortu zen), hiru ardatzetan finkatua: euskara, kultura eta informazioa-komunikazioa. Betiere lehen zegoen egoera hobetzeko sortu zen, ez inoren kontra. Eta hobetu da Azpeitiko egoera azkeneko lau urte hauetan; ez, jakina, Uztarriaren lanagatik bakarrik. Uztarriari dagokionez, informazioaren alorrean, esaterako, herri aldizkaria sortu dugu, uztarria.com, liburu biografikoak... Beraz, uste dugu Udalak errekonozitu eta baloratu egin behar duela hori. Baina, azken batean, ez Uztarriaren lana bakarrik, baizik eta herrigintzan diharduten herriko taldeek egiten duten lana ere bai, eta babestu. Zoritxarrez, ez dira guztiak behar bezala errekonozitzen, eta horren adibide da hainbat talderen egoera larria.

Informazioaren gizartean. Euskara eta kultura herri honen zutabe nagusi badira, euskarazko komunikabideen arloa estrategikoa da. Batetik, euskararen hedapena eta normalizazioa laguntzen duelako; eta, bestetik, herriko informazioan herritarren erreferentzia informatiboak euskarazko hedabideak izateak esan nahi duen guztiagatik, noiz eta gaur egun, informazioaren gizartean komunikabideek duten garrantziarekin eta eraginarekin.

Uztarria euskarazko komunikabideak eta tresna informatiboak sortzen ari da Azpeitian: lehen esan bezala, Uztarria herri aldizkaria, uztarria.com eta herritarrei buruzko liburuxka biografikoak. Herriak onartu eta babestu egin ditu tresna informatibo horiek (Uztarriak, esaterako, oraintxe bertan 608 bazkide ditu). Euskarari egindako ekarpenaz gain eta herritarren erreferentzi informatibo garrantzitsua euskarazko hedabideak izateaz gain, herritarrei zerbitzua ematen zaie komunikabide horien bidez. Eta zerbitzu hori ere errekonozitu egin behar da. Hiru errekonozimendu mota, beraz: euskararen normalizazioaren aldeko lana, erreferentzia euskarazko hedabideak izatea, eta herritarrei egindako zerbitzu lana. Herriak komunikazio proiektu bat eduki behar du, euskarazkoa eta herritarra, eta Uztarria ari da lantzen eta garatzen proiektu hori, oinarri sendo batekin. Eta oraingo tresnez gain, beste proiektu batzuk ere baditugu biharko egunerako. Hala, kontuan hartzen ari gara herriko informazioa euskaraz ez dela egunero jorratzen (uztarria.com-en, salbu), eta hor pauso handiak emateko borondatea eta asmoa du Uztarriak. Horretaz gain, literatura arloa ere landuko dugu datorren urtetik aurrera, eta beste asmo batzuk ere baditugu.

Hitzarmena. Oso garbi baitugu: arlo hau, euskarazko komunikabideena, estrategikoa da Azpeitian eta, oro har, Euskal Herrian. Horregatik, berak izaera herritarra izateaz gain, proiektu honek erakunde publikoekin hitzarmen sendoa eta iraunkorra izatea eskatzen du. Ezin dugu urtero aurten bezala ibili, euroak gora-behera. Kontua ez da ekonomikoa (soilik), irizpide eta jokabide garbi batzuk daude honen oinarrian. Eta apustua estrategikoa da, azken batean. Uztarriren komunikazio proiektuak azpeitiarren babesa eta konfiantza baduela uste dugu, eta orain hitzarmen iraunkorra eta sendoa nahi dugu Udalarekin.

Uztarriaren diru laguntzak direla eta

Azpeitiko Udala (2002-abendua, Uztarria aldizkariaren 35. zenbakia)

Azpeitiko Udala eta Uztarria Kultur Koordinadoraren komunikazio proiektua. 2002ko diru laguntzak.

Jauntxoen boterea mugatu beharra

Azpeitian %87 euskaldunak gara baina ia guztiok erdarazko prentsa erosten eta irakurtzen dugu. Posible al da? Uztarriak aldizkarian gogoeta saila zabaldu zuen horren inguruan.

Patxi Azpillaga (EHUko irakaslea; 2002-urtarrila, Uztarria aldizkariaren 25. zenbakia)

Gaur egun ezagutzen ari garen informazioaren oparotasunak eta komunikabideen ugaritzeak ez dituzte beraiekin herritar informatuagoak eta gizarte demokratikoagoak ekarri. Geroago eta zabalagoak dira komunikazioaren inguruan antolatzen ditugun gure bizitzaren atalak: politika, ekonomia, elkarrekiko harremanak, aisialdia... Baina, aldi berean, hiperkomunikazioaren garai hauetan, inoiz ez bezalako uztartzea gertatzen ari da botere ekonomiko eta informatiboaren artean, antolamendu politiko demokratikoa bera ere kolokan jarriz.

Informazioa eta komunikazioa negozio dira aspalditik, merkatuaren eta errentagarritasunaren esanetara antolatuak. Baina azkenaldi honetan kontzentrazio prozesu ikaragarriak ari dira gertatzen, enpresa gutxi batzuen eskuetan uzten dituztenak kultura, informazioa eta komunikazioa produzitu, antolatu, argitaratu eta herritarrengana helarazteko ahalmena.

Ikusi, bestela, zer gertatzen den Espainian, non hiru multimedia talde eratu diren urte gutxitan, hango –baina baita hemengo— benetako komunikazioaren jauntxo bilakatu direnak: Correo, Telefonía-Admira eta Prisa. Azken mugimendua, hain zuzen ere, Bilboko Correo komunikazio taldeak, besteak beste Azpeitian gehien irakurtzen den egunkariaren –El Diario Vasco– jabe denak, eman du duela pare bat hilabete, Madrilgo ABC egunkaria argitaratzen duen Prensa Española taldea erostean. Dagoeneko, ezer gutxi geratzen da Espainiako komunikazioaren munduan enpresa horien kontroletik kanpo, berdin estatu mailan zein eremu lokalean.

Zuzenean edo zeharka hiru talde horiek Espainian egunero zabaltzen diren egunkari-ale guztien erditik gora kontrolatzen dituzte. %20tik gora Correo Taldeak, menpe dituen 18-23 egunkariak medio. %20tik gertu Telefónicak (nahiz eta zeharka, Recoletos-Pearsonen bitartez; eta azken zurrumurruek Correoren eskuetan jartzen dituzte egunkari horiek: *El Mundo, Marca, Expansión; pentsa orduan noraino helduko litzakeen Correoren indarra). Eta, hirugarrenik, %15 inguru Prisak (behinik behin, El País eta AS*-ekin). Haienak dira telebista pribatuak (Tele 5, Antena 3 eta Canal Plus, hurrenez hurren) eta sateliteko plataformak ere (Vía Digital Telefónicak eta Canal Satélite Digital Prisak). Eta haiena da, era berean, irratia: gutxieneko parte-hartzea du Correok COPEn (%8), Telefónica Onda Ceroren jabe da, eta Prisa SER-Unión Radiorena; guztira, irratiaren entzuleriaren erditik gora. Gainera, albiste-agentziak (Correok Colpisa), asteburuetako gehigarriak (Suplemento Semanal Correok, EPS eta *La mirada El País*-ek), Interneteko zerbitzariak, argitaletxeak, ikus-entzunezko produkzio etxeak eta abar luzea menderatzen dituzte.

Egitura horrek isla zuzena du, nola ez, Hego Euskal Herrian ere, are maila larriagoan oraindik. Prentsan Correo Taldeak EAEn banatzen diren egunkari-aleen %65-70 bitartean menderatzen baititu eta Diario de Navarra-k Nafarroako merkatuaren %70etik gora hartzen baitu. Eta irratian eta telebistan EITBren presentziak kontzentrazio mailak leundu egiten baditu ere, nabarmena da, halaber, talde haien eragina eta boterea SER eta COPE kateen bitartez. Begiratu, gainera, lau hiriburuetako telebista lokalekin gertatzen ari dena. Prisa Iruñean eta Donostian kokatu da zuzenean Pretesa-Localíaren bitartez (eta Bilbon eta Gasteizen ere bai, zeharka, Euskaltelekin duen hitzarmena medio); Correo, berriz, Donostian eta Bilbon dago Teledonosti eta Bilbovisiónekin, eta arlo horretarako eratu duen filialarekin –Atlas– laster hedatu egingo ditu eraginak.

Zer egin? Honako komunikabideen jabetza egiturak ez dio onik egiten gure herriko bizitza demokratikoari, are gutxiago lagundu dauzkagun arazoei taxuzko irtenbideak bilatzeari. Gogoratu, bestela, iazko maiatzeko hauteskundeetan gertatu zena. Alde honetatik, ez da oso ondo ulertzen EAJren estrategia, Prisan bilatuz, itxuraz, Correori aurre egiten lagunduko dion bazkidea. Ez da berriro ezer entzun Gipuzkoan zabaldu asmo zuten egunkari proiektuaz, baina indarrean daude oraindik EITB, Euskaltel eta Sogecableren (Prisaren ikus-entzunezko atala) arteko hitzarmenak. Arazoa ez baita komunikazioaren jauntxo bat edo bestearen artean aukera egitea, baizik eta jauntxo horien boterea mugatzeko arauak ezartzea eta betearaztea, zerbitzu publikoaren irizpideak sakondu eta garatzea, komunikazio eremu berriak zabaldu eta babestea multimedia taldeen eraginetik. Euskal Herriak, bakeak, demokraziak eta euskarak berak ere eskertuko lukete.

Ez da normala azpeitiarrona

Iban Arregi (kazetaria; 2002-urtarrila, Uztarria aldizkariaren 25. zenbakia)

El Diario Vasco 1.367 ale, Gara 197, Egunkaria 117, Deia 57. Azpeitiko igande bateko prentsa kontsumoaren datuak dira. Ikus daitekeenez, prentsa espainolista erosten da gehien, El Diario Vasco –lagun baten arabera, “Gipuzkoako ABC”—. Ez da normala. Zeozer ez da ondo egin.

Azpeitian boto abertzalea nagusi da. 1999ko udal hauteskundeetan %91k EAJri, EHri eta EAri eman zieten botoa. Baina Azpeitian, prentsa espainolista nagusi.

Baten batek galde dezake: “Eta zer zerikusi dauka batak bestearekin?”. Edota: “Datuok erakusten dute prentsak eragin politiko txikia daukala”. Bada horrela pentsatzen duenik. Nik kontrakoa uste dut: alegia, botoak eta etxean sartzen dugun egunkariak, ideologia aldetik, nahikoa antzekoak izan beharko luketela; eta bai, prentsak eragin politikoa badauka, handia gainera. Akaso botoa emateko orduan ez hainbeste, baina eragin politiko handia du.

Bestelakorik esatea gezurra esatea litzateke. Azpeitian aldearekin gehien saltzen den egunkariak badituelako helburu politikoak –helburu komertzialez gain–. Eta jendearengan erreferentzia politikoak, kulturalak eta lurraldeari dagozkionak sortzen dituelako, betiere helburu politiko horien arabera. Bestela, esan: azpeitiarrok zergatik esaten diogu “euskal-frantsesa” baionar bati? Zergatik esaten diogu “Euskal Herria” Euskal Autonomia Erkidegoari? Ezagutzen al ditugu Koldo Izagirreren edota Jose Luis Otamendiren liburuak eta jarduera? Futbolean, zein da azpeitiarrontzako “*la selección*”? Euskal kultura, bertsolaritza, trikitixa, Atxaga eta antzerki topaketak baino zerbait gehiago dela ba al dakigu? Eusko Ikaskuntza zer den ba al dakigu? Eta Lizarra-Garaziren porrotean komunikabide espainolistek –‘Gipuzkoako ABC‘-k ere bai– egundoko eragina izan zutela?

Eta ez, hori ez da prentsaren ondorioa bakarrik, jakina. Baina prentsaren ondorioa ere bada.

Saboteatzaile fina. Komunitate abertzalea nagusi zen Lizarra-Garazi garaian Azpeitian ere; prozesu demokratiko horren alde geunden azpeitiar gehienok. Baina Lizarra-Garaziren saboteatzaile finenetako bat, orduan ere, fin-fin etxera eramaten genuen. Eta horretan dihardugu.

Komunitate abertzalea nagusi da orain ere Azpeitian. Teorian, zazpi herrialdeok gutxienez kultur komunitate (herri) bat osatzen dugula onartzen dugu ia denok. Euskara, hitzez, denok defenditzen dugu. Baina komunitate horren saboteatzaile finenetakoa, euskarari balio ofizialik errekonozitzen ez diona, gaur ere fin-fin etxera eramaten segitzen dugu.

Eta ez, hori ez da Azpeitiko egoera bakarrik, jakina. Baina Azpeitiko egoera ere bada.

Eta ez da normala. Eskelak? Azpeitiko karta? Reala? Hori bakarrik balitz... Bukatzeko, ohar bat: ez dut esan nahi egunkari bakarra irakurri behar dugunik, besteenak ezagutu behar ez ditugunik; baina egunero ordaintzen ditugun 0,75 euro horiekin zer munstro elikatzen ari garen ba al dakigu?

Erosotasunaren eta ohituraren indarra

Laxaro Azkune (kazetaria; 2002-otsaila, Uztarria aldizkariaren 26. zenbakia)

Herri euskalduna da Azpeitia, ez da esan beharrik, baina badu Euskal Herri guztiak duen arazo bera Azpeitian bizi denak ere euskara komunikabideetan aukeratzerakoan. Hasteko, idatzian aukera zabala eta egokia du, urte askotako eskarmentu eta diru eta marketing mailan alde handiarekin hemengo eta euskarazko komunikabideekiko. Zer esanik ez ikus-entzunezkoetara sartzen bagara. Telebista kate sorta bikaina dugu eta hori, gainera, antena parabolika eta horrelakoetara sartu gabe. Euskarazko komunikabideak muga asko ditu besteen lehian. Diru gutxi dugu eta, beraz, bitartekoak ere gutxiago, jende gutxirentzat egiten da eta kostuak handiak dira. Irratien munduan sarturik ere antzera gabiltza, diala aukeraz beteta dago, batzuk diru publikoz bizi direnak batez ere, eta beste batzuk publizitatetik, baina Euskal Herritik ari direnak oso gutxi dira baso horretan. Publizitatea bera ere, beste atalak bezalatsu, landu beharra dago. Bere produktua saldu nahi duenak interesa ikusi behar du euskaraz eginez bere salmentek gora egingo dutela.

Hori horrela izanik ere, urte askotako ohiturak, ezarketak, aurkako propagandak eta zapalketak ditugu denak elkarri eraginez. Azken gerra ondoko belaunaldian hainbesteko lanik ez da beharbada euskara gaitu eta trebatzeko egin izango. Aurrerapausoak eman dira eskolan, testu liburuetan, komunikabideetan, literaturan. Saiatu izan dira, edo gara, inoiz indarrez euskara inposatu nahirik, hori zelakoan bidea. Indarrak aurkako joerak indartzen ditu eta emaitza gutxi du, eta gutxiago, gainera, indar gutxi duenaren eskuetan. Frankismoak izan zuen indar guztiak ez baldin bazuen euskara desagertzerik lortu, pentsa lau buru berok zer lortuko duten alderantziz izanda ere. Ondo ari garela sinetsi eta betiko eran bizitzen jarraitzeak ere ez garamatza bide onera. Pixkanaka itotzen, lur eremuak galtzen, geuregan sinesmena urritzen... Izan ere, onez aurrera egiteko ere ez ditugu indar guztiak geure alde.

Aurka daudenak asko dira eta indartsuak. Oraindik ez da agortu euskararen aurkakoen erasorako grina. Orain, gainera, badirudi eurek eta euren aldekoek hainbat urtean egin izan dutena euskaldungoari leporatzeko lotsa ere galdu dutela. Agintean jarri omen diren euskaldunek euskararen faboretan zertxobait egin duten orduko hor dira diskriminazio oihuak. Legeak ere ez daude hartzen diren erabakien alde, legeak beste nonbait erabakitzen dituzte eta. Dirua ere ez da, agian, beti zuzen erabili baina erabiltzen dena ere alferrikako gastua dela eta diskriminazio kontua sarri dago komunikabideetan, eta ez bereziki euskararen alde nabarmentzen direnetan.

Badira komunikabide indartsuak euskararen aurkako estrategia antolatua dutenak. Euskararen aurka agertzen ez diren komunikabideak, alde daudelako agian, badira euskarari toki txikienik ematen ez diotenak. Herri honetan bizi diren euskaldunen interesak aintzat hartu gabe. Baina egia ote da interesak aintzat ez dituztela hartzen? Hori ez baita inorentzat oztopo, denok dakigu gaztelania eta, beraz, hor ez dugu arazorik. Audientzietan ez du inolako zigorrik. Gizarteak ez dio komunikabideari inolako presiorik eta derrigorrik eragiten, ez du berak inolako eragozpenik hizkuntza erabilera horregatik, eta, beraz, lasai arraio jarrai dezake. Euskara erabiltzen duenak berak ere ez du argi gehiagora jo behar duen. Agian, entzuleak edo irakurleak ez ditu horregatik irabaziko. Dituen langileak, agian, gaituago ditu gainera, gaztelaniaz aritzeko eta euskaraz aritzean motelago ari dira, gutxiago ari direlako ere bai beharbada, euren lana ez dute horren ongi egiten euskaraz ari direnean. Eta komunikabide bat ari ote daiteke bere enpresaren kaltetan?

Euskararen desegituraketa. Argi behar lukete, baina, euskara ez erabiltzeak esan beharrik ez eta herritarren proportzioz azpitik aritzean ez duela euskara indartzen. Bere lanak euskara desegituratzen laguntzen du. Baina euskararen desegituraketan partaide dira, erdal komunikabideak kontsumitu eta horiei euskara maila gora dezaten ezer egiten ez dutenak ere, entzule, ikusle, irakurle. Berdin esan daiteke liburu, disko edo elektronikako produktuekin ere, eta gure eguneroko ohitura askorekin.

Dei berezia egin nahi nioke heziketa euskaraz hartzeko zortea izan duen gazte jendeari. Haiek nahiko normaltasunez hartu dutena normaltasunetik oso urruti baitago oraindik eta aurreko belaunaldiek eragindako katea-mailak ondorengo belaunaldien eragina eskatzen duela. Ez diezaiotela bizkar eman.

Badu ba bakoitzak zertan ahalegindu eta denon zeregina da hori, bakoitzak du bere lekua eta denen ahaleginak batuz eragingo diogu gurdiari. Gurdi zuloa sakona eta lohitsua da eta hankak lokatzatan sartu beharra dago aterako bada. Albotik begira edo onenean animoak emanez ezer gutxi eragingo zaio. Hasteko, behintzat, dakigun neurrian euskara erabili gure eguneko zereginetan. Euskarazko produktuak kontsumitu, onak dira eta. Ezagutzen ez dena ez baita estimatzen.

Ohitura ala masokismoa?

Xabier Aranbarri (ingeniaria; 2002-otsaila, Uztarria aldizkariaren 26. zenbakia)

Azpeitian, espezializatua ez den edota prentsa orokorraren %75 inguru El Diario Vasco egunkaria erosten da. Datua benetan ikaragarria eta ulergaitza da. Betidanik pentsatu izan dut prentsa dela demokrazia fiktizio edo estalitako diktadura berri honetako kapitain general moduko bat. Bere boterea ia mugaezina da. Gaur egun munduan dagoen arma motarik bortitzenetakoa da (begira, bestela, munduko azken gerratan eduki duen indarra), erabateko manipulazioaren bidez pertsonak pentsaeraz aldatu eta itsutzeko ahalmena duelako, eta, gainera, norbera ohartu gabe.

Baina eguneroko prentsari dagokionez, badugu bere indarra neurtzeko aukera bat. Oraindik kioskora joan eta nahi dugun egunkaria erosteko aukera dugu. Francoren garaian bi edo hiru egunkari zeuden Azpeitian (*La Voz de España, Unidad*...), guztiak ideologikoki antzekoak. Orain, berriz aukera zabalagoa eduki arren —prentsa abertzale euskalduna barne— gure herrian lehenean jarraitzen da; hau da, Francoren garaiko egunkarien ondorengoa da nagusi. Zergatik?

Nire inguruan askotan solasgai izan dugu prentsa eta bere eragin politiko eta soziala, baita Azpeitian eguneroko prentsarekin gertatzen dena ere. DV irakurtzen dutenek bota dizkidaten arrazoiak —kirola, eskelak, herriko karta, lan eta bestelako eskaintzak...— txikikeria iruditzen zaizkit egoera honek izan ditzakeen ondorioekin alderatuz. Kirol munduko egunkari ugari dago, eskelak, lan eskaintzak eta abar egunkari batean edo bestean azaltzea gure esku dago, ordainduak izaten baitira, eta herriko kartak beste egunkarietan ere badaude eta ugaltzen joango lirateke eskaera handia izanez gero.

Zer ohitura? Bada, ordea, eztabaida guztietan entzun ahal izan dudan beste arrazoi edo aitzakia bat: ohitura. Zer ohitura? Gazteleraz irakurtzeko ohitura? Euskaldunon eta euskararen aurkako iritzi eta berriak irakurtzeko ohitura? Berri guztiak ikuspegi espainiar batetik jakiteko ohitura? Gure hizkuntza eta kultur ekintzen berri ez jakiteko ohitura?...

Ez dut uste Azpeitia, eta azpeitiar gehienok, politikoki, sozialki eta kulturalki egunkari horren ideiekin bat egiten dugunik, eta, beraz, masokismo era honi aurre egiteko garaia dela deritzot. Bestela, globalizazio eta monopolizazio garai hauetan, egunkari abertzale euskaldunak desagertzeko zorian egongo lirateke, eta guk geuk burutuko genuke Espainiako sasiepaile bat urteetan saiatzen ari den helburua.

Euskaldun garenon egunkaria

Patxi Saez (Udaleko Hizkuntza Normalizazio teknikaria; 2002-martxoa, Uztarria aldizkariaren 27. zenbakia)

Euskaldunen artean, egunero irakurtzen duten egunkaria dela eta, galdezka hasiko bagina, gazteek batez ere, gurasoek erositakoa irakurtzen dutela erantzungo lukete. Izan ere, egunkaria erostearena eta irakurtzearena ez da gizabanakoari edo norbanakoari lotutako gora-behera, baizik eta, taldeari edo, zehatzago esanda, familiari dagokion aztergaia da.

Jaiotzen garenetik gizarte-sareak edo gizataldeak sortzen eta osatzen ari gara etengabe. Bizitzako lehen urteetan gizarte-sare askotako partaide izaten gara eta adinean aurrera egin ahala, geure sare propioak sortzen ditugu. Sare horietan izango dugun kokagunea (gure ekintzekin beste kideen jokamoldeetan eragiteko ahalmena) ezberdina izango da. Hala, geure bizitzan sortzen eta osatzen dugun gizarte-sarerik iraunkorrena familiarena izan ohi da. Jaioberritan familia osatu egiten dugu eta, gerora, geuk sortzen dugu geure familia propioa. Familia da gizabanakoak izan ohi duen lehen taldea, lehen harreman-sarea eta, hain zuzen ere, gizabanakoaren lehen sozializazioa familian gertatzen da.

Gizabanakoaren jokamolde soziala ez dago bere gizarte-saretik, gizataldetik, isolatuta. Gizarte-sareak edota gizataldeak bere baitako kideei, era batera edo bestera jokatzeko, aukerak emango dizkie batetik, eta mugak ezarriko dizkie bestetik. Beste era batera esanda, gizarte-sareak edota gizataldeak jokabide jakin batzuk baietsi eta bultzatuko ditu eta beste batzuk ezetsi eta galaraziko. Ohiko familiaren harreman-sarean gurasoek, euren kokagunea dela eta, gainerako kideen (seme-alaben) jokaeretan eragiteko duten ahalmena erabatekoa da. Hizkuntzari dagokionez, gurasoek erabakiko dute zein izango den familiako hizkuntza eta, era berean, seme-alaben ama hizkuntza. Ildo beretik, gurasoek erabakiko dute seme-alabak zein hizkuntzatan eskolaratuko diren (betiere, giza-inguruneak edo gizarteak aukera hori ematen badie). Eta, besteak beste, gurasoen baitan dago zein egunkari irakurriko duten etxean. Kontuak horrela, etxe batean gaztelerazko egunkaria bakarrik erosten bada, etxe horretako kide guztiei ez zaie aukerarik emango euskaraz irakurtzeko, edo beste era batera esanda, eguneroko berriak euskaraz irakurtzeko mugak eta trabak jarriko zaizkie, nahita edo nahi gabe.

Aukeraketan eragileak. Ikus dezagun orain egunkariaren aukeraketan zein eragilek esku-hartzen duten:

Hiru ildo estrategiko. Kontuak horrela, euskarazko prentsak normalizaziorako bidean, hiru ildo estrategikoetan jardun beharko du: erabileran, transmisioan eta kalitatean.

Zergatik erosten dut ‘El Diario Vasco’?

Azpeitiarrak (2002-martxoa, Uztarria aldizkariaren 27. zenbakia)

El Diario Vasco erosten duten azpeitiarrek atal honetara iritzirik bidali ez dutela eta, Uztarriari egokia iruditu zaio haien bila joatea egunkari hura zergatik erosten duten jakiteko. Lau iritzi jaso ditu Uztarria aldizkariak, eta ez ditugu haien izenak osorik jarri, nahi izan ez dutelako.

Ohituragatik soilik ez (M.E., enpresaria, 53 urte)“Esan ohi da ohituragatik erosten dugula azpeitiarrok El Diario Vasco, eta hein handi batean hala da, gutako asko eta askoren pentsaeraren kontrako egunkaria izan arren. Orain urte batzuk Egin berritu zenean, hasi nintzen erosten, baina ez nintzen gustura sentitzen, eta atzera DV-ra itzuli beharra izan nuen. Izan ere, Azpeitiko karta, eskelak eta Reala begiratzen ditut batik bat, eta nik uste ondoen DV-k ematen dituela atal horiek. Beraz, ez dut ohituragatik soilik erosten”.

Realaz gehiago dakar (M.L., administraria, 55 urte)“El Diario Vasco ohituragatik erosten dut nik. Behin egunkari bat irakurtzen ohituz gero, besteak ez dituzu gustura irakurtzen. Baina ohituraz gain, Realaren inguruan berri gehien dakarren egunkaria da DV, eta horregatik ere erosten dut. Besteek Athleticen eta euskal taldeen berri ere ekartzen dute, baina denena sartzean Realarentzat leku txikiagoa da, eta nik nahiago Reala. Gainera, eskela gehien ere DV-n azaltzen dira, eta horiek ere begiratzea gustatzen zait”.

Betidanik erosi dugu (A.A.; etxekoandrea, 46 urte)“Ohituragatik erosten dut. Nire etxean beti erosi izan da DV eta azkenean ohitu egiten zara bere ataletara. Beste egunkari batzuk ere erosi izan ditut; Gara edo Egunkaria. Euskaraz leitzeko ohitura txikia dut eta niri Egunkaria-ko euskara ulertzeko zaila egiten zait. DV ondo antolaturik dago, eta gehien irakurtzen eta gustatzen zaizkidan atalak Azpeitiko karta eta gizartekoak dira”.

Besteak orokorragoak dira (A.A.; ikaslea, 25 urte)“Nik uste Gara, Egunkaria eta Deia orokorregiak direla, nazionalegiak, eta nik nahiago dut gertuko kontuez jakitea. Beraz, egunkari abertzaleek hobetu egin beharko luketela uste dut”.

Euskarazko prentsa erosteko arrazoiak

Enekoitz Esnaola (kazetaria; 2002-apirila, Uztarria aldizkariaren 28. zenbakia)

Azpeitiarren %87k badaki euskaraz. Azpeitiarren botoei esker, Udala abertzalea da oso-osorik. Hala ere, azpeitiarren %80k egunkari Espainia-zale bat erosten du egunero. Horra hor datu batzuk sarrera gisa. Eta honatx zenbait arrazoi hori aldatzeko:

Koherentzia. Azpeitian abertzale batek zergatik erosten du egunero-egunero egunkari Espainia-zale bat? Ohiturak eragindako ilogikaren logika? Garbi dagoena da hori ez dela jokabide koherentea. Eta koherentzia eza beti da kezkatzekoa, norberaren pentsamoldearen eta jokabidearen arteko koherentzia hain garrantzitsua denean, hori baita beste guztiaren giltza.

Militantzia. Euskal Herrian abertzale gisa jokatzeak militantzia eskatzen du, eta helburuak lortu nahi badira, proiektu abertzaleak lehenetsi egin behar dira, proiektuon zenbait produktu oraindik, agian, besteak baino kaskarragoak izan arren. Baina zerbait nahi duenak zerbait utzi behar du. Adibide bat: orain dela 40 bat urte ikastolak sortu zirenean, oso baldintza eskasetan sortu ziren (irakaslerik ez apenas, ikasle gutxi, hezkuntza materiala urri, lokalak duinak ez...), baina, hala ere, abertzaleek ikastolen alde egin zuten —Azpeitian, adibidez—, eta proiektu horrek aurrera egin du. Horregatik dauka indarra euskal eta euskarazko hezkuntzak. Zergatik ez da gauza bera gertatzen egunkari abertzaleekin, egunkari horiek kalitatekoak direnean, gainera? Hezkuntza bezain garrantzitsua da informazioa; hain zuzen, gaur egun informazioaren gizartean bizi garela esaten da. Euskal Herriaren kasuan, helburuak eta proiektuak gauzatzeko militantzia erabakigarria den gizartean ere bizi gara.

Finantzazioa. Komunikabide bat erosten denean, edo komunikabide batean eskela edo iragarki bat sartzen denean, informazioa jasotzeaz edo eskela edota iragarkia zabaltzeaz gain, jendea ohartzen al da zer finantzatzen duen? Azpeitiko datuek ikara sortzen dute. Adibide bat: azpeitiarrok egunero El Diario Vasco-ren 1.367 ale erosten ditugu; urtean 500.000 ale. Urtean, beraz, Azpeitiak 78 bat milioi pezeta ematen dizkio DV-ri egunkariagatik (470.000 euro); erosle bakoitzak urtean 55.000 pezeta. Eskelak eta publizitatea ere kontuan hartuta, Azpeitia bezalako herri abertzale batek DV bezalako komunikabide Espainia-zale bati (*ABC España una, grande y libre*-ren etxe berekoa da: Grupo Correo Prensa Española) urtean 110 bat milioi pezeta ematen dizkio. Ikara! Horixe da abertzaleak bere buruari harrika egitea!

Euskal Herriaren ikuspegia. Euskal Herrian egunkari Espainia-zaleak eta Frantzia-zaleak egunero Euskal Herria espainiartzen edota frantziartzen ari dira, Espainiako edota Frantziako gertaerak, ikurrak, albisteak, erreferentziak, jendea, jendillajea, kultura, *Operación Triunfo-ak, kirolariak, selekzioak... normal-normal emanez, gure parte balira bezala. Gure kasuan, adibidez, DV azpeitiar irakurlego abertzalea espainolizatzeko saioan ari da etengabe, irakurle abertzale horiek ohartu gabe. Horren ondorioz sortzen den adibide bat: ia azpeitiar guztiei Burgos familiarragoa zaie Hazparne baino, Azpeitia Hazparnerekin anaituta egon arren. DV*-ren azpeitiar irakurle abertzaleak —salbuespenak salbuespen—, DV-ri esker ez du behar bezala ikusten euskarak zer arazo eta eraso dituen, edo ez du ikusten Euskal Herriaren desegituraketaren larria, edo gizarte eragile abertzaleen informazioa eta proiektuak ez ditu modu zabalean eta taxuzkoan jasotzen, Espainia konstituzionalistaren aldeko mezu zuzenak eta subliminalak jasotzen ditu egunero… Azken batean, DV-ren irakurle azpeitiar abertzaleak ez dauka Euskal Herriaren behar bezalako ikuspegia, eta horrek euskal kontzientzia militantea hartzea eragozten dio. Txarrena da irakurle horrek uste duela DV-k ez diola eragiten edo ez duela baldintzatzen. Eta, jakina, kontzientzia jakin bat izan ezean, kezkarik ez, elkartasunik ez, ekarpenik ez, mugimendurik ez, laguntzarik ez. Giza-komunitate lokartua da hori. Horrelako gizarte abertzalea nahi dute egunkari ez-abertzaleek; adibidez, horrelako Azpeitia. Egunkari abertzaleek bestelako ikuspegia eskaintzen dute, eta oso garrantzitsua da perspektiba hori edukitzea, lagungarri izan daitekeelako pausoak emateko.

Bakea eta justizia. Egunkari laboralista Erresuma Batuzaleek (zentro-ezkerrekoek) paper garrantzitsua jokatu dute azken urteetan Ipar Irlandako bake prozesuari begira, ez dutelako eduki konponbide politikoaren kontrako jarrerarik, eta prozesuak aurrera egin dezan lagundu dutelako. Ez da gauza bera gertatzen Euskal Herrian; Espainiako eta Frantziako estatuek —batik bat, aurrenak— gerra tresna gisa erabiltzen dituzte euren egunkari guztiak, tartean Euskal Herrian argitaratzen direnak. Euskal Herriak benetako bakea eta justizia izateko bidean ez dute ezer aportatzen egunkari ez-abertzaleek, ez daudelako Euskal Herria bere buruaren jabe izatearen alde. Adibide bat: Ameriketako Estatu Batuetan, Idahoko Legebiltzarrak, aho batez, hauxe eskatu berri du: “Euskal Herrian indarkeria guztiak gelditzea, Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea izatea, eta Euskal Herrian bake prozesua abiatzea”. Ba, DV-k eta enparauek apenas eskaini dioten tarterik horri; egunkari abertzaleek bai, sakon eta zabal; Azpeitian ez da izango Idahoko berri handirik. Bestetik, ezin ahaztu DV-eta izan zirela Lizarra-Garaziren saboteatzailerik finenak. Gidaritza informatiboa eta komunikatiboa prentsa abertzaleak izango balu, euskal gizartearen konpromisoa handiagoa izango zen konponbide politikoari begira.

Geure esku. Egunkari ez-abertzaleek ez gaituzte euren egunkariak erostera behartzen, guk geuk erosten ditugu, modu librean, haien aleak. Esandakoa: Azpeitian egunero DV-ren 1.397 ale erosten dira; egunkari abertzaleenak 350 inguru. Imajinatzen nolako Azpeitia genukeen kopuruak alderantzizkoak balira? Geuk daukagu hori aldatzeko giltza. Dena den, aldaketa erabakigarri horren bilakaerak —ahal den azkarren— euskarazko egunkari abertzalea(k) erostera eta irakurtzera jo beharko luke. Izan ere, berriro koherentzia aipatu behar: nola da posible irakurle abertzaleak hizkuntza espainola (edo frantsesa) zabaltzen, eta, beraz, legitimatzen eta bultzatzen duen euskal egunkaria finantzatzea? Utopia dena hori guztia? Horratx utopiari buruz idatzi izan dena: “Utopiaren eta progresoaren artean harremana dago, eta zentzuz betetako hitza da. Posible da utopia, bizitzaren motore da, eta errealitatea aldatzeko gogoa dago arrakastaren onarrian".

El Diario Vasco dela eta

Jabier Altuna (2002-apirila, Uztarria aldizkariaren 28. zenbakia)

El Diario Vasco-ren jabeak zein diren eta zer alderdi politikoren inguruan dauden badakigu, baina ez dut El Diario Vasco anti-euskalduntzat hartzen; anti-abertzalea, baliteke. Euskararen aurka dagoenik ere ez dut uste; alde, izerdi handirik bota ez duela ere egia da eta egin duena (?) beharrak edo interesak bultzatuta.

Hala ere, Azpeitia bezalako herrietan gehien saltzen den egunkaria izateak zenbait gauza esan nahi ditu:

‘El Diario Vasco’ dela eta (erantzuna)

Iban Arregi (kazetaria; 2002-maiatza, Uztarria aldizkariaren 29. Zenbakia)

Gai honen inguruan sortu den eztabaidari zerbait gehiago eman nahian, eta aurreko iritzi batzuei punta atera nahian, honatx zehaztasun batzuk:

Kontua ez da egunkari bat edo bestea irakurtzeagatik euskaldunago sentitzen garen edo ez. Kontua da, konturatu gabe, eta denborarekin, egunkari bat edo bestea irakurtzeak ere (ez horrek bakarrik, baina horrek ere bai, eta salbuespenak salbuespen) egiten gaituela (ez)euskaltzaleago, (ez)abertzaleago, (ez)konformistago, (ez)koherenteago, (ez)konszienteago, (ez)solidarioago.

Basazabal edo Zelai Luze

Jabier Altuna (2002-ekaina, Uztarria aldizkariaren 30. zenbakia)

Aurreko artikuluari Iban Arregik emandako erantzunak (ez nuke nahi polemika bihurtzerik) gogoeta hauek ekarri dizkit.

Haren azken esaldiak zioen egunkari bat edo bestea irakurtzeak ere (ez honek bakarrik) egiten gaituela euskaltzaleago, abertzaleago, konformistago, solidarioago... edo ez; ados orokorrean baina hutsune asko ditu.

Gogoeta asko horri buruz, baina lekurik ez.

Weba, komunikazio proiektuaren baitan

Uztarriaren apustu handia izan zen 2002 hasieran web orrialdea martxan jartzea, apustu berritzailea Azpeitian, eta baita euskal webguneetan ere, oso filosofia parte-hartzailekoa delako hasieratik bertatik. Arrakasta handia du. Josu Azpillaga Uztarriako kideak webguneaz hitzaldia eskaini zuen Eibarren, UEUk antolatuta, eta honatx han esandakoa.

Josu Azpillaga (Uztarriako kidea; 2002-abendua, Software Librearen II. Euskal Mintegia, Eibarren)

Uztarria.com, Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadoraren komunikazio adarreko proiektu bat da. Komunikazio adar horretan, urte hasierara arte, beste produktu batzuk genituen: herri aldizkaria (Uztarria) 1999tik, eta liburu biografikoak ateratzen hasi berriak ginen.

Baina hutsune nabarmena somatzen genuen egunerokotasunari lotutako informazioa lantzean. Beraz, galdera garbia zen: nola landu egunerokoari lotutako informazio hori?

Eta erantzuna, agian, konbentzimenduz baino gehiago eliminazioz egin genuen: irratia eta telebista oso garestiak dira, oraingoz iritsiezinak guretzat. Papera ere, egunero-egunero ateraz gero, oso garesti ateratzen da. Beraz, zergatik ez sarean? Eragin txikiagoa izango du, jakina, baina saia gaitezen.

Zera erabaki genuen: ken diezaiogun aldizkariari egunerokotasun ukitu hori, egin dezagun ‘aldizkariago’, eta saia gaitezen hutsunea Interneten osatzen.

Sarean lan egin, sarea osatu eta aprobetxatu. Baina, Interneten sartu behar bagenuen, Internetera egokitu behar genuen. Alegia, sarearen ezaugarriak geureganatu eta aprobetxatu behar genituen. Eta ezaugarririk behinena, guretzat behintzat, sarean lan egiteko ahalmena eskaintzea da. Jendeari bestelako parte-hartze mekanismoak ematea. Herri informazioan ere bai? Zergatik ez. Horrek ez du esan nahi Uztarriaren papera desagertzen zenik. Ez. Bestelako itxura hartzen zuela bai, dinamizatzailearena.

Alegia, Uztarriak dinamizatzaile lana egin behar du, kuerda ematekoa. Eta gainerako taldeak, norbanakoak, interesatuak oro har, erakarri informazioa trukatzeko tresna honetara. Horrela lortuko dugu komunikazio tresna erakargarria izatea. Eta kuerda emateko moduak asko izan daitezke. Eta behar baino gutxiago egingo genituen, noski:

Dinamikoa, erabilerraza, arina, merkea; software librea, zope. Baina nola lortu sarean lan egiteko tresna egokia? Zerbait dinamikoa, arina (instalazio aldetik, prestakuntza aldetik...), erabiltzeko erraza, merkea?

Kasualitatez, bagera.net ezagutu genuen orduan, eta hango zenbait funtzionalitate gustatu egin zitzaizkigun. Bagenekien beste mila modura gara zitezkeela, baina ez ginen ausartzen.

Bagerako orriari begira, zope, squishdot... ezagutu, aproba batzuk egin, eta aurrera. Gune errazak egitea, oso-oso erraza da, eta azkarra! Gainera, software librea...

Martxan jartzeko, zer? Baina sarean lan egin... hori guztia nola lortu? Webgunea publikatuta bakarrik? Guk, alde horretatik, bagenuen abantaila txiki bat: Uztarria, kultur koordinadora da (heriko ia 20 kultur talde biltzen ditu) eta talde guztiei aurkeztu genien ataria publikatu aurretik, helburuak azalduz. Batzuek erabili dute; besteek ez.

Aldizkaritik publizitate pixka bat ere egin zaio, baina ez moduloak sartuz, ez. Webgunean sortzen zen informazioa egokitu eta aldizkarian sartu da askotan. Adibidez, eztabaida interesgarriren bat egon denean, hori aldizkarian jarri da. Alde horretatik, webgunea eta aldizkaria ez dira bi komunikabide apartekoak, autoelikatzen direnak baizik [2004ko otsailetik Urola-Kostako Hitza egunkariak ere ematen du uztarria.com-en informazioa].

Ezaugarriak. Labur-labur, webgunearen atalak deskribatuko dizkizuet, ondorioak eta geroko azterketa ulertzeko balioko baitute.

Baina, falta zaizkigu, noski.

Azterketa bat, gerora. Ondorioak. Zenbat jende dabil? 2002ko azaroan 5.300 hits/eguneko, 670 bisita/eguneko [2004ko iraileko datuak hauek dira: 10.798 hits/eguneko, 1.031 bisita/eguneko]. Orri kopuruak kalkulatzeko arazo teknikoak ditugu.

Eta zenbat jendek hartzen du parte?

Aurrera begirakoak. Eta, hemendik aurrera zer?

Uztarriakook harrituta gelditu gara gertuko informazioak sarean duen harreraz. Albokoaren berri Internet bidez jakitea kontraesankorra dela dirudi, baina modu egokian eginez gero, balekoa deritzogu. Eta modu egokia, Internetek berak erakusten digu: sarean, eta bizkor.

Web onena, laguntzarik gabe

Luis Fernandez (Codesyntax enpresa, Eibar; 2003-urtarrila, Uztarria aldizkariaren 36. zenbakia)

Uztarria.com ondo pentsatutako produktua da. Diseinu xume eta funtzionalarekin, eta bizpahiru utilitate ondo pentsatukoekin. Teknologiaren aldetik sendoa, informazio eta interaktibitatean nabarmendu da. Euskarazko gune interaktiboena eta informatuena dira, dudarik gabe. Herri proiektu bat, herri txiki batekoa izanda, Azpeitikoa.

Euskara hutsezko webguneen bisita kopurua eta trafikoaren eskasia kontuan hartuta (Eustat-en, EAEko internauten ohituren estatistiketan, bi webgune euskaldun besterik ez dira ageri zerrenda luze batean: Egunkaria eta Aurki), Uztarria.com-ek lortu duen audientzia azpeitiarra da, seguru aski, euskarazko produktu batek Interneteko share-a lortzeko ahaleginean dagoen kasu positibo bakarra. Eta inpresioa daukat Uztarriaren trafikora hurbiltzeko gaitasunik daukan atari euskaldunik nekez egongo dela.

Hala ere, 2002an sortutako euskal webgunerik interesgarriena, diru laguntzarik gabe geratu da euskara sustatzeko [Jaurlaritzako] Kultura sailaren deialdian. Zentzugabekeria.

Teknologia berriak hizkuntza txikien alde?

Gotzon Egia (Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara teknikaria; 2002-maiatza, Uztarriaren 29. zenbakia)

Apirilaren 16tik 20ra bitartean hizkuntza politikari buruzko munduko biltzarra izan da Bartzelonan, Linguapax Institutuak antolatuta. Programaren barruan, lantegi bat izan da teknologia berriek demografia urriko hizkuntzetan duten eragina aztertzeko. Lantegi horretan parte izan nintzenez, kronika labur bat dator hurrengo lerrootan.

Teknologia berrien eraginez, ingelesaren aginte oro-ahaldunak beste hizkuntza handiak mendean hartzeko boterea baldin badu, hizkuntza txikiak oraindik menderatuago geldituko al dira hizkuntza handiekiko? Ala, teknologia berrion bitartez hizkuntza txikiek badute lehen baino aukera errazagorik hizkuntza eta kultur baliabide zoli eta bizkorrak sortzeko? Horra, laburki, antolatzaileek lantegi horren hastapenean ezarri zizkiguten galderak.

Halako biltzar handietan, munduko bazter guztietatik etorririko jendea biltzen da eta pixka bat denetarik izan ohi da. Beraz, labur beharrez, bazter utziko ditut euskaldunon egoeratik urrun diren kontuak.

Lantegiaren ondorioetatik hasiko naiz:

Nire ponentzian, orain arte Eusko Jaurlaritzaren eraginez egin izan diren software komertzialen (Microsoften sistema eragile eta programen) itzulpen edo egokitzapenen ondorioak aztertu nituen. Nire ustez, bide horretatik ez dugu deus lortuko, besteren esku dagoen merkatuaren atzetik (berandu) ibili eta dirua erruz xahutzea baizik. Horren ordez, kode irekiko softwarearen bidea hautatu beharra azpimarratu nuen, baita erakutsi ere orain arte bide horretan landu diren proiektu onak (Sustatu, edo Azpeitiko uztarria.com).

Uztarria, iritzien gunea

Alaitz Olaizola (idazlea; 2003-urtarrila, Uztarria aldizkariaren 36. zenbakia)

Baneukan gogoa urte berrian sartzeko! Banekien egun batetik besterako jauziarekin ez zela ezer berezirik jazoko, baina kito, zaharra atzean uztearen sentipena izatearekin konformatzen naiz. Geldoa, makal eta aspergarria izan den urte batetik, emozioz betetako batera salto egitea nahiko nuke, esnatze pertsonal eta kolektibo batera. Hori kontuan izanda, aldizkari honi buruzko iruzkin bat eginez hasi nahiko nuke nire aurtengo lehen idatzia.

Uztarriaren azken zenbakietan, diru laguntzak direla eta, Udalarekin izandako buru-hausteen berri izan dugu. Alegia, eskatutako diru laguntzei baiezkoa eman zitzaiela hasieran, gero agindutakoa ezetz eta azkenean baietz. Hori, horrela, oso modu arinean esanda. Gehiago jakin nahi duenak, horri buruzko informazioa topatuko du aldizkariaren aurreko zenbakietan, baita uztarria.com webgunean ere.

Azken horretan, laguntzak direla eta, hainbat pertsonen iritziak irakurri ahal izan ditut eta inoiz neurea ematera tentatua egon banaiz ere, eztabaidetan sartzeko gero eta gogo txikiagoa daukadanez, behin eta bakarra emateko aukera izanik, hilero-hilero Uztarria aldizkaria azpeitiarron etxeetara heltzea ahalbidetzen dutenei, nire zorionik beroena eman nahi nieke.

Azpeitiko Udalaren portaera gutako askori ulertezina askotan egiten zaigu, hainbat arlotan noski. Kulturari dagokionez ere, bene-benetan jorratzen hasten direnean, herri mugimenduari jarraikiz, ekintzak bestelakoak izaten hasiko dira, eta ekintzetatik jasoko dira emaitzak.

Uztarria herri aldizkari eta web orriari lau sos emateko, eztabaida handiak sortu behar badira, apaga y vamonos!

Batzuren ahaleginari esker, Azpeitia eta azpeitiarron berri izatea gustuko dugunok, asko garela jakinda, ia-ia musutruk eskaintzen digutenari ere oztopoak jarri behar badizkiogu, ez daukagu benetan zertan denbora pasatu!

Asko dira laguntzak jaso beharrean dauden taldeak, eta hori ez dugu ahaztu behar, baina horrek ez du esan nahi, nire uste apalean behintzat, Uztarriaren kasuan konparaketetara eraman behar gaituenik, nahi izanez gero, denentzako iritsiko litzatekeelako.

Lanaren emaitza begibistakoa da eta eztabaida alferrek ez gaituzte inora eramango.

Jendearen partaidetza nabarmena. Ez naiz kalean inkesta egiten aritu ea Uztarriara zenbat jende hurbiltzen den jakiteko. Aldizkarian jendearen partaidetza nabarmendu egiten da eta webgunean, berriz, sartzen naizen bakoitzean —eta hori ia egunero egiten dut— edozein gairen inguruko iritzi desberdinekin topo egiten dut, kaleko jendeak emandako iritziekin. Horrek harritu egiten nau, harridura atsegina sortzen dit. Hor bueltaka batzuren batzuk badabiltzala seinale da hori, modu batekoak edo bestekoak, gustukoak edo ez, baina hor.

Gaur egun, iritziak eman eta besteenak irakurtzeko gune bat izatea ezinbestekoa da Azpeitia bezalako herri batean. Eta orain, aukera eskaintzen zaigunean, bizkarra emateko moduan al gaude? Zertan hobetu badagoenez, helburu horiei heltzea hobe.

Uztarria herri aldizkaria, kolektibo baten esnatzearen emaitza badela dirudi. Nik ez dut dudarik egiten eta gaitasuna badagoela ikusita, ekar ditzala urte berriak esnatze eta jaiotze berri oparoak!